Agurtzeko modu ugari daude, unearen, egoeraren eta norberaren baitan denak ere. Ikastola bateko idazkariak erretiroa hartu du eta honelaxe agurtu da lankideekin eta ingurukoekin.

...orain entzungo duzun hau...” 

1976an heldu nintzen geltoki honetara 

eta 2022an beste geltoki baterako txartela hartu dut. 

 

“zuretzako, ilargia lapurtuko nuke gauero...” 

“Herria da gorputza, hizkuntza bihotza” lelopean hasi eta hazi izan zara. 

Eta bihotzak isuritako odolak elikatu du gorputza, herria alegia, 

eta hor dihardute gurasoek, langileek eta ikasleek, 

Euskal Herrian euskaraz ozen oihukatuz lau haizetara. 

Maitatua izan zara eta gorrotatua, 

solidarioa omen zara eta baztertzailea, 

goxo zein gori, feminista zein segregazionista, 

plazaleku edo zezen plaza. 

Baina ereindako haziak ez du fruitu lehorrik eman, 

biziak baizik, hedatzen doan etorkizuneko ilusioa sendotzen, 

arraun eta amets! 

 

“... esperantzari leiho bat zabal omen diote...” 

Milaka lore tren txiki-txiki batean hurbildu zitzaizkigun 

eta tren handi batean norabide desberdinetara abiatu dira, 

bakoitzak bere bizi-motxila soinean duela, 

zalantza eta ilusioz betea, balentria eta beldurrez, desioz gainezka. 

Eta erro karratuak, fotosintesiak, Aresti, Shakespeare edo Cervantesek, 

koloreek, txiribueltak edo pilota partidak duten zamarekin. 

Haur etorri eta nerabe joan. Hor doaz, bakarrik eta libre, 

mundu justuago bat eraikitzeko esperantzarekin. 

Txantxangorriak dira, hegal egiten, hegal egiten, hegal egiten...

 

“zin dagizut, ezin izango zaitudala ahaztu inoiz...” 

Etengabeko borrokarako hezituak izan ginen, bakoitza bere armekin. 

Geltoki honen atalaiatik ikusi izan zaituztet, 

bata bestearen atzetik ilusioz beterik. 

Pedagogia berritzailea, eraldaketa, hezkuntza sistema berria, konfi antza... 

hitzek osatu izan ohi dute zuen etengabeko jarduna. 

 

Horiek dira zuen armak, elkarbizitzarako arma loretuak. 

Batzuen etorrerari eta bertze batzuen irteteari nago so, 

maite izan zaituztet eta elkarrekin egin dugu barre, jolas eta solas, kantatu nola ez! 

Negar —gogoan dut zure zotin isila— elkarrekin, 

haserretu gara eta elkar besarkatu izan dugu. 

Eta atalaia txiki honetan izan zaituztedan bidaide, lankide, lagun, 

zuen laguntza eta babesa eskertu nahi dizkizuet. 

Nere izar betaurrekodunak. 

 

“...hala ere geldituko naiz, hala ere hau nere lurra da, hemen dago nere etxe bakarra...” 

Ene! Luzatu naiz berriro ere. Beti bezala, eskuak burua baino arinago. 

Lau lerro idatziko dizkiet. Hori nuen buruan eta horrekin batera 

“karta bat idatziko dut, norbaitek erantzun dezan”. 

Ez erantzunak jasotzeko desioz, ez noski! 

Gutun honen bukaeran denok elkarrekin habanera bat kantatzen irudikatzen nuelako baizik. 

 

Ez ditzagun hitzak hutsik utzi, bete ditzagun emozioz. 

Hegorik ez ebaki, izan libre eta pozik bizi! 

 

Besarkada bero bana denontzat eta bakoitzarentzat.