Zer da Eremuka Lantzen Sarea?

2023-06-20

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Bigarren Hezkuntzako ikastetxe batzuek osatzen duten sarea da Eremuka Lantzen eta eremuka lan egin nahi duten zentroak biltzen dira sare horretan. 2022-2023 ikasturtean abiatu du bere ibilbidea eta 27 institutu elkartu dira jada sare horretan.

 
 
Zer da Eremuka Lantzen Sarea?

Sareak eskaintza metodologiko bat egiten du, hau da, eremuka lan egiten hasi nahi duten ikastetxeei edota dagoeneko horretan dabiltzanei materiala, informazioa eta formazioa eskaintzen dizkie. Eta baita hori dena taldean partekatzeko eta elkar aberasteko aukera ere. Helduleku bat da eta sostengu horren oinarri dira sarean dauden ikastetxeak, Lasarte-Oriako Berritzegunea eta Kataluniako Sant Pere de Ribes herriko Montgrós institutua eta haren 15 urteko esperientzia. 

Eraldaketari ekiteko garaian hutsetik hasteak sortzen duen ezinegonari aurre egiteko eta segurtasuna izateko, Montgróseko materialak daude sarean, euskaratuta, bakoitzak bere testuinguruaren arabera moldatzeko, egokitzeko, manipulatzeko eta bere egiteko. Esperientzian oinarritutako material zehatza da eta horrek praktikarako urratsa egiten laguntzen die sareko ikastetxeei. Horrez gain, Eremuka Lantzen Sareak ikastetxeen arteko aurrez aurreko saioak, lurraldekako saioak eta online saioak ere egiten ditu; hain zuzen ere, Susana Soler, hango irakasle eta zuzendari izandakoa etorri izan da Montgróseko esperientziaren berri ematera.

Hori guztia ikastetxeen eskura dago, eta ikastetxeak eurak dira sareko protagonistak. Ikastetxe bakoitzak bere prozesua darama aurrera eta eurak dira zer eta nola egin erabakitzen dutenak. Sareak hori islatzen du, eta ikastetxeen ikuspuntua da nagusi. Elkar ezagutzeko balio du, eta, aldi berean, eremuka lan egitea zer den azaltzen du, materialekin eta zenbait esperientzia jakinekin.

 

Eremuen jatorria eta abiapuntua

Bigarren Hezkuntzan, duela hiruzpalau urte nabaritu zen metodologian aldaketak egiteko beharra, hainbat ikastetxetan. Ikasleak aldatzen ari ziren eta ari dira, eboluzionatzen, eta ez dituzte duela urte batzuetako ikasleen espektatiba eta itxaropen berak. Gizartea aldatzen ari da, eta horrek Bigarren Hezkuntzan ere aldaketak egitea eskatzen du. Beraz, zenbait ikastetxetan eremuka lan egiten hasi ziren.

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak eremuen bidezko lanketaren aldeko apustua egin du, eta adierazi du hemendik urte batzuetara ikastetxe guztietan eremuka lan egiteko modua ezarrita egotea nahi duela.

Ez du, ordea, eredu jakinik definitu, ez du esan “Eremuek horrelakoak izan behar dute”, “Horrela planteatzen dugu”, ez antzekorik. Jakin badakigu eremuka lan egiteko modu asko daudela, ulertu eta interpretatu ere hainbat modutara ulertzen eta interpretatzen dela eremuka lan egitea zer den, eta praktikak ere mota askotakoak direla. Eremuka lan egitea kontzeptu bat da, baina horren barruan askotariko praktikak eta esperientzia sortak daude. Finean, oinarria, ikasgai bakarra izan ordez, ikasgai multzo bat izatea da, eta multzo horren baitan antolatzen da ikaskuntza eta irakaskuntza. Ikasgaitik harago zabaltzen da, multzoak edo eremuak bere baitan hainbat ikasgai hartzen baititu. Birmoldaketa horrek hainbat aldaketa dakartza, xumeetatik hasi eta konplexuetaraino. 

Lehen aldaketa antzeko ikasgaiekin multzoak edo eremuak osatzea da, eta irakasle bakarraren esku uztea eremu horretako ikasgai guztiak. Zenbait ikasgai batzea edo koordinatzea eskatzen du horrek.

