Ana Malagon | Idazlea

Boletoak izan ditut, adina eta afizio absurdoengatik batez ere, eta porrot egin dut hala ere. Harremanetarako dudan talentu eskasari bota niezaioke errua. Baina honetarako ez dago formularik eta saiatzea ere kaltetan da: naturalki gertatzen ez bada ez du balio. “Izeba guai gaztea” titulua tonbolan galdu izanarekin hasperentxoren batek ihes egiten dit batzutan, onartzen dut. Karteran, edo XXI. mende honetan baliokide den sakelako telefonoaren pantailaren fondoan inoren argazkirik ez daramadan arren, noizean behin gizakiekiko sentimenduren bat izateko gai naizelako, ez pentsa.

Inguruan izan duenarentzat oso preziatua da heldu aliatua. Ez da inoren guraso. Egia esan, ez da inoren ia ezer. Besteak beste protekzionismo parentalak desagertzeko bidean jarri duen izaki mitologiko honen nire gorpuzkera gogokoena ardoarekin apur bat pasatzen denean mahaian dauden beste helduen lotsarako mingaina arintzen zaion izeba edo gurasoen lagun ezkongabearena da. Kontzeptua ulertu didazuelakoan nago.

Haurtzarotik nerabezarora eta handik heldutasunerako nabigatzea zuzen marrazturik dago baina zuzentasun hori ziurtatzeko presiorik ezean helduok badakigu zirkulu eta jirabirak dituen oso bestelako zerbait dela errealitatea. Hobeto daki heldu aliatuak.
Helduen mundua ulergarriagoa, edo behintzat, jasangarriagoa da haurrarentzat, gurasoek eta lekuko agintariek eragindako asfixiari aurre egiteko, oxigeno maskaratxoa bere zaurgarritasun eta asfixia propiotik luzatzen duelako heldu aliatuak. Hezkuntza eta erantzukizun sistemetatik at dauden anakronien liluren kaxaren giltza du. Nahigabeko kurrikulum honi “heziketa sentimentala” deitu zaio izen hobe baten faltan, baina gutxi du Flaubertenaz (ala asko). Eta ez du ez forma, ez xede, ez metodologiarik.

Printzipioz, ez du ezertarako balio. Aurreikuspen guztien aurka, balio du.

Berari esker, orduan haur bat zena, zerbait arrunt eta inperfektua ulertzeko gai den heldua da gaur. Heldutasunaren nahasmen eta minaren aurrean, aliatuaren konpainian haur edo gaztaroan egindako bidea oroituz, ez da hain arrotz, hain bakarrik senti-
tzen. Zeharka datorkio burura, non eta noize-
kin batera, etsaia ez zen heldu bakarraren memoria. Konpromisorik gabe munduaren xarma eta miseriak azaldu zizkionak ikusi ezin dezakeen esku bat jarri dio sorbalda gainean. “Ulertzen duzu orain?” galdetzen dio inondik aliatuak. Beharbada orain bai.

Lasai, nire inguruko guraso astun maiteak. Besamotza naiz, ez naiz etorkizuneko sorbaldarik ikutzeko gai izango. Baina aizue, oso ona ardo hau.