Gero eta guraso gehiago ari dira elkartzen euren seme- alabei sakelakoa emateko adina taldean atzeratzeko, telefonoaren erabilera goiztiarrak ondorioak baititu. Helduok ere badugu zer hausnartu.
Esperientziak erakutsi digu sakelakoaren gehiegizko erabilerak eta erabilera goiztiarrak arazo larriak ekartzen dituela. Bereziki haurrengan eta nerabeeengan jarri dugu arreta, gero eta adin txikiagotan ari baikara jokabide nahasmenduak ikusten pantailen eta sare sozialen eraginez. Eta, behingoz, gurasoak elkartzen hasi dira han hemenka, eta batzuetan, gainera, herri mailan, sakelako propioa izateko adina atzeratzea ez baita familian, etxean eta banaka borrokatu beharreko gerra. Telmo Lazkanok eta Miren Rosek Elkarrizketa Nagusian esan digutenez, funtsezkoa da gai horretan familiek bat egitea, taldean erabakitzea gure seme-alabei ez diegula garaia baino lehenago emango mugikorrik: "Ikaragarrizko babesa da gerra etxean banaka kudeatu beharrean, taldean joatea".
Tolosan, gainera, familiatik, ikastetxera eta ikastetxeetik kalera eta herrira atera dute auzia, eta udala eta merkatariak ere inplikatu dira arazo horri aurre egiteko. Herri hezitzailearen benetako izpirituarekin bat egiten du Tolosako ekimenak, gai nagusian esaten den moduan, gutxitan gertatzen da herri oso bat ekimen beraren inguruan biltzea, Tolosan heziketa-gai bat ardatz hartuta lortu dute, eta eredugarria da beste herrientzat.
Gurasook eta hezitzaileok eredugarri ote garen ere pentsatu beharko genuke. Pantailen gaian, sakelakoaren eta sare sozialen gaietan, haurrei eta nerabeei eredu ona ematen ari ote gatzaizkien. Mar Romerak Tolosan bertan Herrikide ikastetxean eman zuen hitzaldian esan zuen moduan, “benetan engantxatuak” gurasook baikaude: “Utzi pantailak eta egon zuen buruarekin eta zuen seme-alabekin, egon. Gurasoak gara benetan pantailetara engantxatuak gaudenak eta geure baitari eta umeen benetako premiei arreta jartzen ari ez garenak. Eta gero, arazoak datoz; etorriko ez dira ba!”.
Altxa dezagun, bada, burua helduok! Sinatu dezagun paktua.