Izan ama queer-ak, maskulinoak, ez-bitarrak... emakume* asko ez dira eroso sentitzen amatasunaren irudi eta eredu hegemonikoarekin.' (Ez)amatasunak ikuspegi feministatik' jardunaldietian ama izendapena iraultzeko ahalegina egin zuten Maider Beristain, Leire L. Ziluaga eta Gracia Campsek, azken honek Katalunian egindako argazki saio heterodoxo batetik abiatuta.
Nolakoa da, gaur egun oraindik, amaren irudia? Haurdunarena? Anbulategietan, aldizkarietan, iragarkietan... Nola irudikatzen dira amak? Eta irudi horrek zer-nolako amatasuna iradokitzen du? Hiru letra horietan zer-nolako amatasuna kabitzen da? Ama izendapenak amatasuna ala amatasunak barnebiltzen ditu? Ama bollerek ba al dute lekurik? Bitarrak ez diren gurasoek? Ama maskulinoek? Erditu ez diren amek? Emakume askorentzat eta are gehiago emakume*-entzat, zurrunegia da ama izendapena, femeninoegia, eta euren burua ez dute errepresentatua ikusten amatasun horretan.
Estuegia, arautuegia eta zamatuegia iruditu zitzaien Maider Beristain eta Leire L. Ziluaga bikoteari amatasuna, Beristain Kaiz haurdun gelditu zenetik. “Ama terminoarekin ez gara identifikatuak sentitzen —azaldu zuen Ziluagak (Ez)amatasunak ikuspegi feministatik jardunaldietan, Donostian, iragan azaroaren 9an—. Niretzat ama terminoaren baitan emakume terminoa oso fuerte mantentzen da eta gu ez gara guztiz identifikatzen emakume gisa. Feminismoak emakume kontzeptuarekin egin duen bezala, buelta asko eman eta deszentratu duen bezala, ama kontzeptuarekin ere buelta batzuk ematea ondo legoke”. Ama izendapena zabaltzeko beharra aldarrikatu zuten Beristainek eta Ziluagak (Ez)amatasunak ikuspegi feministatik jardunaldietan. Jardunaldien helburu eta azpi-lemarekin bat eginez, amatasunak desegin, egin eta berregiteko ahalegina izan zen. “Amaren kontzeptuari buelta batzuk ematen ari zaizkio testuinguru batzuetan, baina ez dadila izan bollera eta queer-ak gauden espazioetan soilik gertatzen den zerbait, interesgarria litzateke hortik kanpora ere zabaltzea”, adierazi zuen Ziluagak.
Feminismoak emakume kontzeptuarekin egin duen bezala, buelta asko eman eta deszentratu duen bezala, ama kontzeptuarekin ere buelta batzuk ematea ondo legoke
Leire L. Ziluaga, gurasoa
Gizarteak espektatibak ezartzen ditu ama hitzaren atzean, egiteko modu batzuk exijitzen zaizkio ama izango denari, eredu bat, arau zehatzak... hiru letra horiek oraindik ere heternormatiboa eta patriarkala den zaintza eredu arautu bati egiten diote nagusiki erreferentzia. Hain da estua ama izendapena emakume* batzuentzat, baztertu eta guraso terminoaren alde egin dutena, Ziluaga eta Beristainen kasuan bezala: “Egunerokotasunak hitzak zehaztera eraman gaitu eta geure buruari galdera asko egin dizkiogu; hasteko, nola izendatuko dugun geure burua, eta prozesu horretan guraso izendapenarekin sentitzen gara erosoen”. Hala ere, testuinguru batzuetan “bi ama” izendapena erabiltzearen alde egiten dute: “Zenbait testuingurutan politikoki eraginkorragoa iruditzen zaigulako ‘bi ama’ gisa izendatzen dugu geure burua; eta beste batzuetan gure rolloa mundu guztiari azaltzeko gogorik edo indarrik ez daukagunean ere erabiltzen dugu izendapen hori”.
