RODRIGUEZ DE LAS HERAS, Antonio: Etorkizunari so bizi ahal izateko ziurgabetasuna arnasten ikasi behar du gizakiaren garunak

2010-04-03
Joan den martxoaren 9, 10 eta 11n XVII. Jardunaldi Pedagogikoak egin ziren Gasteizko Europa Jauregian ‘Konpetentzietan oinarritutako hezkuntza. Berritu eta hobetu’ izenburupean. Ikastolen Elkarteak antolatuta, Madrilgo Carlos III Unibertsitateko Antonio Rodriguez De Las Heras irakasleak eskaini zuen hitzaldia, besteak beste. Irakaslea berrikuntzaren aurrean izeneko mintzaldia eskaini zuen, eta metafora bat baliatu zuen gizarte teknologikoaren ezaugarriek hezkuntzan izan dezaketen eragina azaltzeko.
Antonio Rodriguez De Las Heras, unibertsitateko irakasle ez ezik, Educared prestakuntza zentroko eta Telos teknologia eta informazioaren gaineko ikerketa aldizkariko zuzendari ere bada.
 
 
Irakaslea berrikuntzaren aurrean, horixe izan zen zure hitzaldiren goiburua.
Hala da, bai, eta uste dut antolakuntzak oso izenburu egokia proposatu zidala. Zergatik? ‘Berrikuntza’ une honetan hitz talismana eta komodina bilakatu delako. Komodina, edozein diskurtsotarako balio duelako. Edonon jarrita ere ongi geratzen da, baita publizitatean ere. Eta talismana, uste dugulako berrikuntza edozer gauzari aplikatuta, beti izango dugula etekina. Baina zein da hiperkomunikatuta dagoen gizarte honetan hain azkar bidaiatzen duten horrelako hitzen arazoa? Bada, txanponak bezalakoak direla. Eskutik eskura gastatzen joaten dira pixkanaka, eta berriro landu behar izaten dira. Nik uste dut ‘berrikuntza’ hitza ere hori pairatzen ari dela, nahiz eta denbora gutxi daraman eskutik eskura, ahoz aho, hitzaldiz hitzaldi… Beraz, komeni zaigu ‘berrikuntza’ hitzari duen benetako esanahia eta pisua itzultzea.
Nola, baina?
Nik badut horretarako proposamen edo galdera bat. Irakaslea zer dago, berrikuntzaren aurrean edo berrikuntzaren baitan? Berrikuntzaren aurrean egongo balitz, guztion erronka praktika soil bat ikastea izango litzateke. Ekintza bat ikastea edo horretarako prestatzea izango litzateke. Baina gakoa ez da ikastea soilik. Berrikuntzaren barruan gaudenez, ulertu ere egin behar dugu. Arazo teorikoa da praktikoa baino gehiago. Eta horixe da nik proposatzen eta defendatzen dudana. Etengabe iristen zaizkigun hobekuntzarako eskakizunen aurrean, irakasleok sarritan pentsatzen dugu praktika zehatz batzuetan topatuko dugula irtenbidea. Baina gakoa ez da hori. Ministerio bati izen hori ipini arren, arazoa da beharbada berrikuntza zer den ez dugula behar bezala ulertzen. Nola eseri behar dugun eta eskuak nola ipini behar ditugun pentsatu ere egin gabe pianoa jotzen ikasten hastea bezala da. Akaso presaka nabil, eta partiturako lehendabiziko notak baino ez ditut jo nahi, mi, re fa, si, sol, do… Baina eskuak eta besoak gaizki ipinita baditut, gaizki baldin banago eserita eta pianoaren aurrean dudan jarrera ez bada egokia, pianoa jotzen ikasteko egindako ahalegin guztia desitxuratzen joango da. Eta arazo horixe dugu beste hainbat gauzarekin, baita berrikuntzarekin ere. Beraz, hausnarketa arazoa da praktika arazoa baino gehiago.
Berrikuntzaren gaiak zuzenean eragiten dio irakasle lanari, ezta?
Bai, hala da. Berrikuntza deritzon fenomeno baten barruan gaude eta eragin egiten digu irakasle garen aldetik. Metafora baten bidez saiatzen naiz fenomeno global horrek nola eragiten digun azaltzen. Horretarako lehenengo urratsa, berrikuntzaren barruan gaudenez, kanpora ateratzea izango da. Zergatik? Bada, aztertu nahi duguna ateratzea lortzen badugu, gure burua ikusiko baitugu eta, horrela, hausnarketarako gai izango baikara, ispilu baten aurrean bageunde bezala. Sarritan, barruan gaudenean, ez baitugu gertatzen ari dena ikusten. 
