30 urte bete ditugu eta beste hainbeste eta gehiago betetzeko lanean arituko gara aurrerantzean ere.
Eskerrak eman nahi dizkizuegu irakurleei eta gurekin modu batera edo bestera izan zareten guztiei. Eta nola ez, mila esker gure harpidedunei, hikhasitarrei, ezinbesteko sostengu izan baitzarete bide eder honetan.
Alez ale iritsi gara 300.era. 30 urte daramatza Hik Hasik hezkuntza komunitatearen alboan. Lurralde eta sareez gaindi, euskal hezkuntza komunitatea sendotzeko bokazioz jaio zen Hik Hasi 1995. urtean; elkarren arteko ezagutza bultzatu nahi zuen eta denentzako bidelagun, topagune eta erreferentzia izan. Gauzak asko aldatu dira ordutik eta unearen arabera egokitzen jakin du Hik Hasik, garaian garaikoari erantzun dio hezkuntza arloko profesionalen beharrak asetzea helburu gisa hartuta. Formazioa eskainiz, liburuak eta askotariko materialak argitaratuz, hainbat hezkuntza sistema eta bestelako esperientziak ezagutzeko bidaia pedagogikoak antolatuz, eragile gisa arituz… Urtez urte irakasleen eta hezitzaileen ondoan izan da Hik Hasi. Eta hain zuzen ere, bidelagun izan nahiak bultzatu gaitu ikastetxeentzako aholkularitza zerbitzua abian jartzera: ikastetxeei lanaren antolaketa eraginkorragoa egiten lagundu nahi diegu, euren egunerokoa arintzeko aukera izan dezaten.
Eta ezin ahaztu Hik Hasi aldizkaria. 300 ale osatu ditugu Euskal Herri osoko esperientziak eta ekarpenak bilduz eta adituen hitzak jasoz. Dokumentu horien guztien datu-base mardula osatu dugu urteotan guztiotan eta nahi duen orok du horietarako sarbidea www.hikhasi.eus webgunean. Heziketa ez da ikastetxeen kontua soilik, ordea, eta 2012. urtean familiei zuzendutako aldizkaria argitaratzen hasi ginen: Hazi Hezi. Modu horretan, orrialdez orrialde, euskal hezkuntza komunitatearen eta hezitzaileen —irakasle zein familia— sarea josi dugu, betiere informazio kontrastatua eta adituen ahotsak bilduz.
30 urte bete ditugu eta beste hainbeste eta gehiago betetzeko lanean arituko gara aurrerantzean ere. Eskerrak eman nahi dizkizuegu irakurleei eta gurekin modu batera edo bestera izan zareten guztiei. Eta nola ez, mila esker gure harpidedunei, hikhasitarrei, ezinbesteko sostengu izan baitzarete bide eder honetan. Oraindik hikhasitar ez zaretenok ere zabalik dituzue gure ateak, ongi-etorriak izango zarete gure komunitatean.
Zorionak eta urte askotarako Hik Hasi!
