Antxoko ikastolan elkartu gara Lezo eta Pasaiako aita koadrila honekin, eurek jasotako aitatasun-eredutik gaur egun eurek gauzatu nahi duten eredura zer nolako aldeak bizi dituzten azaltzeko.
Umea ikustean, ia “eguerdi on” esan aurretik, begiak atera beharrean, ahoa harridura ikur bihurturik, eta ahotsa ia haserrerai-no goratuz, galdetzen dio andreak gizonari: “Nolatan jantzi duzu umea horrela?”. Aitak ondo polit ikusten du goizean presaren presaz niki marradun eta koadrotako galtzekin jantzi duen alaba. “Hori tipikoa izaten da!”, esan du Haritzek, Eñautek deskribatu duen eszena entzutean, “eta bokatarena ere bai. Umearen bila joan, eta beti bokata ahazten zaizu, eta drama bat egin duzula dirudi!”. Barre artean komentatzen dituzte euren aitatasunaren ajeak Iñigo Rubertek, Gorka Rikondok, Eñaut Beristain Prietok, Alain Idigorasek eta Haritz Beristainek. “Egiten ez badugu, gaizki; eta egiten dugunean ere, ondo ez”, laburbildu du Gorkak gaur eguneko aiten ofizioa. Anekdota hutsak dira Eñautek eta Haritzek deskribatu dituztenak, baina erakusten dute sarri sentitu ohi duten ulertu ezina. Horixe da aitatasunaz hitz egiten hasi eta berehala ateratzen den hitza: ulertu ezina; batetik, emakumea ezin ulertua, eta bestetik, eurak ere ez direla konprenituak. “Inor ez da gogoratzen aitaz”, dio Eñautek. “Akaso, inork galdetzen al dio aitari nola dagoen?”. Ezezkoa diote guztiek buruarekin. “Ados, hirugarrena da aita, baina aitak ere ondo egon behar du. Ama da erditzen dena eta bularra ematen diona, baina aita da ama molestatu ez dezaten bizkartzainarena egiten duena, ama zaintzen duena; bigarrena jaiotzean lehenengo umearekin dagoena; eta amaren eta umearen arteko atxikimendu hori egon dadin aitaren lana oso garrantzitsua da, eta zaila”.
Euren seme-alaben hazieran aktiboki parte hartzen dute orain guztiek, baina, puntu horretara ez dira bide beretik iritsi. Haritzek bezala, Eñautek ere bikotekidea haurdun gelditu zenean —15 egun iraun zizkion ezustekoa igaro ostean— andrea bakarrik ez, bera ere guraso izateko prestatuko zela erabaki zuen. Berak etxean jaso zuen gurasotasun-eredua aldatu nahi zuen, gurasoak beti lanean egoteak sortu zizkion gabezia emozionalik ez baitzuen nahi bere seme-alabentzat. Eñautek “gauza natural” gisa ikusten du aitak gurasotasunean parte har-tzea: “Batetik umeek aita behar dutelako, eta, bestetik, amak ezin dituelako ardura guztiak hartu; superemakume bihurtzea eskatzeak ikaragarrizko desoreka sortzen du bikotean”. Erdi-tzetik beretik ikusi zuen Eñautek bere egitekoa familian euskarria izatea zela, eta hasieran bereziki amaren eta umeen arteko lotura bermatzea.
Beste batzuek, umea jaio ondoren ikusi zuten aitatasuna ez zela uste bezain ofizio erraza. Alain aitatasunaz eta gurasoen rolez hausnartu gabea zen ume jaio berriarekin etxeratu ziren arte, eta errute gogorraren eta puerperio zailaren ondoren, “erlojuaren kontra” ikasten hasi zen: “Ez-kontzienteki izan nuen lehenengo umea, eta orduan hartu nuen nik kolpea!”. Alainek argi dauka aitatasuna kontzienteki hartzen duten gizonek lanaren erdiak eginak dituztela.
Euren seme-alaben hazieran kontzienteki hartzeak etxetik guztiek zekarten eredua alde batera uztea esan nahi zuen, aita lanean oroitzen baitute euren haurtzaro osoan. Ez zuten absente dagoen aita izan nahi, eta bazekiten zein zen baldintza: “umeei materiala ez eta denbora eskaintzea da gakoa”, Gorkaren arabera. “Baina ez da batere erraza, oso zaila da familia eta lana bateratzea”. Haritzek aipatu du lehen-lehenik lana hitza.
