‘Ero’, ‘burusoil’, ‘potolo’, ‘itsusi’ edo gisako hitzak edertu nahi izan ditu argitaletxeak Roald Dahlen haurrentzako liburuen berrargitalpenetan Erresuma Batuan. Galtzagorri elkarteak zentsura salatu du eta Yolanda Arrieta idazleak dio horrelako kasuekin, hobe beharrez, baina umea "baliogabetu" egiten dugula.
AGH Adimen Gaitasun Handiko ikasleek behar duten hezkuntza arreta ematen hasteko, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak ikastetxe guztietan baheketa bat egingo du datorren ikasturtean, AGH haurrak hautemateko. 2019-2022ko planari erantzuten dio inkestak, baina pandemiagatik atzeratu egin zen planaren martxa, eta orain ezarriko dute proban lehenik ikastetxe batzuetan. Detekzio ahalik eta goiztiarrena eta zabalena egitea izango da inkesta horren helburua. Izan ere, gaur egun ikasleen % 0,25i detektatzen dizkiete gaitasun handiak, baina ezaugarri horietako haurren familiak elkartzen dituen Aupatuz elkartearen arabera, % 3 eta % 5 bitartekoa da berez AGH pertsonen kopurua gizartean. Aldiz, baheketa orokortuak egiten dituzten herrialdeetako datuak kontuan izanda, % 5-% 15era igotzen dira ezaugarri horiek dituzten pertsonen kopuruak. Behaketa edota baheketa egin gabe, normalean, ezin baita jakin norbaitek adimen handia duela.
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikastetxeetako Lehen Hezkuntzako lehenengo zikloan egingo zaie haurrei inkesta, galdetegi baten bidez. Nafarroan 1993ko Foru Dekretuaren bidez zehazten da nola artatu AGH ikasleen premia bereziak, eta Ipar Euskal Herriko ikasleen kasuan, Frantziako Hezkuntza Ministerio Nazionalak 2002an argitaratu zuen txostenean nola egin zehazten bada ere, ez dute estandarizaturiko baheketa orokorrik ezarri oraino.
Lehen lana detekzioa dela diote adituek, AGH haurrak hauteman ezean, nekeza izango delako haur horiek alor akademikoan zein emozionaletan eta sozialetan artatzea eta laguntzea. Haatik, esku hartu ezean, arazoak handiak izan daitezke adituen arabera. Yolanda Olasagarre AGHn aditua da eta formazioak ematen dizkie irakasleei. Haren arabera, AGH haurrek dituzten beharrei arreta jarri ezean, zailtasunak bizi ditzakete ikasle horiek. AGH haur eta nerabeei askotan jazarpena etorri izan zaiela dio, “desberdina den hori onartzeko ezintasunagatik; ikasle horiek jazarpenaren objektu izateko arrisku potentziala dutela erakusten dute datuek”. Arraroa etiketapean izendatzen dira adimen handiko haur eta nerabe asko, gizarte mailan gaiarekiko dagoen “ezezagutzagatik”, adituaren arabera. Zailtasunak ez dira, ordea, maila emozionalekoak eta sozialekoak soilik. Alor akademikoan ere, esku-hartze egokiaren gabeziak eskola-porroterako arriskuan jartzen ditu ikasle horiek, berez adimen handia izanagatik. Zenbakiak oso esanguratsuak dira: Alcagi Gipuzkoako AGH haurren familien datuen arabera, ikastetxean esku-hartze egokirik jasotzen ez duten AGH haurren artean eskola-porrota % 35-40koa da.
Detekzioa ezinbestekoa da adimen handiko haurrei laguntzeko, baina horren aurretik, sentsibilizazioa beharrezko ikusten dute adituek. Sentsibilizazioa, detekzioa eta artatzea funtsezko jotzen dituzte.
Zer da adimen gaitasun handia?
Zazpi hamarkada baino gehiago dira Adimen Gaitasun Handiaz hitz egiten dela, baina oraindik ere, oro har, gizartean ezezaguna da gaia. Adituek oraindik ere AGH pertsonei loturiko aurreiritziak eta uste okerrak desegin beharraz hitz egiten dute, benetako premiak eta esku-hartzeak ezagutzeko. Izaskun Etxebarria EHUko Hezkuntzaren Teoria eta Historia Saileko irakaslea eta Izena duena da. Adimen gaitasun handikoak liburuaren egilearen arabera, “irudi estereotipatu eta okerrek” ez dute laguntzen adimen gaitasun handiko haurrak identifikatzen: “Eskolan arrakasta izaten duten pertsonak direla uste izaten da; laguntza berezirik gabe eginkizun guztiak ondo egiten dituztela; ikaskideen artean berehala identifikatzen direla; nortasun aldetik, arraroak, ahulak edo ezegonkorrak direla; harreman sozialetan ez dutela arrakastarik”. Haatik, Adimen Gaitasun Handiko pertsonen ezaugarrietako bat euren arteko aniztasuna da, Etxebarriaren arabera: “Ez daude adimen handiko bi pertsona berdin, heterogeneotasuna nabarmentzen da guztiz, beste edozein pertsonarekin gertatzen den bezala”. Euren ezaugarri bereizgarria bestelakoa da: ingurunea beste modu batera hautematea. Zer da, beraz, pertsona batek Adimen Gaitasun Handia edukitzea? Bere buruko baliabideak beste era batera erabiltzea: eraginkortasun handiarekin, konplexutasun handiagoarekin. Horrek pentsamendu konplexuagoa izatea ahalbidetzen die. Etxebarriak honela laburbiltzen du: “Mundua beste era batera ulertzen dute, zentzumen guztiekin jasotzen eta interpretatzen dute. Sentiberatasun sakona dute, bai plazererako eta baita displazererako ere”.
