Eskola Txikiak: PT-ekin eta kontsultoreekin solasean

2009-04-01
Eskola Txikietako Formazioaren barruan, Elena Laizekin prestakuntza saio bereziak egiten dituzte PT-ek eta kontsultoreek, eta haiekin izan gara. Mintegietan, benetako arazoak eztabaidatzen eta aztertzen dituzte, horrek asko laguntzen die, eta prestakuntza hori, beste ikastaro batzuetan lantzen dutenarekin osatzen dute. Laguntza espezifikoa behar duten haurrak daudenean, Eskola Txikiek berdintasuna bermatzeko aukera handiagoa dutela uste dute. Izan ere, Eskola Txikiek dituzten ezaugarriek, zailtasunak dituen haurra taldetik ez bereizteko aukera ematen dute. Haurra da protagonista eta hortik abiatzen da euren lana. Eider Amundarain, Alkizan eta Albizturren aritzen da lanean, Irantzu Egibar Berrobiko eskolan, Itziar Mujika, Ereñozun, Aginagan, Zubietan eta Adunan, eta Ainhoa Basauri, Altzon. Haien esperientziaren berri eman digute laurek.
 
 
Garai batetik hona zuen lanari buruz hausnartzeko hainbat bilera egiten dituzue. Nabaritu al duzue aldaketarik lanean?
Eider: Bai. Lan egiteko era aldatu egin da, eta alde txikiagoa ikusten da zailtasunak dituzten ikasleen eta gainerako ikasleen artean. Ikasle batentzako balio duen ikuspegiak eta lan egiteko metodoak, denentzako balio duela ikusten dugu. Beste erritmo batean, akaso, baina bide bera egiten dute guztiek. Ez dugu ezer aldatzen ikasle batek zailtasunak dituelako, ez dugu beste materialik erabiltzen edo ez dugu beste jarduerarik egiten; prozesua bera da, baina pazientzia gehiagorekin eta haren erritmoa errespetatuz egiten dugu lan.
Hori, ez al da beti horrela izan?
Itziar: Ez. Lehen, bereizi egiten genituen zailtasunak zituzten ikasleak, eta orain ez.
Zuek zer prozesu eraman duzue? Lehen bakoitza zuen eskolan ahal zenutena egiten zenuten, eta orain, taldea sortu duzue. Zer iruditu zitzaizuen proposamena?
Irantzu: Nik oso gustura hartu nuen, horrela egin nahi nuen lan, eta nire kezkak eta zalantzak jende gehiagorekin partekatu nahi nituen. Lana ere suposatu zuen, batzuetan aldatzea asko kostatzen delako.
Ainhoa: Nik HUHEZIn ikasi nuen, eta ikasitakoa, bat zetorren gutxi gorabehera horrekin guztiarekin, baina handik atera nintzenean, joan nintzen eskolan nire ezagutzak pixka bat zapalduta geratu ziren. Aurten, Altzon nago, beste ikuspegi bat dago eta asko poztu nintzen.
Irantzu: Topagune honek hainbat estrategia ezagutzeko aukera eman digu, gauzak bideratzeko eta ideiak hartzeko aukera.
Ainhoa: Batzuetan horretan ni bakarrik nenbilela sentitzen nuen, eta orain beste zerbait da. Kasuak gure artean alderatzen ditugu… Oso praktikoa da.
Itziar: Zalantzak argitzeko oso baliagarria da.
Proiektuka lan egitea izan al da aldaketa nagusia?
Itziar: Bai. Baina horrez gain, lehen zailtasunak azpimarratzen ziren behin eta berriz, eta orain zailtasunak hor daude, baina laguntza ematen diegu, haurrei lasaitasuna eta konfiantza ematea baita gakoa. Hausnartzen lagundu behar diegu: zer egiten duen gaizki, zer kostatzen zaion, zer hobe dezakegun…
Eider: Lehen, zailtasunak zeudenean, fitxak egiten ziren zailtasun horri aurre egiteko, eta bide horretan, frustrazioa zegoen, ikasleak gaizki sentitzen ziren… Orain, beste era horretara, irakasleen papera ere aldatu egiten da, laguntzaile rola hartzen du.
Gelan, beste ikasleekin eta irakasleekin batera egoten al zarete?
Ainhoa: Bai. Gelan bertan egoten gara. Laguntza espezifikoa behar duen pertsonaren bat baldin badugu, nirekin 45 minutuko saiotxo bat egiten du, baina, bestela ez da gelatik irteten. Beste guztia gelan bertan egiten du gainerako ikaskideekn eta, nik, PT moduan, eta gainerako irakasleek laguntza eskaintzen diogu. Ikusi dudan aldaketa handienetako bat da, Altzoren kasuan ikasgelak zikloka antolatuta daudenez,  zailtasunak dituztenek epe luzeagoa daukatela beraien erritmoan aritzeko.
