Bularra elikagaia baino askoz gehiago da haurrentzat, beraz, amak edoskitzea eten nahi duenean, haurraren beharrak eta adina kontuan izatea gomendatzen dute adituek, baita pixkanaka egitea eta amaren presentzia bermatzea ere.

Osasunaren Munduko Erakundeak dio gutxienez bi urte arte amagandiko edoskitzea mantentzea komeni dela. Noiz arte, ordea? Batzuetan haurra bera izan ohi da muga hori ezartzen duena, eta bere kabuz esaten dio agur bularrari. Baina beste askotan ama izan ohi da edoskitzeari amaiera eman nahi diona, eta kasu horietan bidea ez da beti hain erraza izaten, haurdunaldiaz edota erditzeaz bezala, informazio asko ez delako partekatzen, oraindik ere, edoskitzeaz eta horren amaieraz.

Haurdunaldiaren eta erditzearen esperientziak bezala, edoskitzea eta horren amaieraren esperientziak bakanak izango dira; emakume bakoitzak bere bidea egingo du. Baina dudarik gabe, informazioa edukitzea lagungarri izango zaio edoskitzeari “bukaera ona” eman nahi dion andreari, bai haurrak inolako traumarik gabe eta lasai bizi dezan, baina baita amak ere kulpa sentimendurik gabe eta trankil amaitzeko ibilbidea.

Erabakia argi izan
Amak edoskitzea etetea erabakitzeko arrazoi ugari egon daitezke. Baina arrazoiaz ziur egotea garrantzitsu jotzen du Carmen Ferro emaginak. Lehen hilabeteetan bularra emateari uzteko arrazoi asko titiburuetako arrakalak edota mastitisak eragindako mina izaten da, emagin baten esku-hartzearekin eta garaiz detektatuta, konpondu daitekeena.Haurrak pisu gutxi hartzea izan ohi da lehen hilabeteetan edoskitzea eteteko beste arrazoi bat, eta hori ere, esne emaria handitzeko teknikekin onbideratu ahal izaten da eskuarki.

Nekea izaten da beste arrazoi bat, erditze-ostea gogorra izan delako, edo haur jaioberriaren eskaria handia izaten delako, loari tamaina hartzea kosta egiten delako… Kasu horietan emaginaren aholkua haurrak lo egiten duen guztian amak ere atseden hartzea da, etxeko lanak delegatuta.

Urtebetetik aurrera, eta zer esanik ez bi urtetik aurrera, eradoskitzeak emakume askorengan sortzen duen nekea desberdina da. Batetik, nekea pilatu egiten delako, batez ere, haurraren eskariagatik amak gauetan aski deskantsatzen ez duenean. Kasu horietan gaueko titia kentzea aukera bat izan liteke edoskitzea erabat eten nahi ez bada. Egoera horretan, bularra ematen duen amaz gain beste guraso bat dagoen kasuan, haren esku-hartzea gomendatzen du emaginak, haurra gauez zaintzeko eta goxatzeko.

Haurdunaldia izan ohi da beste arrazoi bat. Bai beste haurdunaldi bat bilatzeko edo baita haurdun gelditu delako ama, eta bularrak sentiberago izanik, min egiten diolako eradoskitzeak. Lehen kasuan, obulazioaren mesedetan, gaueko edoskitzea etetea gomendatzen du Ferrok, gaueko titi-hartzeek obulazioarekin lotura baitute. Bestetik, haurdunaldian bertan esnerik gabe gelditzen dira emakume asko, eta haurrek euren kabuz utz dezakete etapa honetan.
Arrazoi sozialek ere pisu handia izaten dute edoskitzea eteteko garaian. Bai lehen sei hilekoaren barruan —amak lanera itzuli behar duenean izan ohi da mugarri garrantzitsu bat— eta baita edoskitze luzeen kasuan ere, oraindik ez dagoelako aski normalizatua 2 urtetik gorako “ume handiak” bularra hartzen ikustea. Lanerako itzuleraren aurrean, haurraren adinaren eta egoeraren eta amaren lan motaren, ordutegiaren eta egoeraren araberako plangintza pertsonalizatu bat egitea proposatzen du emaginak lanera itzuli baino hamar bat egun lehenago. Aldiz, edoskitze luzeen kasuan oraindik ere gertatzen den presio sozialari aurre egiteko, babesa bilatzea gomendatzen du Ferrok, bikotean, beste emakumeen artean edota profesionalen artean.

Pixkanaka egin
Titia uztea prozesu bat dela nabarmentzen dute Ferrok eta Miren Camison Haur Prebentzioan adituak eta edoskitzearen aholkulariak, eta biek ala biek bat-bateko etetea saihestea gomendatzen dute. Gainera, edoskitzea bat-batean eteteak, mastitisa eragin diezaioke emakumeari. Ferrok eta Camisonek bezala, Jose Ramon Mauduit Hazi Hezi prebentzio-zentroko psikologoak edoskitzearen etete-prozesuetan laguntzen die familiei, eta prozesu hori pixkanaka egin ezean, estresa eta antsietatea bizitzen direla ikusi ahal izan du: “Horrelako harreman intimoa bat-batean hausteak haurrarengan estresa sortzen du; horrek, era berean, kortisona ekartzen du, eta haurra alarma egoera batean jartzen du. Horrek oztopatu egiten du amarekiko konfiantza”.

