Haur eta nerabeen hazieran eta heziketan laguntza eskaintzeko bokazioz jaio zen aldizkari hau duela hamar urte. Helburu horrekin aukeratu izan dira, alerik ale, gaiak eta elkarrizketak. Ez baita erraza guraso lana, ezta hezitzaile ofizioa ere. Txeraz bete ditugu orrialdeak hamar urteotan. Eta hala prestatu dugu esku artean duzun zenbaki hau ere. Pedagogia egin nahi izan dugu ikasturte honetan hezkuntza-politika gaietan sortu den eszenatoki berriaz (Hausnarketagaian) edota haur eta nerabe transexualen errealitateaz gako batzuk eman nahi izan ditugu (Gai nagusian)…

Baina beti ez da posible argia ematea. Informazio lagungarria jostea. Batzuetan errealitateak titular on bat izorratzen du. Eta halatsu izan da 38. honetan ere. Albiste bat emateko gogoz zegoen HAZI HEZI egiten duen erredakzio hau, baina erdizka soilik idatzi ahal izan da berria: Ipar Euskal Herrian soilik kendu ahal izango dute haurrek musukoa ikastetxeko eremuan, alta, Hegoaldean haurren hezitzaile eta gurasook esplikatu beharko diegu zergatik tabernan bai, futbol zelaian bai, kalean bai ken dezaketen musukoa, eta 6 urtetik 12ra, eskola eremuan nahiz eta aire librean egon, lagun artean musukoarekin jarraitu beharko duten. Ez da erraza neurria ulertzea eta haurrei ulertaraztea.

Neurri zorrotzak behar izan dira COVID-19a mugatzeko, eta borondatez eta prest agertu dira uneoro haur eta nerabeak euren askatasuna eta harremanak murrizteko, denon hobe beharrez. Baina aldi berri batera pasa garela esaten ari zaizkigun honetan, normaltasunerako bidean, beste eremuetan neurriak orobat lasaitu direnean, nola azaldu behar diegu 6-12 urte bitarteko haurrei euren eskola eremuan, jolasorduan aire zabalean egonagatik, ezin dutela musukoa kendu? Pedagogia zaildu digu neurriak.

Zenbaki honetan ere, beste behin, Gontzal Martinez de la Hidalga pediatrak kontsultetan argi dio COVID-19a haurren kasuan “infekzio arina eta konplikaziorik gabekoa” dela, ia kasu guztietan. Aurreko zenbakietan ere esan izan du, COVID-19aren ondorio larrienak haurrei ezarri zaizkien gehiegizko murrizketak direla —ezin ahaztu konfinamendu luzeena pairatu zutenak izan zirela—. Deitoratu du pandemiaren aurka neurriak hartu direnean ez direla kontuan izan haurrengan eragindako kalteak. Eta datuak esku artean dauzkagu: Eusko Jaurlaritzak berak jaso zuen ikasleen ia herenak antsietate edo estres handiagoa adierazi duela aurreko ikasturtearen ondoren, ikasleen % 72,3 desmotibatua sentitzen dela ikasteko eta % 65, 4k maila akademikoan okerrera egin duela adierazi zuen. Osasuna integrala bada, har ditzagun buru osasuna ere zaintzeko neurriak.

Haurrak dira aire librean musukoa eramatera behartuak dauden bakarrak, eta are gehiago, haurrak eskola-eremuan soilik daude behartuak aurpegia estaltzera. Neurriak neurrira egin direla izango ote da hurrengo HAZI HEZIn albiste?