Baina zaila da hausnarketak kanpotik egitea.
Horregatik oinarritzen da metafora oso etorkizun urruneko arkeologo batzuen istorioan. Espazioan ere oso urruti daude arkeologo horiek; estralurtarrak dira. Indusketa lanetan gure zibilizazioraino ailegatu dira, eta arkeologo guztiek bezalaxe, gehien gustatzen zaiena egingo dute. Zaborrontzietan begiratu. Zergatik interesatzen zaizkie, esaterako, haitzuloen atarian dauden zaborrontziak? Bada, erauzitako hondakin horiek oso aberatsak direlako, haitzulo barrukoak baino gehiago. Zabortegietan botatzen ditugulako gure ekintza guztien soberakinak, eta oso geruza baliagarriak uzten dituztelako. 
Zabor horien artean hondeatzen hasiko dira, beraz, etorkizuneko arkeologo estralurtar horiek. Eta aurkituko dituzten geruza horien guztien artean, bereziki esanguratsua den bat topatuko dute. Maila batetik gora, ikusi ahal izan zuten gizarte horretako pertsonek zaborretara botatzen zituzten gauzak ez zirela gauza zaharrak. Ez ziren apurtutako objektuak edo hondatuta zeudenak. Zaborrontzia egoera bikainean zeuden gauzez beteta zegoen, baina gizarte horretan bota egiten zituzten. 
Aldiz, geruzaren maila horretatik behera aurkitu zituzten gauzak apurtuta zeudela ohartu ziren. Zaborrontzi batean, oro har, normalena den bezala. Maila horretatik gora zegoen albistea: zabortegia gauza berriz beteta zegoen.
Zergatik gertatzen zen hori?
Arkeologoek, beti bezain zorrotz, gure zibilizazioa ezagutzen ez zuten arren, botatzen genituen gauza horiek guztiak berriak izan arren, gaixorik zeudela pentsatu zuten. Zibilizazio horretan, beraz, gaixotasun bat zegoen, handik beherako gizarteetan ez zegoena. Objektuek –baita materialak ez direnek ere, baina horiek ez dute aztarnarik uzten– gaixotasun bat zuten, eta arkeologoek zaharkitze deitu zioten eritasun horri. Zer da, baina? Objektuak gaixotu egiten dira, baina ez apurtu egiten direlako edo erabilerarekin hondatu direlako; ekosistema artifizialean beste objektu bat agertzen delako baizik. Orduan, bizidunen artean gertatzen den bezala, objektu berriak aurrekoa kaltetzen du, eta egoera ezin hobean egon arren, gabeziak izango ditu. Horrela, bada, aztertzen ari ziren gizarte horretako ekosisteman gaixotasun azkar bat nagusitzen ari zen, etengabe gauza berriak jasotzen zituztelako.  
Arkeologoek geruza maila horretatik gorako gizarteari berrikuntzaren gizarte deitu zioten. Etengabe gauza berriak sartzen zituzten, eta ez bakarrik gerora fosil bilakatzen ziren gauza materialak, baita ideiak ere. Aldiz, geruzaren maila horretatik beherakoei zaharberritze gizarte deitu zieten. Hau da, erabileraren ondorioz objektu bat apurtzen zenean konpondu egiten zen, zaharberritu. Apurtutakoaren berdin-berdina zen beste bat egiten zen. 
Arkeologoei oso interesgarria iruditu zitzaien, eta berrikuntzaren gizartearen geruza aztertzen hasi ziren. Maila horretan ez zegoen gauza materialei buruzko informazioa soilik. Gizarte hura nola antolatzen zen ere jakin ahal izan zuten: erakundeen egitura, zer balio zituzten, nolako pentsamendua zuten… Gizarteari behatzen ari zirela honakoa ondorioztatu zuten: etengabe gauza berriak barneratzen aritzeko, ezinbestekoa da gizarte horretako pertsonak beste modu batean kokatuta egotea munduan. Ez, behintzat, zaharberritze gizarteko pertsonak bezala. Ez zen posible!
Nolako gizarteak ziren?
