GERO ETA UME GAZTEAGOAK IKUSTEN DIRA TELEFONO MUGIKORRAREKIN. ADITU BATZUEK 16 URTERA ARTE MUGIKOR PROPIOA EZ EDUKITZEA GOMENDATZEN BALDIN BADUTE ERE, 10-12 URTEKOAK MUGIKORRAREKIN IKUSTEA OHIKO BIHURTZEN ARI DA. HAINBAT ETA HAINBAT GURASO EZ DAUDE LASAI, ORDEA, IKUSTEN ETA BIZITZEN DUTENAREKIN. ZARAUTZEN, GURASO BATZUK ELKARTU EGIN DIRA GAIAREN INGURUAN HAUSNARTZEKO ETA ‘GURE AUKERA, GUK 16’ EKIMENA JARRI DUTE MARTXAN.

Ezin da ukatu smarthphone-ak edo telefono mugikor inteligenteek presentzia handia dutela ume eta gazteengan. Ohiko telefono mugikorraren eta ordenagailuaren artean kokatzen den gailua da, bataren zein bestearen zerbitzuak eskaintzen dituelako. Gaur egungo gizartearen ezaugarriak kontuan hartuta, gaztetxo guztiek izango dute horrelako mugikorra lehenago edo beranduago. Abantaila eta erraztasun handiak eskaintzen dituen gailua da, baina kezkak ere eragiten ditu, batez ere bi gauzek: noiz eta nola eskuratzen duten eta zer erabipen egiten duten.

Adituek ez dute argi eta garbi esaten zein den adin egokiena mugikor propioa izateko. Mari Luz Guenaga Deustuko Unibertsitateko Ingeniaritza Fakultateko irakasleak eta Durangoko Kurutziaga ikastolako gurasoak hala zioen ikastolako webguneko elkarrizketan: “Beste hainbat arlotan bezala, ez dago ume guztientzat balio duen adin jakinik. Gaztetxoen heldutasun mailaren eta gurasoen eta haren artean dagoen konfiantzaren araberakoa da erabakia”. Edonola ere, behar, 16 urtera arte ez dutela behar uste du Guenagak.

Kontua da adin hori baino lehenago ematen zaiela. Herri askotan ohikoa da Lehen Hezkuntzako 6. maila bukatutakoan ematea; edo beste modu batera esanda, DBHko 1. mailarako ia denek –denek ez bada– izaten dute. Beste herri batzuetan, jaunartzea egitean oparitzen da, 9 urterekin. Mugikorraren beharrik ez badute, ordea, zergatik erosten zaie? Zein da seme-alabei mugikorra erosteko arrazoi nagusia?  “Besteek badaukatelako”, “azkena izan ez dadin”, “taldetik kanpora gera ez dadin”... Horrelako erantzunak ematen dituzte gurasoek.

Zarauzko ikastolako guraso talde bat ez zegoen lasai erantzun horien aurrean. Miren Rosek gidatzen dituen guraso eskolan behin baino gehiagotan aritu izan dira gai horren inguruan hizketan: “Hitzaldiak ematen eta guraso eskolak bideratzen aritzen naiz eta mugikorrari dagokionez, zergatik erosten dieten galdetutakoan, azalpen edo aitzakia asko aipatzen dituzte, baina inork ez du inoiz esaten behar dutelako erosten dietenik. Inoiz ez, eta niretzat hori giltzarria da”. Zarauzko guraso talde horretan bostek gehiago hausnartzen jarraitu zuten (Miren Ros, Amaia Elortza, Julia Laborra, Asier Urzelai eta Ainhoa Agirreazaldegik), eta hausnarketaren ondoren, ondorio batera iritsi ziren: “Bakarrik ez geratzeko, azkena ez izateko, gizartetik kanpo ez egoteko... erosten baldin badiegu, baina gure umeen lagunek mugikorrik ez baldin badute, arrazoi hori ez dugu izango. Presio hori desagertu egingo da. Beraz, onena gurasoen artean adostasun batera iristea izango da eta denok ez erostea erabakitzea”.

