Ikasgela plaza bihurtuta, bota bertsoa!

Hainbat ikastetxetan, euskarako ikasgaia bertso-saio bihurtu da, Bertsozale Elkartearen eskutik. Hausnarketa etengabean murgilduta, bat-batekoari heltzea erabaki zuten Bertsozale Elkartekoek, idatzizkoa gerorako utzita, eta bete-betean asmatu dute: errima, oin, puntu, neurri, doinu, kopla eta bertso artean murgiltzen dira ikasleak, eta ahozkotik abiatuta, gozatuz ikasten dute bertsotan, eta gozatuz aberasten dute euskara. Lotsarik gabe, jolasean aritzen dira, sortzaile- eta entzule-paperetan jarrita, plaza-giroan. Euskal Herri osoko 513 ikastetxetan, sare guztietan garatzen ari da egitasmoa Bertsozale Elkartea, batez ere Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailetan. Bertsozale Elkarteko 50 irakasle ari dira lanean eremu euskaldunetan eta horren euskaldunak ez diren eremuetan, eta 29.500 ikaslek jasotzen dituzte bertsolaritzako eskolak.

 

Mikel Artola bertsolaritzako irakaslea da, metodoaren ikertzailea eta Bertsozale Elkarteko prestakuntza-arduraduna. Ixiar Eizagirre, berriz, Bertsozale Elkarteko materialgintza-arduraduna da. Hausnarketa etengabean murgilduta bizi da Bertsozale Elkartea, baina, azken bost urteotan, ziklo berri bati ekin diote, eta horren berri eman digute. Hiru galderak zehaztu dute azken urteotako hausnarketaren markoa: bertsolaritza zer den, eta zer eraman nahi duten ikasgelara; ikasteko prozesua zein den, eta ikasleek nola gainditzen dituzten sortzaile zein entzule gisa topatzen dituzten zailtasunak, eta, azkenik, zer estrategia erabiltzen duten irakasleek zailtasun horiei aurre egiteko.

Galdera horiei erantzunez ateratako ondorioak ikusita, erabaki zuten ikasgeletako metodologia aldatzea. Izan ere, agerian geratu zen bertsolaritza plazan edo bertsoeskoletan egiten den bat-bateko kantua dela, baina, kostatu egiten zitzaiela hori ikasgelara eramatea. “Hezkuntza arautuan, idatzizkoan zentratzen ginen, eta ez horrenbeste bat-batekoan, inprobisatzea zailagoa dela iruditzen zitzaigulako. Baina, probak eginez, ikusi genuen puntutik edo testu zati txikiak osatuz hasiz gero, bat-batean egitea posible zela. Hori horrela, bat-batekoa erdigunera ekartzea erabaki genuen, eta ahozkoak garrantzi handia hartu du gelako jardunean”, esan digu Artolak.

Ikasgelak plazaren antza hartzen duenean, ikasleak koplak osatzen eta irakasleak erantzuten jartzean, bertsolaritza gelara eramaten dute, eta orduan hasten da ikaslea benetan esperientzia bizitzen. Ikasleek bertsolariaren eta entzulearen arteko elkarrizketa hori ahalik eta modurik errealenean bizitzea da helburua. Izan ere, bertsolariak eragina du publikoarengan, eta alderantziz, eta horrek talde-giroa indartzen du. Ikasleek berehala harrapatzen dituzte bat-bateko praktikak. Jolas gisa hartzen dute, eta bertsolaritzaren alderdi ludikoari heltzen diote, Artolak esan digunez: “Polita da nola saiatzen diren eta hizkuntza nola lantzen duten ikustea. Esan nahi dutena oinaren arabera moldatu behar dute, errimak bilatu behar dituzte, esaldiak moztu edo luzatu egin behar dira… Lehen, eskuekin silabak zenbatzen aritzen ginen, baina, orain, dinamikoagoa da dena. Bestalde, ez da gauza bera buruz dakizun bertso bat jendaurrean kantatzea edo besteen aurrean sortzea. Gorputzaren jarrera aldatzen da, mugimenduak ere bai, bestelako urduritasuna sentitzen duzu… Perfekzioaren bilaketak lekua galtzen du, eta beste osagai batzuek indarra hartzen dute”. Batez ere, bederatzi, hamar eta hamaika urteko haurrekin egiten dute lan. Eta ikasleek ez dute aparteko arazorik izaten besteen aurrean kantatzeko. Baina, jakina, oso garrantzitsua da irakasleek konfiantza-giroa sortzea, ikasleak ziur senti daitezen. Paperean, akatsa nabarmenagoa da, baina, ahozkoan, akatsez ohartu ere ez dira egiten batzuetan, edo ez du horrenbesteko garrantzirik, eta lasaitasuna ematen die horrek, eroso aritzen dira. Gainera, bat-batean sortzeak eta besteen aurrean kantatzeak harrapatu egiten ditu ikasleak. Denek parte hartu nahi izaten dute, eta denborarik gabe geratzen dira maiz. Etengabe parte hartzen ari direnez, oso motibatuta egoten dira. Irakasleak puntua jarrita ikasleek erantzutea izaten da ariketetako bat, eta elkarrizketa horretan, sortzaile izateaz gain, entzule ere bihurtzen dira. Ikasgelan, bertso-saioetako giroa sortzen da, errespetuzko giroa.

