Ane Gebara antzezleak eta ipuin-kontalariak ipuin tradizionaletan aurkitu du haurren eta helduen beldurrez eta bizipen emozionalez hitz egiteko bidea.

 

Ahozko kontaketa hitza, gorputza, begirada eta isiltasuna elkartzen diren unean sortzen da Gebararentzat. Ipuin tradizionaletan aurkitu du haurren eta helduen beldurrez eta bizipen emozionalez hitz egiteko bidea. Istorioek irudimena pizteaz gain, mundua ulertzen eta harekin harremanetan jartzen laguntzen dutela aldarrikatzen du.

 

Ane Gebara antzezlea eta ipuin-kontalaria da; Gasteizen jaioa, haurrei zein helduei zuzendutako ipuin saioak eta ikuskizunak sortzen ditu, eta Arabako istorio eta kondaira zaharrak berreskuratzen ere aritu da. Arabazan Kontalaritza Eskolaren sustatzaileetako bat ere bada, eta ahozko kontaketa entzulearekin batera, unean bertan eraikitzen den arte gisa ulertzen du.

 

Noiz eta nola hasi zinen ipuinak kontatzen eta antzerkia egiten?

Txikitan ipuin asko kontatzen omen nituen etxean, batez ere nebarekin, eta oso gustura aritzen ginen etxeko giro horretan. Gero, ordea, oso pertsona lotsatia izan naizenez, nerabezaroan eta gaztaroan bigarren plano batean egon nintzen denbora luzez. Unibertsitatera iritsi nintzenean, berriz, zerbait berpiztu zitzaidan barruan, nik neuk ere espero ez nuena, eta orduan ekin nion berriro ipuinak kontatzeari. Beti egin izan dut lan haurrekin, eskolaz kanpoko jardueretan eta udalekuetan, eta haurren mundua oso gertu sentitzen dut. Unibertsitate garaian, asteartero haurrekin egiten genuen liburutegi-saio batean hasi nintzen ipuinak kontatzen, baita lehengusuei ere. Pixkanaka konturatu nintzen asko gustatzen zitzaidala, eta istorio tradizionalen mundua ezagutu nuenean, are gehiago murgildu nintzen.

Garai hartan, liburutegietako ipuin-saioetara joateko ohitura hartu nuen, ipuin-kontalariak ikusi eta haiengandik ikasteko. Haiei begira ikasi nuen gehien. Egun batean, liburuzain batek ipuin bat kontatzera animatu ninduen, eta hortik hasi nintzen niretzat guztiz ezezaguna zen mundu horretan pixkanaka sartzen.

 

Zer gustatzen zaizu gehien ipuin kontalari eta antzezle izatetik?

Nik uste dut badagoela begiratua izateko behar moduko bat. Bestela, ziurrenik, ez nukeen bide hau aukeratuko. Ez dakit zehazki zer den, baina argi dago jendaurrean jartzeko eta besteen begirada jasotzeko zerbait egon behar dela barruan. Horrez gain, niretzat garrantzitsua den zerbait aukeratu eta besteekin partekatzeko aukera ematen dit. Agian ez da aparteko zerbait, baina nik sentitzen dut istorio hori kontatzea ederra eta garrantzitsua dela. Orduan, kontatzen hasten naiz, jendea adi geratzen da, istorioan sartzen da, eta haien begiradetan ikusten dut nola murgiltzen diren sortu dudan mundu horretan. Denon artean giro komun bat sortzen da, eta hori oso polita da.

Une horretan, gainera, beste denbora batean sartzen naizela sentitzen dut. Istorioa oso neuretik kontatzen dut, baina, aldi berean, jada ez naiz guztiz ni; istorio hori transmititzeko bitarteko bihurtzen naiz. Horrek beste neurri bat ematen dio momentuari. Modu honetan, zerbait elkarrekin bizitzeko eta partekatzeko aukera sortzen da, eta hori da gehien gustatzen zaidan alderdietako bat.

 

 

Zer alde dago ipuin bat irakurtzearen eta ahoz kontatzearen artean?

