Napoleonen azken arrastoak erabiltzen ari da Estatua ikastolen aurka egiteko

2014-01-01
Bost urte daramatza Hur Gorostiagak Seaskako zuzendari lanetan. Eta aurtengoa ari da izaten urterik gogorrena, Frantziako Estatuak jopuntuan jarri baititu ikastolak 1850eko Falloux legea kaxoitik aterata. Hori gutxi balitz bezala, itzuli beharreko kredituak gero etapotologoak dira... baina Hur Gorostiagak baikor, animoz eta irribarretsu jarraitzen du lanean, aurrera, urterik urte gero eta haur gehiago matrikulatzen baitira Iparraldeko ikastoletan, eta horrek esperantza ematen baitio euskararen garapenari.
 
 
Seaskako zuzendaritza hartu zenuenean barealdi-garaia izango zela aurreikusten zenuen. Orain ordea, Paxkal Indo Seaskako lehendakariak esan berri du ikastolen egituretan daramatzan 15 urteetan ikasturterik zailena bizi izan duela. Zergatik jarri ditu Frantziako Estatuak ikastolak jopuntuan 1850eko Falloux legearekin?
Duela urte batzuk, bazirudien normalizazio-prozesu baterantz gindoazela, baina azken urtean Frantziako Estatua gauza batekin konturatu da, ikastolen hazkundea ikaragarria dela. Azken bederatzi urtetan % 60ko hazkunde bat izan dugu ikastolok, eta gero eta haur gutiago sortzen den garai honetan gure ikasle kopurua gora eta gora doa, aldiz, eskola publikoan eta pribatuetan gero eta haur gutiago dituzte. Badirudi egoera hori ikusirik, kezkatzen hasi direla gure garapenaren aitzinean. 
Estatuak aitzakia bat bilatu du ikastolen kontra jotzeko. Hendaiako ikastolaren arazoa aitzakia bat besterik ez da izan. Hendaian baditugu 250 ikasle, horietatik 80rentzat ez dugu tokirik Hendaiako ikastolan, beraz, ikastola berri bat eraiki behar genuen, eta udaletxeak gehiengoz erabaki zuen ikastola berri bat eraikitzea eta gero gure esku uztea. Orain Estatuak esan du hori legez kanpokoa dela, eta 1850eko Falloux legea atera digu eta auzitara eraman du gaia. Auzitegiko epaileak erabaki bitartean, blokeaturik dauka Hendaiako udaletxearen erabakia, beraz, Hendaiako ikastola berria blokeatua dago. Eta laster Beskoitzeko ikastola ere ezarriko du auzitan Falloux legearen harira. Beskoitzen lur bat alokairuan ezarri nahi zigun udalak ikastola bertan ezartzeko, baina Estatuak horren aurka eginen du, nahiz eta hor Falloux legeak ez duen zerikusirik, hori merkatuaren legea baita.
Ze berez, Beskoitzeko udalak edozeini aloka diezaioke lurra, ezta? 
Salbu ikastola bati. Eurek defendatzen duten merkatuaren kontrako erabaki bat litzateke, eta badirudi auzitara eramango duela Estatuak. Gu saiatuko gara defendatzen, nahiz eta legeak eurek egiten dituzten eta auzitegiak eurenak diren. Eskandalu handi bat da Estatua ikastolen aurka egiten ari dena, eta, gainera, guri laguntzeagatik udalak eta beste mehatxatzen ari dira. Napoleonen azken arrastoak erabiltzen ari da Estatua ikastolen aurka egiteko, prefeta eta suprefeta Napoleonek sortu zituen figura batzuk baitira herria kontrolatzeko, eta guk bizi dugun egoera erabat hori da: mehatxatu egiten gaituzte, ekonomikoki itotzeko mehatxua egiten baitiete Udalei: Udalek erosketan aurreratzen dute BEZa eta gero estatuak itzuli egiten diete, baina, oraingo honetan, BEZa ez dutela berreskuratuko mehatxatzen ari dira.
Baina berez, Falloux legea ikastetxe pribatuak babesteko lege bat zen, ezta?