Bestalde, euskara lantzeko tresna paregabeak dira bertsolaritzako eskolak. Badira euskara erabat menderatzen ez duten ikasleak, eta, kasu horietan, bertsolaritzaren bidez hizkuntza ezagutaraztea izaten da erronka, bertsoen eta jolasen bidez motibatzen direnez. “Gelan dagoen hizkuntza-gaitasunaren araberako planteamendua egiten dugu. Eremu euskaldunetan eta eremu erdaldunetan gauzak nola landu ikusi behar dugu, eta Iparralderako material zehatza sortzeko asmotan gara, Hegoaldean ulergarriak diren hainbat gauza ez direlako ulergarri han. Lan handia dugu egiteko”, esan digu Eizagirrek.

Hausnarketan murgilduta jarraituko dute aurrerantzean ere: jendaurrean sortzen diren emozioen kudeaketa nola landu aztertu nahi dute, giro aproposa sortzeko zer egin litekeen, ikasleen garapen kognitiboari begira nola egokitu daitezkeen… Izan ere, hizkuntza erdigunean dagoen arren, alderdi asko landu daitezke bertsoaren bidez: musika, emozioen kudeaketa, hezkidetza… Betiere, euskal kulturari eta euskal identitateari ekarpena eginez.


Ikusi genuen puntutik edo testu zati txikiak osatuz hasiz gero, bat-batean egitea posible zela. Hori horrela, bat-batekoa erdigunera ekartzea erabaki genuen.

Mikel Artola


 

Materialgintza

Etengabe egiten ari den gogoeta horren inguruan, curriculuma berritzen doa Batzorde Pedagogikoa, eta materialak berritzen. Praktika errealaren analisia eginez, ikusi dute ikasleek eginez ikasten dutela, eta horrek lotura zuzena du material berrien sorkuntzarekin. Ixiar Eizagirre da materialgintza-arduraduna, eta materiala irakasleek sortzen dutela azaldu digu; ikasgelan, haiek erabiliko dute, eta haien ezaugarrietara eta beharretara egokitutako materiala sortzen dute. “Bertsolariei ere eskatzen diegu materialak osatzeko laguntza. Zorte handia dugu sortzaileekin. Etengabe ari gara material berriak sortzen edo lehendik ditugunak egokitzen, eta etorkizunean horretan jarraitzeko asmoa dugu”, esan digu Eizagirrek. Lehen, testuliburuetan oinarritzen ziren, baina, orain, aukera zabalagoa sortu dute. Testuliburua erabiltzen dute irakasle batzuek, eta karta-jolasak ere erabiltzen dituzte ikasgelako bat-bateko jarduna dinamizatzeko, baina 2018an sortu zuten bertsoikasgela.eus atariaren garrantzia azpimarratu du Eizagirrek: “Material guztia dago han; hainbat eduki partekatzeko aukera ematen du, eta irakasleentzako tresna paregabea da. Irakasleei soilik ez, guri ere informazio asko ematen digu: datu asko jasotzen ditugu handik. Adibidez, geletan gehien erabiltzen den materiala zein den jakin dezakegu, zer irakaslek erabiltzen duen, zein herrialdetan… eta izugarria da jarraipena egiteko. Plataformak ez du edukien mugarik; joan den ikasturtean, Bertsozale Elkarteko 50 irakasle horien artean, 660 eduki erabili zituzten. Eta ez hori soilik; egitasmo honetan, 29.500 ikaslek parte hartzen dute, baina, iaz, 58.000 erabiltzaile izan zituen atariak. Horrek esan nahi du beste jende batek ere tresna hori erabiltzen duela; irakasle batzuek beste ikasgai batzuetarako edo beste maila batzuetan ere erabiltzen dutela. Zabalkunde handia du”.

