"Hezkuntza-eremuan adimen artifiziala erabiltzeko gida" sortu dute.
Adimen artifizialaren tresnak ikasleen eta irakasleen egunerokoan sartu dira, eta eskolak ezin du albo batera begiratu. Hezkuntza Sailak eta Elhuyarrek, Berritzegune Nagusiaren eta Tknikaren lankidetzarekin, “Hezkuntza-eremuan adimen artifiziala erabiltzeko gida” sortu dute, erabilera arduratsu eta etiko baterako markoa proposatuz.
Ikasle batek etxerako lanak egiten hasi aurretik, txatbotari galdetzen dio; beste batek, gelan bertan, azalpen bat edo laburpen bat egiteko eskatzen dio. Irakasleek ere gero eta maizago erabiltzen dituzte tresna horiek: materialak prestatzeko, testuak egokitzeko edo jarduerak irudikatzeko. Mikel Ortiz Berriz BHIko Biologia irakasleak DBHko bigarren zikloan ikusten duenez, ikasleak oso ausartak dira teknologia berriak erabiltzerako garaian: "Lan bat egiterako garaian, lehenengoan nahi dutena lortzen ez badute, galdetzeko modua aldatzen dute, nahi duten emaitza lortu arte". Alaitz Urkizu Orixe BHIko Euskara eta Literatura irakasleak, berriz, DBHko lehen zikloko ikasleen idazlanetan antzeman ohi du adimen artifizialaren erabilera: "Batzuetan, testua hain txukun eta hiztegia hain jasoa agertzen denean, ikaslearena ez dela sumatzen da".
Testuinguru horretan, Danel Solabarrieta Elhuyarreko Hezkuntza proiektuen arduradunak ohartarazten du dilema nagusia ez dela debekatzea ala noraino utzi erabakitzea soilik: “Erronka ez da debekuaren alde edo kontra egitea soilik; horrelako egoera baten aurrean, zer erantzun eman dezakegu? Nola jarri mahai gainean adimen artifiziala hezkuntzan, eta nola landu dezakegu?”. Horregatik, plazaratu duten gidak erabilera arduratsurako eta etikorako markoa proposatzen du. Eta hortik abiatuta dator galdera nagusia: noiz eta nola erabili adimen artifiziala, ikasleak benetan ikas dezan, pentsamendua, pribatutasuna eta ebaluazioa jokoan jarri gabe?
Gida bat, norabidea emateko
Adimen artifizialaren erabilerak berriro mahai gainean jarri du eskolak emaitza ala prozesua baloratu behar duenaren eztabaida. Solabarrietaren esanetan, bereizketa egitea ezinbestekoa da egoera ulertzeko: “Ez da gauza bera tresna lanerako erabiltzea edo ikasteko erabiltzea. Profesional batek, oro har, emaitza on bat bilatzen du, eta ahalik eta azkarren bada, are hobeto; ikasle bat, ordea, lan txukun bat osatu eta emaitza on bat lortuta ere, prozesuan ikasi gabe gera daiteke”.
Horregatik, Solabarrietaren ustez, galdera nagusia ez da adimen artifiziala gelan egongo den ala ez eztabaidatzea, baizik eta zer baldintzatan eta zertarako erabiliko den. Gida berriak, haren esanetan, ez du helburu tresna jakin batzuk gomendatzea; irakasleei orientazioa ematea da asmoa, erabaki pedagogikoak hartzeko oinarri batekin: “Gidak irakasleei orientazioa eman nahi die: zer den hau, nola funtzionatzen duen, zertarako erabil daitekeen eta zertarako ez, eta batez ere, noiz bai eta noiz ez jakiteko”. Marko horren bidez, ikastetxeek eta irakasleek adostasun minimo batzuk eraiki ditzakete, debekuen eta “denak balio du” ikuspegiaren artean galdu gabe, eta ikaskuntza erdigunean mantenduta.
Erronka ez da debekuaren alde edo kontra egitea soilik; horrelako egoera baten aurrean, zer erantzun eman dezakegu?
Danel Solabarrieta, Elhuyarreko Hezkuntza proiektuen arduraduna
Adimen artifiziala, pluralean
Solabarrietak ez du gustuko adimen artifiziala tresna bakar gisa aurkeztea. Haren ustez, ez da gauza bera tresna bat edo bestea erabiltzea; ez da gauza bera doan edo ordainpean aritzea; eta, gainera, erabilera bera ere asko aldatzen dela dio nola galdetzen denaren arabera: “Eskaera nola egiten duzunaren arabera, erantzuna desberdina da. Ez da berdina euskaraz, ingelesez edo frantsesez galdetzea”.