Zaharberritze gizartea oso ongi deskribatu zuten. Oso garai luzea izan zen, kontuan hartzekoa. Gizakiak dimentsio espazialari garrantzia emanez ezarri ziren munduan. Hau da, espazio bat okupatu eta, ondoren, lurralde bilakatzen zuten. Aurkitutako aztarnen arabera, milurtekoz milurteko espazioa okupatzen aritu zen gizakia. Horregatik zen hain garrantzitsua demografia, horregatik zen hain garrantzitsua indarra –ez bakarrik lanerako–, horregatik zen garrantzitsua lurra –ez soilik okupatua izateko, baita gainerakoak zuretzat lan egitera behartzeko ere–… Beraz, aberastasuna ez zen espazioa izatea soilik. Lurrak izatea alferrikakoa zen demografikoki indarrik ez bazenuen edo gainerakoak mendean hartzeko gai ez bazinen. Horrela, espazioa edukitzeaz gain, leku hori lurralde bilakatu ahal izateko indarra ere beharrezkoa zen. 
Geruza horretan bazegoen beste maila bat, nahiko txikia, baina oso esanguratsua. Maila horretako gizakia beste modu batean ezarri zen munduan: energiari espazioari baino garrantzi handiagoa emanez. Baina kasu horretan ere alferrikakoa zen energia iturriak izatea, energia hura produktu bilakatzeko modurik ez bazegoen. Garai horretan ez zuten gerlariaren edo laborariaren indarra behar, industriarena baizik. Industria horietan eraldatu egin behar zuten energia, eta produktu bilakatu. Boteretsuak ziren, ez energia iturriak zituztelako, energia hori produktu bilakatuko zuten lantegiak sortzen zituztelako baizik. Arkeologoek ez zioten industria iraultza deitu, beste izen bat jarri zioten. Baina argi zeukaten beste gizarte mota bat zela
Eta berrikuntzaren gizartea, nolakoa zen?
Berrikuntzaren gizartea aztertzen hasi zirenean, ohartu ziren munduan ezartzeko modu berri bat nagusitu zela. Ez zuten espazioa lurralde bilakatu behar, ez eta energia produktu bilakatu behar ere. Gizarte horretan informazioa ezagutza bilakatzea zen gakoa. Baina, noski, informazioa zerk bilakatzen du ezagutza? Lantegiek? Ez, lantegiek ez dute informazio hutsa ezagutza bilakatzen. Zerk orduan? Gerlariaren eta laborariaren indarrak? Ez, hori ere ez zen. Tresna bakar batek bilakatu dezake informazioa ezagutza: garunak. Garunak informazioa jasotzen du, abstrakzioa egin eta ezagutza bilakatzen du. Beraz, arkeologoek berehala ondorioztatu zuten gizarte horretan oso garrantzitsua izango zela garun horien prestakuntza. Hau da, hezkuntzak pisu itzela izan behar zuen, garun horiek eginkizun berri horretarako prestatu behar zirelako. Hau da, informazioa jaso eta ezagutza bilakatzeko. Arkeologo estralurtarrek argi zeukaten hezkuntza zela gakoa. Baina aurreko geruzetan erabiltzen zen hezkuntzaren oso bestelakoa, gainerakoan ez baitzuen funtzionatuko.
Nola bilakatzen da informazioa ezagutza?
“Zuhaitzek ez digute basoa ikusten uzten”, dioen esaera baliagarri zaigu. Zuhaitzak informazioa izango dira: datuak, gauza bereziak, errepika ezinak… Horixe da informazioa. Eta garunak, sehaskan dagoenetik, modu miragarrian egiten du lan datu horiekin. Haur batek, biberoiarekin edo gau-mahaiko lanparako bonbillarekin erretzen denean, datu bereizgarriak jasotzen ditu: erredura bat ezpainean eta erredura bat hatzean ez dira gauza bera. Denborak aurrera egin ahala, haurraren garuna gai izango da, modu miresgarrian, bi datu bereizgarri horiek lotzeko eta bi kasuetan erre egin dela esateko. Biberoia eta bonbilla bero zeudela jakiteko. Horrek abstrakzio maila handia eskatzen du. Haurra Einstein txiki bat da, liluragarria. Eta bere garunak izugarri ondo funtzionatzen du, eskolatu egiten duten arte. 