Izan ere, argi daukate mugikorra erosteko erabakia gurasoena dela. Miren Rosek dio guraso batzuek esaten dutela gizarteak horra eraman gaituela, “baina gizartea geu gara”. Ideia horrekin bat egiten du Ainhoa Agirreazaldegi taldekideak: “Garbi daukagu erabakia gurasoena dela, nahiz eta gizarte honetan kontrakoa saldu diguten, hau da, seme-alabek erabakitzen dutela, eta ondorioz, guraso asko presioa jasaten ari diren. Eta ez da hala. Gurasook gauza asko erabakitzen ditugu seme-alaben gainean. Adibidez, asteburu batean ez dela herrian geratuko eta familiarekin joango dela egun pasa mendira. Bada, mugikorra noiz erosi ere gurasook erabaki dezakegu”. Edonola ere, Julia Laborrak ikuspegia zabaldu egiten du: “Erabakiak kolektiboa izan behar duela uste dut. Beste baten semeak edo alabak mugikorra baldin badauka 8 urterekin, nireari eragiten dio, eta beraien arteko harremanari ere bai. Horregatik da interesgarria gurasoon artean hausnartzea, hitz egitea eta erabaki kolektiboak hartzea”.

Bostetik guraso gehiagorengana
2019ko martxoan martxan jarri ziren bost gurasoek Gure aukera, guk 16 izena jarri diote ekimenari. Hainbat adituk dioenaren arabera, 16 urtera arte ez da komeni mugikorra erosterik. Hortaz, adin horretara iristen saiatuko dira. “Agian ez dugu lortuko, baina gutxienez gaiaren inguruan hausnartu nahi dugu: mugikorra noiz erosi eztabaidatu, momentu hori heldu bitartean gure seme-alabekin zein ibilbide pedagogiko egingo dugun hausnartu, erabilera egokia zein den ikusi, gaia nola landu behar den partekatu, praktika onak eta eredu desegokiak bereizten jakin... Afera ez baita adina, baizik eta hausnarketa prozesua bera. Konturatzea adituek 16 urtera arte ez dutela gomendatzen eta gaur egun 11 urterekin erosten zaiela. Gogoeta bultzatzea da gure helburua eta ahal bada gurasoen artean adostasun batera iristea”, dio Agirreazaldegik.

Asmo horrekin, bosten artean hausnartutakoa partekatu nahi zuten gainerako gurasoekin. “LHko Gurasoen Bilkuran aurkeztu genuen lehenbizi gure ekimena eta ondoren guraso guztientzako beste deialdi bat egin genuen. Harrera oso ona izan zuela konturatu ginen, guraso dezente gurekin bat zetozen”, dio Rosek. Aldi berean, LH6ko gurasoengana joan ziren euren ekimenaren berri ematera, nabarmena zelako “une kritikoan” zeudela, eta proposamen bat luzatu zieten, Asier Urzelaik kontatzen duenez: “Ikasturte honetan ea mugikorrik ez erosteko prest zeuden galdetu genien gurasoei. Ea konpromiso hori hartzeko prest zeuden. Bertaratutako 30 gurasok baiezkoa esan zuten eta beste batzuk ere gehitu ziren ondoren”. Horrela, LHko 6. mailan (11-12 urtekoak) dauden ikasleen guraso batzuek bat egin dute erabaki horrekin eta oraindik ez diete mugikorrik erosi.



