Gorka Eraña Lopez de Bergara, Altsasuko Zelandi Ikastetxe Publikoko irakaslearen artikulua.
Ikasgela batean ikasle batek eskua altxatzen du irakasleak egindako galdera bati erantzuteko. Segundo batzuetan isilik geratzen da, zer erantzun jakin gabe. Erantzuteko garaian, nolabaiteko ziurtasun eza adierazten du eta oker erantzuten du. Ikasleak begirada jaitsi eta gelakide batzuk barre egiten dute. Irakasleak erantzuna zuzendu eta saioak aurrera jarraitzen du. Horrelako egoerak, zoritxarrez, sarri errepikatzen dira ikasgeletako egunerokotasunean. Hori kontuan izanik, zenbait galdera pasatzen zaizkit burutik: zergatik dago hain gaizki ikusita akatsak egitea? Zein leku hartzen du edota hartu beharko luke akatsak hezkuntzan?
Betidanik, azkar saihestu edo zuzendu beharreko zerbait bezala ulertu izan da akatsa. Hezkuntza testuinguru askotan, porrotarekin, ezagutza ezarekin edota ahalegin ezarekin erlazionatzen da huts egitea. Ikuspegi horren ondorioz, ikasle askok frustrazioz eta segurtasun faltaz bizi izan dute euren ikaskuntza; erratzeko beldurrez. Baina, uneren batean bide okerra hartzea edota hanka sartzea ez al da ba gizakiaren nortasunaren parte? Pertsonok ez gara programatutako robotak, ezta? Orduan, zergatik hartzen da negatibotzat gure identitatearen parte den zerbait?
Hala ere, egunerokotasunean bizi ohi ditugun egoerek erakusten digute akatsak egitea ez dela ikasteko oztopo bat; prozesuaren funtsezko pausu bat baizik. Ikasteak esploratzea, probatzea, hipotesiak formulatzea, errealitatearekin alderatzea eta, nola ez, akatsak egitea dakar. Ikasleen erroreetatik informazio asko eskura dezakegu irakasleok: nola pentsatzen duten, zer ulertu edota ikasi duten, zer geratzen zaien ikasteko... Beraz, akatsak, hanka-sartze moduan ikusi beharrean, ikasteko eta ikaste prozesua aberasteko aukera gisa uler ditzakegu.
Pedagogia modernoan, ezagutza eraikitzeko prozesu aktiboa da ikaskuntza. Horren arabera, akatsa ez da porrota kontsideratzen; ikaslearen pentsamenduaren leiho bat baizik, haren barne logika eta munduari buruz dituen hipotesiak azaleratzen lagunduko diona. Hori guztia kontuan izanik, ezinbestekoa izan beharko litzateke ikasgelan akatsak onartzea eta ikaste prozesuarentzat aberasgarri ikusten dituen testuingurua sortzea. Segurtasun emozionala eta akatsen analisi kolektiboa sustatzen diren gunea izan beharko bailirateke heziketa eremuak.