Cecilia Ruiz Montoya, Migrazio gaietako psikologoa
Cecilia Ruiz (Chihuahua, 1981) jaiotzez mexikarra da, baina 18 urte daramatza bere jaioterritik kanpo hainbat lekutan bizitzen. Egun Euskal Herrian bizi da. Migrazio gaietan aditua eta psikologia transkulturaletan espezializatua da eta bidelaguntza eta terapia eskaintzen ditu Viviendolejos webgunetik. Hiru alabaren ama da.
Psikologoa eta etorkina zara zu zeu Cecilia, eta, hain zuzen ere, migrazioak ekar ditzakeen estres migratzaileari eta txoke kulturalari aurre egiten laguntzeko estrategiak eskaintzen dituzu. Zein izaten dira migrazioek eragiten dituzten estres handienak?
Beste herrialde batera migratzea esperientzia zirraragarria izan daiteke, baina baita beldurgarria ere, eta erronka emozionalak eta psikologikoak ekar ditzake. Hizkuntzaren oztopoa estres handia eragiten duen faktore bat da. Ez da soilik komunikatzeko zailtasuna, baita zeure burua ez azaltzeko sentsazioa edo inguruan gertatzen dena ez ulertzekoa ere. Beste aspektu garrantzitsu bat ohituren eta arau sozialen talka izan daiteke. Askotan ez gara ohartzen gure kulturako ohiturek zer-nola definitzen gaituzten arau horiek ez dauden edo desberdinak diren beste ingurune batean egon arte. Horrek desorientazioa eta frustrazioa eragin ditzake. Garrantzitsua da, baita ere, familia eta adiskideak atzean uztearen gaia, hutsune emozional handia eragin baitezake. Horrez gain, egokitzapen laborala eta ekonomikoa zailak izan daitezke, batzuetan espektatibak ez baitira betetzen.
Baina sakonena eta, askotan ikusezinena, barneko nortasun talka izaten da. Batzuetan, gure bizitza berrira egokitzen saiatzen garenean, gure nortasuna zaintzea ahazten zaigu, nola ikusten dugun geure burua eta zer izan nahi dugun. Krisi horiek antsietate handia eragiten dute, baina pertsonalki hazteko aukera handiak ere izan daitezke. Garrantzitsua da faktore horiek hor daudela aitortzea eta ez ikustea gainditu ezin diren oztopo moduan, baizik eta egokitzapen prozesuaren parte bezala.
Gurasoak lurralde berrian eta haurrak jaioterrian gelditzen dira migrazio prozesu askotan; eta, beste batzuetan, familia osoak migratzen du. Zer-nolako egoerak bizitzen dira kasu batean eta bestean?
Bi kasuetan erronka garrantzitsuak izango dituzte aurrean, baina ñabardurak desberdinak dira. Familiako kide gutxi batzuek migratzen dutenean eta besteak jatorriko herrialdean gelditzen direnean, distantzia emozionala eta banaketa sentimendua izango dira estres iturri nagusienak. Aldiz, familia osoak elkarrekin migratzen duenean, egokitzapeneko erronkak are konplexuagoak izan daitezke. Ingurune berrira egokitzea erronka kolektibo bihurtzen da, eta familiako kide bakoitzak aurre egin beharko diete beren beldurrei eta frustrazioei. Seme-alaben kasuan, adibidez, hezkuntza sistema eta hizkuntza berrira egokitzeko zailtasunak eduki ditzakete. Gurasoak aldiz, gain hartuta senti daitezke, laneko erantzukizunengatik eta etxearen kudeaketagatik, ingurune arrotz batean.
Psikologo moduan, nire ikuspegia, bi kasuetan, familiei konexio emozionala eusten laguntzea izango litzateke. Elkarrekin migratzen duten familien kasuan, etxe barneko babesa indartzea garrantzitsua da. Batzuetan familiako kide bakoitza galduta sentitzen da bere kasa, baina euren emozioak eta esperientziak partekatzen ikasten baldin badute, elkarren erresilientzia sendotzeko iturri bihur daitezke.
Amatasuna da lantzen duzun beste gai zehatzetako bat: nola hazi umeak sarerik gabe eta bakardadean? Zein izaten dira egoerak, desafioak eta ama horiek bizi dituzuen zailtasun handienak?
Haur bat gertuko babes sarerik gabe haztea ama batek bizi dezakeen esperientzia desafiatzaile eta bakartienetakoa izan daiteke. Nik familia ugariaren ama moduan, bizi izan dut dena zeure gain gelditzearen zama. Batzuetan erantzukizunak ikaragarria dirudi, bereziki behar duzun arnas hori emango ez dizun senitartekorik edo lagunik gertu ez duzunean. Babes sarerik ez daukaten amek hainbat zailtasuni egin behar izaten diete aurre: neke konstantea, isolamendu sentsazioa eta ziurgabetasuna, momentu bakoitzean erabaki zuzena hartzen ari ote zaren ezin jakitea.