Niretzat, alde nagusia begiradan dago. Ipuin bat ahoz kontatzen duzunean, beste pertsonari begietara begiratzen diozu, eta transmisioa askoz zuzenagoa da. Irakurtzean, nolabaiteko triangelua sortzen da liburuaren, irakurlearen eta entzulearen artean; kontaketan, berriz, ni naiz zuri benetan merezi duen zerbait kontatzen ari naizena. Harreman zuzen horrek aukera ematen dizu unean bertan ikusteko publikoak zer behar duen: erritmo gehiago, geldialdi bat, arnasa hartzeko tartea edo istorioan pixkanaka sartzeko denbora. Gainera, ipuina zure ahotik pasatzen denean, zure iruditeria, erritmoa eta koloreak eramaten ditu, eta horregatik bihurtzen da pertsonalagoa.

Haurrekin bereziki nabaritzen da hori. Umeak sentitzen du berarekin egoteko denbora hartu duzula eta gertatzen dena zuzenean hari azaltzeko tartea eskaini diozula. Gorputza, begirada eta gertutasuna ere beste modu batekoak dira. Irakurtzea oso ederra da, eta marrazkiekin edo hitzekin beste jolas batzuk sortzen ditu; ahozko kontaketan, berriz, entzuleari eskutik heldu eta zure mundura eramango bazenu bezala da.


Zer ematen diete ahoz kontatutako ipuinek haurren irudimenari eta sormenari?

Ahoz kontatzen duzunean ez dago irudirik, eta, beraz, haur bakoitzak bere irudiak sortu behar ditu. Horixe da politena: bakoitzak bere munstroa, bere sorgina, bere etxea edo bere protagonista irudikatzen du. Zuk esan dezakezu munstro bat agertzen dela, baina haur bakoitzak bere modura ikusiko du munstro hori. Azkenean, bakoitzak behar duen irudia sortzen du bere barruan. Gainera, ez du aurrez emandako irudi batek gidatzen, baizik eta berak egiten du istorioaren bide osoa. Bere irudimenarekin osatzen ditu lekuak, pertsonaiak eta gertatzen den guztia. Horregatik, bizipena ere askoz pertsonalagoa bihurtzen da. Denok entzuten dugu ipuin bera, baina bakoitzak bere Txanogorritxo, bere hiru txerritxo edo bere mundua sortzen du. Aldi berean, denok batera goaz istorio berean barrena, eta horrek ere badu zerbait oso ederra: esperientzia partekatua da, baina haur bakoitzak bere barruan modu bakarrean bizi du.

 


Zuk esan dezakezu munstro bat agertzen dela, baina haur bakoitzak bere modura ikusiko du munstro hori. Azkenean, bakoitzak behar duen irudia sortzen du bere barruan


 

Ipuin bera behin eta berriz kontatzeko eskatzen dute haurrek askotan. Zergatik gustatzen zaie hainbeste errepikatzea?

Nik uste dut, haurrek istorioa ondo amaituko dela jakitearen segurtasuna behar dutela. Azken batean, protagonistarekin identifikatzen dira, eta ikusi nahi dute arazoetatik, beldurretatik eta bidaia emozional horretatik onik ateratzen dela.

Adibidez, Tartalo agertzen den lehenengo aldian begiak estaltzen dituzte edo beldurra pasatzen dute. Baina gero ikusten dutenean protagonistak aurrera egitea lortzen duela, berriro kontatzeko eskatzen dute, beldur hori berriz bizitzeko, oraingoan amaiera ezagutzen dutelako eta badakitelako dena ondo aterako dela. Horregatik dira hain aberasgarriak halako ipuinak. Beldurra eta bestelako emozio indartsuak bizitzeko aukera ematen diete, baina benetako arriskurik gabe. Garaipena behin eta berriz bizitzen dute, eta horrek erreferentzia bat ematen die: ni ere beldurtzen naizenean, agian gai izango naiz aurrera egiteko. Zentzu horretan, ipuinak oso baliagarriak dira beldurrari aurre egiteko eta nork bere burua indartsuago ikusteko.

