Hazi Hezi aldizkariaren 50. zenbakia

Haurraren hazieran eta heziketan laguntzeko konpromisoarekin sortu zuen Hik Hasi egitasmo pedagogikoak Hazi Hezi aldizkaria 2012an. 50 zenbaki hauetan harpideen konpromisoa funtsezkoa izan da aurrera egiteko.

 

Euskarazko prentsan hutsune bat zegoen: beste hizkuntzatan ugariak ziren haziera eta heziketa gaiei buruzko aldizkaririk ez geneukan euskaraz. Eta guraso euskaldunek erdaretan bilatzen zuten hazierari eta heziketari buruzko informazioa, askotan “San Googlen”. Kazetaritzaren krisi betean, 2011n, Hik Hasi egitasmo pedagogikoak hutsune hori betetzeko ardura bere gain hartu zuen, eta 2012ko udaberrian Hazi Hezi argitaratu zuen. Lan interesgarria izan zen aldizkaria pentsatzea, diseinatzea, idaztea eta argitaratzea. Interesgarria bezain zaila.

Interesgarria, plazarik plaza, solasaldiz solasaldi, gaur egungo familiek dituzten arazoak eta zailtasunak ezagutu eta horietan, ahal izan dugun neurrian, laguntzeko aletxoa jarri dugulako. Interesgarria, adituengana bideratu ditugulako plazako kezkak, eta ahalik eta informazio onena zabaldu dugulako gai ugariren inguruan.

Zaila, garaiak ez direlako errazak. Ez hazierarako eta heziketarako, eta ezta kazetaritzarako ere. Ez da erraza izan buzoiak betetzea, harpide berriak aurkitzea. 12 urtez, urtean 20 euroko harpidetza kuota kobratu izan dugu, eta hala ere mugatua izan da irakurleengandik jaso dugun konpromisoa.

Bereziki eskertuak gaude bide honetan guztian bidelagun izan zaituztegun irakurle konprometitu guztiokin. Ulertu duzuenokin proiektuak aurrera jarraitzeko, nork bere aletxoa —batzuetan ekonomikoa— jarri behar zuela.

50. zenbaki honetan atzera begira jarri gara, eta bereziki esanguratsuak izan diren hainbat erreportaje eta elkarrizketa berreskuratu ditugu, hala nola, erditze errespetatuari buruzkoa, eskolaren eta familiaren arteko harremanari buruzkoa eta hezkuntza emozionalari buruzkoa eta lau elkarrizketa, Hazi Heziren bidelagun garrantzitsu izan diren adituei eginak: Alvaro Beñaran, Nerea Mendizabal, Estitxu Fernandez eta Izar Arregi adituei eginak. On dagizuela!

Plazera izan da!