Haurrekin ikasten eta gozatzen ari direnaz; seme-alabek euren pozak eta tristurak konpartitzeak sortzen dizkieten sentimenduez; bigarren umearekin sufritutako urte gogorrez; aita-amek euren espazioak behar dituztela; munduratu ez zen familia-kideaz edo alabaren erditzeaz mintza-tzean bost aitek zituzten aurpegierak erabat aldatu zaizkie mahaiaren bueltan dauden aitei lana aipatze hutsarekin. Nekea eta ezintasuna islatzen dute orain euren begiradek. Guztien kasuan, etxetik kanpo egin beharreko lana da seme-alaben hazieratik gehien urruntzen dituen arrazoia, “ahalegintzen gara parte hartzen, seme-alabei kalitatezko denbora ematen eta seme-alabek eman diezaguketenarekin gozatzen, baina oso zaila da egunean 8 edo 10 ordu lana egin behar baduzu”. Haritzek bezala Eñautek eta Gorkak eta denek ere hortxe ikusten dute gakoa, “lana eta familia bateratzea ikaragarri kostatzen zait”, dio Eñautek, eta Haritzek onartzen du, ekonomikoki gauza askori uko egin behar zaiola familiarekin egon ahal izateko. “Gaur eguneko egoerari ezin zaio eutsi”, dio Gorkak, “lehertu egingo da: aitak eta amak ordu pila lana egin eta seme-alabak zintzilik edukitzeak ez du zentzurik; horrela umeak ondo haztea ezinezkoa da”. Haritzek argi dauka zein izan beharko litzatekeen bidea: “beste herrialde batzuetan posible da amak bezala aitak gozatzea eta parte hartzea umeen hazieran, lan eta baimen baldintzek aukera ematen dutelako”. Hemen, aldiz, eurei egokitu zaie andreak eszedentzia hartu eta 8 edo 10 orduz lana egitea, edo baten kasuan bi lanetan jardutea ere.
Irribarreak berriro bueltatu dira aita hauen aurpegietara, euren seme-alaben hazieraren parte izatearekin irabazi dutena errepasatzean; “gure aiten aldean asko irabazi dugu guk”, dio Haritzek. Alainek ere begiradarekin adierazten du kontzienteki parte hartzeak eman dion aberastasuna; aurpegia satisfazioz betetzen zaio 7 urteko alabak sentimenduak nola azaltzen dizkion deskribatzean, “ikaragarrizko poza ematen dizu zuk zure amarekin bakarrik egingo zenituzkeen gauzak zure alabak zurekin ere egiten dituela ikusteak”.
Pozak bezala, une gaziak partekatzea esan nahi du aita izateak. Eñauten arabera, bere bizitzako gauza onenak eman dizkio aitatasunak, “inolako dudarik gabe; baina baita gogorrenak ere”. Seme-alabekiko harremanean norbera nola dagoen, hori izango da giltza, Iñigoren arabera, harreman hori hobeto edo okerrago bideratzeko; “ez bazaude lasai, seguru eta ondo zeure buruarekin, ez zara hala egongo zure umeekin”. Guztiek onartzen dute krisi, kolpe edo astinaldi emozionalak bizi izana lehenengo umearen jaio-tzarekin ez bada, bigarrengoarekin, eta guztiak bat datoz, krisi pertsonal hori gainditzea dela seme-alabekin ondo harremantzeko bidea. Amari buruz sarri esan ohi dena, hau da, umeak amaren ispilu direla, Eñautek beren kasuan ere berdina dela dio, “umearekiko harremanean ikusten duzu zeu nola zauden, eta zeuk zer nolako gabezia emozionalak dituzun”.
Berriro, prestaketara itzuli dira aitak, zer eta nola egin dezaketen jakiteak asko laguntzen diola aitari, azaldu du Alainek. Alabaina, Iñigok zehaztu du aitaren prestaketa berezitua izan behar dela, amak behar duen bezala, aitak ere behar duela propioa. Beste gurasoen esperientziak dira prestaketa ohikoena aita hauentzat, hizketan jarri eta motz gelditzen dira orduak… Antzeko aitak ezagutzeak arnasa eman dietela aitortzen dute, “zu ez zarela apurutan dagoen aita bakarra ikusteak asko laguntzen du”, esan du Gorkak. Alabaina, sarri oasi gisa deskribatzen dituzte antzeko sentsibilitatea partekatzen duten aitak, gaur egun oraindik, aitatasunean gutxi sinesten dela ikusten dute inguruan; Haritzi, esaterako, ea ospitalera zertara joan behar zuen galdetu zioten, haurra berdin-berdin jaioko zela bera han egon gabe ere; edo Gorkari, berriz, erizainak berak esan zion ez enbarazu egiteko erditzeko gelan, haiek ama artatzeko zeudela soilik.
“Eta erditzea zero kilometroa besterik ez da”, dio behin eta berriz Eñautek; Alainek buruarekin baietz egiten du, “hortik aurrera hasiko dira une gogorrak, gozoak, hanka sartzeak eta irakaspenak”.