 

 

Ipuin tradizionaletan beldurra, arriskua edo pertsonaia gaiztoak agertzen dira maiz. Zer ekarpen egiten diete horrelako istorioek haurrei?

Niretzat horrelako pertsonaiak ezinbestekoak dira; ipuin on batek arazoak, arriskuak eta gaizkileak izan behar ditu, bizi garen munduan ere gauza txarrak gertatzen direlako eta badirelako benetan min egiten duten pertsonak. Batzuetan, moralina baten barruan, dena leuntzeko edo gaizkia ukatzeko joera izaten dugu, baina errealitatean badira genozidak, militarrak eta oso egoera latzak sortzen dituzten pertsonak. Hori ere esan egin behar da: egoera horien atzean gaizkileak daudela, ipuinetan bezala.


Ipuin tradizionalek oso modu argian jartzen dituzte aurrez aurre ongia eta gaizkia, heroia eta gaizkilea. Haurra, normalean, heroiaren alde jartzen da, eta fikzioan, behintzat, gaizkileak ezin du garaile atera. Protagonistak egin behar du aurrera. Horrek erakusten du arazoak egon arren, aurre egin eta garaile atera gaitezkeela. Arazoz betetako mundu batean bizi garen honetan, ipuinek arazo horiek kontatzeko eta, gutxienez fikzioan, gainditzeko aukera ematen digute. Horrela, haurrak ikusten du beldurrari aurre egiteko, bizirauteko eta aurrera egiteko aukerak badaudela.

 


Arazoz betetako mundu batean bizi garen honetan, ipuinek arazo horiek kontatzeko eta, gutxienez fikzioan, gainditzeko aukera ematen digute


 

Nola lagundu diezaiekegu haurrei beren ipuinak eta pertsonaiak sortzen?

Nik esango nuke jolastuz lagundu diezaiekegula, bizitzako beste gauza askotan bezala. Jolasa da dagoen gauzarik ederrenetako bat, eta hortik egoerak, pertsonaiak eta aukera desberdinak sor daitezke. Baina, batez ere, haurrei espazio bat eskaini behar zaie. Jolasteko lekua, denbora eta begirada eskaintzen dizkiegunean, behar dutena ateratzen da pixkanaka. Ez dago beti zuzendu edo emaitza jakin batera eraman beharrik.

Kontatzea ere oso garrantzitsua da. Helduok askotan haurrei galdetzen diegu zer egin duten, zer gertatu zaien edo nola sentitu diren, baina noiz kontatzen diegu guk gure egunean gertatutakoa, interesatu zaiguna edo kezkatu gaituen zerbait? Guk ere geure bizipenak partekatzen baldin baditugu, haiek ikasten dute esperientzia bati forma ematen eta kontakizun bihurtzen. Azken batean, zenbat eta gehiago hitz egin, jolastu eta bizipenak elkarrekin partekatu, orduan eta errazago sortuko dituzte haien istorioak. Zuk zurea kontatzen baduzu, besteak ere errazago kontatuko dizu berea.

 

Zer balio dute familian kontatzen diren pasadizoek, aitona-amonen kontakizunek eta herriko istorioek?

Izugarrizko balioa dute, belaunaldiz belaunaldi transmititzen diren istorioak pertsona jakin batzuekin lotuta daudelako. Maite duzun norbaitek berarentzat garrantzitsua izan den eta nolabait markatu duen zerbait kontatzen dizunean, transmisio-kate horren parte bihurtzen zara.

Gainera, kontakizun horiek oso lotuta geratzen dira leku, usain eta une jakinekin: aitona-amonen sukaldearekin, etxeko egongelarekin, haien ahotsarekin edo kontatzeko zuten moduarekin. Horregatik dira hain pertsonalak eta emozionalki hain indartsuak. Agian, denborarekin, istorioa zure erara berreraikiko duzu buruan, baina ez zaizu erraz ahaztuko.