Zuhaitzek ez digute basoa ikusten uzten, eta basoa ikusi ahal izateko ezinbestekoa da zuhaitzak moztea. Datu bereizgarriak ditut, XVIII. mendeko mundu naturalista daukat, Mendelen ilarrak ditut, eta horietatik guztietatik lege batzuk ateratzen ditut. Beraz, dagoeneko ez ditut tximeleta guztiak iltzatuta ikusi behar, nahikoa izango dut lege bat. Horixe da abstrakzioa; zuhaitzak moztu eta basoa ikustea.
Baina arkeologoek arazo bat ikusten zuten: ezagutza edukitzeko informazioa behar da. Eta informazioa,  maila jakin bat gainditzen duenean, oztopo bilakatzen da. Hori gertatuz gero, garuna ez da gai izango informazioa eraldatzeko, eta ezagutzarainoko jauzia trabatuko du. Horregatik nioen haurra Einstein txiki bat dela eskolara eramaten duten arte. Zergatik? Oraindik ez dugulako ongi ulertu informazioak hezkuntzan duen zeregina.
Nola baliatu behar du hezkuntzak informazio hori?
Onuragarria dela pentsatuz, barnera dezaketena baino informazio gehiago ematen diegu ikasleei, eta haurren garuna gizendu egiten da. Ondorioz, arintasuna galtzen du, eta gizena dagoen haurrak heziketa fisikoan zailtasunak izango dituen bezala, garunean informazio gehiegi duen haurrak ere ez du abstrakzio gaitasuna izango. Neurria hartzea izango da erronka, garuna argalegia edo gizenegia egon ez dadin. Zaila da, baina ahalegina beharrezkoa zela argi ikusi zuten arkeologo estralurtarrek. 
Gizarte hark aurreko maila gainditu bazuen, kanpoko memoria bat izateko modua aurkitu zuelako izan zela ondorioztatu zuten arkeologoek. Informazio guztia garunean eduki beharrean, garunetik kanpo edukitzeko modua topatu zuten. Eta, gainera, garunak bezala funtzionatzen zuen. Beraz, arkeologoak ohartu ziren aurreko zaharberritze gizarte haietan erabiltzen zen kanpoko memoriak ez zuela baliorik berrikuntzaren gizartean. Hau da, urteetan hain baliagarria izan zen asmakizunak, liburuak, ez zuen ezagutzaren gizarterako balio. Informazio asko behar izaten baitzuten, berehala egon behar baitzuen eskuragarri, eta etengabe hazten joan behar baitzuen. Liburuen eta apalen sistemak, beraz, ez zuen kanpoko memoria berri horrek eskaini behar zuen arintasuna bermatzen.
Ordenagailuez ari ziren?
Garunaz kanpoko memoria hark edozein lekutan eta edozein unetan eskuragarri egon behar zuela ondorioztatu zuten. Deslokalizatua izan behar zuela, hau da, informazio guztiak ez zuela zertan leku bakar batean egon. Alderantziz, banatuta egon zitekeela, gure garunean gertatzen den bezalaxe. Eta, azkenik, ohartu ziren informazioak sare egitura izan behar zuela. Gerora, aurkitu zituzten hondakin materialei esker jakin ahal izan zuten gizarte horretan kanpoko memoria bat zutela. Beraiek ez zioten Internet deitu, baina asmatu zuten. 
Beste hainbat ondorio ere atera zituzten. Besteak beste, ezagutzaren gizartean bazeuden, aurreko gizarteetan energia behar zuten bezalaxe han berehala eskuratu zitekeen informazio kopuru izugarria behar zutela ezagutza bilakatu ahal izateko. Ezagutzak eragina dauka gizartean, eraldatu egiten du, eta aztertzen ari ziren geruza horretan argi ikusten zen aldaketa hori. Ezagutza, beraz, argindarra bezalakoa da, mugitu egin behar du. Gainerakoan ez du efekturik sortuko. Edo, beste modu batera esanda, ezagutzak gizartean eragina izan dezan barreiatu egin behar da, isuri. Gizartea busti behar du, orduan baino ez baitu eraldatuko. Sekretupean gordeta baldin baduzu, ez du eraginik izango. 
Eta nola barreiatu zen ezagutza gizarte horretan?
