Maiatzaren 31n izan zen Oiartzunen Urmendiri agur esateko eta aitortza egiteko eguna.
Maiatzaren 31n izan zen Oiartzunen Urmendiri agur esateko eta aitortza egiteko eguna. Oiartzungo udal haur eskola Haurreskolak Partzuergoan sartuko da datorren ikasturtetik aurrera eta bide bera jarraituko dute Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hainbat udal haur eskolak ere, aurrerantzean Hezkuntza Sailak ez dituelako diruz lagunduko. 0-3 zikloa eta udalen gertuko kudeaketa deszentralizatua amaituko dira modu horretan. Urte luzez eraikitakoa desegiteko unea iritsi zaie.
Tantaka-tantaka, udal haur eskolak gure hezkuntza mapatik desagertzen joan dira. Eusko Jaurlaritzak udalei egiten zien ekarpen ekonomikoa eten egin du eta Haurreskola Partzuergoan sarraraziko ditu denak. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 11 haur eskola Haurreskolak Partzuergora sartuko dira epe laburrean. Araban Gaubea eta Gasteiz, Bizkaian Barakaldo eta Portugalete eta Gipuzkoan, berriz, Andoain, Aretxabaleta, Irun, Oiartzun, Ordizia, Pasaia eta Usurbil. Horietako batzuk datorren ikasturtetik aurrera Haurreskolak Partzuergoan egongo dira eta litekeena da beste batzuek integraziorako epea luzatzeko aukera izatea.
Datorren ikasturtean Haurreskola Partzuergoan sartuko denen artean da Urmendi, Oiartzungo Udal Ikastola Partzuergoa (OUIP), nahiz eta oraindik sarrera hori nolakoa izango den definitzeko duten.
Prozesu luze baten ondorioz sortu zen Urmendi, herrian adostasun zabala lortuta, baina dagoeneko amaitu da. Lan handia, ilusioa eta herrigintza ardatz izan dituen proiektua bere ibilbidearen azken pausoak ematen ari da ikasturtea amaitzearekin batera.
Herritik sortu, herriarentzat aritu eta herrian sustraitu den proiektua izan da Urmendi. Duela 27 urte, 1999an osatu zuten OUIP, eta 2018an hartu zuen Urmendi izena. Hasierako helburua Oiartzunen 0-18 urte bitarteko hezkuntza eskaintza bateratua egitea izan bazen ere, hainbat itzuliren ondoren, 0-3 zikloa bateratzea lortu zuten herriko hiru haur eskolak (Ttipi-Ttapa eta Koikile haur eskola pribatuak eta Iturburu udal haur eskola), Haurtzaro ikastola eta udala elkartuta. Elizalde eskola publikoa bertan sartzekoa baldin bazen ere, azkenean ez zuen egitasmoarekin bat egin.
Proiektua pikutara joatea lortu dute. Gezurra dirudi eredu gisa hartu beharrean eta 0-3 zikloa indartu beharrean, amaiera bultzatzea
Ibintza Iragorri, Urmendiko irakaslea eta zuzendari ohia
25 urte beranduago, 2024ko urrian jakinarazi zion OUIPri Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak udalari egiten zion ekarpen ekonomikoa etengo zuela eta Urmendik Haurreskola Partzuergoan sartu behar izango du, ekonomikoki bideragarria izango baldin bada. Beraz, datorren ikasturtetik aurrera 0-3 zikloa hautsiko dute Oiartzunen: 0-2 tartea Haurreskola Partzuergoaren esku geldituko da eta bi urteko gelak, berriz, Haurtzaro ikastolan eta Elizalde eskolan izango direla aurreikusi dute, baina gaur gaurkoz ikastolak ez du oraindik 2 urteko gelarik zabaltzeko baimenik jaso.
Hemendik aurrera —teorian, behintzat— elkarrekin inongo harremanik izango ez duten bi proiektu izango dira. 2011n estreinatu zuten eraikinean pareta bat altxa beharko dute eta fisikoki ere ez dute kontakturik izango.
Oiartzunen jende ugari bildu da azken hilabeteotan Urmendiri babesa erakusteko eta, besteak beste, Urmendiren aldeko herri plataforma ere osatu da herrian: Urmendi beti herri. 0-3 bizirik! izenekoa. Bertako kide da Joana Aurrekoetxea. Harekin eta beste hainbat pertsonarekin hitz egiteko aukera izan du Hik Hasik: Iraia Etxebeste, Urmendiko zuzendaria; Ibintza Iragorri, Urmendiko irakaslea eta zuzendari ohia; Jaione Ugaldebere, OUIP sortu zenean Haurtzaro ikastolako zuzendaria; Iosune Cousillas, Haurtzaro ikastolako Haur Hezkuntzako ikasketa burua; Izaskun Madariaga, Urmendiko zuzendari izandakoa; Xabier Iragorri, Urmendiren sortze prozesua bizi izan zuen herriko alkatea eta Garazi Urdanpilleta, udaleko egungo zinegotzia.

