BULLYINGA

2016-04-01

Guztiak kaltetzen dituen biolentzia

 Bullyingaren eta ziberbullyingaren ondorio lazgarrienak suizidioa eta biktimaren heriotza dira. Halako gertaera batek bultzatu zuen eskola-jazarpenaren inguruko lehendabiziko ikerketa, Norvegian, 1973an. Dan Olweusek egin zuen. Eta halako gertakari dramatikoak dira, herrialde guztietan —eta baita, beraz, Euskal Herrian ere— bullyingaren ikerketak eta esku-hartze instituzionalak bultzatzen dituztenak. Suizidioak eta heriotzak iceberg-aren punta dira: ondorio horretara iritsi gabe ere, eskola-jazarpenak eragin lazgarriak ditu gure ikastetxeetako ehunka haurrengan, izan biktima gisa, baina baita biolentzia praktikatzen duten erasotzaileengan eta baita ikusleengan ere.

 
 

Biolentziak, indarkeria matxistak, etxeko bortizkeriak, lanekoak, politikoak, aisialdiko indarkeriak, eskolakoak… izan harremantzeko-bide gisa edo izan pertsonen arteko gatazkak konpontzeko baliabide, ondorio mingarri eta suntsigarriak ditu. Baina Maite Garai gardobil EHUko Psikologia katedradunak ohartarazi du indarkeriak haurrei eta nerabeei eragiten dienean, kalte fisiko zein psikologikoa are kaltegarriagoa dela. Garaigordobilek 1996az geroztik bullyingaren ikerketan dihardu. 25 libururen egilea da (berriena Programa de intervención para prevenir y reducir el ciberbullying, Vanesa Martinez-Valderreyrekin, Piramide, 2015) eta bullyinga prebenitzeko eta gaian esku-hartzeko hainbat ikerketa eta programa zuzendu ditu. Berriki, Jakiundek eta Donostia 2016k antolaturiko Indarkeria gazte-jendean: biktimak ala borreroak jardunaldian parte hartu du. “Ekintza biolento bat jasaten duen haur, nerabe edo gazte batek, unean bertako ondorio mingarriaz gain, jokabide biolentoaren mekanismoa barneratzen du. Eta esperientzia horrek mundua indartsuenaren legearen arabera mugitzen dela ulertarazten dio; ikuskera hori, gainera, bizitako esperientzia biolentoaz gain, komunikabideen bidez jasotzen ditugun gertaera belikoek sostengatzen dute”. Alabaina, askotan fokua eurengan jartzen ez bada ere, biktima kaltetzeaz gain, jazarpenak erasotzaileei eurei ere egiten die luzera begirako kaltea: indarkeria gauzak erraz lortzeko bidea dela barneratzen dute, eta txikitatik bortizkerian oinarrituriko harremanak eraikitzen ikasten dute.

Zer da bullyinga?

Olweusek 1973an egin zuen lehen ikerketatik gaur arte nazioartean egin diren ehunka lan aztertu ditu Garaigordobilek, eta berak ere bere taldearekin hainbat ikerketa egin ostean, lau ezaugarri hauen bidez definitzen du jazarpena:

Biktima babesgabe jazarri bat dagoen egoeraz ari gara, non erasotzaile batek edo batzuek hainbat jokaera agresibo dituzten biktimaren aurka. Erasotzaileak min emateko asmoa dauka, ankerkeriaz jokatzen du edo jokatzen dute erasotzaileek, sufriarazteko.  
Jazarpena ez da eraso zehatz bat, portaera erasokor bat da, maiztasun bat dauka denboran, eta, jarraikortasuna duen indarkeria fisiko eta mentala da.
Gainera, ez da erasoa gertatzen den unean bertan soilik min egiten duen jokabide bat, baizik eta biktima uneoro dago nahigabeturik etorkizunean etor daitezkeen erasoen beldur.
Biktimaren eta abusatzailearen edo erasotzailearen edo erasotzaileen artean botere desberdinkeria dago, desberdinkeria fisiko, sozial edota psikologikoa. Mendekotasun eta sumisio harreman bat dago erasotzailearen eta biktimaren artean.