Horixe bera galdetu zuten arkeologoek ere. Zein bide erabili ote zuten garun lantegi haiek sortzen zuten ezagutzak gizartea eralda zezan? Berehala osatu zuten eskema moduko bat. Argi ikusi zuten gizarte horretan ezagutza hiru bidetatik barreiatzen zela. Hain zuzen ere, teknologiaren, kulturaren eta hezkuntzaren bidez. Zergatik zioten arkeologoek hori? Bada, ezagutzaren zati handi bat kondentsatzen denean transmititzen delako, energia bezala. Eta horixe da teknologia; kondentsatutako ezagutza. Teknologiaren bidez, ezagutza kaxa bat bezala erakusten zaigu, baina fisika kuantikoa bera ere gailu elektronikoetan dago kondentsatuta. Ezagutza, baina, ez da gizartera ailegatzen pertsonen % 99ak ulertzen ez dituen teoria kuantikoen bidez, euren eguneroko bizitzan eragin zuzena duten tresna batzuen bidez baizik. Horrela, besteak beste, ezagutzak autonomia sortzen du gizakiarengan. Eta, beraz, teknologiak ere autonomia eskaintzen dio erabiltzen duenari. Horrenbestez, etorkizuneko gure arkeologoek ondorioztatu zuten teknologia oso garrantzitsua zela aztertzen ari ziren gizarte hartan. Hala, arkeologo eskola batzuek berrikuntzaren gizartea deitu beharrean, teknologiaren gizartea deitu zioten. Bide garrantzitsua zelako gizarteari ezagutza guztia transmititu ahal izateko.  
Baina ez zen bide bakarra.
Ez, bazen beste bide bat: kulturarena. Esaterako, T.S. Eliot poetaren bertso batek esaten du “All is always now”   –Orain da beti dena–, eta hori formula bat da, formula poetiko bat. Izaki bizidun guztiok sentitzen dugu orainaldia dela deboran dugun lekua, eta ezin dugula ez lehenaldira ez eta etorkizunera bidaiatu. Modu batean edo bestean guztiok sentitzen dugu hori, eta bakoitzak bere bizipenak izango ditu egoera horretan. Poetak, guk bezalaxe sentitzen duena idatzi egiten du, formula bat sortzen du: All is always now. Eta formula hori kultura bilakatzen da. Teknologia erabili beharrean, erosi duzun liburu bateko bertsoen bidez transmititutako ezagutza izango da. Beste adibide bat: guztiok ikus dezakegu ilunabar bat, berezia bakoitzarentzat. Baina margolari batek ilunabar bat ikusi dugun guztien zirrara laburbiltzen du formula bakar batean; formula piktoriko batean. Horixe da ezagutza; berezitasunen abstrakzioa egitea, formula bakar batean bildu ahal izateko. Ondoren, teknologiarekin bezala, gainerakoei transmititzeko. Gauza bera gertatuko litzateke sinfonia batekin eta bestelako adierazpen kulturalekin ere. Beraz, kultura ere oso bide zabala da ezagutza gizartean barreiatzeko eta berau aldatzeko.
Eta hezkuntzak ez al du zereginik horretan?
Bai, noski. Eta horixe zen gizarte hartan baliatzen zuten hirugarren bidea. Hezkuntzak, baina, ez du ezagutza teknologiaren edo kulturaren bidez barreiatzen, programa eta diziplina baten bidez baizik. Hau da, botereek ezagutza jasotzeko modu jakin bat programatzen eta kontrolatzen dute, ondoren barreiatzeko. Baina ezagutza hori ezberdina da; beste modu batean ailegatzen da gizartera. Izan ere, poesia atsegin badut liburu bat erosten dut, zinema atsegin badut joan egiten naiz… Aldiz, hezkuntza unean uneko botereek gidatzen dute, eta haiek esaten dute zer den ezagutu beharrekoa. Eta, gainera, kontrolatu egiten dute. Hirurek sortzen dute autonomia jasotzen dutenengan, baina oso modu ezberdinetan. 
Hiru bide horiek, ordea, guztiz lotuta daude.
Bai, zalantzarik gabe. Ikus dezagun nola eragiten dioten elkarri. Zer harreman dauka teknologiak hezkuntzarekin? Etorkizuneko arkeologoen arabera, gizarte horrek izan zuen aurrerapen teknologiko nagusietako bat kanpoko memoria bat osatuko zuten gailuak sortzea izan zen. Horrelakorik gabe ezinezkoa izango litzateke berrikuntzaren eta ezagutzaren gizarte bat. Gailu baten beharra zegoen horretarako, eta arkeologoek aztarnak aurkitu zituzten: kable batzuk, txip modukoak...
