Xabier Tapia: Humanizazio-prozesua. Gizakiaren oinarrizko unitate psikosomatikoa
“Gorputzezko harreman estuan dago haurraren geroko bilakaeraren gakoa”
Irekiera ekitaldiaren egun berean hasi zen formazioa ere eta hasierako bi saioen xedea Emmi Plikerren ekarpen pedagogikoaren gaineko erreferentziazko markoa azaltzen izan zen. Lehen saioa Xabier Tapia psikologo klinikoak eta logopedak eman zuen Humanizazio-prozesua. Gizakiaren oinarrizko unitate psikosomatikoa izenburupean. Haur jaioberriaren oinarrizko heldutasun biologiko ezaz eta gaitasun harrigarriez, tonuaz, aldaketa toniko-emozionalen entzuketaz eta elkarrizketa toniko-emozionalaz hitz egin zuen, besteak beste Haurraren humanizazioaz hitz eginez hasi zuen saioa Tapiak. Bere esanetan, haurrak, jaiotzez, umeen artean hutsalena izanik ere, orain gutxi arte uste izan dena baino askoz ere gaitasun handiagoa du munduarekin harremanetan hasteko, bai pertsonekin eta baita ingurune fisikoarekin ere: “Baina, gaitasunak izatea bat da, eta gaitasun horiek gauzatzea guztiz beste bat. Eta berezkoak dituen gaitasunak gauzatuko baditu beste pertsona batzuek presentzia (ama batez ere, gurasoak, zaintzaileak) ezinbestekoa du, eta bestela ez da humanizatuko”.
Hizlariaren arabera humanizatzeak zera esan nahi du batez ere: komunikatzeko gogoa eta gauza izatea eta hizkuntzaz baliatzen jakitea, hau da, gizakiak duen koderik sofistikatuenaren jabe izatea eta egoki erabiltzea. “Eta hori ez da ez ikasten, ez berez garatzen, giza harreman egoki baten ondorio da. Haurrak hitz egiteko nahia senti dezan, hutsunea egon behar da haurraren eta helduaren artean, baina hutsune horren aurretik atseginezko gorputz harremanak izan behar dira, eta aurrelan hori egoki ez bada egiten, haurrak arazoak izan ditzake hutsune hori hitzez betetzeko”.
Haurraren bi ardatz nagusi aipatzen ditu Tapiak: gorputza eta harremana. Bere hitzetan, haurrak nahitaezkoa du gorputzaren bitartez besteekin topo egitea, eta haur txiki bati erreparatzea nahikoa da amarekin edota aitarekin gorputz-haragizko harreman estu bat duela ikusteko. “Giza psikismoaren garapen on baterako bi erraileko bide bakarra dago: harremana eta gorputza. Profesionalok, naturan bi osagarri horiek hor daudelarik, bere ezaugarriak ezagutzen saiatu beharra daukagu. Gorputzak bere legeak ditu eta harremanak ere bai, eta lege horiek kontu handiz errespetatzen ez baditugu haurrak arazoak izan ditzake bere garapenean”.
Haurraren funtzio tonikoari ere garrantzia ematen dio Tapiak, horixe baita haurrak hizketan hasi arte bere barne beharrak eta sentipenak adierazteko darabilen modua. Gorputzaren alderdi bat da: giharrek edukitzen duten tentsio edo tonu maila, handiagoa edo txikiagoa, faktore askoren arabera aldatzen dena. Horregatik, “haur txikiek oraindik ere hizketan ez dakitenez, helduok bere gorputzari (keinuak, mimikak, bokalizazioak, posturak…) begiratuko diogu nola sentitzen den, zer behar duen, mina duen edo ez… asmatzeko”.
Funtzio tokinoak ezinbesteko baldintza bat eskatzen du hizlariaren ustez: bere aurrean, bere gorputzaren lengoai hori ulertzeko nahikoa sentiberatasun duen norbait egon behar da (gurasoak, zaintzaileak…) eta hala bada, norbait horren tonizidadea ere, ustekabean eta nahigabe aldatu egingo da: “Denok bizi izan dugu eta bizi dugu esperientzia hori: haur txiki bat beso artean dugularik, batzuetan hunkitu eta besteetan ernegatu egiten gaituela eta gure sentipenaz haurra ohartu egiten dela. Nola? Gure gihar tonuaren edo tentsioaren aldaketaren bitartez. Ahotsa ere aldatu egiten zaigu tentsioaren arabera eta batzuetan elkar ulertze sakona sentitzen dugu; beste batzuetan, aldiz, etena, ezin asmatua, ezin ulertua”. Horixe da elkarrizketa tonikoa: bi pertsonen arteko gorputzezko, haragizko harremana. Eta Tapiaren aburuz, profesionalek horretan besteek ez bezalako erantzukizuna dute: ezin da tonizidadea espontaneidadearen eskuetan utzi, tonizidadearen jabe egin behar da lehendabizi eta ondoren tonizidadea landu. Izan ere, funtsean elkarrizketa toniko-emozional horretan dago haurraren geroko bilakaeraren oinarri sakona: “0-2 urteen arteakoa ez da hezkuntza historia, baizik eta harreman historia da”.
Ezozi Arizaga Lizarralde: Atxikimendua, giza garapenaren euskarri-eratzailea
Haurrak adierazten dituen beharrei modu esanguratsuan erantzun behar die atxikitako helduak
Ikastaroaren bigarren egunean, Ezozi Arizaga Lizarralde psikomotrizista eta maistrak “Atxikimendua, giza garapenaren euskarri-eratzailea” izeneko eskola eman zuen teoria eta praktika tartekatuz. Atxikimendu lokarria eta belaunaldi arteko inplikazio sistemikoaz aritzeaz gain, haurraren garapen prozesuko faseez eta ezaugarriez edota errepresentazio mental eta psikikoaz mintzatu zen.