Falloux legea 1850eko legea da, artean ez zegoen Estatuko eskola garatua, beraz, eskolak pribatuak ziren garaiakoa da. Eskola pribatuak babesteko lege bat izan zen, estatua ez zedin etorri eskola pribatuen ondarea kentzera. Eskola kristauak babesteko lege hori erabiltzen dute guri finantzazioa ukatzeko. Beraz, erabateko kontraesana da, baina horrela aplikatzen dute. 1969an sortu zen Seaska, eta betidanik izan ditugu laguntza publikoak, sekula ez Estatuak emanak baina bai udalek emanak, eta orain handitzen ari garenean mehatxuekin hasi dira.
Ez da Estatuaren kontraesan bakarra. Hollandekin sozialistak  Gobernura iritsi zirenean, eurokarta berretsiko zutela erran zuten, hizkuntzen lege bat egingo zutela, eta horretarik ez dugu deus ikusi, eta aldiz atzera egin dute 40 urte, debekatuz ikastolak. Galarazi nahi dute ikastolen garapena, ez dute begiratu orain arteko ikastolak legezkoak diren ala ez, beste aldera begiratu dute, baina orain aurrez aurre jarri zaizkigu, eta hemendik aurrera begiratuko dute. Baina Hendaiako eta Beskoitzeko ikastolak legez kanpokoak baldin badira, gure ikastola ia denak legez kanpokoak izan daitezkeela gertatzen da. Estatuari ikastola gustatzen zaio sinbolikoa den neurrian, sinbolikoa izateari uzten dionean arazo gisa ikusten du. Zer esan nahi du horrek? Haurren % 10etik gora eskolatzen hasi garenean mehatxuekin hasi direla. 2 eta 3 urteko haurren artean dagoeneko % 16 eskolatzen dugu, orain arte beti egon gara % 10etik behera, beraz, ez zegoen kezkarik; Eskola publikoak egingo du haurren % 60ko eskolatzea eta eskola pribatuak %25 edo pixka bat gehiago. Oso epe motzean asko handitzen ari gara 
eta horrek beldurtzen ditu. 
Eurokarta aipatu duzu. Frantziak onartzen du haurrek eskubidea dutela euren ama hizkuntzan ikasteko, aitortzen baitu Unescoren nazioarteko itunek diotena, baina Frantziako Estatuak ez du betetzen hitzarmen hori administratiboki bere dituen lurraldeetan. Hala salatu zenuten zuek Unescon bertan.  
Unescoko agerraldia oso polita izan zen. Frantzia lezioak ematen ari zen beste estatuei, esanaz Afrikakoei  eurak ez direla demokrazia, minoritateak zapaltzen dituztela, minoritateen eskubideak ez dituztela onartzen... Eta bukaeran gu agertu ginen esanaz besteei leporatzen diozuna zuhaurek ez duzula betetzen. Afrikako herrialde batzuek 
irribarre bat agertu zuten. 
Azaroan izan zineten Unescon, orain zertan geldituko da agerraldi hura?
Salaketa formal bat egin behar dugu. Unescoko zuzenbide-arduradunek badakite lege gogorrak eta lege arinak daudela, eta Unescokoak hitzarmenak dira, sinbolismo handikoak bai baina ez du auzitegi batek kondenatzen ahal Frantzia hitzarmen bat ez betetzeagatik. Baina ari gara aztertzen Europa mailan beste bide batzuk Frantziaren jarrera salatzeko. Baina badakizu, Frantzia inperio handi bat da. 
Sarkozyk hezkuntzan egin zituen erreformen eta murrizketen ondoren, Hollandek hezkuntza gaietara berrikuntza ekarriko zuela uste genuen... Aldiz, zuk diozu Frantziako Estatuak azken 50 urteetako makilkadarik gogorrena eman diola Ipar Euskal Herriari.
Gobernura iritsi aitzin, bere diskurtsoan dena baikorra zen hezkuntza eta hizkuntza gaietan, baina gertaerek erakusten dute bere hitza  jan duela. Eta orain ari gara berriz ere Estatuko beste herriekin lanean Hollandek hitza bete dezan. 