Ahal bada, gurasoen artean adostasun batera iritsi nahi dugu mugikorra noiz erosi erabakitzeko

Ainhoa Agirreazaldegi 
Gure aukera, guk 16ko kidea


Mugikorra erosteko momentu berezi batzuk egoten dira, guraso horiek diotenez: Gabonak, urtebetze eguna eta uda. Zentzu horretan, konpromisoa hartu duten gurasoek Gabonetako muga hori gainditu dute. “Hurrengo une kritikoa udako garaia izango da”, dio Amaia Elortzak. “Udako oporren ondoren DBH 1. mailan hasiko dira eta ohikoena ordurako denek edo ia-denek mugikorra izatea da. Horregatik, maiatza aldean LH6ko gurasoekin berriro elkartuko gara, ea konpromisoari eusteko gai  garen edo ez hitz egiteko”. Rosek dio hau iraupen-lasterketa bat dela. “LH6n daudenak noiz arte luzatzen duten ikusi beharko da”.

Mailaka antolatzeari eta erabakiak mailaka hartzeari garrantzia ematen diote gurasoek. Azken finean, erabakiak bakoitzak bere seme-alaben lagun taldearekin batera hartzea delako komenigarriena. “Eta oso inportantea iruditzen zaigu mugikorra erosteko erabakia atzeratzen dutenak indartzea, eredu onak direla azpimarratzea eta ume horiek indartzea” gehitzen du Rosek. Gainera, taldean hartutako erabakiak izateak ere umeak lasaitu egiten ditu: badakite talde hau dagoela eta gurasoek —beraienez aparte beste batzuek ere— erabaki bat hartu dutela. "Ez da ona edo txarra, baina horretaz hitz egiten dute eta babestuak sentitzen dira".

Hasieran LH6ko gurasoek hartu badute ere konpromisoa, gainerako gurasoekin ere hausnarketa partekatzen ari dira. “Gaiari aurretik heltzea komeni dela ikusten dugu, ez azken unean”, dio Rosek.

Hausnarketaren fokua: seme-alabengandik gurasoengana
Egin duten ibilbidean zehar hainbat gauzaz ohartu dira dagoeneko. “Artikuluak irakurtzen hasi ginenean smartphone-aren arriskuez jabetu ginen”, azaltzen du Agirreazaldegik. “Aurrez aurreko harremanak gutxitzea ekarri duela, jende askok ez daukala lagunak bilatzeko beharrik mugikorrarekin baldin badago eta abar”. Horrelako gaiei buruz irakurtzean, ordea, artikuluetan fokua batik bat umeengan jarria zegoela ohartu ziren, eta ez helduengan; ia gehienetan umeei nola erakutsi aipatzen zen. Eta boskote honek fokua aldatzea lortu du. “Naturalki konturatu ginen horretaz”, gogoratzen da Laborrak. “Bilera egunak jartzeko whatsappa erabiltzen genuen eta ‘zergatik ez adostu lehenago gero whatsappez ibili partez?’ pentsatu genuen”.

Horrek zer pentsatua eman zien eta fokua haurrengandik eurengana aldatu zuten: helduek mugikorra nola, zertarako, noiz... erabiltzen duten hausnartzen hasi ziren. “Esate baterako, nik helduen irakaskuntzan egiten dut lan –dio Agirreazaldegik–, eta urtero errepikatzen dute klaustroan gelan ezin dela erabili mugikorra. Zergatik esaten dute behin eta berriz? Bada, erabiltzen delako”.

Helduen erabileraren gainean hausnartzeko kafe-tertulia bat antolatu zuten otsailean Zarauzko ikastolan. Talde dinamika baten bitartez hainbat kasuren adibideak jarri zituzten eta kasu horiek irakurrita zer sentitzen zuten eta horrelako egoera baten aurrean zer egin nahiko zuketen pentsatu eta hitz egin zuten. Hona hemen landutako zenbait egoera edo kasu:
1. Txiki, poxpoli, etorri! Selfie bat atera nahi dut amonari bidaltzeko... jarri hor eta egin irri!!!
Aiiiiii... ze ederrak zaudeten mozorro horiekin... dantzatu eta bideo bat grabatuko dizuet osabari bidaltzeko...
Gogoratzen al zarete gaur lehengusuaren urtebetetzea dela? Etorri hona eta audio bat bidaliko diogu “Zorionak zuri” kantatuz...
Ikastolako laguntxoen whatsapp taldean norbait kanpinera igotzera animatzen ote den jarri dute... Nahi al duzue? Bai?