Hastapenak
Oiartzungo udalak hasieratik babestu zuen OUIPen sorrera. 80ko eta 90eko hamarkadak hezkuntza arloan eztabaida handiko urteak izan ziren Euskal Herrian: ikastolen publifikazioa, Buesa legea… Garai hura gogoan du Iragorri zinegotzi eta alkate ohiak: “Herri Batasunak hainbat irizpide markatu zituen eta garrantzitsutzat jotzen zuen udalak herriaren beharrei eta gure seme-alaben beharrei aurre egitea, eskola oso gaituak izatea, eskolak zientzia arloa menderatzea eta doakoa izatea. Hori aintzat hartuta egin genuen bat OUIPren proiektuarekin”. Bilera luzeak eta eztabaidak eginda eta txosten juridikoak eta teknikoak jasota, Siadecok azterketa egin zuen eta aurrera egitea erabaki zuten, baina Elizalde eskolak ezetz esan zuen, ez zela momentu egokia iritzita.
Gainerakoek aurrera egin zuten Ibintza Iragorrik azaldu duenez: “Publiko eta pribatu eztabaidaren gainetik Oiartzunek herri gisa beste zerbait eraikitzea erabaki zuen. Herri gehienetan zatiketak egon ziren, beste bide batzuk hartu ziren, baina hemen adostasuna lortu genuen eta guztiaren gainetik, nortasun handiko proiektua eraiki genuen, berezia eta sendoa”.
Ugaldeberek prozesua luzea izan zela gogoratzen du: “Gai asko lotu behar ziren; ekonomikoa, langileena, tokiak… Prozesua bi urtez luzatu zen”.
Adostasuna lortuta, 27 urteko ibilbidea egin du OUIPk gaur arte eta bidean aurrera egin dezan, egoera bideratu nahian, proposamena luzatu zion Oiartzungo udalak Hezkuntza Sailari: sar dadila Haurreskola Partzuergoa Urmendin. Urdanpilletak azaldu du: “OUIPk bere estatutuetan jasoa du beste eragile bat bertan sar daitekeela, baina Haurreskola Partzuergoak ez du horretarako aukerarik haien estatutuek ez dutelako jasotzen beste partzuergo batean integratzeko aukera”.
Urmendi amaitu den arren, OUIP ez da desegingo, hala ere: “OUIPri eustea helburu izan dugu. Partzuergoari eusteak etorkizunean gerta daitekeen edozeri oinarri juridiko sendo batekin aurre egiteko aukera emango digu. OUIPren helburua hezkuntza sustatzeaz gain, kultura sustatzea ere bazen eta haur eskola proiektuaz gain Oiartzunen bada kultura arloan lan egiteko aukerarik”, adierazi du Urdanpilletak.
Irakasleen etorkizuna kezka iturri izan da prozesuan zehar, baina irailetik aurrera denek izango dute lanpostua bermatuta: batzuk Haurreskola Partzuergoko langile izatera pasako dira, beste batzuk ikastolakoak eta antolaketa berriaren ondorioz norbait lanposturik gabe geldituko balitz, udalak bere gain hartuko luke pertsona horren egoera. Lana izango dutela ziurtatuta, bakoitza non eta nola egongo den da orain ardura nagusia. Gainerako langileei dagokienez, garbitzaileak azpikontrata batekoak dira eta sukaldariek lanean jarraituko dutela azaldu du Urdanpilletak: : “Ikastolak eta udalak OUIPri eutsiko diogula erabaki dugu eta jangela zerbitzua eskaintzen jarraituko du”. Sukaldea izan da, hain zuzen ere, Urmendiren zutoinetako bat; Oiartzungo bertako edo eskualdeko produktuak prestatzen dituzte bertan herriko ekonomiari ekarpena eginez.

Haserre, triste eta kezkatuta
Oztopoak gaindituta gauzatu zuten proiektua amaitzear da, eta langileek, oro har, babesgabe sentitu direla diote. Urmendiko langile batzarrak apirilaren 30ean zabaldu zuen agirian haserre, triste eta kezkatuta sentitzen direla adierazi zuten. Ez dute sorpresarik hartu, Etxebestek dioenez: “Mamua bazetorren, ez da sorpresarik izan, baina mingarria da”.
