Gure konpromisoei tinko helduta egingo dugu aurretik dugun 365 eguneko ibilbidea.

 

Hezkuntza eraldatzeko helburuz eta euskal hezkuntza sistema propioa eraikitzea jomuga izanik gure konpromisoei tinko helduta egingo dugu aurretik dugun 365 eguneko ibilbidea.

 

Urte berria iritsi da. Atzean utzi dugu 2025a eta data hauetan ohikoa izaten den moduan urte berriari so jarri gara zer ekarriko ote digun sumatu edo asmatu nahian. Oinarri-oinarrian gure bizimodua eta egitekoak antzekoak izango dira estreinatu berri dugun urtean: gehienok lanera joaten jarraituko dugu, ikasleekin hartu-emanean haien bidelagun izaten, eskolako lankideekin zereginak eta erronkak partekatzen, etxea zaintzen, ditugun konpromisoak betetzen. Hala jarraituko dugu Hik Hasin ere. Hezkuntza eraldatzeko helburuz eta euskal hezkuntza sistema propioa eraikitzea jomuga izanik gure konpromisoei tinko helduta egingo dugu aurretik dugun 365 eguneko ibilbidea.

Hik Hasin ez zaigu egitasmorik falta 2026rako: udaberrian Danimarkara joateko bidaia pedagogikoa antolatu dugu, laborategiaren eta jardunaldien bidez formazioekin aurrera jarraituko dugu, hainbat ikastetxeri aholkularitza saioak eskaintzen segituko dugu eta, nola ez, esku artean duzun aldizkaria barnean biltzen duen proiektu komunikatiboa elikatzen jarraituko dugu; bai Hik Hasi eta Hazi Hezi aldizkarien bidez, bai gure webgunearen bidez eta baita sare sozialen bidez ere.

Orain arte bezala, hezkuntza hobetzeko gakoak ematen saiatuko gara urte berrian eta heziketari eta hazierari buruzko hausnarketa bultzatzea izango dugu helburu. Hezkuntza eragile gisa lanean jarraituko dugu, alegia.

Izan dadila bada, 2026a gure helburuetara gerturatzen gaituen urtea. Bide horretan zuen ondoan izango gaituzue, ilusioz, eta zuek ere gure alboan izatea espero dugu.

Urte berri on guztioi!