Ikasgai horiek koordinatzeaz gain, ordea, beste urrats bat ere egin daiteke metodologian: ataza globalizatu, proiektu edo ikas-egoera bat ardatz hartuta lantzea ikasgai horiek.

Urrunago joanez gero, hurrengo urratsa koirakaskuntza izango litzateke: proiektu batean lantzen diren ikasgaiak irakasle batek baino gehiagok irakastea talde berari, aldi berean, hau da, irakasleek espazioa eta taldea partekatzea.

Eremukako lanketan askotariko esperientziak egin izan dira, baina guri, Eremuka Lantzen Sarekooi, Kataluniako Montgrós ikastetxeko eredua iruditu zitzaigun ezagutu genuenetatik sofistikatuena eta benetako aldaketa metodologiko esanguratsua zekarrena. Hara joan eta haien praktika bertatik bertara ezagutzeko aukera izan genuen eta Susana Soler irakasle eta zuzendari izandakoa formazio saioak ematera etorri zen. 

 

Montgróseko eredua

Sant Pere de Ribes herriko Bigarren Hezkuntzako Montgrós ikastetxean, duela 16 urte hasi ziren eremuka lan egiten, eta jada ongi finkatuta dituzte metodologiaren oinarriak:

Koirakaskuntza: irakasleek ikasle taldeak partekatzen dituzte; espazio eta denbora berean egoten dira lau irakasle 90 ikaslerekin.

Hiru eremu bereizten dituzte DBH 1., 2. eta 3. mailetan: eremu zientifiko-matematikoa (teknologikoa barne), hizkuntzen eremua eta eremu sozial-
artistikoa. 4. mailan aldaketa batzuk egiten dituzte, eta, Batxilergoan ikasketa dualak egiten dituzte, bi ikasgaiko eremuak.

Ataza globalizatua hartzen dute oinarri, eta horrek ematen dio egitura ikasteko eta irakasteko prozesuari. Eremu bakoitzean, ataza globalizatu bat lantzen dute hiruhileko bakoitzean; beraz, ikasturte osoan, hiru ataza globalizatu lantzen dituzte eremu bakoitzean, hiruhileko bakoitzeko bat. Bukaera produktu batekin ematen diote beti.

Lankidetzako ikaskuntza: ikasleek lankidetza-taldeetan egiten dute lan ikasgelan.

Irakasleen arteko koordinazioa: eremu bakoitzeko irakasleen artean erabakitzen dute zer ikasi behar duten ikasleek eremu horietan. Irakasleen arteko koordinazioa oso indartsua da.

Tutoretza sistema: irakasle guztiak dira tutore, eta bakoitzak 15 ikasleren jarraipena egiten du.

Ordutegia: eremuetan, bi ordutako hiru saio egiten dituzte egunero, eta, tarteka, ikasgai solteak lantzen dituzte.

 

Abiatu, bakoitza beretik

Montgróseko esperientzia ezagutzeak praktika erreal eta bideragarri bat badela erakutsi die hemengo ikastetxeei, eta, ikasturte honetan bertan, sareko kide diren ikastetxeen erdiak animatu dira zerbait martxan jartzera, batez ere 2. eta 3. hiruhilekoan, eta gehienak DBH 1. mailan. Batzuek ataza globalizatu bat osatu, eta gai bat landu dute elkarrekin, zenbait ikasgairen artean; beste batzuek beraiek irudikatu dituzten eremuak egituratu dituzte, eta abian jarri dituzte. Datorren ikasturtean sarearen % 80 behintzat esperientziaren bat lantzen ariko da. Ikastetxe bakoitzak bere mundua du, eta bakoitzak bere erabakiak hartzen ditu. Ez dago gauzak egiteko modu bakarra, bakoitzak bere bilakaera izango du, eta horretaz konturatzen laguntzen du sareak. Aberatsa da hori, eta garrantzitsua da denek gauza bera egiteko presiorik ez izatea.

