Bigarren haurdunaldia fisikoki ez da berdina eta, are gutxiago, emozionalki, faktore batengatik: jada gauzak ez dira ustekabekoak. Ezustekoa, ordea, gero dator: bigarren umearen haziera ederragoa izan ohi da.

Lehenengo haurdunaldiak magia hauxe du: haurdunaldi baten misterio guztia eta lehenengo aldien berezitasuna; beraz, bi faktore horiek baturik, ondo doazen lehen haurdunaldiak, normalki, modu ikusgarrian bizi ohi dituzte andreek. Aldiz, bigarren haurdunaldian bestelako sentsazio bat izan ohi dute emakumeek —beti ere  fisikoki ondo doazen kasuetan—: ez direla ia ohartu ere egiten haurdunaldiaz.

Andreak, dagoeneko, ezagutzen ditu bere gorputza bizitzen ari den aldaketak. Emakume horren gorputzak ez du alferrik ernatu aurretik beste ume bat bere erraietan, eta hori lagungarria izango da, fisikoki, bigarren ernaldia hobeto joan dadin. Beraz, bigarren haurdunaldian amak —gurasoek— izango dituzten beharrizanak desberdinak izango dira, eta ondorioz, lanketa edo ikastaroaren helburu nagusia ere bai: gurasoek berariaz haurdunaldi berrian zentratzeko espazio eta denbora bat hartzeko premia izan ohi dute.

Ama berrien eta esperientziadunen elkarketa izaten dira erditze aurreko ikastaroak, eta Carmen Ferro emaginaren arabera, bi norabidetako kutsaketa gertatzen da ikastaro horietan: “Lehendik ama direnak berrien ilusioaz kutsatzen dira, eta aurreneko aldiz erdituko direnek besteen esperientzia, kontzientzia eta segurtasuna jasoko dute”.

Bigarren haurdunaldia fisikoki desberdina izanik ere, emozionalki izan ohi da amarentzat bereziki diferentea. Lehen aldiko beldurrak —normalki— gainditurik, bigarren haurdunaldia lehenengoa bezain intentsoki ez bizitzeak berak erruduntasun sentimendua ekarri ohi diote emakume askori, eta hori gainditzea izan ohi da haurdunaldi garaian egin ohi duten lanketa bat. “Lehen haurdunaldiko emozio eta berezitasunaren nostalgia izan ohi dute”, emaginaren arabera.

Eta horrekin batera, kezka berri bat ibili ohi da amen buruan: “Bigarren haurra maite ahal izango dut lehena bezainbeste?”.  Galdera eta sentimendu hori ohikoa eta naturala dela ulertzea da, Ferroren arabera, kezka gainditzeko lehen pausoa, zeren emaginak argi dauka: “Bigarren edo hirugarren seme-alabak sekula ez dira maitatzen aurrenekoa baino gutxiago; maitatzen ikasi egiten da, eta bigarren haurra jaio denerako, aurrenekoarekin asko ikasi dugu, eta berehala ohartuko gara afektibitatea ez dela partekatu beharreko tarta bat, baizik eta bigarren ume horrek bere tarta osoa izango duela, maitasuna —edo maitatzeko gaitasuna— biderkatu egiten baita”.

Bigarren  haurdunaldiak, alabaina, badu ezusteko bat, Carmen Ferroren arabera: “Haur horren haziera askoz ederragoa izango da”. Amak —gurasoek— ez dituzte lehen  umearekin izaten dituzten beldurrak eta ziurgabetasunak; kontrakoa, zalantza eta zailtasun horiek gainditu izanak ematen dien segurtasuna daukate, eta euren buruarengan konfiantza, eta lasaitasun horrekin hartuko dute bigarren umea. Konfiantza horrek, Ferroren arabera, umeen hazieraz gehiago gozatzen laguntzen die gurasoei, eta gozamenak berak errazago egingo ditu lanak.

Haurdunaldia bera desberdina izateaz gain, erditzea bera ere diferentea izan ohi da bigarren aldietan. Gorputzaren memoria funtsezkoa da erditzeko unean, eta amak daukan esperientzia eta segurtasuna faktore lagungarriak izan ohi dira erditzea hobeto joan dadin, bereziki amak kontzienteago baitira, erditzeaz eta baita euren gorputzaz eta ahalmenaz ere; ondorioz, oro har, erditzeak arinagoak izan ohi dira. Ferroren arabera, %20-30 gutxiagoko ahalegina egin behar dute emakumeek lehenengo erditzeko arrakasta maila erdiesteko.
Bigarren erditzeak “errealagoak” izan ohi dira, “gurasoek argiago daukate zertara doazen eta zer espero behar duten, eta kontzientziak asko laguntzen die”. Erditzeko unean kezka umeagan zentratuago egon ohi da. Etorriko den umeagan, noski, baina lehendik ere etxean den umeagan ere bai. Erditzean, askotan, gurasoek ‘logistika’ arazoak izaten dituzte buruan, “nola antolatuko ditugu lanak ume nagusiarekin?”. Kezka horrek aldaketa bat  ekarri du gaur egun: ospitaletan erditu ostean borondatezko alta eskatu beharrik gabe —mesfidantza eragiten zuen oasasungintzako profesionalen artean— etxera joateko baimena erraztasun osoz eskuratu dezakete gurasoek (beti ere umea eta ama ondo dauden kasuetan), etxean eta bi umeekin lasai egon ahal izateko.

Aitaren rola ere indarturik atera ohi da bigarren haurdunaldian, erditzean eta bereziki hazieran. Amak txikienari eskaini beharko dizkion ordu ugari horietan aita izan ohi da beste haurrarekin dagoena, “umeak ariketa logikoa egingo du: ama hain okupaturik ikustean, aitagana joko du era naturalean, eta gurasoek hori balioetsi behar dute, umearen beharrak aseta egongo direlako; aita eta umearen atxikimendua estutuko duelako, eta amak ere lasaitasuna eta denbora izango dituelako beste umearentzat”.