Espetxean ama izatea zer den azaldu ziguten Hazi Heziren 38. alean esperientzia hori bizi izan duten hiru emakumek. Espetxean egonik aita izatea zer den ezagutu nahi izan dugu oraingoan, eta preso egondako bi gizonezkoren esperientziak jaso ditugu. Gogorra da espetxean eta espetxetik aita izatea, harremanak distantzia tarteko eraikitzea eta elikatzea, baina guztiaren gainetik, ilusioa azpimarratzen dute biek ala biek. Ilusioz eta alaitasunez zubiak eraikiz eta irri eginez samurragoa baita egoerarik latzena ere.

Ilusioz eta kezkaz bizi izan zuen Patxi Urangak bikotekidearen haurdunaldia. Biak espetxean izanik, ez zituzten kalean izaten diren erraztasunak esperientzia berri horri aurre egiteko eta astean behin, kristalaz beste aldera sabela nola handitzen zen ikusiz egin zuen haurdunaldiaren jarraipena. Pozez gogoratzen ditu une haiek, baina ezinak ere leku handia hartzen zuen bizi zituen sentimenduen artean. Eta hutsunea azpimarratzen du, distantziak ezarritako hutsunea. Haurdunaldiaren azken hilabetea, gainera, ez zuen bikotearen alboan bizitzerik izan: “Espetxez aldatu zuten amen modulu batera eramateko eta oso gogorra izan zen. Poz handia sentitzen duzu aita izango zarelako baina distantziak kezka areagotzen du”.

Aita izan zela familiak eta lagunek jakin ondoren jakin zuen Urangak: “Biharamunean jakin nuen alaba jaio zela. Dei gazi-gozoa izan zen: alaba jaio zela eta aitona arratsalde hartan bertan hil zela esan zidaten”. Hasiera ez zen erraza izan: aitonaren heriotzaz gain, amaginarreba gaixotu, eta hilzorian egon zen alaba jaio zenean. 20 egun zituela ezagutu zuen alaba Urangak: “Hamar minutuz utzi zidaten bikotearekin eta alabarekin egoten. Moduluko atea zabaldu zen eta han zeuden biak. Besoetan hartu nuen eta ‘Kaixo maitea, aitatxo naiz’ esanez aurkeztu nintzaion. Ederra izan zen. Une majikoa, ingurune triste eta narras batean”.

Alabak 3 urte bete arte espetxe berean egon ziren hiruak baina harekin egoteko zituen uneak eskasak ziren: “Elkarrengandik metro gutxi batzuetara bizi ginen baina ate gehiegi zeuden tartean. Astean bitan ikusten nuen alaba. Astean behin modulu arteko bisita genuen kiroldegian eta ostiraletan senideekin bisita izaten genuen. Asteko momentu onenak izaten ziren haiek. Horrez gain, hileroko aurrez aurreko familiarra eta epaileak emandako auto bidez, hilero egitea lortu genuen elkarbizitza aurrez aurrekoa genituen. Kalkuluak atera genituen eta nik urtebete behar nuen bikoteak alabarekin aste betean ematen zuen denbora tartea osatzeko”. Bisita haiek ederrak eta gogorrak izaten zirela dio: “Haurraren egitekoa ez da helduak ulertzea, eta gerta zitekeen ni ilusioz gainezka joatea eta alabak kasurik ez egitea, adibidez. Batzuetan pila bat jolasten zen nirekin baina beste batzuetan ziur aski sentituko zuen tarte batez ama kentzen ari nintzela… Horrelakoetan, distantziaren ondorioen zama bere gordintasunean sentitzen nuen”.


Kalkuluak atera genituen eta nik urtebete behar nuen bikoteak alabarekin aste betean ematen zuen denbora tartea osatzeko


Preso egonda aitatasuna ezinez bizitzen zuela dio eta bere burua babesteko, errealitateari ihes egiten ziola neurri batean: “Ezina sentitzen nuen, etengabe. Etxera deitzen nuenean izaten nuen bikotearen eta alabaren berri eta zerbait gertatzen zenean, alaba gaixotzen zenean esaterako, beti berandu, hurrengo egunean, jakiten nuen. Halakoak burutik kentzen saiatzen nintzen bestela ezinak jaten ninduelako”.