 

Batzorde pedagogikoa

Bertsozale Elkarteak Batzorde Pedagogikoa du; irakasleak herrialde guztietan dituzte, eta pedagogiaren alorreko gogoetari bide emateko elkartzen dira. Irakasle horiek Mondragon Unibertsitateko HUHEZI Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko bi irakaslerekin prestakuntza-saioak egiten dituzte. Autokonfrontazio-saioak izaten dira: sinpleak eta gurutzatuak. Eskolak bideoz grabatzen dituzte, eta autokonfrontaziosaio sinpleetan, nork bere burua ikusten du tutorearekin batera, eta gurutzatuetan, taldean ikusten dituzte grabazioak. Elkarri ikasgelako ateak irekitzen ari dira, eta oso interesgarria ari da suertatzen, besteen jardunetik asko ikasten ari direlako. Esperientzia sakona izaten ari da; irakasleen artean enpatia sortzen da, eta komunitatesentipena ere indartzen ari da.

Bertsozale Elkartean, 50 irakasleko taldea dute, zazpi herrialdeetan lanean. Herrialdeetan biltzen dira irakasleen mintegiak, eta horko arduraduna Batzorde Pedagogikoan biltzen da. Lantalde horrek prestakuntza jasotzen du HUHEZIn, eta, gero, dinamika hori bere herrialdera eramateaz arduratzen da. Gero eta irakasle gehiagok hartzen du parte, eta horretan jarraitu nahi dute datozen bi urteetan, irakasle guztiek prestakuntza jaso dezaten. Bertsozale Elkarteak berak sortutako prestakuntza-ikastaroak abiatzeko asmoa ere badu, nahi duen orok aukera izan dezan bertsolaritzako irakasle izateko gaitzeko.


 

Bertsoarekin gozatuz, oholtzatik kantari

Bertsolaritza-eskolak eskaintzen dituzte ikastetxeetan Iker Gorosterrazu eta Oihane Perea bertsolariek. Nafarroan aritzen da Gorosterrazu, eta Araban Perea. Pozik daude biak ala biak, metodologia berriak ekarri duen aldaketarekin. Ahozkoa erdigunera eramatea eta ikasleak lehenengo egunetik kantari jartzea positiboa izan dela uste dute. Ikasleek hitzekin jolastuz eta bertsoak josiz euskara aberasten dutela ikusten dute egunez egun. Eta hori guztia gozamenetik egiten dute hizkuntzaz eta bertsoaz gozatuz.

 

Hamar urteko ibilbidea egin du dagoeneko Gorosterrazuk ikastetxeetan bertsolaritza-eskolak ematen, hogeitik gorakoa Pereak. Esperientzia zabala dute, eta ahozkoa erdigunera eraman aurreko eta osteko metodologiak alderatzeko ikuspegia ere badute, beraz, biek. Aldea handia dela azaldu digu Gorosterrazuk: “Ahozkoa erdigunera eramatea aldaketa handia izan da. Hasieran, teoria eta idatzizko bertsolaritza lantzen genituen, eta saioetan aurrera egin ahala jotzen genuen ahozkora. Orain, ahozkotik hasten gara; kantatzen hasten gara hasieratik, eta, gero, idatzizkoa sartzen dugu pixkanaka. Ahozkoa da oinarria: bat-batekotasuna, inprobisazioa”.

“Garai batean, bertsoaren bizkarrezurra edo idatzizko bertsoak osatzeko teknika, arauak eta egitura oso presente genituen lehenengo egunetik. Orain, irauli egin dugu hori, eta askoz eraginkorragoa da. Metodologia berriarekin, bertsogintzak eta euskararen ezagutzak eta erabilerak garapen handiagoa dute”, esan digu Pereak. Irakasleek soilik ez, ikasleek ere oso gustura hartu dute aldaketa. Gorosterrazuren hitzetan: “Beti hartu izan dute gustura bertsolaritza, baina, orain, gozatu egiten dute ahoz, bat-batean, inprobisatuz… . Sormena lantzeko ezin hobea da. Lehenengo egunean inprobisatu egingo dugula esaten diezunean, pentsatzen dute ez dela posible; baina, saioaren amaieran, ohartzen dira baietz, badakitela inprobisatzen, eta pila bat gozatzen dute”. Gozamena azpimarratzen du Gorosterrazuk behin eta berriz: “Nik uste dut gozamenetik ari direla ikasten, eta oso ongi pasatzen dugula denok gelan, bai ikasleek eta baita irakasleok ere”.

