Haurren etengabeko eskaeren aurrean nola jokatu hobeto ulertzeko argibideak eman ditu Lourdes Otermin psikologoak. Horretarako bereizi egiten ditu desioa eta beharra eta desioari nola erantzun azaltzen du. Alta, garrantzitsua da atentzioa gurasoengan jartzea: “Gurasoek funtzionatzen duten moduan egingo dute seme-alabek eta horregatik garrantzitsua da muga batzuk adostea”.

Aita, ama, hau erosiko? Gurasoak askotan aurkitzen dira egoera horren aurrean, eta hor pizten da askotan zalantza, benetan behar duen, edo benetan egokia den eskatzen ari den hori ematea. Nola jokatu egoera horien aurrean haurren garapenean aurrera egiten laguntzeko? Hortxe dago erronka. Lourdes Otermin psikologoak haurren beharrei eta nahiei modu egokian erantzuteko gakoez hitz egin du HAZI HEZIrako. Bere ustez, beharrak asetu egin behar dira beti, baina haurraren nahiak kontuan hartzea ere garrantzitsua da.

Psikologoarentzat gai hau lantzerako orduan, inportantea da azentua gurasoengan jartzea. “Haur baten beharrez eta nahiez hitz egiteko orduan, gurasoen edo haur horren zaintzaz arduratzen diren helduen funtzioak zeintzuk diren azpimarratzea gustatzen zait niri: nahigabe mentalari eustea, egoera horretaz hausnartzea, maitatzea eta itxaropena sortzea. Haur batentzat gurasoak dira bere bizitzako elementu inportanteena eta gurasoek umeari zer gertatzen zaion ulertzen saiatu behar dute”.

Haurtzaroan behar fisiologikoak zein afektiboak izaten dituzte umeek eta Oterminek aipatzen duenez, beharrak asetu egin behar dira beti. Bestela, beharrak ez badira ase-tzen, arazoak sor daitezke eta luzera begira eragiten dute. “Bizitzako lehen urteetan gurasoek saiatu behar dute umea ulertzen eta zer gertatzen zaion pentsatzen, sor-tzen zaion nahigabeari eusten, eta alboan egoten. Atxikimenduarekin du zerikusia horrek eta esperientzia horien bidez haurra poliki-poliki 
joango da bere buruari eusten”. Kontatzen duenez, gurasoek jartzen dituzte martxan umeengan ahalmen horiek eta horregatik guraso sendo batzuk behar dituzte alboan: “Babestuak izango diren ziurtasuna behar dute, eta ulertuak eta maitatuak direla sentitu”. 
Horiek izango lirateke beharrak eta garrantzitsua da psikologoaren-tzat behar horiei erantzun egoki bat ematea, etorkizunean arazorik ez egoteko. Aldiz, desioak ez betetzeak frustrazioa eragiten du. Baina adituak dioenez, frustrazioa ez da txarra umearen garapenerako: “Desioak oso inportanteak dira, bizitzaren motorra direlako. Niri amak esaten zidan, ‘nire gogoan dago nire zangoa’, eta helduok ere esaera hori oso presente daukagu gure bizitzan”. Desioek, beraz, zentzu bat ematen diote bizitzari eta umeek ere desiratu egin behar dute, eskatu egin behar dute Oterminen aburuz: “Gero gurasoek pentsatu beharko dute zer egin desio horrekin, egokia den momentu horretan umearentzako, itxaron behar duen edo ez duen itxaron behar. Baina umeek desira-
tzea inportantea da. Atsekabe izugarria eragiten dit haur bati Olen-tzerori zer eskatuko dion galdetu eta ‘ezer ez’ erantzuten duenean, ‘nahi duena ekar dezala’ esaten duenean. A ze nahigabea. Horrek, agian, berak eskatu baino lehen gurasoek zerbait eman diotela adierazten du, eta, ondorioz, kendu diotela desiratzeko beharrezkoa duen espazio hori”.

Garrantzitsua da Oterminentzat umeak zerbait nahi duela adierazten duenean bere desioa baloratzea, eta kontuan hartu dugula jakinaraztea: “Baloratu esanez guri ere interesantea iruditzen zaigula, eta desio hori bere buruan gordetzeko esan diezaiokegu. Oso inportantea da nola esaten diren ezezkoak. Ezezko zuzen bat ematen zaionean ume bati, zer egiten du? Sumindu egiten da. Baina helduoi ere berdina gertatzen zaigu. Zenbait gurasok umeak mimatuak izango direnaren beldurra izaten dute, eta orduan beti ezezkoak ematen dituzte, baina horrela ezin da bizi. Bizitzan beti irabazi behar du baiezkoak, alderdi gozoak nagusitu behar du sufrimenduak eta nahigabeak jasateko. Bestela oso zaila da”.