Une gogorra bizitzen ari direla dio Ibintza Iragorrik: “Urte askoan jarraitu dugun lan egiteko modua, sinesten genuen proiektua puskatzera doa. Amaituko dela ezin sinetsita gaude eta zalantza eta kezka handia dugu zer gertatuko den. Proiektua pikutara joatea lortu dute. Gezurra dirudi eredu gisa hartu beharrean eta 0-3 zikloa indartu beharrean, amaiera bultzatzea. Beste herrialde batzuetara joaten gara halako ereduak ikustera, eta herrian duguna itxi egiten dugu. Gure iritzia ez dute ezertarako kontuan hartu eta garbi dago erabaki horren atzean interes zehatzak daudela, baina haurren interesak ez dituztela inolaz ere aintzat hartu”.
Erabakiak kutsu politikoa duela uste du Madariagak ere: “Nik uste dut beste edozein arrazoik bultzatutako erabakia baino, hau erabaki politikoa izan dela. Ekonomikoki begiratuta ere, ziur aski, ez da merkeagoa izango”.
Orain arte izan duen gertuko kudeaketak Urmendi errealitatetik hurbil egotea ahalbidetu du: “Proiektu lokala da eta errealitatetik askoz ere gertuago dago. Haurreskola Partzuergoa denentzat berdina da, arautegi orokorra dago, gure kasuan, ordea, gertuko kudeaketak egoera bakoitzera egokitzen eta erabakiak hartzen lagundu digu”, adierazi du Etxebestek.
Udal haur eskolen gertuko kudeaketak lana errazten duela uste du Urdanpilletak ere: “Udaletik baliabide ekonomikoak jartzen ditugu, herria ezagutzen dugu eta ikastolarekin eta Urmendiko zuzendaritzarekin elkarlanean aritzen gara ditugun beharrei erantzuteko”.
Beste zentro batzuetan zaintzara mugatu den edo asistentziala izan den zerbitzuak hemen ildo pedagogiko argia izan du, hezkuntza proiektu bat
Iraia Etxebeste, Urmendiko zuzendaria
Familien atsekabea
Familiak Urmendiko zutoinetako bat dira eta kezkatuta daudela aipatu du Etxebestek: “Trantsizioa harrapatuko dutenek kezka handia dute, eta guk ezin ditugu haien galderak erantzun ez dugulako informaziorik. Guztiok zain gaude oraindik dena airean dagoelako”. Gurasoak pozik daude Urmendik gaur egun eskaintzen dien zerbitzuarekin. 2024-25 ikasturte amaietan asebetetze galdetegia egin zuten eta alderdi guztietan oso balorazio onak jaso zituzten. Orain, aldiz, arduratuta daude.
Kezkak bultzatuta osatu dute familiek eta familia ohiek Urmendiren aldeko plataforma. Mobilizazioak, sinadura bilketa eta salaketa lana abiatu zuten sorreratik eta egindako bidea oso emankorra izan dela diote. Bertako kide da Aurrekoetxea eta erabakia ulertezina dela azpimarratu nahi izan du: “Proiektua bizi-bizirik eta osasun betean dago eta gogorra da irailetik aurrera Urmendi beste zerbait bihurtuko dela onartzea. Familiek ez dute proiektua amaitzea nahi. Eredu deszentralizatu, lokal eta partekatua ezabatu nahi dute eta izaera hori izan da, hain zuzen ere, Urmendiren garapena eta kalitatea ahalbidetu dituena”.
0-3 zikloaren haustura
0-3 zikloa hautsiko dela eta kezka agertu du Etxebestek: “Ez dugu lortu Euskal Herrian auzi horri erantzun bateratua ematea. Nafarroan beste joera bat dago, baina hemen oso normalizatuta dago jada 0-3 ziklorik ez egotea”. 0-3 zikloaren hausturak kezkatzen du Cousillas ere: “0-3 zikloa, umeen garapenean urrezko garaia den hori, hautsi egingo da. Ikastolarentzat erronka handia izango da 2 urteko gela zabaltzea; orain arte egin duten bezain ongi egiten saiatu behar dugu”.
0-3 etapak prebentzio lan handia egiten du, baina gutxien baloratzen den zikloa dela dio Ibintza Iragorrik: “Oinarria dela esaten dute, baina ez zaio behar adina garrantzirik ematen eta horrek ondoren eragina du gizartean”.