Ildo beretik ari da Perea ere. Bertsoa idaztetik oholtzara ateratzera zegoen amildegia desagertu dela dio, eta motibazio handiagoa dutela ikasleek orain: “Metodologia askoz irekiagoa da, eta, ahozkotik abiatzen garenez, parte-hartzea handiagoa da hasieratik. Eskola oso azkar eta bizi doa, jolasean. Emozioz beteta, gainera; urduritasuna, poza… Barre asko egiten dute, eta asko gozatzen dute. Oso azkar pasatzen zaie denbora, eta irakasleok ere asko betetzen gaitu. Gurekin batera gelan egoten diren tutoreek ere, aldaketa bizi izan dutenek, esan izan didate haurrek orain askoz ere gehiago gozatzen dutela”.


Iker Gorosterrazu Nafarroako ikastetxeetan aritzen da, eta hasi berri dugun hau hamargarren ikasturtea du lan horretan. Irakasle-ikasketak amaitu eta berehala hasi zen irakasle-lanetan. Ikasleek gozatu egiten dutela dio, eta oparia dela hori beretzat. Ikastolak, ikastetxe publikoak, eskola handiak, txikiak, eremu euskaldunean eta hain euskalduna ez den eremuan… Aurten, denetariko ikasleak egokitu zaizkio Iker Gorosterrazuri.

 

Arabako Lautadan eta Mendialdeko ikastetxeetan ari da aurten eskolak ematen Oihane Perea. Ikastetxe mota guztietan aritzen da; ikastoletan, eskola publikoetan eta baita kristau-eskolan ere. Hamasei urterekin hasi zen Perea bertso-eskoletan irakasle gisa lanean. Ondoren, irakasle-ikasketak egin zituen, eta 2000. urtetik, Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko langile gisa ari da. Batzorde Pedagogikoan, Arabako ordezkari gisa aritzen da, lanaldi erdiz irakasle, eta beste erdiz kudeatzaile-lanetan. Lan horrek Araban ekarpen handia egiten duela azpimarratu du, eta berak ilusio handiz egiten duela.


Erratza mikrofono lanetan

Materialari dagokionez, bertsoikasgela.eus ataria da erabiltzen duten euskarri nagusia. Arbel digitalean egiten dituzte ariketak, eta karta-jolasak ere erabiltzen dituzte. Nafarroan ez dute libururik erabiltzen, Araban bai. Dena den, materialak egokitzen eta sortzen ari dira etengabe, beharren arabera eta ikasleen ezaugarrien arabera. Pereak, esaterako, horren ohikoa ez den material berezi bat erabiltzen du: erratza. “Nire gelan, oholtza egoten da, eta haurrak sortzera ateratzen dira. Erratza eramaten dut, mikrofono-lanak egiteko. Asko gustatzen zaie. Erratzak jokoa ematen du. Mikrofonoaren erreferentzia hartzen dute, errespetu hori, eta batzuetan, erratzaren kontua oso serio hartzen dute”, dio Pereak barre artean.


 

Euskara lanabes 

Hain euskaldunak ez diren eremuetan, zailtasun handiagoak izaten dituzte ikasleek hizkuntzarekin; baina ikasturteak aurrera egin ahala haien euskara nola aberasten den ikustea benetan polita dela diote Gorosterrazuk eta Pereak. Ni gehien betetzen nauena da euskaraz eta bertsotan gozatzen ari direla ikustea. Ez baitute sekula planteatuko bertso bat erdaraz egitea. Ikasgelan, giro euskalduna sortzen da; haien artean euskaraz aritzen dira, bertsoa soilik euskaraz sortu dezaketelako”, esan digu Gorosterrazuk.

