Erabilera egokia eta koherentea egiteko.

 

Adimen artifiziala arriskua baino aukera izan daitekeela diote artikuluaren egileek. Erabilera egokia eta koherentea egiteko, ordea, beharrezkoa da ikastetxeak Proiektu Digital propioa izatea. 


2022ko azarotik hona, adimen artifiziala (AA) erabiltzen duten ikasgeletan sartu zaizkigu ChatGPT, Claude eta Copilot. UNESCOk 2023an ohartarazi zuen moduan, munduko gobernuen % 10ek baino gutxiagok zuen orduan hezkuntzan AA arautzeko protokolo ofizialik, baina ikasleak hasiak ziren tresna horiek erabiltzen. Gaur egun, lanak automatikoki ekoizten ari dira ikasleak, AAren laguntzarekin, eta irakasle askok ez dakite ebaluazio sistemak nola moldatu behar dituzten. Kudeaketa estrategia funtsezkoa da, beraz.

Baina nork eta non hartu behar ditu AAri buruzko erabakiak gure ikastetxean? Gure tesia argia da: erabakia ikastetxe osoak hartu behar du, eta Ikastetxearen Proiektu Digitala (IPD) da horretarako tresnarik egokiena.

 

Zer da IPD?

Eusko Jaurlaritzaren gidaren arabera, ikastetxearen eraldaketa digitalerako estrategia globala jasotzen du IPDk: zer teknologia digital erabiltzen den, zergatik, nola eta zer helbururekin. Ikastetxeko Hezkuntza Proiektuarekin (IHP) eta Urteko Planarekin (IUP) uztartuta egon behar duen tresna bizia da.

DigCompOrg markoak, zazpi eremu proposatzen ditu erakunde baten gaitasun digitala neurtzeko, eta guztiek dute lotura AArekin:

1. Lidergoa eta gobernantza. Zuzendaritzak argi definitu behar du AAren erabilerari buruzko ikuspegia. Hori egin ezean, inkoherentzia izango da nagusi.

2. Irakaskuntza eta ikaskuntza. AAk ikaskuntza pertsonalizatua erraztu dezake, betiere ikaslearen garapena erdigunean jarrita.

3. Garapen profesionala. Irakasleen etengabeko prestakuntza ezinbestekoa da, tresna horiek azkar garatzen direlako.

4. Ebaluazioa. Soilik azken produktuan oinarritzen den ebaluazioa krisian dago; prozesua bera ebaluatzea izango da gakoa.

5. Edukiak eta curriculuma. Irakasleek material pertsonalizatuak sortu ditzakete AAren laguntzaz, eta horrek curriculumaren diseinua bera aldatzen du.

6. Azpiegitura. AAren tresna askoren erabilera hodeian oinarritzen da, eta horrek konexio azkarra eta egonkorra eskatzen du.

7. Laguntza eta lankidetza sareak. Funtsezkoa da ikastetxeen artean esperientziak partekatzea eta sarean lan egitea.

Eskola batean, irakasle batzuek AA erabiltzen badute, beste batzuek debekatu egiten badute eta gainerakoek AA zer den ere ez badakite, inkoherentzia eta desberdintasuna sortuko ditugu. Ikasleen gaitasun digitala ezin da irakaslearen borondatearen araberakoa izan.

 

Abiapuntua: diagnostikoa (AMIA azterketa)

IPDren kasuan, SELFIE autoebaluaziorako tresna erabiliz egin daiteke diagnostikoa. SELFIEk ikastetxeko hiru estamentuen —zuzendaritza, irakasleak eta ikasleak— ikuspegia jasotzen du. Eta, AAri dagokionez, diagnosi fasean AMIA taula bat osatzea proposatzen dugu:

Ahuleziak (barnekoak). Irakasleen artean AAri dagokionez dagoen ezagutza arrakala handia da oztopo nagusietako bat, eta kezkagarria da datuen babesari buruzko ezjakintasuna. Horrez gain, rol eguneratua duen IKT arduraduna falta da ikastetxe askotan.

Mehatxuak (kanpokoak). Plagioa eta alborapenak dira agerikoenak, baina ez dira bakarrak. Elhuyarreko adituek aipatzen duten “sedentarismo kognitiboa” —ikasleek pentsatzeari uztea, makinek haien ordez egiten dutelako— arrisku larria da. Bestalde, AAk inpaktu handia du ingurumenean: ur eta energia kontsumo handia dakar.

Indarguneak (barnekoak). Ikastetxe askotan, irakasle berritzaileak daude, eta horiek talde eragile baten motorra izan daitezke. Gainera, 1x1 programari esker, ikasle bakoitzak bere gailua du.

Aukerak (kanpokoak). EAEko Hezkuntza Sailak eta Elhuyarrek 2025ean argitaratutako Adimen artifiziala ikaskuntza-prozesuetan erabiltzeko orientabideak izeneko gida pedagogikoa erreferentzia baliotsua da. Halaber, ikastetxe batzuen esperientziek (IES Uribarri BHI, kasu) eredu praktikoak eskaintzen dituzte. Tresna horiek, modu egokian erabilita, karga burokratikoa murrizteko aukera ematen dute.