Arauak gogoratu eta eutsi
Haurrari desio duen hori balora-tzeak ez du esan nahi, hala ere, nahi duena egiten utzi behar zaionik. Psikologoak aipatzen duenez, oso garrantzitsuak dira arauak edo mugak: “Opariekin adibidez, garrantzitsua da umeari gogoraraztea noiz jasotzen diren etxean opariak; Olentzerotan edo urtebetetzeetan, adibidez. Ordurako gorde dezake eskatzen duen hori, eta modu horretan itxaroten ikasiko du. Itxarotea ere ona delako eta frustrazioari aurre egiteko tolerantzia landuko du”. Hori lantzerako garaian, umea temoso jarri daiteke, eta egoera horretan garrantzitsua da Oterminentzat guraso bezala momentuari eustea. “Haurrari eutsi egin behar zaio eta hor egon bere ondoan. Azaldu gurasoaren ikuspuntutik hori ez dela ona beretzako eta ez diotela emango, azalpen bat eman eta eutsi, eta pasako zaio”.

Psikologoak aipatzen duenez, haurrak babesa behar du eta babesa da bere ondoan egotea eta laguntzea, baina hor pasa gaitezke gainbabestera, eta hori “penagarria” dela uste du: “Izan ere, gertatzen da baita ere guk egitea dena bere partez. Baina umeak ere bere burua erabili behar du, eta ezin diogu esan denbora guztian zer egin behar duen. Berak ere esfortzu bat egin behar du. Demagun 100 euro balio duten zapatilak eskatu dizkigula gure haurrak. Azaldu behar zaio gurasoek zapatiletarako diru kopuru jakin bat jar dezaketela. Diruaz ere hitz egin behar da, denok gaudelako mugatuta diruarekin. Orduan, beharra hor egon daiteke, zapatilak hondatu zaizkiolako adibidez, baina marka jakin batekoak nahi baditu, negoziatu dezakegu berarekin. Agian ezin dugu momentu honetan hori baimendu, edo agian urtebetetzerako itxaron behar du. Edo negoziatu dezakegu berarekin modu honetan: gurasoek diru kopuru bat jarri dezakete, eta falta dena bera aurrezten joatea izan daiteke beste aukera bat. Eta bere nahia benetako nahia baldin bada, egingo du, itxaron egin beharko du, baina egingo du, berak hori desio duelako. Eta hori ere oso interesantea izan daiteke, bere esfortzua ere hor dagoelako”.

Eredu izan eta lagundu bidea egiten
Desio eta kapritxoen aurrean nola jokatu ikasten joateko, eredu izatearen garrantzia azpimarratzen du psikologoak. “Gurasoak kapritxosoak badira, eredu hori jasoko dute seme-alabek. Orduan, hori landu nahi badute beren haurrarekin, aurrena beraien buruarekin hasi behar dute. Kapritxoak eduki ditzakegu eta guztiok erosten ditugu gauza batzuk kapritxoz. Eta beti presente eduki behar dugu hori; gurasoek funtzionatzen duten moduan egingo dutela seme-alabek. Horregatik oso inportantea da gurasoek egoera horietan muga batzuk adostea”. Hala, helduon ekintzen testuinguruan, zenbait momentutan haurrekin malguak ere izan behar dugula aipatzen du: “Asteburuetan, adibidez, trago bat hartzera ateratzen garenean edo pintxo batzuk jatera, haurrei ere ireki behar zaie atea, eta beraiei ere zerbait eman beharko zaie. Eta hori egiteak ez du esan nahi gaizki hezten ari garenik”.

Oterminen arabera, umeek behar dutena gurasoen disponibilitatea da. Entzunak sentitzea, pertsona bezala inportanteak direla jakitea, eta maitatuak izatea. Eta zer da maitatua izatea? Disponibilitatea eskaintzea, entzutea, onartzea, balioestea eta errespetatzea. “Ume baten bizitzan gurasoak dira elementu inportanteena, eta beraien bizitzeko eta pentsatzeko moduaren arabera ikasten dute haurrek ere harremanetan. Horren arabera ikasiko dute seme-alabek mundu honetan egoten”.