Lau bullying forma bereizten ditu Garaigordobilek:

Fisikoa: Erasotzaileek jazarpen fisikoa egiten dute biktimaren gorputzaren kontra: jo egiten dute, kolpatu, bultzatu, ukabilkadak eman; baina jazarpen fisikoa, izan liteke biktimaren ondasunen aurkakoa ere: gauzak lapurtzen dizkiote, ezkutatu edo hondatu egiten dizkiote.
Hitzezkoa: Iraindu egiten dute, goitizenak jartzen dizkiote, bere izena zikintzen saiatzen dira, edota biktimaz gaizki esaka aritzen dira.
Eraso soziala: Baztertu egiten dute, ez diote parte hartzen uzten, taldetik isolatzen dute.
Jokabide agresibo-psikologikoa: Biktimarengan segurtasun-gabezia eta beldurra eragiteko helburuz egindako erasoak dira, autoestimua hondatzeko. Xantaia egiten diote, mehatxu, barre egiten diote, umiliatu egiten dute... Jazarpen modu guztiek eragin psikologikoa dute biktimarengan.

Lau horiez gain, azken hamarkadan beste bullying mota bat garatu da: ziberbullyinga. Jazarpen digitala, ziberjazarpena, jazarpen elektronikoa edo jazarpen teknologikoa ere deitzen zaio, informazio- eta komunikazio-teknologiak baitira jazarpen hau gauzatzeko bitartekoak, nagusiki Interneta eta sakelako telefonoa. Honako hauek dira ziberakosatzaileek ziberbiktimen aurka egiten dituzten ekintza batzuk:

Irainak: testu-mezuak bidaltzen dizkiete sakelako bidez edo Internetez mehatxu eginez (esate baterako: “hobe litzateke hilko bazina”, “akabatuko zaitugu”, “kontuz ibili”...), irainduz, gutxietsiz, beldurtuz. Irain horiek, edo informazio okerra, gezurrezkoa, konprometigarria foro irekien bidez ere zabal ditzakete zibererasotzaileek.
Xaxatzea: Irain eta mehatxu mezuak ehunka eta milaka direnean.
Izena zikintzea: Biktimaren argazkiak manipulatzen dituzte pertsona horren irudi faltsu eta lotsagarria zabaltzeko sakelako bidez edo Internetez (esate baterako: nerabe baten argazkia manipulatu eta haurdun dagoela sinetsaraztea, edo ekintza sexualak egiten balego bezala erakustea...)
Ordezkatzea: Euren helbide elektroniko edo sare sozialetako pasahitza lapurtzen diete biktimaren kontaktuei mezu lotsagarriak bidaltzeko eta haiek haserre-tzeko. Edota, biktimaren izenarekin eta argazkiarekin “itsusiena” edo “lodiena” edo “tuntunena” aukeratzeko lehiaketetan izena eman eta biktima etengabe izenda-tzen dute.
Informazio konprometigarria zabaltzea: Biktimari buruzko informazio konprometigarria edo gezurrezkoa eta iraingarria zabaltzea telefono bidez edo sare sozialetan.
Bazterketa: Sare sozialetan (Facebook, Twitter, Tuenti...) ez diote parte hartzen uzten.
‘Happy slapping’ edo jipoi alaia: Biktimari eraso fisiko bat egiten diote eta bideoz grabatzen, ondoren telefonoz edo Internet bidez zabaltzeko.

Garaigordobilen arabera, hainbat faktorek bultzatu dute ziberbullyinga gero eta ugariagoa izan dadin: batetik, teknologia berrien eskuragarritasuna; ziberespazioak sozializazio-espazio gisa irabazi duen lekua; biktima eta erasotzailea ez daudenez aurrez aurreko egoera batean, zibererasotzaileek eragindako minaren hautemate txikiagoa dute; erasotzaileek inpunitate-sentsazio handiago dute IKTek eskaintzen duten anonimotasunari esker. Eskola-jazarpen modu berri honek izan duen gorakadak, ikerketa eta esku-hartze konkretu berriak eskatzen ditu urgentziaz, prebenitu ahal izateko. Gainera, aurrez aurreko bullyingak ez duen ezaugarri are mingarriago bat du: Internetez edo sakelakoz egiten den jazarpena eskola orduetatik kanpo ere mingarri da, biktimaren argazki edo bideo iraingarri bat egunean 24 orduz, astean zazpi egunetan, urtean 365 egunetan dago ikusgai, ziberbiktimaren mina areagotuz.