 


Ikasleen gaitasun digitala ezin da irakaslearen borondatearen araberakoa izan


 

Protokoloa: arau multzoa ez, baizik eta komunitatearen adostasuna

Protokolo on bat komunitateak elkarrekin adostuta eraikitako agiria da, eta, IES Uribarri BHIren esperientziak erakutsi duen moduan, emaitza bera bezain garrantzitsua da prozesua.

· Prozesu egokia

Lehenik, talde eragilea osatu behar da: IKT arduraduna, berrikuntza arduraduna, zuzendaritzako kide bat eta borondatez parte hartu nahi duten irakasleak. Talde horrek lehen zirriborroa landuko du. Ondoren, hezkuntza komunitate osoaren ekarpenak jaso behar dira. Irakasleen, ikasleen zein familien ekarpenak eta parte-hartzea bermatu behar dira. Eta, azkenik, behin betiko dokumentuak Eskola Kontseiluaren onespena izan behar du, eta IPDren eranskin gisa formalizatu beharko da.

· Zer jaso behar du protokoloak?

Irakasleentzako atala:

• Gardentasuna diseinuan. Unitate didaktiko eta ikasegoera bakoitzean esplizituki adierazi behar da AA erabiliko den ala ez, eta zer helbururekin.

• Tresnen zerrenda. Ikastetxeak baimendutako eta debekatutako tresnak biltzen dituen zerrenda da.

• Pentsamendu kritikoa ardatz. Jarduerak diseinatzean, ikuspegia aldatzea du helburu. Adibidez: “AAk sortutako testuan, bilatu hiru akats, eta argudiatu zergatik dauden gaizki”.

Ikasleentzako atala:

• Egiletzaren gardentasuna. Garbi adierazi behar dute zer tresna erabili dituzten, eta zertarako.

• Haluzinazioen kudeaketa. Ikasleek ulertu behar dute AA ez dela entziklopedia bat, testu iragarle bat baizik, eta irteera guztiak egiaztatu behar direla.

• Muga etikoak. Deepfakeak sortzea, irudi manipulatuak erabiltzea edo beste pertsonen datuak AAn sartzea erabat debekatuta dagoela argitu behar zaie.

 

 
Ohiko erabilera desegokiak

Erabilera desegokiak ezjakintasunetik edo presatik sortzen dira maiz. Ondorioak larriak izan daitezke, eta garrantzitsua da komunitate osoak marra gorriak non dauden jakitea.

Irakasleen erabilerari dagokionez, ohikoa da ikasleen datu pertsonalak AA tresnetan sartzea. Irakasle asko ez dira konturatzen datu horiek kanpoko zerbitzari batean gordetzen direla, eta horrek Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorraren (DBEO) urraketa zuzena dakar. Beste kasu batzuetan, AAk sortutako edukiak zuzenean erabiltzen dira, berrikuspenik egin gabe. AAk ez ditu curriculuma eta gure ikasleen errealitatea ezagutzen, eta irakasleak azken filtro kritikoa izan behar du beti.

Bestalde, badira AAri ikasleen lanak zuzentzeko eskatzen dioten irakasleak, eta emaitza ontzat ematen dutenak. Bi arazo sortzen ditu horrek: alde batetik, AAk ez du ebaluatzeko irizpideen testuingurua ezagutzen, eta, bestetik, ikasleen datu akademikoak kanpoko plataforma batera igotzen ari gara.

Amaitzeko, ikasleei AAren erabilera aitortzeko eskatzen badiegu, garrantzitsua da haien aurrean aitortzea guk ere erabiltzen dugula.

Ikasleen aldetik, zabalduen dagoen erabilera desegokia lan osoak AAren esku uztea da, pentsamendu prozesurik gabe. Kopiatzea baino arazo handiagoa da hori. Ikasle askok ez dute ulertzen ez dela ikaskuntzarik izango AAk esandakoa berridatzi ezean.

Haluzinazioak egia absolututzat hartzeko arriskua ere badago. AAk ziurtasun handiz erantzuten du beti, baita oker dagoenean ere. Ikasle askok ez dute emaitza egiaztatzen, eta datu faltsuak aurkezten dituzte haien lanetan. Pentsamendu kritikoaren gabezia larria adierazten du horrek.

Datu pertsonalak eta hirugarrenen informazioa sartzea da beste arazoetako bat. Ikasleek irakasleen izenak, ikaskideen datuak edo familiako informazioa promptetan sartzen dituzte, eta datu horiek plataformaren zerbitzarietan geratzen dira. Kasu larriagoetan, ikasleek deepfakeak sortzen dituzte ikaskideen edo irakasleen irudiekin, eta horrek bizikidetza arazo larriak eragiten ditu.

