Ahozko testigantzak eta euskara eta euskal nortasuna lantzeko materiala.
Badihardugu elkarteak ikastetxeetarako prestatutako egitasmoa da Ahotsak ikasgelan. Ahozko testigantzak eta euskara eta euskal nortasuna lantzeko material ugari jaso dute euren webgunean. Bideoak eta haiei lotutako proposamen pedagogikoak dira egitasmoaren oinarria.
Ahotsak.eus egitasmoa Badihardugu euskara elkartearen proiekturik ezagunena da: ahozko ondarea biltzen dute —adineko pertsonen testigantzak batez ere—, eta erabiltzaileen esku jartzen dute. Ohikoa da ikastetxeetan euskalkien adibideak jartzeko webgune horretara jotzea, Euskal Herriko toki guztietako bideo pasarteak daudelako; 74.000 bideo baino gehiago dira guztira. Ahotsak ikasgelan izeneko webgunea, ordea, berariaz ikastetxeetarako prestatutakoa izan arren, ez da hain ezaguna. Hizkuntza eta hizkera ez ezik, edukia lantzeko proposamen mordoxka ere badago webgune horretan: 210 bideo fitxa biltzen ditu.
“Hasieratik pentsatu dugu jasotako materiala ikastetxeetan oso erabilgarria izan daitekeela, bai hizkuntzaren zein hizkeraren ikuspegitik, bai gure historia ezagutzeko ere”, adierazi du Idoia Etxeberriak, Ahotsak ikasgelan egitasmoko arduradunak. 2010. urtetik ari dira ikasmateriala sortzen, “irakasleen aldetik ere interesa zegoelako”. Lanketa ugari egin dituzte azken urteotan hainbat herritan, webgunea hazten joan da urtez urte, eta elikatzen jarraitzen dute etengabe.
Oinarria: bideo fitxak
Bideo fitxak dira webgunearen oinarria: bideoa eta bideo horri lotutako proposamen pedagogikoak zein azalpenak. Materiala izeneko atalean daude guztiak; eta mailaren, gaiaren eta ikasgaiaren arabera daude sailkatuta, irakasle bakoitzak interesatzen zaiona erraz aurki dezan. “Bi motatako bideo fitxak ditugu: batetik, adineko pertsonengandik jasotako kantak eta jolasak eta bestetik, edukia lantzeko bideo fitxak, hainbat gairi buruzkoak”, azaldu du Etxeberriak. Kantak eta jolasak Elgoibarko, Eibarko, Eskoriatzako eta Aretxabaletako ikastetxeetan landu zituzten, eta bideoetan herri horietako umeak ere agertzen dira, kantuan eta jolasean.
Landuen dauden bideo fitxak EIMA 2.0. Herritarren ahotsak: transmisioa ikasgelan proiekturako prestatutakoak dira, eta bi irakasgairekin daude lotuta: Euskara eta Literatura (48 fitxa) eta Balio Etikoak eta Zibikoak (50 fitxa). “Euskara, euskalkiak, euskal literatura, euskal kantagintza, bertsolaritza, aniztasuna, genero ikuspegia, feminismoa, LGTBI kolektiboa, bizikidetza... hainbat gai jorratzen dira, eta, bideoekin batera, proposamen pedagogikoak daude: hainbat lanketa proposamen, bideoa ikusi ondoren ikasgelan egiteko”, azaldu du Etxeberriak.
Euskalkitegia izeneko jokoa ere badute. Bideo zati laburrak ageri dira joko horretan, eta, hizketan ari den pertsonaren euskalkia entzunez, nongoa den asmatu behar dute jokalariek hiru aukeren artean.
Eskolako liburuetan presentzia gutxi izaten duen herritarren ahotsa da gure ikasmaterialaren ardatza; herri baten izatearen lekukotasuna, azken batean
Idoia Etxeberria, Ahotsak ikasgelan egitasmoaren arduraduna
Ahozkotasuna lantzeko ariketak
Ahozkotasuna da Ahotsak ikasgelan egitasmoak edukiak jorratzeko duen abiapuntua, Etxeberriak azaldu duenez: “Curriculumean ahozkotasunari garrantzi handia ematen baldin bazaio ere, ikastetxeetan idatzizkoa gailentzen da askotan, eta ahozkotasuna lantzeko ereduak falta dira. Ahozkotasunak naturaltasuna, adierazkortasuna esan nahi du, eta agerikoa da gaztetxo askok alderdi hori lantzeko premia dutela, erdarara jotzeko duten joera ikusita”. Horregatik ematen diote garrantzi berezia ikasleek ahozkotasuna lantzeko materiala sortzeari.
