Ohiko banketxeetan izaten ditugu gure aurrezkiak. Baina gure dirua ez dago kontu korrontean geldirik, nahi eran erabiltzen eta inbertitzen dituzte gure sosak. Maiz, gurekin bat egiten ez duten egitasmoetan. Fiare banku etikoa da alternatibak badirela erakusten duen adibide garbi bat: gure dirua seguru dago bertan eta inbertsioak ekonomia sozialaren eta solidarioaren eremuan baino ez dituzte egiten. Finantzaz haratago sarea arlo horretan ari da lanean.
L au erakundek osatzen dute Finantzaz haratago sarea: Elkarcredit, Oikocredit, Mugarik gabeko ekonomilariak eta Euskadiko finantza etikoen elkarteak. Finantzaz haratago sareak finantzen arloko heziketa kritikoa eta etikoa bultzatzen du. Ekonomia sozialaren eta solidarioaren alternatibak azaleratzea dute helburu nagusi. Sare horretako kide da Javi Eguiara.
Finantza etikoen arloan egiten du lan Finantzaz haratago sareak. Azalduko al zeniguke zer diren finantza etikoak?
Betidanik ezagutu dugun ekonomia ortodoxoaren eta kapitalaren alternatibak zein diren ezagutarazi nahi dugu. Adibidez, Fiare banka etikoa banka tradizionalaren alternatiba da. Banketxe horrek zure dirua gizartearentzat eta ingurumenarentzat onuragarriak diren proiektuetan inbertituko dutela ziurtatzen dizu, ez dutela sekula armetan edo ingurumenari kalte egiten dioten enpresetan inbertituko. Pertsona erdigunean jarri nahi dugu eta dirua baliabide bat besterik ez dela erakutsi nahi dugu.
Fiare banka etikoa aipatu duzu. Nola kokatzen da banketxe tradizionalak hain indartsuak diren merkatuan?
Fiare errealitatea da dagoeneko. Bilbon sukurtsala du eta ekonomia sozialaren eta solidarioaren arloan negozioak, ideiak edota proiektuak finantzatzeko aukera ematen du. Pertsona fisikoek kreditu-txartelak edo zordunketa-txartelak ere izan ditzakete. Dirua ateratzeko kutxazainik ez da, baina beste banketxe batzuekin egindako hitzarmenei esker, handik atera liteke eta nomina helbideratu daiteke. Banketxe handiekin lehiatzeko hainbat zailtasun ditu, baina banka etikoa erabiltzeko aukera erreala da.
Beldurra ere izan dezake jendeak. Pentsa dezakete euren dirua ezdela seguru egongo.
Bai. Edo eskaintzen dituen zerbitzuen gaineko zalantza izan dezakete. Ezezagutzak alternatiba serioa ez dela pentsatzera bultza gaitzake, baina ohiko banketxeen modura funtzionatzen du.
Finantza etikoen alorrean banketxeei buruz hitz egiten ari gara, batez ere. Zer beste alor sartuko lirateke?
Inbertsioak ere egin litezke. Oikocredit erakundeak, adibidez, gizartea eta ingurumena kaltetzen ez dituzten egitasmoetan egiten ditu inbertsioak garatze bidean dauden herrialdeetan. Inbertitutako dirua kafe kooperatiba bat aurrera ateratzeko izan liteke eta bertako langileek lan baldintza duinak izango dituztela ziurtatzen dute. Tokiko garapenerako proiektuak izaten dira.
Zergatik da garrantzitsua finantza etikoak bultzatzea?
Banketxe handiek posizio argiak dituzte, marketing ikaragarria dute eta pixka bat arakatu ezean merkatuko alternatiba bakarra direla dirudi. Hezkuntza formalean sartzen hasiak zirela ikusi genuen, euren buruaz hitz egiteko espazioa zutela, eskaintzen dituzten zerbitzuen eta egiten duten lanen berri emateko aukera zabaltzen ari zitzaiela. Horregatik erabaki genuen Finantzaz haratago sarea sortzea, ekonomia soziala eta solidarioa kontsumo- -eredu eta bizimodu gisa ezagutarazi beharra ikusi genuelako. Bide horretan hainbat material lantzen hasi ginen eta eskoletan esku hartzen hasi ginen.
Heziketa behar da, oraindik oso ezjakinak baikara arlo horretan.
Bai. Ikasleen profilaren arabera, gaira gerturatzeko modu bat edo beste erabiltzen dugu. Nerabeekin aritzen gara (DBHko 3. eta 4. mailetan eta Batxilergoan) eta gaia ezagutzen ez dutenean modu ludikoan aritzen gara: jolasak, rap saioak, escape room-ak… Gaia apur bat ezagutzen dutenen kasuan, hitzaldiak eskaintzen ditugu. Irakasleek gida modura erabil dezaketen unitate didaktikoa ere argitaratu dugu. Hezkuntza formalean esku hartzeaz gain, eskoletatik kanpo hitzaldiak eskaintzen ditugu eta zenbait jardunalditan edota forotan parte hartzen dugu.
Banketxe tradizional batetik banka etikorako jauzia egitean erabaki politiko sakona da, ezta?
Bai. Batzuetan ez dugu horretan pentsatzen, baina dirua noren eskutan uzten dugun erabaki politikoa da. Ohiko banketxeek geure dirua etekin ekonomikoa ateratzeko erabiltzen dute eta finantza etikoek, aldiz, proiektu jakin batek gizartean edota ingurumenean duen eraginaren arabera neurtzen dute etekina. Balore batzuen arabera egiten dute lan eta pertsonak erdigunean jarriz. Banku etikoa, bidezko merkataritza, tokiko kontsumoa… Ekonomia soziala eta solidarioa zirkuitu baten modukoa da. Finantza etikoek guretzat balio handikoak diren proiektuak finantzatzen dituzte eta proiektu horiei esker banku etikoak lana du. Elkar eragiten dute denek.