Iritzi berekoa da Perea: “Bertsoak egiterakoan, hasieran esaldien ordenarekin zurrunak diren haurrak gerora metrikara moldatzen dira hitzak tolesteko, mozteko eta sartzeko. Pixkanaka, malgutasunez aritzen dira, hiztegia aberasten dute, eta bestela erabiliko ez lituzketen hitzak erabiltzen dituzte. Hitz berriak ikasi, eta entzumena eta ulermena lantzen dute. Irudimena ere bai, jakina. Hizkuntzaren arloan, garapena handia da, zalantzarik gabe”.

Une horietan, euskara ez dute ikasgai gisa hartzen, jolasteko tresna bihurtzen da. Pentsamendua ere aldatzen die bertsoak; ahozko bertsogintzak zuzenean euskaraz pentsatzera eramaten baititu. Euskarak protagonismo handia hartzen du ikasgelan, eta, ikasturteak aurrera egin ahala, garapen handia dute hizkuntzaren ezagutzak eta erabilerak: “Badira kanpoko kultura batzuk ahozkoagoak direnak, eta gelan ikusi dut etorkinen seme-alabek ahozkorako joera handiagoa dutela eta gozamen handiagoa sortzen diela horrek, Materialari dagokionez, bertsoikasgela.eus ataria da erabiltzen duten euskarri nagusia. Arbel digitalean egiten dituzte ariketak, eta karta-jolasak ere erabiltzen dituzte. Nafarroan ez dute libururik erabiltzen, Araban bai. Dena den, materialak egokitzen eta sortzen ari dira etengabe, beharren arabera eta ikasleen ezaugarrien arabera. Pereak, esaterako, horren ohikoa ez den material berezi bat erabiltzen du: erratza. “Nire gelan, oholtza egoten da, eta haurrak sortzera ateratzen dira. Erratza eramaten dut, mikrofono-lanak egiteko. Asko gustatzen zaie. Erratzak jokoa ematen du. Mikrofonoaren erreferentzia hartzen dute, errespetu hori, eta batzuetan, erratzaren kontua oso serio hartzen dute”, dio Pereak barre artean. Erratza mikrofono lanetan beharbada idatzizkoak ahalegin izugarria eskatzen dielako. Batzuetan, ikasle arabiarrak dira eskua altxatzen lehenak; ez dituzte esaldi biribilak egiten, baina asko gozatzen dute. Eta badira, gainera, hizkuntzaz gaindikoak diren alderdiak: kantaera, belarria… Ontzi komunikatuak deritzon teoria baieztatu dut ikasgelan, eta hizkuntza batean duten gaitasuna euskarara ekartzen dutela ikusi dut”, azaldu digu Pereak.

Iaztik, HUHEZIn prestakuntza jasotzen duten irakasleen talde horretan parte hartzen dute Gorosterrazuk eta Pereak. Asko ikasten ari direla diote biek, eta prestakuntza-saio horiek oparia izan direla dio Gorosterrazuk: “Zer hobetu dezakedan ikusten dut, eta irakasle gisa osoago egiten laguntzen nau horrek. Aberasgarria da, eta asko ikasten ari naiz”. Prestakuntzak babesa eman diela uste du Pereak: “Prozesu horretan, bakarrik egon beharrean, taldean egon gara, giro atseginean eta elkarrengandik ikasiz, eta niri primeran etorri zait”.

Azken urteetan izandako aldaketekin, oso gustura dago Gorosterrazu ere: “Bertsolaritzako irakasleok zorte handia dugu: ikasleak oso motibatuta etortzen dira ikasgelara, eta oso harrera ona egiten digute. Ni oso eskertua nago ikasleek ematen diguten guztiarekin. Topikoa dirudi, baina egia biribila da haiek ikasten dutela, baina guk ere izugarri ikasten dugula haiekin. Oso ongi pasatzen dute, eta oso ongi pasarazten digute”.


 

Jarduna hobetzeko helburuz, pantailatik gelari begira

Mondragon Unibertsitateko HUHEZI Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko irakasleak dira Agurtzane Azpeitia eta Arantza Ozaeta, eta Bertsozale Elkarteko irakasleen talde eragileko kideen prestakuntzaz arduratzen dira. Hilean behin elkartzen dira, arratsalde batez, Azpeitia, Ozaeta, Bertsozale Elkarteko materialgintza-arduradun Ixiar Eizagirre, eta zazpi irakasleko taldea. Gustura daude denak saio horiekin. Ikasgelako jarduna bideoz grabatzen dute, elkarrekin ikusten dute, eta eguneroko praktika aztertzeko eta aberasteko gune paregabea osatu dute horrela irakasleek. Azpeitiak eta Ozaetak, berriz, euren pasioak bat eginda topatu dituzte bertsolaritzaren irakaskuntzaren eremuan. Oinarritzat prestakuntza gogoetatsua hartuta, betiere, bertsolaritzaren eta bertsoaren berezitasunak gelara nola eraman daitezkeen eta irakasleen jarduna zertan den aztertu dute elkarrekin.