Estres emozionala pisutsuagoa bilakatzen da haziera, etxea eta askotan, lana kudeatzeaz gain, beti indartsuak izateko presioa baitaukagu. Zure seme-alabez inguratua egon arren beti bakarrik sentitze horrek asko zaildu dezake amatasuna. Nire esperientziatik, urteotan ikasi ditudan estrategiak gomendatuko nituzke: lehentasuna eman bikoteko komunikazioari; errutina egituratu bat eraiki, malgutasunarekin: autozaintzari lehentasuna eman, nahiz eta dosi txikietan izan; beharrezkoa denean, laguntza eskatu. Zaila izan arren, laguntza eskatzen ikastea estrategia boteretsuenetako bat izan daiteke.
Ikuspegi paternalista hartu ordez, elkar laguntzeko espazioak sustatu behar ditugu, non guztiek modu horizontalean partekatu ahal izango dituzten esperientziak eta baliabideak
Migrazioari loturiko bakardadea, tristezia eta antsietatea lantzen dituzu. Ezinbestean bizitzen al dira emozio horiek migrazio prozesuetan?
Migrazio prozesuek errusiar mendi emozionalak eragin ditzakete. Jende askorentzat trantsizio momenturen batean saihetsezina da bakardadea, tristezia eta antsietatea sentitzea. Ezezaguna dugun horri aurre egiten diogunean etortzen zaizkigu halako sentimenduak. Baina emozio horiek ohikoak izan arren ez dira iraunkorrak. Kudeatu daitezke, eta denborarekin gainditu ere bai, baina garrantzitsua da emozio horien inpaktua gutxitzeko estrategiak badaudela jakitea: beste migratzaileekin konektatzea, erlazio berriak eraikitzea, pixkanaka ingurune berrira egokitzea; eta ongizate emozionala zaintzeak bakardadea eta antsietate sentsazioa arintzen laguntzen digute.
Harrera herri moduan, Euskal Herritik, nola eragin genezake migrazio prozesuak abegikorragoak izan daitezen?
Gure moduan Gipuzkoako landa eremuko herri batean bizitzeak komunitatearekin eta lurraldearekin konexio sakon bat edukitzea esan nahi du. Zentzu horretan, funtsezkoa da pertenentzia sentimendua sustatzea. Horretarako ezinbestekoa da aniztasunaren aberastasuna aitortzea, ez bereizten edo banatzen gaituen zerbaiten moduan. Pertsona migratzaileok benetan abegiz hartuak sentitzeko, komunitatea aldaketara irekitzeko prest egon behar da. Askotan, beste kulturetako pertsonen etorrerak intseguritatea eragin dezake lurraldean leku asko daraman jendearengan.
Nire esperientziatik, funtsezkoa da tokiko erakundeek (udalek, eskolek, osasun-zentroek) integrazioa erraztea, eta elkarrizketarako espazioak sortzea pertsona migratzaileek eta autoktonoek partekatzeko eta elkarrengandik ikasteko. Euskara ikastea ere faktore garrantzitsua da. Badakigu hizkuntza berri bat ikastea erronkaz beteriko prozesu bat dela, eta oso baliotsua den arren, neke mentala ikaragarria izan daiteke. Baina batzuetan pertsona migratzaileak komunikatzeko beharra dauka, eta beretzat une horretan errazena eta estres gutxien eragiten diona gaztelaniara jotzea da. Kasu horietan garrantzitsua da ingurukoak ez samintzea, eta ulertzea pertsona horrek ulertua izateko beharra daukala.
Zer garrantzia dauka komunitatean edo hezkuntza-ingurunean sareak josteak?
Landa eremuan, adibidez, non bizitza lasaiagoa den, baina, era berean, sare sozialei dagokienez itxiagoa den, jatorri desberdinetako herritarren topaguneak sortzea oso garrantzitsua da, ekintza kulturalak, sukaldaritza tailerrak edota talde elkarrizketak egitea, oso interesgarria izan daiteke guztiak konektatzeko. Harrera aktiboa da, baita ere, ulertzea pertsona migratzaileok ez garela soilik egokitu behar dugun pertsonak, baizik eta ekarpen interesgarria egin dezakegun pertsonak garela. Ikuspegi paternalista hartu ordez, elkar laguntzeko espazioak sustatu behar ditugu, non guztiok modu horizontalean partekatu ahal izango ditugun esperientziak eta baliabideak.
Zerbitzuetarako sarbidea izatea ere funtsezkoa da, hizkuntzaren prestakuntza edo bidelaguntza emozionala oso beharrezkoak dira migratzaileok integratzeko erremintak izateko. Eta, noski, bizilagunen irekitzea: herrian bizi diren pertsonak adeitsuak izateko prest egotea, irribarre egin eta gerturatzea, eta laguntza eskaintzea halako prozesu zail bat bizitzen ari den pertsonaren ongizate emozionalean diferentzia markatuko duen faktorea izan daiteke.