Biktimekin, erasotzaileekin eta ikusleekin egin behar da lan

 Jazarpenaz hitz egitean, beraz, hiru rol agertzen dira: biktima, erasotzailea (edo erasotzaileak) eta ikusleak. Garaigordobilek nabarmentzen du ikusleen isiltasuna eta pasibitatea dela, hain zuzen ere, egoera hau denboran luzatzea dakarrena. “Asko beldurragatik isiltzen dira, erasotzailea euren aurka jar ez dadin; beste asko enpatia faltagatik. Edonola ere, esan behar da ikusle horiek mugiaraztea lortuko bagenu, eskola-jazarpenaren arazoa gainditu ahal izango genukeela neurri handi batean, biktima babestu eta egoera salatzeko mugiaraziz”. Erasotzaileei dagokienez, euren jarrera bortitzaren atzean zer bulkada dagoen galdetuta, arrazoi arrazistak eta homofoboak ematen dituzte batzuetan, baina bestetan, desberdina izate hutsa (lodia, argala, altua, baxua, gaitasun handikoa, gutxikoa, beste pentsaera politiko batekoa...) edo taldekide ez izatea aski da jazarpenaren jomugan kokatzeko.

% 45ek onartu du noizbait jarrera jazartzailerik izan duenik

Bullyinga erabat zabaldua dagoen jazarpen mota da. Herrialde guztietan eta klase sozial guztietan gertatzen da eskola-jazarpena. 1993az geroztiko nazioarteko ikerketetan oinarriturik Garaigordobilek jaso dituen datuen arabera, batez beste, jazarpenaren biktimizazio larria jasaten dute eskola-umeen % 2 eta 10 artean (datuak asko aldatzen dira ikerketetako aldagaiak ezberdinak baitira). Alabaina, noizbehinkako jokabide oldarkorrak eragiten dien ikasleen kopurua askoz handiagoa da ikerketen arabera, % 80k onartu du noizbait jarrera agresiboa pairatu izana.

Erasotzaileei begira, % 2,4 da, batez beste, erasotzaile sistematikoen kopurua eta % 45ek onartu du noizbait jarrera jazartzailerik izan duenik.

Ziberjazarpenari dagokionez, ziberbiktima larriak dira ikasleen % 1-8 artean, baina noizbehinka ziberjazarpena jasan dute % 60k. Zibererasotzaileei dagokienez, % 1 da eraso-tzaile ohikoa, eta % 70ek onartu dute noizbait beste kideren bat ziberakosatu izana.

Generoaren arabera desberdintasunak ikusten dira: aurrez aurreko jazarpen fisiko gehiago egiten eta jasaten dituzte mutilek, aldiz, neskek hitzezko jazarpena egiten dute gehien bat. Bestalde, ziberjazarpenari dagokionez, neskak izan ohi dira biktima nagusi, eta mutilak erasotzaile.

Adinari dagokionez, jazarpen fisikoa gutxitu egiten da 10 eta 18 urte bitartean, nahiz eta bazterketa sozialak eta jazarpen psikologikoak iraun egiten duten nerabezaro berantiarrean eta baita gaztaroan ere. Ziberjazarpenaz ez dago datu bateragarririk, baina Garaigordobilek dio joera dela adin goiztiarretan ziberbullying gutxiago egotea eta puntu gorena 14 eta 15  bitartean gertatzea, alabaina, 16 urtetik aurrera ez da jaisten ziberjazarpena. Mota honetako jazarpenak igoera ikaragarria izan du herrialde teknologikoki aurreratuetan, AEBetan eta Asiako hainbat herrialdetan ikasleen % 55ak jasan du noizbait ziberjazarpena (Kanadan % 22k, Ozeanian % 25ek eta Europan % 30ek).

