Xabier Sarasua Iraleko irakaslearen iritzi artikulua.

 

EAEko Hezkuntza Sailak IRALE programa bertan behera uztea erabaki du, 40 urtez aritu ondoren, lehenik irakasleak euskalduntzen, eta azken urteetan haien euskara gaitasuna hobetzen, euskal kulturan eta soziolinguistikan janzten, ahozkotasunaren didaktikan trebatzen eta eragile profila osatzen. Urtean 400 irakasletik gora, hiru hilabetez, buru-belarri euskaran ardazten.

Euskararen eta Hizkuntzen Irakaskuntzarako Institutua sortzear den honetan, ez zaie nonbait garrantzitsua iruditzen irakasleak gai horretan prestatzen eta ahalduntzen jarraitzea; ez behintzat modu trinkoan eta sistematikoan. Izan ere, orain arte horretara bideratutako giza baliabideak eta baliabide ekonomikoak beste zeregin batzuetara bideratuko dituzte: ikerketa, hizkuntza kudeatzaile figurak, materialgintza... Primeran letorke, gehitzera baletor. Baina ez: formazioari kenduko zaio, arlo horietan eragiteko. Horrela ulertzen da Eusko Jaurlaritzaren 2026ko aurrekontu zirriborroan hezkuntza sistema euskalduntzeko partidan ia 4 milioi euroko jaitsiera egotea? Noiz eta irakasleek ikasleak euskaran gaitzeko gero eta zailtasun handiagoak dituztenean?

Maiz entzun dugu euskarak hezkuntzari esker egin duela azken hamarkadetako urrats handienetakoa. Egindakoa ukatu gabe, hizkuntza helburuak betetzetik urruti geratzen garela aitortu behar. D ereduan ikasi duten ikasleen ehuneko txiki batek soilik lortzen du euskaran gaztelaniaren pareko gaitasun erlatiboa edo handiagoa. Eta horrek izen bakarra du, Iñaki Iurrebasok erakutsi duenez: porrota.

Euskara “minorizazio gorrian” dugula ikusita, Euskaltzaindiaren Gogoetaguneak euskara biziberritzeko ezinbestekotzat jotzen du hezkuntzan “jauzi bat” ematea, orain arteko ahaleginei eusteaz gain. Eta dio, ikasleak “hiztun oso” bilakatzeko, gehiago landu behar dituztela arrazoibideak, atxikimendu emozionala, baliabide soziolinguistikoak eta kultur alfabetizazioa. Eta jakina, euskara gaitasuna, ahozkotasuna bereziki. Baina nola lortu hori, irakasle gehienak ere urrun badaude hiztun oso izatetik? Horixe erakusten du UHARRIk egindako Hezkuntzako profesionalen gaitasunak euskararen biziberritze prozesuan azterketak. Eta hala berresten du EHUren IGOA proiektuak: irakaslegaiek ez dutela kontzientzia soziolinguistikorik, askok ez dutela hizkuntza gaitasun nahikorik, erabilera diglosikoa dutela eta euskarazko kulturaren ezagutza falta handia dutela.

Zumitz horiekin ezin arnasgune antzeko otarrik egin. Apustu serioa egiteko unea da, eta apustu horretan irakasleen formazio sendoak izan behar du ardatzetako bat. Nekez egin ohi du gora landareak, hari makila zuzena lotuagatik, jasotzen duen lurra ongarritu eta ureztatu ezean.