Taldekatze horrek laguntzen du, beraz.
Ainhoa: Bai. Aniztasun handiagoa dagoelako. Ikasleen erritmoa desberdina da beti, eta antolaketa horrekin, erritmoak are anitzagoak dira. Talde txikian egiten dugu lan eta bi irakasle egoteak, asko laguntzen du.
Eider: Beste irakaslearentzako laguntza bihurtzen zara. Zailtasunak dituen ikasleari laguntzen diozu, beste ikasleei laguntzen diezu eta tutoreari ere bai.
Itziar: Zailtasunak dituen haur horren erreferentea tutorea da, bestela PT-a izaten da soilik bere erreferentea. Dena den, gela barnean bi irakasle daudenean ongi planifikatu behar da bakoitzak zer rol duen. Irakasleek aniztasunari aurre egiteko estrategiak hartzen dituzte eta geure papera pixka bat malgutzen da, beste gauza batzuk egiteko aukera dugu.  Jarraipen orokorra egiten dugu, ez soilik laguntza behar duen ikasle horrena.
Beraz, zuen lana asko aldatu da.
Irantzu: Lehen fitxa asko ematen genizkien. Ez ginen konturatzen era horretara ez zutela aurrera egingo eta ikasleak ariketa horien aurrean hartzen zuen jarrera ez zen egokiena. Lasai uzten baduzu, ordea, aurrera egiteko motibazio handiagoa du. Ez du urduritasun hori, ez du aurrera egin ezin duenaren sentsaziorik.
Itziar: Aurrera egingo duela pentsatzen du, ez ezingo duela.
Irantzu: Eta ezin duela ikusiz gero, beste era batera saiatzen gara. Gustura egiten dituzten lanak izaten dira normalean. Ez da soilik zailtasunak kentzea, baizik eta lana gustura egitea.
Eta errazago egiten al duzue lan?
Irantzu: Bai. Askotan ezina zen gure lanaren ezaugarri nagusia: ikasleak ezin zuen egin eta guk ezin genuen ikusi aurrera egiten zuenik. Baina orain, gauzak aldatu egin dira.
Eman dezagun, laugarren mailan irakurketa-idazketa prozesuarekin zailtasunak dituen ikasle bat duzuela eta era batera edo bestera, esku hartu behar dela. Horrelakoetan, zein da zuen egitekoa?
Itziar: Izan ditugu horrelako kasuak, eta gu ikasle horren idazkariak izan gara horrelakoetan. Negoziatu egin behar da apur bat: “nik irakurriko dut pixka bat eta gero zuk irakurriko duzu beste pixka bat”, esanda, esate baterako. Gure egitekoa, ikasle horren prozesua erraztea da. Idazketarekin ere antzera; idaztea asko kostatzen bazaio, ordenagailuz idatz dezake edo guk idatzi bere testua eta  berak kopiatu…
Eider: Eta, agian, berak idatzi nahi duela esango dizun unea iritsiko da. Niri gertatu izan zait horrelakorik. Uneren batean, akaso, bere burua idazteko prest ikusiko du. Eta, badaki, ezin badu edo zailtasunak baldin baditu, zuk lagunduko diozula.
Eta arazoa sakonagoa baldin bada?
Irantzu: Bada, adibidez, idazketa lantzeko garrantzitsua da zerbaitetarako balio duten idazkiak lantzea. Egiten dutenak, zerbaitetarako balio behar du; lehen egiten ziren esaldien kopia haiek ez dute balio.
Ainhoa: Eta matematikan ere gauza bera. 2 + 3 batuketa egiteko, esaterako, estrategia jakin bat lantzen duzu, baina ikasleak zertarako den ez badaki, agian ez dio zentzurik ikusiko. Hori dela eta, garrantzitsua da dena manipulatiboki lantzea. Horrek eragiketa bati zentzua topatzen laguntzen die.
Eider: Bai, beharrezkoa da egiten duguna funtzionala izatea. Adibidez, eskutitz bat idaztean, ikasleak diktaketa egiten badu eta guk idazten badugu, guk idatzi arren, ikaslea testuaren jabea sentitzea. Nik lehen, ikasleak esandakoa idazten banuen, ez nion esaten testu hori berea zenik, baina, orain, berak idatzi duela sentiarazten diot.
Egiten denak funtzionaltasuna izan behar duela esan duzue. Adibiderik jarriko al zenukete?
Ainhoa: Horrelako mementoetan estrategiak erabili behar dira. Batzuetan, matematika egin behar denean, adibidez, matematikako ariketak bideratzeko idazketarekin eta irakurketarekin sartzen gara. Beste zerbait eskain diezaiokegu, eta bere interesak zein diren jakin behar da nondik nora jo behar dugun jakiteko.
Itziar: Edo ikasleren bat zerbaitetan oso ona dela baldin badakigu, laguntza eska diezaiokegu, adibidez, Haur Hezkuntzan prestatzen ari diren antzerki batean laguntzeko. Eta beste ikasle batzuek ere esku har dezakete horretan.
