Aurreneko Hazi Hezitik haur bakoitzaren bakantasuna aitortzearen eta haurren erritmoak errespetatzearen aldeko apustua egin dugu, hala mugimenduaren garapenari dagokionean, baina baita garapen pertsonal eta sozialari dagokionean ere. Trokelik gabeko haziera eta hezkuntzaren alde. Baina trokelak, normak, estandard-ak, “normalak” indar handia du, korronteak bezala. Haurraren mugimendua errespetatzeak haurra bera den bezala errespetatzea esan nahi duela genion bigarren zenbakian.  Orain mugimendu asketik harago, izaki sozial gisa normak, trokelak haurrengan —familiengan, jendartearengan— ezartzen duen presioaz hausnar-tzeko Amelia Barquin irakaslea ekarri dugu 9. zenbaki honetako elkarrizketa nagusira. “Gurasook esaten dugu oso garrantzitsua dela umeen izaera eta erritmoak errespeta- tzea, baina, bestalde gure umeak estandard horretara hurbildu daitezen —edo hurbildu ditzagun— presioa sentitzen dugu”. Estandard-ak ez dio aniztasunari lekurik uzten.

“Aniztasuna”, hitz usatua da, gorapaitua diskurtsoan, gutxietsia praktikan. Baina aniztasuna ez da soilik kulturarteko aniztasuna, edo immigrazioa; aniztasuna gorputzetan dago —argala eta liraina, sendoa eta indartsua da estandard-a—, aniztasuna erritmoetan dago —mugimenduaz, hizkuntzaz, irakurketaz, ikasketez azkarrago/mantsoago jabetzen gara—, aniztasuna sexualitatean dago, interesguneetan... “Gakoa askatasuna da —dio Barquinek— gure buruarekiko eta besteekiko”.

Askatasuna, “norbera izateko askatasuna”, gakoa da, halaber, Barquinen aburuz, genero-rolek dakarten bereizkeria gainditzeko ere. “Ez ditugu berdin hezten neskak eta mutilak; batzuk gure gizartean prestigio gehiago duten balioetan hezten ditugu eta besteak gutxiago dutenetan”. Zer pentsatua ematen du jaiotzetik —edo are gehiago, ekografiak haurra neska edo mutil den esaten digunetik— zeinen bide ezberdinetatik gidatzen ditugun semeak eta alabak.

Izenetik, dagoeneko, bereizten dugu izana. Ez da gauza bera Lili izenak iradokitzen duena, eta Harkaitz-ek iradokitzen duen. Izenen bidez transmititzen ditugun balioez —genero balioez— hausnartzera gonbidatzen gaitu Idurre Eskisabelek eztabaidagaian. “Oso desberdina da inork Ekaitz edo Harri izenarekin bere autoerrealitatea eraikitzea edo Estitxu eta Maitane izenekin egitea”.