Kafe-tertertulian bildutako batek baino gehiagok ikusi zuen bere burua egoera horretan. Eta konturatu ziren helduok ohitzen ditugula haurrak mugikorrera.

2. Azkenean lotarako ordua iritsi da! Ohean sartu eta... azkeneko begiratua emango diot mugikorrari; ea mezu berririk dudan, ea zerbait berria argitaratu duen norbaitek, ea zer berri dagoen egunkarian...
(30 minutu eta gero...)
Berandu da eta argia itzaliko dut. Mugikorra ohe ondoko mahaitxoan utziko dut piztuta badaezpada...

Horrelako kasuetan, argi ikusi zuten atsedenari denbora kentzen zaiola.

3. Lagun batekin elkartu naiz bazkaltzeko, aspaldiko partez. Lagun onak gara, baina, badakizu, gaur egungo bizitzak, erritmoak... ez digu denborarik ematen elkartzeko! Eguneratzen hasi gara eta, berehala, dei bat entzun dut mugikorrean. “Sentitzen dut, momentutxo bat, e?...” esan eta begiratu egin dut. Nire beste lagun bat da; akaso zerbait gertatuko zitzaion?... Hartzea erabaki dut, badaezpada. Azkenean, ezer larririk ez eta nire lagunarekin bazkariaz gozatzen jarraitu dut. Aldiro nire mugikorretik datozen “bip-bip” soinuak entzuten ditut; mezuak dira. Ez diet kasurik egingo. “Bip-bip”, “bip-bip”, “bip-bip”... Beno, begiratu egingo dut, badaezpada.

Kafe-tertuliako ia denek onartu zuten hori egin izan dutela. Urzelaik azpimarratzen zuen moduan, "mugikorra mahai gainean jartzen dugun unetik ari gara adierazten aurrean daukagunari 'hau zu baino garrantzitsuagoa da. Honek bip egiten badu, berdin zait zer ari zaren kontatzen, hartu egingo dut edo begiratu egingo dut'. Egoera horrek tristura sortzen dit".

Kafe-tertulian landutako beste kasu batzuek errealitate hauek azaleratu zituzten: mugikorrak eta aplikazioek gauzak erraztu ordez denbora galarazi egiten dutela; zer egin ez dakigunean mugikorrera jotzeko joera dagoela; egunean hainbat aldiz begiratzeko joerak mendekotasuna sortzen duela; mugikorra uneoro aldean eramateko beharra sentitzen dela; “kanpora begira” bizitzeko joera dagoela besteen oniritziaren zain; aurrez aurre esan daitekeena ondoren mezu bidez esaten dela eta abar.

Argi geratzen da helduak umeen eredu direla eta helduek ere zaindu egin behar dutela mugikorraren erabilera. “Haurren ispilu garela kontziente izatea nahi dugu eta horregatik da interesgarria horrelako dinamikak egitea”, azaltzen du Laborrak. “Horrela, gure erabileran aldaketak egitera iritsi gaitezke”. Eta hori ere bada erronka, helduek ere mugikorraren erabileraz hausnartzea eta praktika onak eramatea aurrera. "Perfekziorik ez dugu lortuko, baina erabilera gutxitzea lortzen badugu, denontzat izango da mesede", gehitzen du Agirreazaldegik.