Teknologia batek behar bezala funtzionatzen duenean protesi bilakatzen da, eta arkeologoek ondorioztatu zuten gailu horiek buru protesiak zirela. Gero eta txikiagoak bilakatzen joan ziren protesiak, ia ikusezinak. Baina protesi horiek ez ziren besteak bezalakoak. Garunaren funtzioei eragiten zieten: informazioa eskuratu, komunikatu, amets egin, imajinatu… Horiek guztiak protesiari esker zabaltzen ziren. Arkeologoen arabera, garunaren lana anplifikatzen zuen protesiak.
Zein ondorio izan zituen protesi hark hezkuntzan?
Gizarte hartan kontuan eduki behar zuten haurrak garun protesiarekin ailegatzen zirela eskolara. Gainera, arkeologoek frogatu zuten protesi horiek gero eta txikiagoak zirela, gero eta indartsuagoak, eta baita gero eta pertsonalagoak ere. Beraz, garun anplifikazio horrekin joaten ziren haurrak eskolara, ez zuten han ipintzen. Argi zegoena zera zen: eskolak haur horien beharretara moldatu behar zuela. Arkeologoek ez zuten nahi adina informazio, eta gai horrek eztabaida handia sortu zuen.  
Kulturaren eta hezkuntzaren arteko harremana, nolakoa zen?
Harreman horrek ere eztabaida handia sortu zuen. Arkeologoek pentsatu zuten gizarte hartan itsututa egon behar zutela ezagutza lantegi ezin hobeak izango ziren garunak sortzeko ahaleginean. Lehen aipatutako kanpoko memoria horietan gordetzen zuten informazioa, ezagutza lantzeko leku gehiago eskuratzeko. Beraz, informazioa kanpoan gordeta, garunak aukera dauka itota egon den gaitasunari ateratzen uzteko. Hau da, abstrakziorako gaitasunari lekua egiteko. 
Dena den, arriskutsua ere bazen. Akaso, gizarte hartan interes gehiegi izan zezaketen itxuraz oso eraginkorrak ziren garunak sortzeko. Eta pentsatuko zuten eraginkortasuna espezializaziotik zetorrela. Horrela, alor batean edo bestean funtzionatu ahal izateko prestatzen zituzten garunak. Alor baterako soilik. Eta gizarte horrek bide hori hartuko balu, aurrera egitea oso zaila egingo zitzaiola pentsatu zuten etorkizuneko arkeologoek. Izan ere, berrikuntzaren gizartea izanik, etengabeko aldaketak jasaten zituen gizartea zen, eta garunak soilik alor zehatz baterako prestatuz gero, desdoitu egingo ziren. Baina bazen gai horren inguruan zalantzak izan zituen arkeologo eskola bat. Ez zuten argi ikusten berrikuntzaren gizarte hartako biztanleek beste bide bat hartzeko erabakia hartu zutenik. 
Zergatik? 
Irtenbide bakarra zutelako: garunari sakontasuna ez ezik, zabaltasuna ere ematea. Eta zerk ematen dio zabaltasuna garunari? Bada, kulturak. Beraz, hezkuntza eta kultura uztartzeak garun horiek malguagoak eta plastikoagoak bilakatzeko aukera eskaintzen zuen. Gaitasun handiagoa izango zuten etengabeko aldaketen aurrean egokitzeko. Baina arkeologo batzuek gizarte guztietan dauden botereei egin zieten erreferentzia. Arkeologo horien ustez, botereari ez zaio interesatzen, inondik ere, hain izaki malguak eta autonomoak egotea. Ziurrenik gizarte horretan tentsioa nagusituko zen. Eta botereak herritarrei sinestarazi nahi izango zien eraginkortasuna espezializazioaren bidez lortzen dela. 
Horrela, agian, kultura eta hezkuntza bereizi egingo zituzten gizarte hartan. Eta hezkuntzaren bidez eraginkortasun profesionala eskainiko zuten bakarrik. Kultura, aldiz, bila zezatela nahi zuten bezala pribilegiodun gutxi batzuek. Ondorioz, gizartearen makinarako balio zuten pieza zehatzak izango zituzten. Baina etengabe aritu beharko zuten pieza horiek ordezkatzen, gizartearen makina etengabe aldatzen zelako eta piezak berehala desdoitzen zirelako.  
Zein bide hartu ote zuen gizarte hark? Galdetzen zuten behin eta berriz arkeologoek. Batzuen ustez erreakzionatu egin behar izan zuten, eta herritar jantziak sortu behar izan zituen, ez ongi heziak soilik. 