Atxikimenduaren inguruko azalpenetan sartu aurretik, familiarekin dugun inplikazio sistemiko lokarriaz hitz egin zuen Arizagak, atxikimendua zer den ulertzeko beharrezkoa baita kontzeptu hori argi izatea. Hizlariaren esanetan, familia sistemarekin bat eginda gaude sortze momentutik eta hau beharrezkoa da bai familia sistemarentzat eta baita jaioko den umearentzat ere, partaide izate sentimendu hori edukitzea behar biologikoa baita: “Lokarri horrek sistemaren betiereko lotura izatea eta sistemaren beraren jarraikortasuna bermatzen ditu. Modu horretan inplikazio sistemiko bat osatzen da eta inplikazio horrek sistema horren inkontziente kolektiboaren informazio osoa jasotzen du”.
Horrekin guztiarekin gatoz mundura, Arizagaren arabera, eta horrek taldeko kide izaten laguntzen du. Aldi berean, taldeko kide izate horrek funtzio bat dauka gizartean eta sozializazioan, edo sozializazioan eta gero gizartean: “Pertsona oro mundura iristen da sozialki harremanak izateko beharrarekin. Burmuina garatu eta organizatu dadin ezinbestekoa da baldintza hau, hots, harremanak izatea. Ezagutza partekatu egiten dugu, beraz, pertsona loturaz osatutako munduan hazi eta bizi da”.
Arizagak azaldu zuenez, familia-sistemarekin dugun lotura horren baitan ulertu behar da atxikimendua. Eta lotura den heinean, esanguratsuak diren pertsonekin eraikitzen den harreman lotura da atxikimendua, eta denbora iraunkorrean gertuko harremana bilatzera bultzatzen du.
Atxikimendua ez segurua izan badaiteke ere, atxikimendu seguruaren gainean jardun zuen, hori baita egokiena haurraren garapen onerako, eta atxikimendu segurua bermatu dadin jaiotzen den momentutik umetxoa amaren gorputzean jartzen bada, aurrez amarekin izandako kontaktu horretatik ezaguna duenaren kontaktua sentitzen du: “Amak hitz egiten badio, ahotsa ezagutzen du, baina batez ere amaren bihotz taupadak ezagutzen ditu eta horregatik lasaitu egiten da. Beraz, haurra amaren sabel gainean jartzen bada, atxikimendu prozesu hori eraikitzen ari da jada”.
Horrez gain, atxikimendua segurua izan dadin, Arizagaren ustez, arreta partekatua izan behar da, hau da, bi pertsona edo gehiagok, momentu, ekintza edo egoera berbera interaktuatu behar dute: “Haurrak baldin badaki bera atxikitako heldu hori hurbil erraza eta sentibera dela, segurtasun handia barneratzen du, eta elikatu egiten da harreman horretan jarraitzeko”.
Hizlariaren aburuz, bada beste alderdi bat ere oinarrizko lotura segurua bermatzeko beharrekoa: haurrak bere helduarekin harreman jarraitua eta etengabekoa izatea, hain zuzen ere. Izan ere, bizitzako lehenengo pare bat urtetan menpekotasun egoeragatik zaintzarekin zeharo lotuta dago haurra, hau da, oinarrizko beharrak jasotzearekin eta horretan haustura sortzen bada, garapeneko arlo guztietan eragina izango du. “Beti ez dira bete beteko erantzunak ematen eta horrexegatik haurrak frustrazioa sentitzen du eta frustrazioak beharrezkoak dira, baina frustrazioa ongizate maila baino gehiagokoa bada, kalte psikiko nabarmenak izan ditzake haurrak”.
Saioan adierazi zuen moduan, atxikimendu segurua bermatzeko alde batera utzi ezin den beste aspektu bat zera da: haurraren beharretara egokitzeaz gain, bere garapen erritmora egokitzeak duen garrantzia. Eta Emmi Piklerren nahiz Henri Wallonen adierazpenak ekarri zituen gogora. Piklerren arabera, haur batek garapen mantsoagoa adierazten duenean, horretarako eskubideaz gain, oso arrazoi sakonak ditu bere garapena hala izateko. Wallonen esanetan, berriz, jadanik garatutako burmuineko loturak ez kaltetzeko garapeneko erritmoa errespetatu beharra dago. Beraz, “intrusiboegia den hezkuntzak haurra halako edo honelako ekintzetarako gertu egon gabe ekinean jartzen duenean ez dio batere laguntzen bere garapenean. Haurrak ez badu sentitzen bera dagoen ingurunean aitortza duenik, ezingo da inguru horrekin fidatu, ezingo du berea egin, ezta horretan interesa eduki ere. Behin eta berriz falta zaiona gogoratzen bazaio, ezingo du lortuta duena barneratu eta asko mugatuko du haurrak berez ikas-irakasteko dakarren modu natural hori”.
Arizagak argi du eskolak familien zerbitzura egon behar duela eta ez alderantziz, eta ondorioz, hezkuntza sistemak serioski planteatu behar duela, eskaintzen duen hori haurraren garapen normalerako beharrezkoa den edo ez: “Haur Hezkuntzan gero eta lehenago hasten da instrukzioa, eta sarritan eduki akademikoak garapen afektibo eta emozionalaren, eta benetako sozializazioaren gainetik jartzen dira. Alde batera uzten dira behar indibidualak eta horren gainetik jartzen dira taldeko beharrak. Kalitatezko zaintza profesionalak eskatzen du konektatua eta zentratua egotea. Beste era batera esanda, haurra eskatzen ari den arretari lotuta egotea”.