Praktika onak

- Ez eduki uneoro mugikorra eskuetan.
- Berehalakotasuna gainditu: urgentea izan ezean, jatordua/elkarrizketa amaitzean itzuli deia.
- Espazio publikoetan gaudenean (jatorduetan, norbaitekin bilduta...) mugikorra isilpean eta gordeta eduki.
- Ez dugu uneoro besteen eskuragai egon behar. Bizitza libre bizitzeko eskubidea dugu. Jarri mugikorra “hegaldi eran” eta sentitu aske une batzuetan.
- Jendearekiko kontrola handitzen du mezuak noiz irakurri ditugun ikusgarri jartzeak. Desaktibatu check urdina.
- Mugikorra erabiltzeko ordutegi bat ezartzea ezinbestekoa da, bai lan kontuak erantzuteko, bai bestelakoetarako.
- Planifikatu telefono deien helburuak. Horrela ez diozu deia jasotzen duenari beharrezkoa dena baino denbora gehiago kenduko. Mezuek zehatzak izan behar dute. Batzuetan dei hori mezu batekin bidera   daiteke.
- Bildu esan nahi duzunaren mamia mezu bakarrean.
- App asko ez izan.
- Autokontrola. Mugikorra gehiegi erabiltzen noiz ari garen ohartu behar dugu eta hala gertatzen denean mugak jartzeko gai izan.
- Ez eraman mugikorra logelara. Deskantsu orduak lapurtzen ditu eta pentsatzea, irakurtzea, albokoarekin hitz egiten goxo-goxo egotea... galarazten du.
- Esnatzeko iratzargailua erabili.
- Sare sozialen erabilera neurtu.
- Etxean zaudenean utzi mugikorra horretarako ezarritako txoko 
batean, ahal dela etengabe bistan izan gabe.
- Larrialdiak ez dira gertatzen normalean. Etengabe mugikorrarekiko adi egotea ez da larrialdietarako irtenbidea.
- Ahal dela musika entzuteko erabili horretarakoxe diseinatutako gailuak: mp3, mp4...
- Noizbehinka “baraualdi digitala” egin. Asteburu batzuetan, esaterako, itzali mugikorra bizpahiru egunez. Modu honetan estres maila jaitsiko duzu eta mundu ez digitalarekin harreman estuagoa izango duzu.
- Erabateko baraualdia gehiegizkoa denean, hautatu mugikorrik gabe egiteko/egoteko zeregin batzuk.
- Gidatzen ari zarela ez erabili mugikorra. Ez begiratu mezuak, are gutxiago erantzun. Delitu izateaz gain, oso arriskutsua da eta 
dependentziaren adierazle argia.
- Irakurtzen, ikasten, meditatzen, sukaldean, lanean... ari zarenean, ez eduki mugikorra ikusgarri.
- Whatsapp taldeei soinua kendu. Beti egongo da aspertuta dagoen norbait mezuak bidaltzen. Horretarako ezarritako ordutegian kontsultatu mezu horiek guztiak (edo batzuk) eta zerbait interesgarria balego, erantzun.
- Urtebetetzeetan, aspaldi egon gabeko lagun baten berri izateko... mezuak bidali ordez telefonoz deitu. Humanoagoa da, eta atseginagoa. Eta ahal duzun guztietan, aurrez aurre hitz egin.
- Dependentzia handia baldin badaukazu, eman tarteka beste norbaiti zure mugikorra: lankideren bati, bikoteari, gurasoei, lagunen bati... Erabilera egokiaren neurria errazago ikusiko duzu muga parekoek ezartzen dizutenean. Binaka, taldeka... ere egin liteke ariketa hori. Lanean, esaterako, jar daiteke mugikorrak uzteko gune bat. Gutxiagotan jaikiko gara mugikorraren bila.
- Etxean seme-alaba txikiak edo gaztetxoak baldin badituzu, argi izan zu zarela haien eredu. Ez du balio haiei mugikorren aurkako teoriak botatzerik zuk zeuk betetzen ez badituzu. Erabaki mugikorrari etengabe lotuta edo mugikorretik aske ikus zaitzaten nahi duzun.