Beste zer aurkitu zuten arkeologoek geruza hartan?
Hondakinak aztertuz pentsamenduaren eta gizarte antolaketaren inguruko datuak ere topatu zituzten. Esaterako, arkeologo estralurtar guztiek adostu zuten gizarte hura paidokrazia bat zela. Horrela behar zuen izan, logikoki. Zergatik? Bada, gizartearen balio nagusia gazteak zirelako, ez zaharrak. Paidokrazia bat zenez, gazteek, pixkanaka, helduen bizi-espazioa hartu zuten, eta adinekoak gizarte funtziorik gabeko objektu soil bilakatu ziren. 
Zergatik, baina, paidokrazia? Arkeologo guztiak bat etorri ziren erantzunean. Hain zuzen ere, zaharberritze gizartetik berrikuntzaren gizarterako jauzian 180 graduko bira esanguratsua eman zelako. Zaharberritze gizartean, gizakiek etengabe begiratzen zuten iraganera, eta hara begira lortzen zuten beren identitatea topatzea. Ordura arte topatu zituzten kultura guztiak iraganean oinarritzen ziren. Gainera, gizarte horiek guztiek uste zuten ezagutza, hots, jakin beharrekoa, iraganeko ondarea zela. Iraganean zegoela orainaldirako behar zuten guztia. Beraz, iragana jaso baino ez zen egin behar. Horregatik zuten izugarrizko aitorpena adinekoek. Iraganeko ezagutza iturri haietatik hurbilen zeudenak zirelako. 
Zer nolako aldaketak ekarri zituen horrek?
Arkeologoen ustez, bost mende inguru igaro ziren berrikuntzaren edo ezagutzaren gizartea deitzen zioten hori azaleratzeko. Gizakia, pixkanaka, iraganari begiratzeari utzi eta etorkizunari begiratzen hasi zen. Oso poliki. Etorkizunaren aurrean, gauza guztiak egiteko zeuden. Ez ziren gauzak iraganetik jaso eta interpretatu behar. Gauzak egitea zegokien, asmatzea. Horrela sortu zen pentsamolde egokia geruza hartan hain garrantzitsua zen etengabeko berrikuntzarako, sorkuntzarako. 
Iraganeko ondareari begiratzeari utzi, etorkizunera begira jarri, eta dena egiteko baldin bazegoen, errotik aldatuko zen guztia, arkeologo estralurtarren ustez. Jauzi hura Lur planetak jasandako beste aldaketa garrantzitsu batekin alderatu zuten: bizitza ingurune anaerobikoetatik, hots, uretatik irten, eta oxigenoarekin moldatzen hasi zeneko unearekin, hain zuzen. Aldaketa hark, beraz, hain pozoitsua zen oxigenoarekin gertatu zenak adina garrantzi izan zuen arkeologoentzat. 
Ordura arte, gizakien garunak ziurtasunean bizi ziren, eta zalantzara ohitu behar izan zuten. Ziurgabetasuna, ordea, oxigenoa baino pozoitsuagoa da, eta ziurgabetasuna arnastea hilgarria izan daiteke. Aurreko geruzetako gizakiek, eta hala ondorioztatu zuten arkeologoek, ziurtasunez betetako eraikinak jaso zituzten: erlijioak, ideologiak... ziurtasun erraldoiak ziren. Gizarte berrian, aldiz, etorkizunari so bizi ahal izateko ziurgabetasuna arnasten ikasi behar zuten garun haiek guztiek. 
Ez zeuden eguneroko zalantzei eta etorkizuneko ezbaiei aurre egitera ohituta. Eta, beraz, ondorioak apartekoak izan ziren. Arkeologoek asko hitz egin zuten gai horri buruz. Nola egin ote zuten garun horiek umetatik prestatu ahal izateko? Izan ere, aurretik eskolak ziurtasuna besterik ez zien eskaintzen, eta aurrerantzean zalantzak jasoko zituzten. Nolako sistema eraiki zuten orduan? Zalantza handiak zituzten arkeologoek.  
Gazteen gizarteak nola funtzionatu zuen?
