Eta umeari utziko bagenio barruan dakarrena loratzen? Zuzendu, gidatu, zizelkatu, edukatu beharrean... aukerak emango bagenizkio? Baldintzak, denbora, material aproposak, espazio egokiak, denbora, heldu arretatsuak... eskainiko bagenizkio? Lora dadin, barnean dakarrena eman dezan, osoki... Hau edo hura espero gabe haurraz...
Agian ez da matematikari bikaina izango, agian ez du irakurtzaletasun handirik izango... baina agian gorputz abilezia aparta dauka, musikarako sentsibilitate berezia, naturarekiko lotura estua, besteekin harremantzeko gaitasun ikaragarria... eta aukerak emanez gero, loratuko du dakarren potentzialtasun hori guztia. Haurrak, guztiok, adimentsuak baikara esparru batean ez bada bestean, hori ikusiko dugu Howard Gardnerrek 80ko hamarkadan garatu zuen Adimen Anitzen teoriari eskaini diogun gai nagusian. Adimena ez dela bakarra, adimena ez dela eskolak konbentzionalki neurtu duena soilik. Goazen geure eta haurren adimen eta gaitasunak deskubritzera, garatzeko egokiera ematera. Eta aukerak emanez gero haurrak berak ere ezagutu ahal izango ditu bere indarguneak, gaitasun berezia duen esparrua, adimentsua den eremua, plazer berezia ematen diona, ongi sentiarazten duena... eta haurraren autoestimua indartzen ariko gara. Baina goazen hain ongi ez doakion esparrua ere ezagutzera, hain adimentsua ez den eremua, hain abila ez den alorra.... indarguneak ezagutzea bezain garrantzitsua baita ahulguneak ezagutzea.
Eta horretarako guztirako basoak, naturak oro har, aukera aparta eskaintzen du. Nor izateko, norbera izateko, bat den bezalakoa izateko aukera aparta eskaintzen digu naturak, espektatibarik gabe, juzkurik gabe, presarik gabe. “Naturan zu zaren bezalakoa izan zaitezke, zu izan zaitezke”. Philip Bruchnerren hitzak dira, Baso-eskola proiektuaren koordinatzailearenak, elkarrizketan adierazi dizkigunak. Basoan heztea proposatzen du, basoak aukerak ematen dituelako, basoa haurrentzako egokitua dagoelako, basoa hezi-tzailea delako, autonomia, autoestimua, gaitasun sozialak sustatzen dituelako. “Naturan heztearen abantaila handienetako bat hauxe da: basoa egokitua dagoela haurren beharretara, beraz irten gaitezen basora, joan gaitezen mendira, ez dugu besterik egin behar. Haur bat mendira eramaten duzu eta eroso sentituko da. Bere interesen eta beharren erritmora mugituko delako, arreta deitzen dion horretara”.
Ez da erraza, haur gehien-gehienek eskola-eraikinetan ikasten baitute. Baina Bruchnerrek dio, atera kalera, atera naturara, zoazte mendira... haurra nor izateko. Eta orain, udan, oporretan, ikasturte guztian izan ez diren aukerak ditugu aurrean naturaz gozatzeko, mendira, basora, errekara, hondartzara joateko... haurrari aukera anitzak eskaintzeko, bakoitzak bere interes, erritmo eta gaitasunen arabera mugitzeko, ikasteko, bizitzeko, izateko aukera handiagoa du aurrean. Balia dezagun.