 

Bertsozale Elkarteko hainbat irakasleri prestakuntza eskaintzen diezue. Nola planteatzen duzue prestakuntza? Zein dira eskaintzen diezuen prestakuntza horren ardatzak? 

Arantza Ozaeta: Bertsozale Elkarteak urteetan lan handia egin du hezkuntza arautuan, eta hori bistaratzeko premia sortu da. Hezkuntza-berrikuntzaren uholdeak zipriztindu du Bertsozale Elkartea, eta egokitzeko beharra ikusi dute. Konplexutasun handiko egoera dute gainera: zazpi herrialdeetan ari dira, testuinguru soziolinguistiko desberdinetan; irakasle bakoitzak ikasle asko ditu, hainbat ikastetxetan ari delako... Lanbide berezia da, eta bertsolaritzako irakasle batek zer jakin behar duen ikusten saiatu gara, zein den identitate profesional hori eta zein den pertsona horren garapen profesionala. Nola joaten den ikasten bertsoaren irakaskuntza.

Agurtzane Azpeitia: Egunerokoa aztertuta, hausnarketarako gaiak atera genituen. Kezka nagusia zen ea nola egin behar zituzten gelako ekintzak. Gela nola kudeatu, alderdi didaktikoa eta pedagogikoa, aniztasuna… kezka-iturri ziren gai horiek. Bertsoaren eta bertsolaritzaren barnean, hainbat alderdi sartzen dira, teknikaz gain: harreman sozialak, hizkuntza, doinua, musika, alderdi kulturala… Beraz, horren guztiaren aurrean zer estrategia erabili behar diren definitzen hasi ginen. Eta haiekin ere hausnarketa hori sustatzen dugu; elkarrekin eta elkarrengandik ikasteko prestakuntza da.

A.O.: Bertsoa, unitate moduan, idatzian oinarrituta irakasten zuten, eta ikasleak ez ziren iristen bertsoak bat-batean ekoiztera. Baina ahozkoa da bertsolaritzaren muina, eta konturatu ziren badirela zirtoa, puntua, kopla eta horrelako beste hainbat azpiunitate, aukera ematen dutenak haurrek bat-batean eta ahoz jardun dezaten. Beraz, curriculuma irauli, eta unitate txikiago horiek lantzen hasi ziren.

A.A.: Ikusi dute, unitate txikiago horiek landuta, ikasleak bertsoa osatzera irits daitezkeela. Kezka nagusia zen ea nola ekar zitezkeen bertsolaritzak eta bertsoak berezkoak dituzten ezaugarriak gelara; nola egin bat-batekotasun hori erdigunera ekartzeko. Gelan bertsolariaren esperientzia biziarazi nahi zieten ikasleei, eta testuinguru komunikatibo errealak sortu nahi zituzten. Ofizioan, entzule- eta sortzaile-paperetan jarri nahi zituzten ikasleak. Horrek guztiak begirada-aldaketa bat dakar, eta eragin zuzena du ikasgelan.

A.O: Gure prestatzeko modua irakasle gogoetatsuengan oinarritzen da, eta jardueraren analisia egiten dugu. Irakasleak egiten duen horretatik abiatzen gara. Bideoz grabatzen dituzte eskolako pasarte batzuk, eta elkarrekin ikusten ditugu gero. Baina behaketa ez da nahikoa eskolako jarduna ezagutzeko, eta irakasleak esanahia eman behar dio guztiari. Prestakuntza-saioetan, pribilegio hutsa izan da bideoak ikustea. Herrialde ugaritan eta oso eremu linguistiko erdaldunetan ere ikusi ditugu eskolak ematen, eta ikasleek guztietan kantatzen dute. Unitate txiki horiek lantzeak nabarmen errazten du ikasleen parte-hartzea, eta, euskararen ezagutza txikia izanda ere, kantatzen bukatzen dute. Gainera, gozatuz iristen dira kantatzera. Bertsolaritzak agerian uzten ditu eleaniztasunaren barrunbeak, eta gogoeta metalinguistiko izugarri aberatsa sortzen du.


