Haziera eta heziketa gaiak landuko ditugu, hilero, adituen laguntzaz.

 

Dagoeneko ikusgai duzue Non edo non izeneko bideopodcast berria Hik Hasiren webgunean. Haziera eta heziketa gaiak landuko ditugu, hilero, adituen laguntzaz.

 

Ez dira gutxi izaten helduok haziera eta heziketa kontuetan izaten ditugun buruhausteak. Non edo non entzundako kontuek eta baieztapenek zalantzak sortu diezazkigukete, eta kezkak argitzen laguntzeko eta korapiloak askatzeko helburuz abiatu dugu bideopodcast berria. Nerea Mendizabal psikopedagogo eta Komunikazio Ez Bortitzean aditua gonbidatu dugu lehenengo atalean eta etxeko gatazkak murrizteko pilulak eskaini dizkigu. Andoni Aizpuru eguraldiko aurkezleak egindako galderari erantzunez hasi dugu saioa: “Non edo non entzun dut garrantzitsua dela helduok espektatibak murriztea eta umeengan haiei ez dagokien ardurarik ez jartzea…”. Eta hari horri tiraka osatu dugu Mendizabalekin izan dugun ordu erdi inguruko solasaldia.

 

 

Gurasoentzat, familientzat eta irakasleentzat tresna izan nahi du Non edo non bideopodcastak eta hilero atal berria eskainiko dugu. Kultur edo kirol munduan ezaguna den guraso batek luzatuko du galdera, non edo non entzun duen kezkari erantzuna aurkitzeko. Eta gaian eskarmentua duen adituak erantzungo dio, solasaldiari hasiera emanez.

Hik Hasiren webgunean, gure YouTube kanalean eta gure sare sozialetan topatu ahal izango duzue aurrerantzean Non edo non bideopodcasta.