Ondorioak erasotzaileengan, ikusleengan eta biktimengan

Jazarpenak ez die biktimei soilik egiten kalte, baita eraso-tzaileei eta ikusleei ere. Maite Garaigordobilek hiru roletan jartzen du arreta. Biktimen kasuan ondorio agerikoa izaten da, eskolara joan nahi ez izatea, eta horrek eragin zuzena du eskola-errendimenduan. Biktimek intseguritate, bakardade, zoritxar... sentimenduak dituzte, euren baitan ixten dira, sozialki isolatzen, autoestimua kaltetzen zaie eta, gainera, egoeraren errudun sentitzen dira, gertatzen ari zaienaren arrazoia euren akats batengatik dela pentsatzen dute. Tentsio psikologiko horiek guztiak somatizatu egiten dituzte, eta ohikoa da buruko mina, sabeleko mina, zorabioak eta abar sentitzea. Kaltea, ordea, ez da erasoak irauten duen bitartean soilik gertatzen, biktima batzuek traumaren ondoko estresa pairatzen dute, eta etengabeko flashback-ak izaten dituzte bizi izandako jazarpen egoerak gogoratuz. Loa galarazten du bullyingak: insomnioa eta  amesgaiztoak eragiten ditu, ohikoa izan ohi da ohean txiza egitea ere. Antsietate handia bizi izaten dute biktimek, askotan depresio sintomak izaten dituzte, maiztasun handiarekin euren buruaz beste egiteko ideiak izaten dituzte, urtero gertatzen da, eta gero eta adin txikiagoko nerabe eta gazteetan, egoera jasan ezin izan duen biktimaren baten suizidio kasurik. Eta, noizean behin, suizidioaz landa, heriotza ere ekartzen du bullyingak, eraso edo jipoi gogor  baten ondorioz eragindako lesioengatik.

Nola antzeman bullying kasuak?

Jazarpenaren eta ziberjazarpenaren ondorio latzak ikusirik, hiru eremutan behatu behar da, Garaigordobilen arabera, gure eskolan jazarpena gertatzen den ala ez ziurtatzeko.

Ikasleen jokaera behatu behar da, bereziki biktima izan daitezkeen ikasleen jokaera.
Kideen informazioa. Kideek beti jakiten dute zer gertatzen den.
Autoinformeak. Autoinformeak modu sistematikoan erabili behar dira informazioa jaso eta zer gertatzen den aztertzeko.

Haur bat edo nerabe bat jazarpena jasaten ari den ikusteko, garrantzitsua da beraz, bere portaera behatzea. Ikerketek erakusten dute biktimek beti dutela beldurra, ihes egiteko jarrera, etxetik ez ateratzekoa, eta eskolara ez joateko nahia. Gisa honetako jokaerak izan ohi dituzte biktimek: ikastetxera joateko ibilbidea aldatu egiten dute, akosatzaileekin ez topo egiteko; ez dute euren egoerari buruz hitz egiten, ezkutatu egiten dute arazoa; jokaera depresibo asko izaten dituzte, tristura, apatia, axolagabekeria; erraz mintzen dira eta erraz egiten dute negar; antsietatea, urduritasuna eta umore aldaketa gogorrak edukitzen dituzte, oraintxe daude triste eta apatiko eta berehala sumintzen eta haserretzen dira; gaixotasun ugari izaten dituzte, buruko minak, sabelekoak, goitikakoa... Sozialki hainbat ezaugarri dituzte: biktimek lagunak egiteko zailtasunak izaten dituzte, ez dute adiskiderik izaten, ez dute urtebetetze-festetarako gonbidapenik jasotzen, jolas-garaian beti azkenak dira aukeraketan... Jazarpenak ondorio fisikoak ere izaten ditu, gorpu-tzean ubeldurak, arropak hautsita, objektuak hondatuta, eta abar. Batzuetan dirua eskatzen dute etxean, behin eta berriz, zertarako behar duten azaldu gabe, xantaia ordaindu behar izaten baitute; akosatzaileen etxerako lanak egitera behartuak egoten dira batzuetan. Kontuan izateko jarrera da, baita ere, ordenagailuan aritu ondoren, edo sakelako mezuren bat irakurri ostean urduri jartzen bada... Gisa honetako jarrerek haur edo nerabe hori jazarpenaren biktima izan daitekeela erakusten digute.

Informazio soziometrikoa oso garrantzitsua da bullyinga antzemateko: taldeko kideek beti jakin ohi dute zer ari den gertatzen. Psikologiako katedradunak galdeketa soziometriko anonimo bat erabiltzea proposatzen du, esate baterako, ikasturte hasieran, nork nor jo, iraindu, gaitzetsi, baztertu edo jazartzen duen galdetuz.