Horregatik saiatzen da “adimen artifiziala” baino gehiago “adimen artifizialak” esaten, tresnak ugariak direlako eta bakoitzak bere logika duelako. Gainera, gogorarazten du adimen artifiziala ez dela ChatGPT moduko txatbotetara mugatzen: “Adimen artifiziala ere bada, adibidez, spam karpetan automatikoki mezuak detektatzeko sistema”. Eta txatboten barruan ere alde handiak daudela azpimarratzen du: "Batzuek kanpoko iturriak bilatzen dituzte, beste batzuk entrenatu diren datu-multzoan oinarritzen dira, eta badira erabiltzaileak emandako iturrietan soilik erantzuten dutenak ere", gaineratu du Elhuyarreko Hezkuntza proiektuen arduradunak.
Oinarria, tresna eta prezioa
Solabarrietak hiru maila proposatzen ditu adimen artifiziala erabilera arduratsu batez lantzeko:
Lehenengoa oinarriak ezagutzea da: zer egin dezakeen eta zer ez, zergatik “asmatzen” duen batzuetan, eta zergatik komeni den beti begirada kritikoa piztuta edukitzea. Baina oinarria ulertzea ez dela nahikoa ere azpimarratzen du: “Oinarria ulertuta ere, tresnak ez badituzu erabiltzen, galduta zaude”, dio Solabarrietak.
Bigarren maila, beraz, tresnak probatzea da: Solabarrietak dioenez, tresna horiek agertzen direnean ez dago eskulibururik eta norberak joan behar du esperimentatzen: “Norbera ibili behar da probatzen, eta askotan akatsak eginez ikasten”. Horregatik, dena aldi berean probatu beharrean, tresna bakar batekin hastea gomendatzen du.
Hirugarren maila prezioa da: Solabarrietak argi uzten du prezioa ez dela diruari dagokiona soilik. Tresna bat edo bestea aukeratzean, beste galdera batzuk ere sartzen dira tartean, besteak beste hizkuntzarena: “Batzuetan ingelesez hobeto funtzionatuko du, eta beste batzuetan gaztelaniaz. Prezio hori ordaintzeko prest algaude beti?”. Berak argi dauka batzuetan kalitate apur bat galtzea onartuko lukeela, balioenalde: “Nahiz eta apur bat okerrago funtzionatu gauza jakin batean, nire hautua euskaraz egitea izango da”. Prezio horren barruan, gainera, beste erabaki batzuk ere kokatzen ditu: zer eredu erabiltzen den, zein enpresaren mende geratzen garen edo jasangarritasunari zer pisu ematen diogun. Horregatik, haren ustez, ikastetxeetan eztabaida hori irekitzea garrantzitsua da, hautuak kontzienteak izan daitezen.
Gidak irakasleei orientazioa eman nahi die: zer den hau, nola funtzionatzen duen, zertarako erabil daitekeen eta zertarako ez, eta batez ere, noiz bai eta noiz ez jakiteko
Danel Solabarrieta, Elhuyarreko Hezkuntza proiektuen arduraduna
Irakasleen eguneroko lanean, neurrian erabiliz
Ortiz eta Urkizu irakasleak, gida lantzen parte hartu duten hemezortzi irakasleetako bi dira. Biak ala biak adimen artifiziala erabiltzen ari dira jada egunerokoan, baina ñabardurekin eta muga argiekin.
Ortizek argi dauka adimen artifiziala eguneroko irakasle-lanean oso baliagarria izan daitekeela, batez ere prestaketan: “Gehienbat materiala prestatzeko erabiltzen dut; izan ere, sekulako tresna da. Gero beharrezkoa da bakoitzak bere begiak erabiltzea: hau da, norberaren irizpidea eta jakinduria erabili behar dira, nahitaez”. Haren esanetan, informazioa ateratzeko eta laburtzeko erabiltzen du, eta, batez ere, ikasleei egokitzeko: “Azken batean, informazioa jaso eta gero laburtzeko erabiltzen dut, eta, batez ere, ikasleei egokitzeko”, gaineratu du Berriz BHIko Biologia irakasleak.
Urkizuk ere tresna baliatzen du, baina bere arloan mugak nabarmenago ikusten dizkio. Euskaraz gero eta hobeto moldatzen dela onartuta ere, gramatikan oraindik eskas samar ikusten du: “Testu txukunak sortzen ditu, baina gramatika ariketak ezin ditu sortu”. Horregatik, ideiak biltzeko eta materiala moldatzeko erabiltzen du sarri, batez ere plan pertsonalizatuak dituzten ikasleekin: “Gehienbat ideia zaparrada edo ‘brain storming’ delakoa egiteko erabiltzen dut, kontuan izan behar ditudan irizpideak eta aholkuak eskatzen dizkiot. Normalean neronek sortu behar izaten dut materiala, egiten duenarekin ez bainaiz gustura geratzen”.