Espetxeak gizonentzat eraikita daudela salatzen da maiz eta Uranga erabat ados dago horrekin. Zaintza emakumeei dagokie soilik eta aita bigarren mailan geratzen dela salatzen du: “Haurraren hazierari eta hezierari buruzko ardura guztiak amaren gain geratzen dira. Han barruan aitatasunaren kontzeptua ez da existitu ere egiten. Aita gisa ez dugu pisurik: bikoteak ospitalera atera behar bazuen, adibidez, alaba ezin zuen nirekin utzi, kideekin utzi behar zuen”.

Hiru urtez modu horretan eraiki zuten familia, harik eta alabak 3 urte bete eta espetxetik atera behar izan zuen arte. Alaba behin betiko espetxetik atera zenean hutsune ikaragarria sentitu zuela dio: “Aurrez aurrekoa izan genuen eta oso polita izan zen. Alaba oso pozik atera zen. Baina, aurrez aurrekoa amaitu eta elkar agurtu genuenean, atea gure atzean itxi zenean, hutsune ikaragarria sentitu genuen. Bikotea negar batean, ni nola hala eusten… Oso gogorra izan zen une hura”.

Alaba espetxetik atera zenerako, bigarren alabaren zain zeuden eta espetxe aldaketa etorri zen: “Unitate familiarrera gindoazela esan ziguten, han elkarrekin egongo ginela. Baina gezurra zen, eta hara iritsita hainbat baldintza jarri zizkiguten modulu horretan egon ahal izateko. Azkenean 3. gradua eman ziguten eta modulu mistoa zapaldu aurretik atera ginen kalera”.


Haurraren hazierari eta hezierari buruzko ardura guztiak amaren gain geratzen dira. Han barruan aitatasunaren kontzeptua ez da existitu ere egiten


Espetxe berrira iritsi eta hilabetera bete-betean harrapatu zituen COVID-19ak eragindako pandemiak: “Alaba urtarrilean atera zen, eta otsailean aurrez aurrekoa izan genuen. Lehenengoa eta azkena izan zen hura. Azaroaren 6a arte, gu kalera atera arte, ez nuen alaba berriro ikusi. Hala ere, guk zorte handia izan dugu zeren kide askok urteak eta urteak ematen dituzte seme-alabak hilean behin ikusten. Nik ia 9 hilabete eman nituen alaba ikusi gabe baina ume askok eman dituzte hilabete luzeak gurasoak ikusi gabe, eta gainera oraindik ez dituzte etxean”.

Tarte horretan jaio zen bigarren alaba. Egunean bertan eman zioten berria bi funtzionariok, eta hiru egun zituela ezagutu zuen alaba txikia. “Hunkituta bizi izan nuen une hura, pozez, baina era berean alaba zaharrenaren hutsunea oso presente genuen. Laukotea osatzeko laurdena falta zitzaigun”. Hilabete gutxira iritsi zen ezustekoa, Uranga eta bikotea 3. gradua emanda kaleratu zituztenean. Orduan, bai, laukotea osatu zuten: “Espetxetik ateratzeko korridore luzea zeharkatu genuen. Antsietate handiz bizi izan nuen une hura alaba ikusiko nuelako eta lehen aldiz lauok batera egongo ginelako. Espetxe atarira iritsi ginenean, han zegoen alaba zain eta pixka bat atzerago geratu nintzen amaren besoetara nola botatzen zen ikusteko. Une hura oroimenean gorde nahi nuen. Gero atzetik joan nintzen eta besoetan hartu nuen. Oso une ederra izan zen”.