Ahotsak.eus proiektuan bildutako ahozko lekukotasunak dira ikasmaterialaren bizkarrezurra. Euskarazko testigantzak dira guztiak, adineko pertsonenak zein gazteenak: “Ahozko jardunaren bitartez jakintzen eta kontatzeko moduen transmisioa egitea da gure asmoa, eta, bide batez, belaunaldien arteko hurbilketa egitea, iragana eta oraina lotuz”, aipatu du Etxeberriak. Baina beharrezkoa ikusten dute garai bateko lekukotasunekin batera gaur egungo gazteen ahotsa ere aintzat hartzea: “Kate beraren katebegiak gara denok”.
Material honen beste ezaugarri bat da herriaren jakinduria biltzen duela, Etxeberriaren arabera: “Eskolako liburuetan presentzia gutxi izaten duen herritarren ahotsa da gure ikasmaterialaren ardatza; herri baten izatearen lekukotasuna, azken batean; adituena zein herritar xeheena; gazteena zein adinekoena. Horrek gertutasuna transmititzen du”.
Ikasmaterial digitala
Ahotsak ikasgelan webgunean bildutako ikasmateriala digitala da, curriculuma aintzat hartuta sortutakoa eta ikasgelan erabiltzeko eta irakasleari begira egina, Etxeberriak zehaztu duenez: “Irakasleek lanerako duten autonomia errespetatzen du nahierara erabil eta molda ditzaketen proposamenak eskaintzen dituelako”. Lizentzia librearekin banatzen da, eta interes orokorrekoa da; Euskal Herriko ikastetxe guztietan erabiltzeko modukoa.
“Belaunaldien arteko transmisioa egiteko beste modu bat da: lehen etxe barruan, sutondoan, egiten zena ikasgelan egin dezakegu orain, teknologia berriak lagun hartuta”, azaldu du Etxeberriak. Gainera, ikasmaterialak curriculumaren euskal dimentsioa lantzeko ere balio duela nabarmendu du: “Testigantzak euskal munduaren ikuskeraren erakusgarri dira. Euskara eta euskal kultura transmititzean, euskal identitatea ere lantzen da”.
Geure nortasuna eta hizkuntza lantzeko askotariko materiala eskaintzen du, beraz, Ahotsak ikasgelan egitasmoak. Guztia eskuragarri duzue ikasgelan.ahotsak.eus atarian.
Hainbat fitxa adibide modura
Bost bideoren fitxa ekarri ditugu, adibide modura. Horiek baino askoz ere gehiago aurkitu daitezke Ahotsak ikasgelan egitasmoaren webgunean.
· Feminismoaren hastapenak Euskal Herrian
Nola hasi zen mugimendu feminista Euskal Herrian? Zein zen emakumearen egoera garai hartan? Iparraldeko eta Hegoaldeko egoera oso desberdina zen. Orduko protagonistak eta feminista adituak elkarrizketatu dituzte feminismoaren hastapenak ezagutarazteko (1974-1981). DBHrako aproposa, Balio Etikoak ikasgaian berdintasuna lantzeko.
· Euskal kantagintza berria
1960ko hamarkadan, haize berriak iritsi ziren euskal kulturara. Musikan gertatu zen fenomenoa “euskal kantagintza berria” izenez ezagutzen da, eta iraultza ekarri zuen; Ez Dok Amairu kultura mugimendua da garai horren erakusgarri. DBHrako aproposa, Euskara eta Literatura ikasgairako.
· Idazketa tailerra
Idazteko teknikei buruzko bideoa. Idazketa tailer bat sortzeko aholkuak ematen dituzte Uxue Alberdi, Harkaitz Cano, Yolanda Arrieta eta Karmele Jaio idazleek, ikasleen sormena akuilatzeko balio dutenak. Batxilergorako aproposa, Euskara eta Literatura ikasgairako.
· Trans izatea
Pertsona batzuen genero nortasuna ez dator bat jaiotzetik ezarritakoarekin, eta, horregatik, beste genero bat aukeratzen dute. Transgenero edo transexual izan daitezke, egiten duten bidearen arabera. Bi neska transen testigantzak jaso dituzte bideo honetan. DBHrako aproposa, Balio etikoak irakasgairako.
· Arriola Marriola
Zotz egiteko hainbat abesti daude euskaraz, guregana ahoz aho iritsi direnak. Arriola Marriola da horietako bat, HHrako eta LHrako aproposa.
Bideo fitxak
· Kantuak eta jolasak: 58
Bideoan, adineko pertsonak agertzen dira kantuan edo jolasa azaltzen, eta, ondoren, umeak kantuan edo jolasean agertzen dira. HHrako eta LHrako aproposak dira.
· Fitxa didaktikoak: 153
Edukiak lantzeko gaikako bideoak dira. LHrako, DBHrako eta Batxilergorako dira.