Azken urteetan autoinformeen teknika asko garatu da: haur eta nerabeek bizi duten edo egiten duten erasoen inguruko datuak eman ditzaten.

Nola prebenitu? Nola esku hartu?

Kideen arteko bortizkeriak faktore asko ditu atzean, biolentzia, oro har, eragile askok bultzatzen baitute. Faktore sozialak, kulturalak, familiarrak, eskolari loturikoak, norbanakoari loturikoak ditu; beraz, Garaigordobilek nabarmen-

tzen du indarkeria mugatzeko beharrezkoa dela alor ugaritan esku-hartzea: “Gizartea behartuta dago neska-mutilek telebistan, Interneten edo bideo-jokoetan ikusten duten bortizkeria guztia kontrolatzera, baita sexismoa eta arrazakeria ere, bai baitakigu indarkeria ikusteak berak jarrera biolentoak edukitzeko aukerak ugaritzen dituela”.

Eskola eta familia dira bullyinga eta ziberbullyinga prebenitzeko eta jarrera egoki eta positiboetan hezteko bi gune garrantzitsuenak.

Gurasoak jarrera sozial positiboaren eredu direnean seme-alabek ere, enpatiaz, halako jarrerak izan ditzaten bultzatzen dute. Haurrak norbaiti jo badio, egoera zuzendu dezan bultzatzen duten gurasoek, seme-alaba biolentoak izateko aukera gutxiago dituzte, ikerketen arabera. “Familien rola oso garrantzitsua da bullying kasuen prebentzioan eta esku-hartzean, eta behin jazarpena gertatzen delarik, biktimekin eta erasotzaileekin egin beharreko esku-hartze klinikoan ere familia oso agente garrantzitsua izango da”.

Eskolak, bestalde, biktima babesteko betebeharra dauka; seguru sentiarazi eta konfiantza eman behar dio haurrari, eta ikasle horrek ikusi behar du bera jasaten ari den egoera deuseztatzeko interes benetakoa daukala ikastetxeak, jazarpenarekin eta bere sufrimenduarekin bukatzeko. Eskolak biktimari lagundu behar dio gaitasun sozialak garatzen eta autoestimua hobetzen, egoera lazgarrietan bere burua defendatzeko baliabideak izan ditzan.

Erasotzaileari, berriz, bere jarrera onartezina dela argi utzi behar dio. Kide horrengan enpatia gaitasuna bultzatu behar du, bestearen lekuan jartzen ikasi behar du, bere biktimengan eragiten ari den mina ezagutu dezan; neska-mutil oldarkorren kasuan, edo haserrea kontrolatzeko arazoak dituztenean, jarrera agresiboa dutenen kasuan edota enpatia arazoak dituztenei, ikastetxeak erraztu egin behar die laguntza terapeutikoa.

Ikusleekin ere lan egin behar du eskolak. Haiek ere argi izan behar dute ikastetxeak ez duela onartzen indarkeria, zentro horretan zero tolerantzia dagoela jazarpenarekiko. Ikusten dutena salatzeko zein bide dituzten ezagutu behar dute ikusleek, izan webguneak, helbide elektronikoak, iradokizun-buzoiak edo laguntza-telefonoak. Salatzea laguntzea dela ulertu behar dute, ez dela txibato bat izatea. Ikusleei lagundu egin behar zaie ulertzen jazarpenak zer-nolako ondorioak dituen bai biktima eta erasotzaileengan, baina baita eurengan, ikusleengan ere.

Jazarpenaren inguruan dauden hiru agente horiekin komunikazioa, entzute-aktiboa, elkarrizketa eraikitzailea, negoziazioa eta gatazken konponketa ez biolentoa lantzen dituzten programa osoak dira bullyingari aurre egiteko benetan eraginkorrak diren programak, EHUko irakasleak 1990az geroztik egin diren ikerketak azterturik ondorioztatu duenez. “Jarrera sozial positiboak, justizia eta elkartasuna bultzatzen duten ereduak behar dituzte neska-mutilek, eta emozio negatiboak ulertzen, identifikatzen eta kudeatzen lagunduko dieten baliabideak jarri behar zaizkie eskura; era berean, aurreiritzi arrazistak eta sexistak gainditzen lagunduko duten programak landu behar dira, kulturaniztasuna hobetsiko dutenak”.

 

Zer egin dezakegu jazarpenaren biktima baten guraso baldin bagara? 