Hemen, Seaskan, heldu den ikasturtea prestatzen ari gara eta gure asmoa da gure atea joko duten ikasle guztiak errezibitzea. Argi eta garbi, ikasle bati atea ixtea erranaz ez dagoela lekurik beretzat, edo ez dugula laguntzarik ikasle hori eskolatzeko,  ikasle hori frantses izatera kondenatzea da. Gaur egun Ipar Euskal Herrian D eredua ematen duen bakarra ikastola da, ez dago besterik, beraz, euskaldun izatea nahi badugu haur horrek ikastolatik pasa beharko du, bereziki familia frantsesetik heldu baldin bada. Gure ateak lehen bezainbat edo gehiago zabaltzen ditugu, gure hizkuntza salbatzeko bide bakarra ikastola baita.
Ipar Euskal Herrian euskara ofiziala ez den neurrian, ez dago euskalduntzeko inolako egitasmorik. Zuen bizkar dago euskalduntze-lana, beraz?
Une honetan, ikusten baldin baditugu datuak, gaur egun hiltzen direnen % 60-70 euskaldunak dira Ipar Euskal Herrian; aldiz, sortzen direnen artean guk eskolatzen ditugunak eta pixka bat gehiago izango dira euskaldunak, % 10-15, beraz hor galera izugarria dago. Hortaz aparte, badugu sekulako immigrazioa Frantziatik, aberatsen immigrazioa, hemen bigarren etxaldeak eraikitzeko lurrak erosten dituztenak. Ipar Euskal Herrian 300.000 biztanle baldin badaude, gaur egun erdiak Ipar Euskal Herritik kanpo sortutakoak dira. Palestinan bageunde kolonizazioaz edo asentamenduetaz hitz egingo genuke, baina hemen, Frantzia demokrazia handi bat denez, ez dago koloniarik ez asentamendurik, baina berez hori da gertatzen ari dena.
Ez dago inolako plangintzarik Ipar Euskal Herria euskalduntzeko, ez dugu, ezta ere, inolako instituziorik ez hizkuntza plangintzarik edo kultur plangintzarik ezarriko duena. Hemen Parisetik pertsona bat etortzen da erretreta harturik bigarren etxea hemen erosirik eta ez du ez euskara ez euskal kultura aditzen... Hori da gure errealitatea. Hori da gure drama: ikastolara ez datorren haurra euskarak galdu duen haurra da, eta, gainera, sekula ez du ikasiko, salbu bi gurasoak euskaldunak baldin badira, agian hor aukeraren bat eduki dezake.
Batera plataformak deituta, Mauleko manifestazioan izan zen azaroan Seaska. Orduan zenioten Frantziaren mehatxua ez dela bakarrik ikastolen kontra; egituratu nahi den gorputz baten kontrako erasoa antzematen duzue Parisetik?
Parisetik ikusita, haien interesa zein da? Ipar euskal herritarrak diluitzea Estatuko egitura horretan. Ez hizkuntzari onarpenik eman, ez lurralde ezagupenik eman, eta desegin dadila poliki-poliki. Eta ikusten dute, urtez urte, gero eta jende gutiago dela euskaraz mintzatzen dena, biztanleriaren datuetan ikusten da adinekoen artean %60ak 
egiten duela euskaraz, eta adinean behera joanaz, gero eta gutiago. Baina azken urteetan lortu da berriz gorako bilakaera bat, eta hori da gure garapenaren ondorio. Parisen helburua zein da? Garapen hori etetea eta hiltzen uztea da.
Frantziaren jokatzeko moldea da beti itxurak mantentzea.  Adibide bat jarriko dizut: joan den uztailean alderdi sozialistaren bulegoak okupatu genituen; hori Hegoaldean gertatu izan balitz, ordu erdiren buruan bidaliak zituzten guardia zibilak, Polizia Nazionala eta Ertzaintza eta denok kanpoan ginen; hemen askoz ere inteligenteagoak dira, edo maltzurragoak. Utzi gintuzten hiru-lau egunez hor barruan, eta gero eskaini ziguten bilkura bat handik ateratzeko, itxurak mantentzen dituzte beti, baina gero errealitatean ikusten da hiltzen utzi nahi gaituztela.
Baina hautetsi sozialistek eurek ere aldarrikatzen dute euren herrietan ikastola bat egon dadin.