Ikasleei jarri beharreko irizpideak
Ikasleek tresna horiek erabiltzen dituztenean, Ortizek gomendio sinple bat ematen die: “Lehenik eta behin, esaten diet ez sinesteko irakurtzen duten guztia, eta iturri desberdinak bilatzeko eta kontrastatzeko”. Izan ere, haren ustez, oso erraz bihurtzen da erabilera erosoegia, eta horrek “kopiatu eta itsatsi” egiteko tentazioa areagotzen du: “Ikasleak oso ausartak dira, eta ahalik eta zirrikitu gehien bilatzen dituzte lanak ahalik eta erosoen egiteko”.
Horregatik, Ortizek dio lanak eta ebaluazioa planteatzeko modua bera dagoela jokoan: “Gaur egun, askoz errazagoa da ‘kopiatu eta itsatsi’ egitea. Horren aurrean, irakasleon lana da jakitea nola ebaluatu eta kalifikatu daitekeen hori, eta argi edukitzea zer kalifikatuko dugun”. Era berean, dio ikasleei ere argi adierazi behar zaiela 10 orriko lana lortzea baino hobea dela 5 orriko lana sortzea. Haren ustez, ekoizpena da garrantzitsuena, eta ondoren, nola azaltzen duzun irakaslearen eta gainerako ikasleen aurrean, zure hitzekin.
Urkizuk ere etxerako eta idatzizko lanen gainan jarri du fokua, eguneroko erabaki txikietan azpimarra eginez: “Orain bi aldiz pentsatu behar izaten dugu etxerako zer lan bidali eta zer ez. Nik argi daukat idatzizko ariketak gelan egin behar ditugula, bai ala bai. Ez dago beste aukerarik”.
Epe motzerako eta luzerako arriskuak
Solabarrietak dio adimen artifizialarekin arrisku batzuk berehala agertzen direla, eta beste batzuk, berriz, denborarekin: “Gizakiok ez gara beti animalia arrazionalak: teorian denok dakigu datu pertsonalak ez ditugula partekatu behar, baina gero nekatuta gaude, presaka gabiltza, eta tentazioak izaten ditugu. Orduan, datu pertsonalen kontua arrisku bat da; nahiz eta denok nahiko argi izan, batzuetan huts egiten dugu”. Hala ere, epe motzeko arrisku horri irtenbidea ikusten dio neurri batean, sistemek babes mekanismo gehiago txertatuko dituztelako, eta ez delako gehien kezkatzen duen puntua.
Epe luzera begira, ordea, beste kezka bat jartzen du lehen lerroan: “Ni gehiago kezkatzen naute epe luzeko arriskuek. Adibidez sedentarismo kognitiboak. Alegia, ea alfertzen joango garen moduren batean, eta ea hori gertatzen uzteko prest gauden”. Horri lotuta, “azkarrago eta gehiago” ikastearen promesa ere arriskutsua iruditzen zaio: “Entzuten denean gazteek adimen artifizialarekin ‘azkarrago eta gehiago’ ikas dezaketela, niri beldurra ematen didana da azelerazionismo moduko bat gertatzea: ‘zenbat eta gehiago, hobeto’ logikarena alegia", aipatu du Solabarrietak.
Azpimarratzen duen beste arrisku bat, hezkuntzari zuzenean eragiten diona da: “Beste arrisku bat da —eta hau lehen ere bazegoen, baina orain agian biderkatu egin da— emaitzak ez duela prozesua islatzen, hau da, ez duela erakusten zenbat ikasi den”. Haren ustez, lehen ere bazegoen joera hori, baina orain bidea askoz errazagoa denez, are garrantzitsuagoa da ikasleak lanari nola heldu dion ikusaraztea.