 Garaigordobilentzat komunikazioa funtsezkoa da bullyinga jasaten duen biktima baten etxean. “Seme-alabarekiko komunikazioa bultzatu behar da, hitz egin dezala, konta dezala gertatzen ari zaiona”. Horretarako eguneroko bat idaztea proposatzen die adituak gurasoei. Sentimenduan ere lagundu egin behar zaie: “Babes emozionala, segurtasuna, konfiantza eman behar zaie seme-alabei, saihestu errunduntasun sentimendua eta ez utzi inoiz bakarrik, arazoa bere kabuz konpon dezan. Adierazi berarekin gaudela, erabaki irmoa dugula jazarpena positiboki amaitzeko eta horretarako egingo ditugun urrats guztiak berarekin adostasunean egingo ditugula”. Familiak eskolan laguntza bilatu behar du, konfiantzazko pertsona bat, egoeraren berri eman eta bullyingaren aurkako protokolo bat ezartzeko, baina baita eskolatik kanpo ere, laguntza klinikoa bilatu behar du familiak seme-alabak arazo emozional larriak edota suizidioari loturiko ideiaren bat izanez gero. Eskolak behar bezala  erantzun ezean, gorago jo behar da, ikuskaritzara, eta, behar izanez gero, arrisku fisikoa edo psikologikoa ikusiz gero, justiziara, bullyinga eta ziberbullyinga delitu baitira. Ziberjazarpenaren kasuan frogak gordetzea oso baliagarria izango zaio familiari, eta baita erasotzailea blokeatzea, telefono konpainiari abisatzea edo antzeko neurriak  hartzea. Edonola ere, erasotzailea nor den jakinez gero, haren familiarekin harremanetan jartzea gomenda-tzen du Garaigordobilek, lehenbailehen bi aldeek jazarpena geldiarazteko neurriak har ditzaten. “Ez pentsatu inoiz gure seme-alaba sufritzen ari den jazarpena bere kabuz bukatuko denik, ez baita hala izango, eta gure seme-alabentzako kaltea itzulezina izan daiteke”.

Rosario Ortega-Ruiz Kordobako Unibertsitateko irakaslea ere aditua da bullyingean eta datu itxaropentsu bat eman zuen Jakiunderen jardunaldian: “Jazarpena herrialde guztietan dago, eskola guztietan, baina biktimizazio larriko egoerak gutxi dira, biktima gehienek modu nahiko sanoan egoerari aurre egitea lortzen baitute, kasu askotan lagun-tzari esker”. Hala ere, ohartarazi zuen, ez eskolak eta ez familiak, ez direla ari jazarpenari behar bezalako erantzuna ematen oraindik ere. 

 

 KIVA. isiltasunaren espirala haustea xede

 Sona handia hartu du azken hilabeetan KiVak, bullyingari aurre egiteko finlandiar metodoak. Turkuko unibertsitateak garatuta 2009an martxan jarri zutenetik, Finlandiako ikastetxeen % 90an ezarri dute eta begibistako emaitzak izan dituzte: erasotzaileen kopurua erdira eta biktimena heren bat jaistea lortu dute. Arrakasta ikusita, Finladian ez ezik, beste hamar herrialdetan ere KiVa ezartzen hasiak dira, eta Euskal Herrira ere iritsi da: Ikastolen Elkarteak programa ezagutzeko lan jarduna antolatu zuen urtarrilaren 29an. Bertan izan ziren Johanna Alanen KiVa programaren nazioarteko koordinatzailea eta Ulrika Willför-Nyman programa ezarrita duen finlandiar eskola bateko zuzendaria.

Finlandiar legeak dio ikasle guztiek eskubidea dutela eskola-ingurune seguru bat edukitzeko eta eskolaren egitekoa dela hori bermatzea. Eskola-jazarpenari aurre egiteko eskola bakoitza bere aldetik lanean ari bazen ere, 2006an Finlandiako Gobernua ohartu zen bullying kasuak gora zihoazela eta neurriak hartzea erabaki zuen. Hala, KiVa programa garatu zuen, hainbat proba pilotu egin eta funtzionatzen bazuen, Finlandia osoan ezartzeko.

