Geure buruarekin konektatzeko tresna da barrea.

 

Geure buruarekin konektatzeko tresna da barrea, kontrola askatzeko eta ongizatera heltzeko bitartekoa. Berdin dio bat-batekoa edo entrenatua den, efektu bera izango baitu gure buruan eta gorputzean. Efektu positiboa betiere; algarak sendagai bihurtuko baitira.

 

Irakaslea lanbidez, bizitzarako baliagarriak diren alderdiak lantzen aritzen da orain Manex Beristain: psikomotrizitate saioak eskaintzen ditu, ipuin kontalaria da, heriotzari eta doluari buruzko ikastaroak eskaintzen ditu, bai eta barreterapia saioak ere. Helburu bera du guztietan: pertsona den modura ager dadin eta benetako esentzia atera dezan espazio seguruak sortzea. Pertsonaren kontzientzia eta ongizatea ditu ipar.

 

Azken galdera amari liburuaren egilea zara. Heriotza eta dolua lantzen ditu liburuak eta, hain zuzen ere, heriotzatik abiatuta egin duzu barreterapiarako bidea. Paradoxikoa dirudi…

Heriotzak eta batez ere heriotzaren aurreko prozesu zail hark erabat aldatu zuen nire bizitza. Tristurak bizi erritmoa gelditzera eramaten zaitu, hausnartzera, pentsatzera, gauzak askatzera eta arintzera. Duela lau urte, hezkuntza alde batera uztea erabaki nuen, eta Bartzelonara eta Madrilera joan nintzen barreterapiako prestakuntza jasotzera. Barreterapiak oreka eman dit nire dolu prozesuan, eta saioetatik erabat beteta ateratzen naiz. Niretzat barrea eta dolua guztiz bateragarriak dira, bizitza eta heriotza guztiz bateragarriak diren moduan. Barreterapia saioetan, norberaren barnean mugitzen den horrek guztiak lekua hartzen du; batzuetan, gauza alaiak dira, eta, beste batzuetan, minak.

 

Barrea oso naturala da, berezkoa dugu, baina badirudi ahaztu egiten zaigula barre egitea. Zer gertatzen zaigu?

Ez dakit… Gauzak kontrolatzeari garrantzi handia ematen diogu, eta barrea gerorako uzten dugu. Lagunartean barre egiten dugu, baina sabeleko barre hori, gorputz osoko ehun guztiak mugitzen dituen hori, kontrola galtzen duguneko barre hori, ahaztu egin zaigu. Barrea entrenatu egiten da, ordea, eta zenbat eta gehiago entrenatu, orduan eta errazago aterako zaigu.

 

Bereizi egiten dituzu entrenatutako barrea eta barre espontaneoa. Azalduko al duzu?

Barrea eragiteko, txorakeriaren bat planteatu behar da, edo ariketaren bat egin behar da, eta taldea oso garrantzitsua da, taldearen babes horrek ondoren errazago eramango baikaitu barre naturalera. Gure garunak berdin-berdin askatzen ditu hormonak barrea entrenatua denean edo espontaneoa denean; ez du bien arteko bereizketarik egiten.

 

Ez al du bereizketarik egiten?

Ez. Garunari informazio bera iristen zaio bi moduetara; ongizate hori modu berean prozesatzen du.

 

Eta zer onura ditu barreak?

Teorian, onura fisikoak eta onura emozionalak ditu. Nire kasuan, jarrera iraunkor batera eraman nau, nolabait, eta arazoen aurrean beste era batera kokatzeko oso tresna indartsua dela uste dut.

 

Zertan lagundu dezake barreterapiak?

Bidaia bat da. Norberaren barruko umearekin konektatzeko modua da, plazera bizitzea, gozatzea. Espazio seguru batean, errespetuzko espazio batean, geure burua aurkitzen joaten gara, lotsak eta erresistentziak alde batera utzita. Liberazio emozionala eta liberazio ideologikoa dakartza, eta konfiantza berreskuratzen laguntzen digu. Barreterapia saioetan, gorputza da protagonista; burua eta kontrola albo batera uzten ditugu, eta horrek egunerokotasunean ere gauzak beste modu batera hartzen laguntzen digu. Bi orduko bidaia egiten dugu plazerera eta gozamenera.