0-3 etapako irakasle eta hezitzaile modura egin du bere ibilbide profesionala Madariagak eta etsipenez bizi du egungo egoera: “Gizarte mailan atzerakada moduan ikusten dut. Zerbait galdu dugunaren sentipena dut, kendu egin digutela”.
Jendeak ez du nahikoa informaziorik eta bada galdetzen duenik ea zer eragin duen 2 urteko gela haur eskolan beharrean ikastetxe batean egoteak: “Haurreskola Partzuergoan 2 urteko geletan ratioa 18koa da eta haur eskolan gehienez 12 ume izaten ditugu. Gainera, eguneko zaintza momentuak atxikimendu segurua duten pertsonarekin biziko dituztela bermatzen diegu: pardela aldatzea, siesta, jatorduak… Ikastetxeetan ez da hori egiten”, dio Etxebestek.

Proiektu pedagogiko sendoa
Urmendik proiektu pedagogiko sendoa duela azaldu du Ibintza Iragorrik: “0-3 etapari eutsi diogu. 0-3ak helburu bat du; umeak txikitan jasotzen ditugunean segurtasuna lantzen dugu, segurtasunetik autonomiarako bidea eraikitzen dugu eta ondoren sozializazioa dator. Lantalde iraunkorra egoteak barne mailako lanketa finak eta sakonak egitea eta lan moduak adostea ahalbidetu du. Lan egiteko protokoloak eraikitzen joan gara hainbat prozesuren bidez eta esku- hartzeak egiteko modua asko zaindu dugu ulertuz 0-3ko haurrekin gure esku-hartzeek oso finak izan behar dutela, oso zaurgarriak eta sentikorrak direlako. Materiala ere asko zaindu dugu”. Barneko espazioei etxeko kutsua eman nahi izan diete, egurrezko altzariak erabiliz eta giro goxoa sortuz, eta asko ateratzen dira kalera, naturarekin harremanetan eta herriarekin kontaktuan egoteko. Formazioa ere Urmendiren zutabeetako bat izan da urte hauetan guztietan.
“Beste zentro batzuetan zaintzara mugatu den edo asistentziala izan den zerbitzuak hemen ildo pedagogiko argia izan du, hezkuntza proiektu bat, eta hori hein handi batean Izaskunen [Madariaga] eskutik heldu zen”, adierazi du Etxebestek.
Kalitatezko proiektu publiko komunitarioak egingarriak direla pentsatzea gustatzen zaigu eta politiken erdigunean haurrak eta bizitzak jarri behar direla aldarrikatzen jarraituko dugu
Joana Aurrekoetxea, Urmendi beti herri. 0-3 bizirik! plataformako kidea
Aurrera begira
Irailaren 1etik aurrera zer pasako den eta nola antolatuko diren ez dakite oraindik. Hala mintzatu da Etxebeste: “Haurreskola Partzuergoak bere hezkuntza proiektu orokorra dauka eta zentro bakoitzak bere errealitatera egokitzen du. Ulertzen dugu malgutasuna edo gutxieneko autonomia badirela, baina lehenik zer langile gauden eta nola eutsiko diogun jakin beharko dugu. Guk espazio bat, gela bat, irakasle bat moduan funtzionatzen dugu. Ordezkapenak nola joango diren ere ikusteko dago: orain gure poltsa dugu eta Urmendi denek ongi ezagutzen dute; hasiberri guztiei proiektuari buruzko informazioa eman izan diegu beti. Hemendik aurrera zerrenden arabera bat edo beste etorriko da. Ez dakigu zein modutara funtzionatu behar izango dugun”.
Esker ona adieraztearekin batera ozen adierazi nahi izan du Aurrekoetxeak “praktika on eta eredugarriak mozten dituzten politika publiko hauek kaltegarriak direla. Ezin da dena zentralizatu, homogeneizatu, burokratizatu eta “makro”-aren eredura jo. Horrek hezkuntza kalitatearen degradazioa dakar. Kalitatezko proiektu publiko komunitarioak egingarriak direla pentsatzea gustatzen zaigu eta politiken erdigunean haurrak eta bizitzak jarri behar direla aldarrikatzen jarraituko dugu”.
“Herrian txertatutako proiektuak ez dituzte gustuko eta hezkuntza asko zaindu behar dugu; gure seme-alabentzat zer-nolako etorkizuna nahi dugun argi izan behar dugu”, amaitu du Iragorrik.