Espetxean ez dago jakiterik egunerokoan aita izatea zer den eta kalean ikasi behar izan du Urangak aita izaten: “Teoria ezagutzen nuen, baina praktikan zero. Ordu beteko bisita haiek jolasteko izaten ziren eta kalera atera nintzen bi alabaren aita nintzela, baina aita izatea zer den jakin gabe. Talka handia izan zen, batez ere, alaba zaharrenarekin. Orain aita papera hartu dut. Jada ez naiz jolaserako tipo atsegin hura soilik, eta bera ere ez da ordu betez ikusten nuen neskatila zoragarri hura soilik. Orain 24 ordu ematen ditugu elkarrekin eta ni aita naiz. Egokitze prozesu hori zaila izan da. Elkar ezagutu behar izan dugu eta une askotan oso-oso gogorra izan da. Hainbat unetan pentsatu izan dut aita izateko ez dudala balio, eta ezinaren ezinez negar asko egin dut. Denbora behar nuen errealitate berrira egokitzeko, baina umeek euren erritmoa dute, ez dute zain egoterik eta nik behar nuen denbora hori ez zen existitzen. Dena batu zen: burua kalean kokatu beharra, bikotearekin bizitzera berregokitzea, eta hori guztia bi haurrekin. Zaila izan da. Gainera, 3. graduan egonik eta kontrol telematikoa jarri arte, hiru hilabete eman nituen astelehenetik ostegunera espetxera lotara joaten eta une zailak bizi izan genituen alaba zaharrena negar batean geratzen zelako. Denbora behar izan zuen itzuliko nintzela egia zela eta jada espetxera itzuliko ez ginela barneratzeko. Orain hori guztia gainditu dugu eta aita eta alaba baten arteko harremana dugu. Txikiarekin, aldiz, bestelakoa izan da dena, harremana egunerokoan eraiki dugulako”.

Bestelako bizipenak izan ditu T.M.-k. Bera kalean zen semea jaio zenean. Bikotekidea, ordea, espetxean zuen, eta jaio eta bi egunera izan zuen semearen jaiotzaren berri. Madrilera joan zen eta ospitalean ezagutu zuen. Lau hilabetera atera ziren kalera ama-semeak eta hiru urtez hiruak elkarrekin bizi izan ziren. Baina, semeak hiru urte eta erdi zituela, ama berriro atxilotu zuten eta T.M.ren esku geratu zen haren zaintza: “Bi hilabetez geratu nintzen semearekin kalean zeren gero ni atxilotu ninduten. Hasieran pentsatu genuen bikotea eta biok espetxe berean utziko gintuztela, baina ez zen hala izan eta hurrengo bi urteak elkarrengandik ehunka kilometrora eman genituen. Semea bi urtez aritu zen hilero bi bidaia egiten. Gerora espetxe berean elkartu gintuzten”.

Zirt-zart, presaka, erabaki behar izan zuten txikia norekin utzi, eta izeba-osabekin eta bi lehengusurekin geratu zen: “Oso gertukoak ziren eta oso babestuta egon zen. Ingurunea ezaguna zuen eta horrek egoera erraztu zuen”. Bat-batean, gurasorik gabe eta beste etxe batean ikusi zuen semeak bere burua, baina ez zen aldaketa bakarra izan, eskolaz ere aldatu baitzuten, lehengusuak joaten ziren eskolara joan zedin.


“Lehenengo urtean nabaritu nion nireganako arrotz sentimendu moduko bat, eta garai hartan gure krisiak izan genituen. Baina gaur egun gure arteko harremana oso ona da. Orain, atzera begiratuta, ez dirudi hainbeste urtez banatuta egon ginenik”


Banaketa oso mingarria izan zela dio: “Bikotea atxilotu zuten egun hura nire bizitzako egunik mingarrienetakoa izan zen. Oso ongi gogoratzen dut une hura: ni sofan eserita pentsatuz ea hurrengo egunean nola demontre azaldu behar nion umeari ama gurekin ez zegoela. Hurrengo egunean azaldu nion ama espetxean zegoela. Jakina, berak ez zuen ulertzen espetxea zer den. Ama ondoan ez zuela zekien soilik. Gutxira ni atxilotu ninduten eta egoera oso gogorra izan zen: semea nola egongo ote zen, hori zen gure kezka nagusia. Nik banekien ongi zegoela, eta kanpokoek ahalegin handia egiten zutela hori horrela izan zedin, telefonoz deitzen nuenean eta semea ongi zegoela esaten zidatenean lasaitzen nintzen baina, hala ere, kezkaz bizi duzu egoera”.