KiVa programaren bereizgarri nagusia da ikasle-talde osoan jartzen dutela fokua, eta ez soilik erasotzailearengan edota biktimarengan. Hala, ikasle-taldearen jokabideak, portaerak eta bullyingaren aurrean har ditzaketen jarrerak aldatzen saiatzen dira. Alanenek azaldutako eran, helburua da txiki-txikitatik enpatia sentimendua lantzea: “Programaren ideia nagusia da bullyinga inongo kasuetan ez dela onargarria helaraztea eta ikasle guztiek hori barnera dezaten lortzea”. Izan ere, Finlandian ondorioztatu dute, kasu askotan, gakoa ez dagoela erasotzailearengan edota biktimarengan, baizik eta jazarpen kasu baten aurrean isilik geratu den ikasle mul-

tzo horrengan: “Gure ikerketek erakutsi dute jarazpena jasan duten ikasleentzat mingarriena erasoaren aurrean inork ez babestu izana dela. Inor bere alde agertu ez denez, biktimak pentsatzen du berari gertatzen ari zaiona ondo dagoela”. Alegia, inguruan isilik daudenek edota barrez ari direnek erasotzaileari indarra ematen diote, eta hein batean, haren konplize bilakatzen dira, biktima are okerrago sentiaraziz.

Horrexegatik, jazarpen-egoeren kasuan gertatzen ari denaren erantzukizuna eskolako ikasle-talde osoarena dela ikusarazten saiatzen dira Finlandian. KiVa programak argi dio: ikaskideek biktima babestea hil ala bizikoa da. Hala, ikasleei estrategiak ematen dizkiete jazarpen kasuak onar ez ditzaten eta horien aurrean erantzun dezaten. Alanenek esplikatzen duen bezala, horretarako estrategia seguruak eskaintzen dizkiete; alegia, ez daukate zuzenean erasoaren aurrean esku hartu beharrik, baina adibidez, erasoa gertatu ostean, biktimarengana joan daitezke eta egin diotena ondo ez dagoela adierazi; biktimari irakaslearengana lagundu, edota gauza txikiak egin, esaterako biktimari irribarre egin diezaiokete; moduren batera biktima axola zaiela erakusteko. “Lanketa ondo egiten bada, haurrak segituan kontura-tzen dira euren esku dagoela bullying kasuen aurrean isilik geratzea edota zerbait egitea”.

Era berean, jazarpen kasuren bat ikusiz gero, irakasleei edo gurasoei esatera bultzatzen dituzte ikasleak: “Ez du zertan beti erasoa jasan duena izan zer gertatu zaion esaten duena, ikaskideek ere egin dezakete”. Horretarako, alde batetik, gurasoekin komunikazio-bideak etengabe irekita dituzte; eta bestetik, Internet bidez ere eman dezakete ikasleek bullying kasuen berri, era anonimoan idatzita.

Erasoa sistematikoa denean

Jazarpen kasuak eskolan gerta daitezkeen gatazketatik bereizteko hainbat ezaugarri hartzen dituzte kontuan Finlandiako eskoletan. Lehenik eta behin, bullyinga egon dadin, erasoak sistematikoa eta errepikatua izan behar du. Eta beste alde batetik, botere desoreka egon behar du erasotzailearen eta erasotuaren artean. Alanenek azaltzen duen eran, botere-harreman desorekatu hori hainbat arrazoi tarteko gerta daiteke: erasotzaile bat baino gehiago izatea biktima bakarraren kontra; erasotzailea fisikoki handiagoa edo indartsuagoa izatea, edota adinez nagusiagoa; biktima sexualki normaz kanpokoa izatea; etab.

Sarri, ordea, bullying kasuak antzematea erraza ez denez, eta are nekezagoa denez horiei aurre egitea, Finlandian eskola osoa kontuan hartzen duen programa martxan jartzea erabaki dute. 7 urterekin hasi eta 16 urtera arte, urtez urte lantzen dute ikasleek eskola-jazarpena modu esplizituan. Hiru etapatan banatuta ematen da KiVa programa: 7-9 urteko etapan, 10-12koan eta 13-15ekoan.