Hemen, ikastolak eduki dituzten udal gehienek legez kanpo babestu dituzte ikastolak, utzi dute lokal bat jakinez Falloux legeak debekatzen zuela, orduan diskretuki Estatuaren jarrerari enfrentatu zaizkio, orain behar da urrats bat gehiago eman, Estatuak mehatxatzen gaituenean publikoki urrats bat egin behar da, baina oso zaila da. Gurea gainera, hezkuntza da, gure lana izan behar da datorren ikasturtea ahal bezain ongi prestatzea eta behar ditugun erakasleak lortzea. Ze, azken finean, gure haurren hezkuntzaz ari gara, eta gure lehentasuna izango da ditugun ikastola guztiak mantentzea eta, ahal dugun neurrian, berriak irekitzea...
 
Baina, higadura horrek, hezkuntza proiektuaz arduratu beharrean, beste egiteko batzuetan indarrak xahutzea dakarkizue, ezta?
Horretara bultzatu nahi gaituzte. Hizkuntza Politikaren motor nagusia Seaska da. Zorionez, lehentasuna hala ere hezkuntzari ematen diogu. Iaz Baxoa egin zuten ikasleen %100ek lortu zuten Baxoa, eta Estatu mailan 6.000 lizeo baldin badaude, gure lizeoa lehen 40etan kokatzen da emaitzetan. Beraz, hor ikusten da horrek ere min egingo dietela, balio erantsi bat ematen dio gure hezkuntzari. Gure 
ikasleek, pozik joateaz gain, akademikoki emaitza onak lortzen dituzte, eta frantsesean ere besteek baino emaitza hobeak ateratzen dituzte.
Hezkuntzaz eta hizkuntzaz ari gara, baina hemen herri gisa ere mehatxu bat dago... Hegoaldean eztabaida dago LOMCErekin edukien % 60 inposatuko duelako Madrilek, hemen berriz, edukien % 100 Parisetik inposatzen zaigu, Parisek finkatzen du programa eta estatu guztirako berdina da. Orduan hemen irakasleek lan bikoitz bat dute egiteko, historian Marseillesa-ren historia sartzen baldin bada, hori aztertuko dugu, baina ondoan ere esplikatuko dugu ikurrina nola sortu zen. 
Akademikoa alde batetik, eta euskal curriculumarentzat beste denbora bat eskaini behar duzue?
Horrek erran nahi du denbora bikoizten dela, alde batetik programa ofiziala bete behar da, baina bestetik inguratzen gaituen lur honen berezitasun bat ikasi behar dugu.
Ezin dira konparatu Hegoaldeko egoera eta hemengoa. Hainbat hobe Hegoaldean hezkuntza lege bat egiten baldin bada hiru erkidego eta Nafarroarentzat, baina gu egoera arrunt kaskarrean gaude. Hemen legeak Parisen bakarrik egiten dira, ez Akitanian ez Pauen. Parisekoak dira lege bakarrak, estatu hiperzentralizatu batean gaude.
Eta are gutxiago Ipar Euskal Herrian.
Ipar Euskal  Herria ez da existitzen, karta postal bat besterik ez da. 
Eta barnealdean ze egoera dago?
Egoera zaila da. Xiberoan 15.000 biztanle daude probintzia osoan. Pentsa,  Hegoaldeko edozein herri baino txikiagoa da Xiberoa osoa. Horrek sortzen dituen arazoak handiak dira: gizartea zahartzen ari da; enplegua, kasurik hoberenean, kostaldean dago, edo bestela Parisera joan behar da; unibertsitate aldetik ere antena bat besterik ez dugu; urtero milaka ikasle dira kanpora, Bordelera edo Tolosara edo Parisera joan beharra izaten dutenak. Guk baditugu ikasleak EHUn ikasi nahi dutenak, baina hor ere legeak lege, Sevillako batek lehentasuna edukiko du Donostiako campusean sartzeko Hendaiako batek baino, beraz, hor ere kontraesanak. Unibertsitate autonomo bat edo berezkoa eta tokikoa izango litzatekeena, eta euskarari ere toki egingo liokeena aldarrikatzen dugu. Hori gure ametsen parte da.
Ipar Katalunia, Kortsika, Altsazia, Bretainia, Okzitania ere Frantziako administraziopean daude. Haien egoera nolakoa da? 