Espetxeratu berritan izan zuten lehen aurrez aurrekoaren amaiera mingarria izan zela gogoratzen du: “Nigana etorri zen, jolasten aritu ginen… Eta atera zenean, arrebaren besoetan zegoela begiratu zidan eta “Aita! Aita! Bazatoz?” galdetu zidan. Hor apurtu egin nintzen”. Une batez ohartu zen zauri bat ere bazuela: “Nik ezin dut esan egunerokotasunean semea faltan ikaragarri botatzen nuenik edota uneoro buruan nuenik, baina urte batzuen buruan konturatu nintzen nire barnean zerbait gertatzen ari zela. Harra barruan nuela. Eta apurtu egin nintzen. Aurrez aurreko baten ondoren negarrez aritu nintzen buelta eman ezinik. Semeari huts egin niola baino ez nuen oihukatzen. Orain ez dut halakorik pentsatzen, baina une hartan ez nuen besterik buruan”.

Bikotea kalera atera zen espetxeratu eta sei urtera. Bederatzi urte zituen ordurako semeak. “Bikotea kalera atera zenean, ikaragarri poztu nintzen baina orduan jabetu nintzen ni barruan geratzen nintzela eta biak kanpoan, bakarrik zeudela, nahiz eta senideen eta lagunen babesa izan”, dio. Semearentzat eta familiarentzat ere ez zen dena samurra izan ama kalera atera zenean. Lehendabiziko urtea semea bizi zen etxean eman zuten, baina gero espazio propioa behar zutela-eta, beste etxe batera joan ziren. Banaketa hori mingarria izan zen umearentzat, bost urtez bere ingurunea izan zen horrekin hautsi beharra izan zuelako, eta koinatarentzat ere oso mingarria izan zen, semetzat zuelako.

Presoak kezkaz bizi du kalean diren seme-alaben egoera. Eta haien berri izateko bideak oso mugatuak dira. Gutunak eta telefono deiak izaten dira etxekoekin harremana izateko bideak, egunerokoari argi eta kolore apur bat ematen diotenak, eta T.M.-k horiek baliatzen zituen semearengana gerturatzeko: “Astero bidaltzen nion gutun erraldoi bat, hamar bat orrikoa, jolasekin, hainbat abenturarekin, komentarioekin… Mugak muga, gauza asko irakasten nizkiola uste dut, eta beti alaitasunez. Modu horretan semearen ondoan egoten nintzen astero. Uste dut eman niezaiokeen guztia eman niola eta gauza asko eskaini nizkiola”.

Telefono deiak batzuetan oso etsigarriak direla azpimarratu du: “Etxera ilusioz deitzen duzu jarriko dela pentsatuz, baina ez dute beti nahi izaten eta jartzekotan, batzuetan, bi segundu izaten dira: kaixo eta agur. Mintzalekuetako komunikazioak eta telefono bidezkoak ez dira egokiak haur txikiekin aritzeko. Harreman egokia izateko modu bakarra aurrezaurreko komunikazioak dira”.

Samurtasunez gogoratzen ditu aurrez aurreko haiek: “Aurrez aurrekora irribarrez sartzen zen. Oso gustura egoten ginen. Hala ere, ni asko urduritzen nintzen eta kezkaz bizi nituen une haiek: gauzak ongi egingo ote nituen edota egindakoa gustatuko ote zitzaion pentsatzen nuen etengabe. Nire buruari asko exijitzen nion”.

3 urteko txikia utzi eta 13 urteko mutikoa topatu zuen kalera atera zenean. “Espetxetik nahasmen handiarekin ateratzen gara. Nirea ez zen etxe batera joan nintzen bizitzera, ama-semeek bazuten eguneroko dinamika, eta pixkanaka egokitu behar izan nuen horretara. Lehenengo urtean nabaritu nion nireganako arrotz sentimendu moduko bat, eta garai hartan gure krisiak izan genituen. Baina gaur egun gure arteko harremana oso ona da. Orain, atzera begiratuta, ez dirudi hainbeste urtez banatuta egon ginenik, elkarrengandik hain urrun egon ginenik. Dena berreskuratzen da gero”.

Semeak, berriz, ez du lehen urte haietako oroitzapenik gordetzen: “Nik uste dut, batez ere, 10 urtetik aurrerako gauzak gogoratzen dituela. Eta barnean, hor nonbait izango du bere harra, baina ez du azaleratzen. Kanpotik begiratuta esango nuke etapa hark ez diola marka handirik utzi, baina ez nago ziur. Hainbat alderdik eragiten dute gure nortasunean eta garai hartako bizipenek utziko zioten arrastoren bat”.