Gehienbat materiala prestatzeko erabiltzen dut; izan ere, sekulako tresna da. Gero beharrezkoa da bakoitzak bere begiak erabiltzea: hau da, norberaren irizpidea eta jakinduria erabili behar dira, nahitaez
Mikel Ortiz, Berriz BHI-ko Biologia irakaslea
Noiz bai, noiz ez
Gelan erabakiak hartzeko, Solabarrietak marko sinple bat proposatzen du, jarduera guztiek ez dutelako toki berean egon behar. Testuak idaztera jarrita, planteatzen duen galdera honakoa da: “Testuak beti ‘makulu’ moduan, adimen artifiziala erabilita, sortuko alditugu? Ala gai izan behar gara makulurik gabe ere egiteko?”. Horren gainean, lau bide planteatzen ditu:
Lehenengoak, ikasteko laguntza moduan ulertzen du: “Aldamioak jartzea — Vygotskyren ikuspegia—: laguntzarekin hasten gara kasu honetan, adimen artifizialaren laguntzarekin, eta gero laguntza hori gutxitzen joaten gara, eta azkenean teknologiarik gabe egiten amaitzen dugu”.
Bigarrena, kontrako logika da, oinarria sendotuta gero tresna sartzekoa: “Kontrakoa, kalkulagailuaren metafora da: lehenengo oinarriak teknologiarik gabe ikasten ditugu, eta behin menderatzen ditugunean, teknologia sartzen dugu, eta hortik aurrera teknologiarekin egiten dugu”.
Hirugarrena, ezinbestekoa den kasuetarako uzten du: “Denbora guztian teknologia erabiltzea: adibidez, datu-multzo oso handiak kudeatzeko”.
Laugarrena, muga gisa planteatzen du: “Sekula ez erabiltzea: eta, adibidez, ariketa hau egiteko olerki bat idaztea. Etikarekin lotutako kontuetan ere, erabaki dezakegu ez erabiltzea, nahiz eta tranpa egiteko aukera egon”.
Ikastetxe gisa, nola antolatu
Solabarrietak proposatzen duen markoa ulertuta, nola bihurtu daiteke hori ikastetxe baten eguneroko erabakietan? Izan ere, irakasle bakoitzak bere kabuz jarduten badu, ikasleek mezu kontraesankorrak jasotzeko arriskua dago: gela batean onartua dena bestean debekatzea, edo alderantziz. Horregatik, gida baliagarria da gutxieneko adostasun batzuk eraikitzeko: zein jardueratan onartzen den laguntza moduan erabiltzea, zeinetan ez, eta zergatik.
Horrek ez du esan nahi erantzun bakarra dagoenik; bai, ordea, komeni dela ikastetxean galdera batzuk elkarrekin egitea: zer ulertzen dugu laguntza eta ordezkapen gisa? Nola babestuko ditugu datu pertsonalak? Eta nola landuko dugu iturrien kontrastea ikasleekin? Irakasleek kontuan hartzen dute ikasleak tresna erabiltzen ari direla jada, eta horregatik, debekatu baino gehiago, erabilera hori gidatzeko moduak eta ikaskuntza-prozesua ikusarazteko estrategiak behar direla.
Orain bi aldiz pentsatu behar izaten dugu etxerako zer lan bidali eta zer ez. Nik argi daukat idatzizko ariketak gelan egin behar ditugula, bai ala bai. Ez dago beste aukerarik
Alaitz Urkizu, Orixe BHI-ko Euskara eta Literatura irakaslea
Eta orain zer?
Azken batean, eskolaren lana da jarduera bakoitzaren atzean dagoen helburua argitzea: zer ari gara irakasten, zer ari gara ebaluatzen, eta non dago ikaslearen pentsamendua. Horregatik, gidak marko bat proposatzen du, baina markoa biziarazteko funtsezkoa da ikastetxeetan elkarrizketarako espazioak sortzea: esperientziak partekatu, zalantzak mahai gainean jarri, eta erabakiak elkarrekin fintzea.
Norabide horretan kokatzen da Danel Solabarrietak martxoaren 3an, 10ean, 17an eta 24an Donostiako EHUko HEFA II eraikinean dinamizatuko duen laborategia ere. Hik Hasik antolatutako “Adimen artifizialak noiz eta nola? Erabilera arduratsua eta etikoa hezkuntzan” saioetan, oinarrizko azalpen batetik abiatuta, parte-hartzaileekin batera gaur egungo dilemen gaineko hausnarketa eta eztabaida bultzatuko du. Helburua da denon artean ondorio praktiko batzuk ateratzea, bakoitzak bere errealitatera egokituta.
Solabarrietak azpimarratzen du irakasleen begirada ezinbestekoa dela, haiek direlako gelako egunerokoan benetako adituak. Horregatik, laborategiak galdera nagusi bat izango du ardatz: irakasleak non ikusten du tresna erabilgarria, eta non erabakitzen du erabilgarria izan arren ez erabiltzea edo beste modu batean erabiltzea?
Tresnak aldatzen joango dira; galdera, ordea, bera izango da beti: ikasleak ikasten jarrai dezan, zer babestu nahi dugu, eta zer indartu?