Lehen ikastolak hemen 1969an sortu ziren. Ondoren, Ipar Katalunian eta Bretainian sortu ziren hemengo eredua segituz, pixka bat beranduago Okzitanian eta orain Altsazian ari dira. Kortsikan ez daukate ikastolarik. Eta, gainera, tematuta daude eskola publikoaren barruan sartzera, baina ari dira ohartzen frantses administrazioaren azpian daudela, eta hor Kortsikaren izaiteari leku egitea ezinezkoa dela. Orain badago proiektu bat eta gu ere han izan ginen geure proiektuaren berri emateko. Baina egia da, baita ere, hizkuntzaren gaia erabat alboratua izan dutela euren borroketan, eta orain sortu dira hizkuntzaren alde egiteko kolektibo batzuk.
Sare bat sortua dugu elkarrekin lan egiteko eta Paxkal Indo Seaskako lehendakaria, sare horretako lehendakaria ere bada. Gu ari gara hori bultzatzen, eta baditugu arazoak, inbertsioen arazoa, edo laguntzak denoi eragiten digutenak. Hegoaldean kontzertazioak daude, baina hemen ez dago horrelakorik. Lehen Hezkuntzan udalari dagokio ordaintzea, baina udalak ordainduko du bere herriko ikasleentzat, baina, adibidez, Ortzaizeko ikastolan diren 100 ikasleetatik 30 bat izango dira Ortzaizekoak, eta beste guztiak inguruko herrietakoak dira, horrek erran nahi du inguruko herriak ez daudela behartuak diruz laguntzera. Beraz, hortan ere badugu arazo bat. Eta kontzertaziorik ez dagoenez, irakasleak Parisen kontrataziopean daude, eta irakasleak lortzeko Parisera jo behar dugu. Erabat zentralizatua dagoen egitura da Frantziakoa, hori da daukagun zailtasuna.
Barne ministroak erabakia du Kortsikan kortsikera ez dela ofiziala izango, beraz, hizkuntza gaietan agintzen duen barne ministro bat daukazue...
Hori ere logika ezaren erakusle da. Gu uztailean izan ginen Parisen bilkura batean eta norekin bilduko eta Kultura ministerioarekin, hezkuntza ministerioarekin eta barne ministerioarekin. 
Inork ez digu esplikatu barne ministroak zer egiten duen hor, baina betidanik horrela izan da. Eta biziki ongi ohartu ginen hizkuntza eta hezkuntza gaietan Barne Ministerioa dela Frantzian agintzen duena, besteek men egin besterik ez dutela egiten. 
Hegoaldeari begira, Jaurlaritzarekiko biderik ireki da? Patxi Lopez lehendakari ohia agindu zizuena eman gabe joan zen.
Jaurlaritzak azken urtean zeuden bideak itxi ditu, krisia dela-eta momentuz ez gaituzte laguntzen ahal, eta eskerrak Gipuzkoako Diputazioak ahalegin berezia egin duen Xalbador proiektua laguntzeko, eta gu hor ari gara oraindik ate joka Jaurlaritzan. 
Beti ari gara ekonomiaz, legeez... zein dira Seaskaren hezkuntza-proiektuaren lehentasunak?
Hemen ondoan, Xalbadorren, azken urteetan esperimentazio bat jarri dute martxan Euskal Herri mailan ikastolen mugimenduan aipatu izan dena. Interdiziplinaritatea ezarri dute DBH mailan, horrek erran nahi du irakasle bat ez dela soilik bere irakasgaiaz arduratzen, baizik eta diziplinartekotasun bat martxan ezartzen dela, eta egun batzuk ezartzen dira mailak trukatuz. Hori Lehen Hezkuntzan asko egiten da, eta Bigarren Hezkuntzan ez hainbeste. Esperimentazio horrek lan handia eskatzen die talde pedagogikoari eta irakasleei, baina horretan ere esperimentatzen ari gara. Kondenatuak gaude, nolazbait, besteak baino hobeak izatera, eta sormenari eragin behar diogu aitzina egiteko.
Frogatzen da argi eta garbi ikastolen arrakasta proiektu pedagogikotik datorrela. Horrez gain, gurasoek haurrak sartzen dituztenean ikastolan, badakite Herri Urratsen lan egin beharko dutela, Seaskako egutegiak saldu, Herri Urratseko zozketa, bi asteburutik behin euskal biskotxa egin beharko dute... horrelako dinamika batean sartu beharko dira. Garbiketa egiteko ere,  askotan gurasoak eurak antolatzen dira garbiketa egin eta dirua aurrezteko.