Estereotipoak haustea, beraz, funtsezkoa da. Horietako asko kulturari eta generoari loturikoak dira, gainera. Aurreiritzien arabera, adimen handia oraindik mutilei lotzen baitzaie nagusiki, eta Jaurlaritzaren txostenaren arabera, “oso kontuan hartu beharko da kultura estereotipoek, genero rolek eta beste aldagai batzuek zaildu egiten dutela gaitasun handiko neskak detektatzea”. Datuek ere gauza bera erakusten dute, Aupatuzen arabera: “Identifikatuen artean hamarretik zazpi mutilak dira; gizarteko beste esparruetan bezala, neskek, onartuak izan daitezen, euren izateko erari eta gaitasunari uko egiten dietelako”.
Garapen bereziko haurrak
Adimen Gaitasun Handiko pertsonen artean aniztasun handia dagoen arren, hainbat ezaugarri berezi dituzte garapenari, kognizioari, sormenari eta ikaskuntza-erari lotuak, eta ezaugarri horiek arlo emozionalean eta sozialean eragin ohi dute. Adituek urtetan deskribatu dituzte ezaugarri horiek, eta honako hauek dira ezaugarri berezi horietako batzuk:
Garapenaren ezaugarriak:
- Goiztiartasuna: adinkideekin alderatuta, gaitasun bat edo batzuk lehenago garatzen dituzte adimen handia duten umeek. Garapen motorrari dagokionez antzeman daiteke azkartasuna, adibidez, umeen jaiotze unetik hasita, heldutasunaren seinale diren ezaugarri asko erakuts baititzakete, hala nola, jaio eta oso laster begiak zabal-zabalik izatea eta burua erne edukitzea; sei hilabeterekin zutik egotea; bederatzirekin bakarrik ibiltzea…
- Hizkuntzaren garapenean ere goiztiartasuna eta kalitatea nabarmentzen da beste adinkideekin alderatuta. Adibidez, sei hilabeterekin lehen hitzak esan ditzakete, 2 urterekin elkarrizketak mantentzeko gai izan, hasieratik hizkuntza zuzena eta zehatza erabiltzeko joera izaten dute…
- Disinkronia: adimen handiko haurrek arlo batzuetan izan dezakete goiztiartasuna baina ez derrigor arlo guztietan, trebetasun intelektualak aurreraturik egon arren, gorputz aldetiko trebetasunek, edo emozionalek edo sozialek, ez dute maila bera halabeharrez, eta horrek, barne desorekak sor diezazkioke haurrari; disinkronia deitzen zaio horri. Adibidez: 5 urteko haur batek adimen aldetik uler dezake pertsona bat hil egin dela, bihotzak ez duelako funtzionatzen adibidez, baina hori barneratzeko zailtasunak izan ditzake, bere adin kronologikoari dagokion eran.
Ezaugarri kognitiboak:
Burmuina “topera” dute, “Ferrari bat balitz bezala”, deskribatu du Izaskun Etxebarria irakasleak. Hainbat autoreren ekarpenak sintetizatuz honela laburbiltzen ditu liburuan adimen handiko ikasleen ezaugarri kognitibo nagusiak:
- Jakin-min handia, esploratzeko joera eta haien intereseko gai ugari izaten dituzte. “Informazio asko jaso, gorde eta prozesatzeko erraztasun handia dute. Ikasteko motibazio handia txiki- txikitatik erakusten dute objektuak behatzen eta esploratzen dituztenean, etengabe galderak egiten dituztenean edo denbora luzez zerbait ikertzen dutenean. Haien intereseko zerbait aurkitzen dutenean gaiaren inguruko guztia ‘hustu’ egiten dute, gero beste gai batera pasatzeko. Baina euren intereseko gaiak ez dira beti bat etortzen euren adinkideek izaten dituztenekin, esaterako egipziar zibilizazioa, unibertsoa, zulo beltzak edo dinosauroak”. Eskolari begira, adituak zehazten du ikasle horiek, kasu askotan, ez dituztela behar izaten eskolak zehaztu ohi dituen ikasketa-prozesuko etapa guztiak, eta jauzi intuitiboei jarraitzea gomendagarria deritzo, hezkuntza sistemak besteei itxarotera behartu ordez.
Sormenari loturiko ezaugarriak:
Sormena edozein jardueratan erakuts dezakete Adimen Gaitasun Handiko pertsonek. Sormen horrek ez du zertan arte bisual plastikoetan trebea izatearekin loturarik eduki. Sormena erakusten dute eginkizunak era desberdinean egiteko joeran, “bide berriak esploratzeko nahian zein errutinaren aurkako joeran, bai eguneroko bizitzaren eginkizunetan, lanean eta maila akademikoaren ere”, Etxebarriaren hitzetan.
Ezaugarri emozionalak eta sozialak:
Alde emozionala ere “oso aktibatua” edukitzen dute eta sakontasun handiarekin bizi dute, eta horrek, batzuetan arlo sozialean arazoak ekar diezazkieke.
- Ezaugarri emozionalei dagokienez, umore- sen ona eta fina izaten dute; sentiberatasun handia eta intentsitate emozionala; enpatiarako gaitasuna; bikaintasuna lortzeko joera edo perfekzionismoa; barne motibazio handia; estimulu berriak bilatzeko joera erakusten dute.
-Alderdi sozialari ere eragiten die euren ezaugarriak. Justizia sena erakusten dute haur horietako askok txikitatik eta horrek, ongi kudeatu ezean, arazoak sor diezazkieke. Maila etiko eta moral garatua dute; egiaren eta edertasunaren beharrizana; zehatza eta zorrotza izatearen premia; kritikoak dira euren buruekin, besteekin eta gizarteko arauekin.