Amaren presentzia bermatu
Bularra elikagaia baino askoz gehiago da haurrarentzat eta, beraz, titia kenduta ere “amaren presentziaren beharra” izaten jarraituko du haurrak aurrerantzean, eta presentziarekin eta maitasunarekin asetzea gomendatzen du Camisonek, haurrak uler dezan bularra kenduagatik, maitasuna, besoak, laztanak, denbora eta presentzia berdin-berdin jasoko dituela. 
 

Haurrari azalpenak eman
Pixkanaka bular-hartzeak gutxitu egingo direla, edo ama —bularrak— nekatu egin dela azaltzea lagungarria dela diote adituek. Haurrek ulertzeko moduan, maitasuna eta atxikimendua jasotzen jarraituko duela hitzez azaltzea gomendatzen du Ferrok, edo bularrek lo egin behar dutela esatea “oso zuzena eta eraginkorra” izatean dela dio. Bularra zapi batekin estaltzean ere, haur txikiek oso ongi ulertzen ei dute amaren beharra. Haur handiagoekin prozesuari hitzak jartzea eta haurra entzutea gomendatzen dute.


Edoskitzearen amaiera, adinaren arabera

Lehen 6 hilabeteetan
Haurrak 6 hilabete bete aurretik eten nahi bada edoskitzea, hau da, haurra oraindik elikadura osagarriarekin hasi ez bada, ezinbestean formulako esnea eman beharko zaio. Kasu horretan biberoia amak ematea gomendatzen du Mauduitek: “Ahal dela, azala-azalarekin eta beti begietara begiratuz, nahiz eta bularra ez eman, besoetako atxikimendu harremana mantentzeko, fusio horretan jarraitzeko”, eta ezker eta eskuin besoetan txandakatzea gomendatzen du, garai horretan begien lateralitatea lantzen ari baitira haurrak.

Urtebeterekin
Elikagai osagarriek indarra hartuko badute ere, esneak funtsezko elikagai izaten jarraitzen du, beraz, formulako esnea eman beharko zaio haurrari. Urtebete eta bi urteko fasea “delikatua” izan ohi dela jakinarazten du Camisonek. “Haurra une horretan bere ‘ni’-a lantzen hasten da, banaketa eta indibiduazio prozesua garatzen. Horrekin lotuta, gurasoei ezetz esaten hasten da, eta bere ‘ni’-a baieztatzeko une horretan, amaren ezezkoa errefusa bezala har dezake". Amorru hori agertzen bada, egoera bakoitzean zer gertatzen den aztertu eta laguntza indibidualizatua eman beharko da, Camisonen ustez.

2 urte
2 urtetik aurrera haurrak ulertzeko gaitasun handiagoa erdiesten du. Baina gomendagarria da jakitea, baita ere, 2 urteren bueltan edoskitze-krisia bizi izaten dutela haur askok. Edoskitze-aroan zehar hainbat krisi bizitzen dituzte haurrek, 6-7 asterekin, urtebeterekin… eta 2 urteko “krisi” hau oso gogorra izan daiteke nekaturik dauden amentzat, Mauduitek ikusi izan duenez: “Berriro asko edoskitzen dute, hasieran bezala eta amarentzat oso gogorra izan daiteke”. Beraz, 2 urteren bueltan haur askok bizi duten “krisi” horrek zaildu egin dezakee edoskitzea garai honetan amaitzea, aldiz, behin etapa hori pasata, haurrek gutxiago eskatu ohi dute amaren bularra.

3 urte
Haurraren bizitzako lehen hiru urteko garaiari “oralitatearen fasea” deitzen zaio. Haur txikiak ahoaren bidez erlazionatzen dira ingurunearekin eta horrek arrazoitzen du eskura duen guztia ahora eramatea, zurrupatuz deskubritzen baitu ingurunea. Bada, amarekiko harremana ere ahoaren bidez gauzatzen da, eta horrexegatik dauka, Camisonen arabera, oralitatearen etapak irauten duen bitartean edoskitzeak halako indarra.

3 urtetik aurrera
Mauduiten arabera, aurreneko 3 urteetan burmuinaren garapenaren ikuspegitik, haurrak “sekulako heltze prozesua” egin du eta “ordura arteko etapak ondo osatu badira”, prest egongo da aurrera egiteko. Adin horretan, genitalitatearen fasera pasatzean, sozializaziorako prest dago haurra, eta besteekin erlazionatzeko interesak indarra hartuko du, 3 urtetik 6 urtera bitarteko sasoian haurrarengan indibiduazioak eta sozializazioak indar handia hartzen baitute eta, horrekin batera, amaren eta horren bularrekiko eta besoekiko interesa gutxituz joango da.