Horretarako aurrez irakasleak formatzen dituzte eta online materialak nahiz inprimatutako materialak jartzen dituzte haien eskura. Bi arlotan jartzen dute fokua: prebentzioan eta esku-hartzean. Horrez gain, eskolaren egoera neurtzeko online inkestak egiteko gidalerroak eskaintzen dizkiete eskolei: “Ikasleek anonimoki galdetegiak erantzuten dituzte eta horrekin eskolako giroa neur daiteke, jazarpenik ba ote dagoen, zein neurritan eta nolakoa, ikasle erasoturik egon ote daitekeen, ziberbullyinga zenbaterainokoa den… Hala, eskolek egiten duten diagnosiaren arabera esku har dezakete KiVa programa euren errealitatera egokituz”.

Eskola orduetan irakasleek ematen dituzte KiVa programaren barruan lantzen diren ikasgaiak. Baina horrez gain, eskola bakoitzak KiVa taldea ere badu —psikologo, pedagogo, irakasle eta abarrez osatua—, eta talde hori da zuzenean jazarpen kasuei erantzuna emateaz arduratzen dena: “Era askotako metodoak erabil ditzakete: zuzenean erasotzailearekin hitz egin; biktimarekin modu konfidentzialean elkartu; erdian egon daitezkeen ikasleak inplikatzen saiatu…”.

Ikasle-talde osoarekin, berriz, oinarrizko lanketa egitetik abiatzen dira: emozioei buruz hitz egiten dute, talde-izaerari buruz (zer den taldea, zer-nolako ezaugarriak dituen lagun-taldeak, edota abegikorra ez den lagun-taldea nolakoa den, nola izan taldeko kide…), komunikazioari buruz (izan hitzezkoa nahiz ez-hitzezkoa), zer den presioa eta nola egin horri aurre, etab. Eta adinean aurrera egin ahala, zuzenean bullyinga lantzen hasten dira: zein jazarpen mota dauden (ezkutuko jazarpena, jazarpen fisikoa, materiala, ziberbullyinga…), zein den bakoitzaren rola jazarpen kasuak daudenean, nola izan asertiboa… “Ikasleei adierazten diegu pertsona bat erasotzailea edota biktima izan ez arren ere, taldean rol bat jokatzen duela, eta jazarpen kasu bat dagoenean berak ere toki bat betetzen duela. Kasu horietan, irakasten diegu nola lagundu biktimari, edo nola egin aurre eskola barruan gertatzen den bullying kasu bati”. Eta horrekin batera, ikasle-talde osoarekin ideia nagusi bat lantzen dute: bullyinga ez dela onargarria ezelango kasuetan.

Kasuen % 98an hobekuntza

Bullying kasuak antzematen dituztenean, biktimarekin banaka elkartzeaz gainera, KiVa taldeak erasotzailearekin edo erasotzaileekin ere lanketa egiten dute. Zuzenean aurre egin baino nahigo dute zeharkako lanketa egitea. Hala, eraso-tzailearengan enpatia sentimendua areagotzen saiatzen dira. Alanenek esplikatu bezala, metodo hau eztabaidan oinarri-tzen da: “Helburua da erasotzailearekin akordio bat lortzea. ‘Zer egin dezakegu egoera hobetzeko eta denok hobeto sentitzeko?’ galdetzen diogu eta hark zenbait jokabide baztertu eta beste hainbat jarrera izango dituela hitz ematen du”. Gero, jarraipen bilerak egiten dituzte erasotzailearekin, hitza bete ote duen eta jokabidea aldatu ote duen ziurtatzeko. “Jazarpen-egoera amaitzen den arte, erasotzailearekin elkartuz zuzeneko jarraipena egiten da. Jarraipen-bilera horiek oso inportanteak dira bullying kasuak errotik ezabatzeko”.

Horrekin batera, gurasoek jokatzen duten paperari ere berebiziko garrantzia ematen dio KiVak. Haientzat ere materialak eta formazioa prestatu dituzte, bereziki, euren seme-alabak jazarpen kasuren baten biktima badira, edota erasotzaile rola badute zer egin jakiteko. “Gure ustez oso inportantea da eskolan egiten dugun bezala, etxean ere gurasoek euren seme-alabekin bullyingari buruz modu lasai eta irekian hitz egitea”.

Bullyingaren aurka egiteko modua benetan eraginkorra ari da izaten Finlandian. Izan ere, KiVa programa ezartzen hasi eta urtebetera kasuen % 98an bullying-kasua desagertu edota txikitu egin dela probatu ahal izaten dute.