AAren erabilera ezkutatzen saiatzen denik ere bada, eta kasu horiek guztiek erakusten dute protokolo bat ez dela nahikoa; prestakuntza eta sentsibilizazioa behar dira, eta, batez ere, gaia komunitate osoarekin lantzea.

 

Prestakuntza: ezinbesteko ardatza

Zuzendaritzak prestakuntza bultzatu behar du ezinbestean, eta hiru ardatz proposatzen ditugu horretarako:

· Klaustro osoarentzako prestakuntza

Oinarrizko mailan, irakasle guztiek jakin behar dute zer den Hizkuntza Eredu Handi bat (LLM, Large Language Model), eta datu pertsonalak nola babestu. Tresna horiek irakaslearen lana nola arindu dezaketen landu behar da: errubrikak sortzeko, testu baten irakurketa maila egokitzeko, material elebiduna prestatzeko edo feedback pertsonalizatua emateko.

· Familientzako informazio saioak

Helburua da seme-alabek etxean dituzten arriskuez (datuen pribatutasuna, eduki desegokiak, dependentzia...) eta aukerez jabetzea, ikastetxearen protokoloa ezagut dezaten eta etxean ere irizpide bateratuak aplika ditzaten.

· Ikasleen alfabetatze artifizial kritikoa

Ikasleek pantailak ondo erabiltzen dituzten arren, askok ez dute ulertzen zer dagoen atzean. Alfabetatze artifizialak honako konpetentziak biltzen ditu: AAren mugak ezagutzea, emaitzak egiaztatzeko ohitura hartzea, eskaerak modu estrategikoan idaztea eta tresna bakoitzaren erabilera egokia bereiztea.

 


Adimen artifiziala iritsi da, eta gurekin geldituko da, baina  ikasgelara nola sartzen den eta zer helburu pedagogikorekin  erabiltzen dugun gure esku dago


 

Ohiko zailtasunak nola gainditu

Esperientziak erakutsi digu oztopo jakin batzuk errepikatzen direla beti:

“Ez dugu hori guztia egiteko denborarik”. Hasteko, pauso txikiak eman daitezke: talde eragile batek oinarrizko protokolo bat hiru arratsaldetan idatz dezake, Eusko Jaurlaritzako ereduak eta IES Uribarri BHIren zirriborroa abiapuntutzat hartuta.

“Irakasleak ez daude prest”. Gakoa da irakasleei erakustea tresna horiekin denbora aurreztu dezaketela: errubrikak sortzeko, gurasoentzako zirkularrak idazteko edo material egokituak prestatzeko.

“Ebaluazio sistema kolapsatu egingo da”. Hori da mintegietako kexarik ohikoena. Ebaluazio ereduaren aldaketa sakona egitea da irtenbidea. Proiektuen bidezko ikaskuntza (PBI), ahozko defentsak, azterketak, prozesuaren ebaluazioa, portfolioak... Metodoa aldatu behar da, ez kontrola areagotu.

“Ez dugu legedia ondo ezagutzen”. Datu pertsonalak babestea lerro gorria da. EAEko ikastetxeetan, DBEOren arabera, ikasleei ezin zaie eskatu haien posta pertsonalarekin kanpoko zerbitzuetan erregistratzea. Ikastetxeak dituen ingurune itxiak erabiltzea da biderik seguruena.

“Arrakala digitala areagotu egingo da”. Ikasle guztiek ez dute etxean konexio ona, gurasoek ez dute ezagutza bera, eta baliabide ekonomikoak desberdinak dira. IPDk ekitate digitalerako neurriak ere jaso behar ditu.

 

Ondorioak

Adimen artifizialak hezkuntza kultura berria eraikitzea eskatzen du:

Zuzendaritzak lidergo argia eskaini beharko du, ez soilik baimena emanez, baita bidea erraztuz, baliabideak esleituz eta prozesua dinamizatuz ere.

Irakasleek ezagutu, esperimentatu, elkarbanatu eta adostu egin beharko dute, beldurrak alde batera utzita, eta AAri euren praktika hobetzeko aukera eman.

Ikasleek pentsamendu kritikoa garatu beharko dute edozein teknologiaren aurrean, “sedentarismo kognitiboa” saihestuz eta tresnak modu arduratsuan erabiliz.

Familiek ikastetxearen ikuspegia ezagutu, eta etxean ere irizpide koherenteak aplika ditzakete.

IPD da hori guztia koherentziaz artikulatzeko modu bakarra. Zuzendariok eta irakasleok argi dugu: hobekien funtzionatzen duten protokoloak ez dira bulego batetik inposatutakoak, komunitateak elkarrekin hausnartutakoak eta eraikitakoak baizik.

Adimen artifiziala iritsi da, eta gurekin geldituko da, baina ikasgelara nola sartzen den, zer helburu pedagogikorekin erabiltzen dugun eta gure ikastetxeetako ekosisteman nola txertatzen dugun, gure esku dago. Eta hori guztia antolatzeko unea da.