Non ikusten dituzue aurrera egiteko heldulekuak?
Leku guztietan. Beti duda sortzen da, ikastola bat sortuko dugu? Gela berri bat irekiko dugu? Dirurik ez dugu, baina ireki dezagun, eta aurkituko dugu dirua edo laguntza edo dena delakoa. Xalbadorreko proiektua horrela egin zen: berritu dugu kolegioa eta Gipuzkoako Diputazioak lagundu gaitu, Irizar autobus enpresak ere laguntza 
ekarri digu, hainbat jendek ere bere laguntza eman du... Orain zorpetuta gaude hainbat krediturekin baina aurrera egingo dugu. Ezin dugu atzera egin, esperantza bat baldin badago gure hizkuntza salbatzeko hori ikastoletan dago, beraz, lan egingo dugu gure hizkuntza garatzeko. Lanean ari gara kristau eskolekin eta eskola publikoko guraso elkarteekin ere, beraiek ere inmertsioa garatu dezaten eskola horietan, bai baitakigu gu bakarrik ez garela iristen.
Eta ikastetxe elebidun horietan euskalduntzen dira haurrak?
Ez. B edo A eredua egiten dute, eta hurbilpen bat dute hizkuntzarekiko.  Ikastolok laguntzen ari gara eskola publikoak eta pribatuak estatuak bertan egin ditzan esperimentuak, euskaldundu daitezen haurrak. Baina murgiltzea erabat beharrezkoa da, Hegoaldean ere argi ikusten da D eredua dela beharrezkoa haurrak euskalduntzeko. 
Hegoaldean euskararen erabilerarekin arazo handia dago. Hemen?
Bider hamar. Ikastoletan ere ari gara Euskaraz Bizi programa aurrera eramaten. Baina zaila da. Ingurune guztia frantsesa denean zaila da haurrei erraitea euskara ez dela bakarrik gela barneko hizkuntza, baizik gelaz kanpokoa ere badela eta zergatik ez ikastolaz kanpokoa! Hori dena ikasleekin, irakasleekin eta gurasoekin egin behar den lan handi bat da. Eta ez da erraza, ze guraso batzuk etortzen dira haurrak hizkuntza bat gehiago jakin dezan, ingelesa balitz edo txinera balitz berdin. Kultur atxikimendurik gabe, eta hori ere lantzen joan behar da. 
Zuek ikastolatan dauden umeen guraso asko frantses hiztunak izango dira, ezta? Horiek erakartzeko, beraz, ez da aski izango euskaltzaletasuna.
Garai batean ez baina gaur egun bai, LHn eta ama ikastolan gehiengoa frantses hiztuna da. Proiektu pedagogikoak erakarri behar ditu. Ze guraso batek haurra hemen ezartzen duenean, badaki oso ondo ez duela haurra uzten eta gero biltzen, baizik eta haurrarekin sartzen dela ikastolan eta tokatuko zaiola proiektu pedagogikoan inplikatzea, bai talo-salmentan edo biskotx-salmentan aritzea astebururo edo bi asteburuz behin, eta hori guztiek onartzen dute. Beharrak sortzen du bizi giro bat ere. Zer erremedio! Ahuldadetik indarguneak atera ditugu. Haurrek eurek ikusten dute gurasoak hemen ari direla lanean, eta ikastola beraiena bezala sentitzen dute, eta horrek baditu bere alde onak eta baita txarrak ere. Familia handi bat bezala gara.
Familia horren erakusle da Seaskaren lagunak elkartea, ikasle ohiek sortu berria?
Ikasle ohiek euren haurrak ikastolan ezartzen dituzte, normala denez, baina badago 18 urtetik 30urtera bitarteko hainbat jende, oraindik ez dena guraso, eta horiek hasi ziren mugitzen. Eta badira horiez gain, lehen guraso zirenak eta orain aitatxi amatxi direnak 
eta lagundu  nahiko luketenak ikastolen proiektua. Eta jende hori biltzen ari gara, batetik dinamika bat sortzeko, bizi osoa ikastolan egin ondoren, harreman hori ez hausteko; eta nolabait ere izan daitezen euskararen eragile. Hori dena lotzen da, eta ondoren priektu batzuk eta diru laguntza batzuk aurrera eramaten badira, hainbat hobe.