Gure prestatzeko modua irakasle gogoetatsuengan oinarritzen da, eta jardueraren analisia egiten dugu. Irakasleak egiten duen horretatik abiatzen gara

Arantza Ozaeta


A.A.: Ikasleek ahalik eta modurik arrakastatsuenean ikas dezaten nahi dute, eta lanketa handia ari dira egiten. Euskararekiko atxikimenduan eta motibazioan, eragin handia du lan horrek.

A.O.: Bideoetan irakasleen lana ikusi dugunean, praktika komunak daudela ikusi dugu, eta mapa hori osatzen ari gara orain: zein diren erdiguneko praktikak bertsolaritza irakasteko eta ikasteko prozesuan. Ikerketa-galdera moduan planteatzen ari gara ea zer jakin behar duen egiten bertsolaritzako irakasle batek.

Irakasleei eta zuei entzunda, agerikoa da asko gozatzen ari zaretela denok prozesu honekin.

A.O.: Prestakuntza honek guretzat oso-oso interesgarriak diren arloak biltzen ditu. Ahozkoaren irakaskuntza erdigunean dago, eta gure pasioetako bat da hori. Prestakuntza-zientziek aurrerapen handia izan dute azken urteotan, eta guk urteak eman ditugu prestakuntza-arloan. Berrikuntzaren arloa ere ukitzen du: nola berritzen diren curriculumak, nola berritu kalitatea. Hori da gure erronka. Ikasleak euskal kulturarekin, euskararekin eta komunitate jakin batekin lotzen ditu bertsoak.

A.A.: Prestakuntza-eredu honek inplikazio handia eskatzen die irakasleei. Biluztea eskatzen die; gelan egiten dutena kideekin partekatzeko, ahalduntzen joan behar dute, konfiantzazko giroa izan behar dute, epaituak sentitu gabe… Nork berak bere saioa ikusten duenean eta saio horretan gustuko ez dituen gauzak ikusten dituenean, barrenak mugitzen zaizkio; baina non sakondu behar duen, zer hobetu behar duen ikusten du, eta hori oso aberatsa da.

A.O.: Ikasleak ere oso pozik ikusten ditugu bideoetan.

Prestakuntzak luzaroan jarraitzea aurreikusten al duzue?

A.A.: Erdigunean dauden praktikak aztertzeak irakasle berriei laguntzeko bidea emango die, euren artean saioak nola diseinatu azter dezakete… Gurekin lantzen dutena beste irakasle batzuekin partekatzen eta hainbat alderdi gelan lantzen saiatzen dira. Erronka polita da guretzat.

A.O.: Ikasleek sormenerako espazioa dute bertsolaritza-eskolan. Bertsolaritzaren curriculumak ekarpen izugarria egiten dio hezkuntza arautuari, eta alor hori ikertu gabe dago. Gogoeta metalinguistikorako, hizkuntzaren gozamenerako, euskal kulturan bidea zabaltzeko… akuilua izan liteke, eta, gure ustez, ikertu beharreko hainbat alderdi daude.

A.A.: Gainera, Euskal Herria bere osotasunean hartzea oso polita da, eta oso interesgarria da praktika komun bat hainbat testuingurutan nola gauzatzen den ikustea. Errealitate desberdinekin egiten dute topo, eta tokian tokiko estrategiak erabili behar dituzte.

A.O.: Prestasun handiarekin etortzen dira, ikasteko eta sakontzeko gogoz. Gainera, oso dibertigarriak dira, eta barre asko egiten dugu elkarrekin.

Praktika aldatzeko eta sakontzeko benetako gogoa dago, beraz.

A.A: Gogoa eta beharra. Sinetsi egiten dute aldaketak egin behar direla ahozkoa erdigunera ekartzeko, eta, horretarako, egiteko moduak aldatu behar dira.

A.O.: Modu horiek zalantzan eta garapen-bidean jarri.

A.A.: Lehendik genuen erosotasunetik ateratzea, eta sinestea aldaketak onurak ekarriko dituela. Eta modu berriak ongi funtzionatzen duela ikusten ari dira. Gainera, ikasleek gozatu egiten dute: arrakastara eta plazerera eramaten ditu ikasleak praktika honek.