Galdera horixe zebilkiten arkeologoek ere buruan. Noski, gizakiak iraganari begiratzeari uzten badio eta etorkizunari so jartzen bada, gaztea beharko du izan. Atzera begira aritzen dena adinekoa izaten da, bere bizitza osoa memoria delako. Gazteak, baina, bizitza egiteko du oraindik, eta etorkizunari begiratzen dio. Beraz, ez zen harritzekoa gizarte hartan gazteen balioak egotea indarrean. Baina gai horrek ere sortu zuen eztabaida. Izan ere, gizarte hartako erakunde asko eta asko adinaren agintean oinarrituta zeuden; familia eta eskola, esaterako. Adinekoa izate hutsak agintea ematen zuen erakunde horietan. Zer gertatuko zen gaztetasuna balio nagusia bilakatzen zenean? Nola funtzionatuko zuten eskola eta familia horiek?
Zalantza asko sortu zitzaizkien arkeologoei?
Bai, galdera asko zituzten. Esaterako, gizarte gaztea izanik, pazientzia gutxikoa izango zen. Eta beraz, emango al zioten garrantzia ahaleginari? Gazteek berehala izan nahi dituzte emaitzak; ‘bihar’ esatea ‘mendeak’ esatea da gaztearentzat. Ulertuko al zuten esfortzua zer den, kontuan hartuta gizarte batek ezin duela ahaleginik gabe aurrera egin? Gazteak ongi pasatu behar du, aisialdia behar du. Nolakoa izango zen, bada, gizarte hura, guztiak dibertigarria izan behar baldin bazuen? Nola irakatsiko zuten irakasleek? Nola emango zituzten eskolak? Nola hartuko zituzten gazte horiek euren gain beti dibertigarriak izaten ez diren lanak? Behin eta berriz eztabaidatzen zuten arkeologoek gai horiei buruz.
Baina bazen beste eztabaidagai garrantzitsu bat. Ondorioei zegokiena. Gizarte hark berehala zahartzeko arriskua zuen. Baina arkeologoek aztertutako hondakin guztien arabera, aurreko geruzetako herritarrekin alderatuta luzeago bizi ziren. Bada, zahartzaroa beste modu batean ulertzen zuten. Desdoituta egotea zen zahartzea, inguruarekin bat ez etortzea. Zaharra eboluzioaren ondorioz bere inguruan gero eta arrotzago sentitzen den pertsona da. Iruditzen zaio guztia hankaz gora dagoela, azkarregi doala. Baina bera da mantsoago doana. Horrela, etengabe aldatzen ari den berrikuntzaren eta ezagutzaren gizartean oso gauza berezia gertatzen da: gorputza desdoitu aurretik, ingurua da gurekin bat ez datorrena. Bat-batean zahartzaro goiztiarra agertzen da eta ulertzen ez duzun ingurunean bizi zara. 
Zein ondorio izan zituen horrek?
Arkeologoen iritziz, erronka izugarria izan zen hori berrikuntzaren gizartearentzat. Gero eta zahar goiztiar gehiago egongo dira, eta gizartearen garapenerako oztopo bilakatuko dira. Horiek guztiak kontuan hartuta, arkeologoek ondorioztatu zuten gizarte horren gakoa ez zela asmatzaileak edukitzea izan. Asko egongo ziren, noski, aurreko gizarteetan baina gehiago. Berrikuntzaren gizartean, ordea, garrantzitsuena ez zen asmakizun berriak sortzea, aldaketak jasotzen jakitea baizik. Hezkuntzak ez zituen asmatzaileak prestatu behar, aldaketak hartzeko gai izango ziren pertsonak baino. Nola egiten zaio harrera aldaketari? Botila huts bat etengabe pasatzen da egunero gure begien aurrean, baina gauza berriak iristen direnean ikusi ere ez ditugu egiten. Hautematea, oso da garrantzitsua. Nola egin, ordea, horiek ikusteko? Irudikatuz. Berrikuntzaren gizartean oso garrantzitsua zen irudimena. Imajinaziorik gabe ez dituzu aldaketak ikusi ere egiten. Ondoren, guztiak ikusi eta gordetzea lortzen denean, beste urrats bat eman behar da: gauzak alboratu egin behar dira. Ez baita posible aldaketak geureganatzea, aurretik beste hainbat gauza alboratzen ez baditugu. Horrenbestez, ezinbestekoa zen hezkuntza kritikoa, aldaketei behar bezala harrera egin ahal izateko.
Itxaropenik ba al da?
Erantzun bat behar dugu: berrikuntzaren gizarteak gainditu al zituen kontraesan haiek guztiak? Erantzuna hurrengo geruzan dago, baina arkeologoek ez dute oraindik aztertu. Beraz, ezingo dizut, oraingoz, erantzunik eman.