Irantzu: Berrobin, adibidez, “Lurbira” izeneko proiektua egin dugu lehen hiruhilekoan eta 3 eta 12 urte bitarteko haurrek parte hartu dute. Bakoitzak ahal duen ekarpena egin du. “Lurbira”, Agenda 21 eta ekitatea lantzeko aukeratu genuen eta azalpen testua landu behar genuenez, munduan barna ibili diren pertsonak eta hainbat herrialdetatik etorritakoak izan genituen gurekin. Eskolan Brasilgo haur bat dugunez, handik abiatu ginen. Ama etorri zen eta bere herria nolakoa den kontatu zigun; herria, eskola, ohiturak… Zailtasunak zituzten haurrek gainerakoek bezala hartu zuten esku proiektuan.
Ainhoa: Bai. Horrelakoetan, gauza batean ez bada, beste batean hartuko dute parte. Ekintza horietan denek egin dezakete zerbait, lana bana daitekeelako.
Irantzu: Haien erritmoa errespetatuz, aurrera egin behar da. Beti aurrera eginez, eta ahal den neurrian, hobetuz.
Laguntza, behar espezifikoak dituzten haurrei soilik eskaintzen al diezue?
Itziar: Nik uste dut haur guztiek behar dutela laguntza momentu batzuetan. Batzuek iraunkorki, eta, beste batzuek kasu zehatz batzuetan.
Eider: Gelan egonda, errazagoa da denei laguntzea. Ikasleen prozesua bertatik bertara ikusten duzu eta norbaiti laguntza eskaini behar badiozu ere, errazagoa da. Zailtasunak dituen ikasle baten kasua ez zaizu bat-batean iristen, aurretik ere ezagutzen baituzu. Barruan zaude eta dena ikusten duzu.
Eskola Txikia izateak laguntzen al du?
Ainhoa: Bai, asko. Dena oso dinamikoa da eta horrek haurrari asko laguntzen dio.
Itziar: Berdinen arteko tutoretzek ere asko laguntzen dute horretan. Haur batzuk irakasle paperean jartzeak asko laguntzen du. Ni haur guztiei laguntzen saiatzen naiz, denek laguntza behar dutela ikus dezaten. Eta guk ere laguntza behar dugu. Niri, adibidez, oso ongi iruditzen zait irakasleok ere haurrek egin behar dutena egitea; ipuin bat idatzi behar badute, nik ere egiten dut eta idaztea kosta egin bazait, edo gogorik ez badut izan… hori aztertzen dut. Haien lekuan jartzeak asko lagundu dit.
Irantzu: Bai. Gu haien ondoan egoten gara, ikaskuntza prozesuan laguntzaile gisa, baina haien kideak ere bagara.
Zer aldaketa ikusi duzue ikasleengan?
Eider: Nik uste dut dena aldatu dela. Zailtasun batean pentsatzen ari bazara, haur horrentzat zeinen zaila izango den pentsatzen ari zara, eta, aldatzen duzunean, haurra aurrera doala ikusten duzu eta zerbaitetan agian ez dabilela ongi, baina beste gauza batzuetan aurrera egiten ari dela. Izan ere, azkenean, denok ez dugu gauza guztietarako berdin balio.
Ainhoa: Nik uste dut autonomia handiagoa lortzen dutela. Lehen beti zailtasunak zituzten ikasleen ondoan egoten ginen, baina orain gertu egoten gara, autonomia hori hobeto lantzen laguntzen baitu.
Itziar: Itxaropen handia izaten dugu haurrrengan. Haiei autoerregulatzen erakusten diegu. Autonomoak izan daitezen lortu nahi dugu.
Eta gurasoekiko harremana aldatu al da?
Ainhoa: Eskola Txikietan familiekin dugun harremana estua izaten da. Zerbait egin behar bada, komunitatearen esku hartzea eskatzen duen ekintza osagarriren bat egin behar bada, prest egoten dira esku hartzeko.
Eider: Gainera, nik ikusi izan dut eskola handiagoetan, agian, zailtasunak dituzten haurrak ez daudela hain integratuta. Ikasle baten amak, esaten zuen, haurra askoz ere integratuagoa ikusten zuela gure eskolan eskola handira zihoanean baino. Han jolasorduan beste batzuekin jolastera ere ez zela ausartzen eta hemen bai. Han bereziagoa sentitzen zen. Baina, Eskola Txikietan, gelak anitzagoak direnez, ikasleen arteko aldeak ere gutxiago antzematen dira. Eta gurasoentzat hori garrantzitsua da.
Ainhoa: Proiektuetan oinarritutako ikaskuntzan harremanak asko sendotzen dira.  
Itziar: Gainera, guk itxaropen handia dugunez, gurasoei ere gauza bera transmititzen diegu.