EZ DA ERRAZA ULERTZEA ZERGATIK EZ DUTEN MEREZI DUTEN ARRETA JASOTZEN ADIMEN HANDIKO IKASLEEK, ORAINDIK ERE, EUSKAL HERRIKO IKASTETXEETAN. GAIA KONPLEXUA DA, BAINA SINPLEA ERE BAI.
Ez da erraza ulertzea zergatik ez zaien behar duten arreta eskaintzen Adimen Gaitasun Handiko ikasleei. Aspalditik ikertu eta dokumentatu da gaia nazioartean; zazpi lurraldeetan aitortu zaie heziketa premia berezirako daukaten beharra eta eskubidea; planak diseinatu dira, xehetasunez, diziplina ugaritako profesionalekin; ez da derrigor, edo ez bederen soilik, baliabide ekonomikoen arazoa; kopurua esanguratsua da, ikasleen % 3-4 superdotatua da adituen arabera, eta gaitasun handi espezifikoak edo talentuak kontuan izanik, % 10era ere iritsiko lirateke; Adimen Gaitasun Handiko pertsonek gizarteari egin diezaioketen ekarpena inportantea da; aldiz, adimen handiko haur eta nerabeen ezaugarriei eta beharrei erantzuten ez zaienean, eskola-porrotean amaitzen dutenen datuak esanguratsuak dira (% 35-40, Alcagiren arabera); gainera, euren izateko eta ikasteko ezaugarri bereziengatik ulertuak eta onartuak ez direnean, adimen handiko ikasleak jazarpenaren eta bazterkeriaren objektu potentzial bihurtzen dira. Ez da beraz, erraza ulertzea zergatik ez duten merezi duten arreta jasotzen adimen handiko ikasleek, oraindik ere, Euskal Herriko ikastetxeetan. Konplexua da egoera, baina aldi berean, sinplea da gaia. Ikerlari, formatzaile eta hezitzaileak bat datoz: oroz gain, begirada aldaketa da garrantzitsuena. Zabaldu begirada benetan gelan zer-nolako ikasleak ditugun ikusteko. Ez da aski guztiei kafesnea eskaintzea, batzuek kafea behar dute; besteek, esnea. Horrek adimen handiko ikasleentzat bezala, guztientzat balio du, erritmo mantsoagoa dutenentzat, edonolako sindromeren bat dutenentzat, sexu-genero hautu heteronormatibotik ateratzen ari denarentzat, beste jatorrietatik datozenentzat, guztientzat izango da aberasgarria bere hezitzaileek begirada zabaltzea, behar duten premia asetzeko, akademikoki aurrera egiteko, baina baita pertsonalki eta sozialki ere. Asko dago jokoan. Sentsibilizazioa, hautematea eta esku-hartzea. Horiek dira bidean aurrera egiteko urratsak. Eta heldulekuak badaude: Jaurlaritzak egindako plana pilotatzetik harago, zabaltzeko garaia da. Formazioa aukerak badaude (bereziki adimen handiko ikasleen familiek eskaini eta bultzatutakoa). Ereduak, bakanak izanagatik badaude, haiek egindako akatsetatik guztiek ikas dezakegu. Eta, oroz gain, ikasleek eurek erakutsiko dute nondik nora joan behar duten, zein diren motibatzen dituzten gaiak, eta bidelaguntza eskaintzea izango da hezitzailearen egitekoa. Baina lehenbailehen. Gai nagusiko aditu batek esan bezala, ume horiek orain behar dituzte erantzunak.
Euskararen arazoa... politikoa da osoki
Jose Luis Alvarez Enparantza, Txillardegi