 

Eraldaketarako oztopoak

Eraldaketa guztiek ematen dute bertigoa. Ideiak, proiektuak eta asmoak praktikan jartzean sortzen dira beldurrak: zer egingo dugun, ez zaigula ongi aterako, edo ez dugula ongi prestatu... Zalantzan jartzen da dena eta aitzakiak jartzen dira lanean ez hasteko. Hasierako antsietateak egonezina sortzen du, ikaragarrizko bertigoa ematen du psikologikoki, eta, askotan proiektuarekiko erresistentzia modura interpretatzen da. Baina saltoa eman beharra dago, aurrepausorik emango bada.

Eraldaketak oztopatzen dituen handicap sistemiko bat ere bada: ikasturtero, ikastetxe gehienetan, irakasleen ehuneko handi bat (handiegia) aldatu egiten da, eta horrek aldaketak egitea oztopatzen du. Atleta bati hanka moztu ondoren “egin ahal duzuna” esatearen modukoa da. Ikastetxeen autonomiari buruz hitz egiten denean, arazo hori mahai gainean jarri beharko litzateke.

Montgrósen ere, ezegonkortasun handia zuten aldaketak egiten hasi zirenean, duela 16 urte; baina aurkitu dituzte proiektua egonkortzeko eta iraunarazteko moduak. Esaterako, bitarteko irakasleek ikastetxean gelditu nahi baldin badute, eska dezakete, eta zuzendaritzak onartzen baldin badie, gera daitezke. 

Une honetan Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hainbat institututan irakasleen artean, % 40ko mugikortasuna dago eta % 10era jaistea lorpen izugarria izango litzateke. Ez dago, ordea, soluziobide argirik, zenbait logikak talka egiten baitute. Daukagun sistemak bere logika du, baina ikastetxeari ez dio erantzun egokirik ematen. Horregatik, funtsezkoa da gai honi buruzko elkarrizketa soziala bultzatzea. Alde bateko zein besteko logikak eta arrazoiak ulertu eta ikastetxeetako eraldaketak lagunduko dituzten antolaketak behar dira.

 

Eraldaketarako aukerak

Bada eraldaketak abiatzeko eta gauzatzeko arrazoi indartsu bat: ikasleen ongizatea, bai eta irakasleena ere. Bigarren Hezkuntzako irakasleen hasierako prestakuntza ibilbidearen muinean, pedagogiak ez du pisu handirik izaten, eta, horren ondorioz, begirada pedagogiko nahikorik gabe iristen dira irakaskuntzara irakasle berriak. Bakoitza bere ikasgaiari lotuta ailegatzen da, eta irakaslearentzat ikasgai garrantzitsua izan arren, ikasleentzat ez da euren bizitza aldatuko duen gaia eta erdigunean dagoen ikasgaia. 

Horrek irakaslearen jarduna zaildu egiten du. Irakaslearentzat oso gogorra da bizitza profesionala soilik ikasgaiari lotuta egitea eta egoera horrek aldaketarako beharra eta nahia sortzen dizkio. 

Bigarren Hezkuntzako irakasleek ikasle nerabeei beren ikasgaia zergatik den garrantzitsua adierazi behar diete, eta batez ere, ikasleen munduarekin zerikusia duela; ikasgaiak lotura izan behar du ikasleen bizitzarekin, nahiekin eta interesekin. Ataza globalizatuek horretan laguntzen dute, ikasi behar dutenari zentzua bilatzen. 

Eraldaketek aurrera egin eta funtziona dezaten, komeni da beste bi aldagai ere kontuan hartzea: errealismoa eta jasangarritasuna. Irakaskuntzan, garrantzitsua da errealista izatea, dena posible dela iruditu arren ez baita beti hala izaten. Borondate ona izan arren, aldaketek kostua izaten duten denentzat, eta, indarrak eta aukerak ongi neurtu behar dira. Beraz, jasangarritasuna oinarri hartuta egin behar ditu aldaketak ikastetxe bakoitzak, bere neurrira. Eremuka Lantzen Sarean ikastetxeen aniztasuna islatzen da; sartu berriak, hasierako fasean daudenak, aurrerago doazenak... denak biltzen dira, elkar errespetatuz eta elkarrekin eta elkarrengandik ikasiz. Bigarren Hezkuntzako erronka garrantzitsua da; ez da kosmetikoa soilik. Aldaketa mugarri izango baita, hori serio hartzen dutenentzat.