Amatasunaren iruditeria berria, erreferente berria
Bazekiten zer ez zuten nahi. Baina zer bai? Euren gurasotasuna eraikitzeko garaian, erreferenteak aurkitzea oso garrantzitsua izan zen Ziluaga eta Beristainentzat. Ohiko iruditeriatik eta eredutik kanpo sentitzen zuten euren burua. Kairen esperoan zeudelarik, Gracia Camps Miro ekoizle katalanak egindako argazki erakusketa batekin —D’embarassos, maternatges i masculinitats du izenburu argazki-sortak— egin zuen topo bikoteak eta euren gurasotasuna eraikitzeko ispilua aurkitu zuten argazki haietan. Hiru emakume* queer eta maskulino ikusten dira argazkietan euren haurrekin, besteak beste, bularra ematen. Camps bera da horietako bat. Beristaini “arnasa” eman zioten ile motzeko eta itxura maskulinoko emakume haiek zaintza-lanetan ikusteak: “Amatasunaren iruditeria oso mugatua da oraindik, irudi guztietan emakumeak ile luzearekin edo mototsarekin agertzen dira, eta bat-batean ile motzarekin ikuste hutsak lasaitua eman zidan. Ez da hain zaila, gaur egun, iruditeria pixka bat aldatzea”. Erreferenteak eskaintzeko asmoarekin egin zuen, besteak beste, Gracia Campsek argazki saioa beste bi emakume* queer edo maskulinorekin. “Erreferenteak beharrezkoak dira —azaldu zuen katalanak— hizkuntzaren esparruan, generoan, sexualitatean eta baita amatasunean ere. Jakin egin behar duzu hori existitzen dela zeure burua ulertu ahal izateko, lehendabizi”. Euren buruak bollera, queer edo maskulinitateetan kokatzen urteak eman ondoren, aktibismoan ari zirela erabaki zuten argazki saioetako hiru emakumeek* haurrak izatea: “Politizatuta gaude eta geure nortasuna eraiki dugu bollera, queer edo maskulinitateetan, non libre sentitzen garen. Bat-batean, ordea, ama izatea erabakitzean, konturatu gara geure izaerarekin bat egiten ez duen zama ikaragarria daukala ama hitzak, politikoki indar handia daukala, erruduntasunez eta arduraz betea dago, eta ez ginen eroso sentitzen kokaleku berri horretan”, adierazi zuen Camps Mirok. Deserosotasun hori akuilu gisa erabili zuen katalanak eta kokaleku berria politizatu egin zuen argazkien bidez: “Kokaleku berria onartu egin genuen eta ama izendapena irauli egin nahi izan genuen”. Argazki haiek ikustea “oso inportantea” izan zen Beristainentzat: “Lehenengoz ikusten nuen hegemonia heteronormatibotik at zegoen iruditeria bat gurasotasunari buruz, eta haurdunaldiari buruz, eta aringarri egin zitzaizkidan”.
Erreferenteak beharrezkoak dira hizkuntzaren esparruan, generoan, sexualitatean eta baita amatasunean ere. Jakin egin behar duzu hori existitzen dela zeure burua ulertu ahal izateko, lehendabizi
Gracia Camps Miro, gurasoa
Besteen begiradapean
Iruditik harago gorpuzten den korapiloa da amatasun hegemonikotik ateratzen diren amatasun esperientziak bizitzea. Itxura fisikotik hasita, izan zabalduen dagoen iruditeria hegemonikoarekin bat egiten ez delako; izan amatasun ereduarekin bat egiten ez delako; izan zaintza ereduarekin bat egiten ez delako; izan heteronormatibitatetik kanpo gauzatzen delako… Barrura begira zein kanpora begira sortzen ditu korapiloak “bidetik ateratzeak”. “Begirada heteronormatiboak” euren gurasotasun esperientzian zama handia duela aitortu zuten hizlariek, “denbora guztian juzkupean” sentitu izan dira. Jendeak bikote bolleren gurasotasun esperientziaz jakin-min handia daukala ikusi dute, juzkutik asko duen jakin-min handia. Ugariak izan dira “nork egiten du aitaren rola?” eta gisako galderak Kai jaio zenetik 18 hilabete hauetan. Araua nolazbait bete behar dutela sentiarazten diete etengabe: “Jendeari, badirudi, lasaitasuna ematen diola jakiteak, 'ados bi ama dira, bollerak dira, baina batek egiten du ama rola eta besteak aitarena', eta badirudi horrek lasaitzen dituela. Jendeak jakin-min handia dauka nork egiten duen amaren rola eta nork aitarena jakiteko”, azaldu zuen Ziluagak.
“Homologazio sozial gisa” izendatu du prozesu hori Graciak. “Ados bollera zara, baina ugaldu egin zara, jada ez zaigu inporta bollera izatea; emakume bezala bete baituzu zure egitekoa”. Heteronormatibitatetik atera eta euren nortasuna bollera gisa eraikitzea hainbat ingurunetan gatazkatsua eta kasu batzuetan sufrimendu handiko borroka izan bada ere, onarpena sentitu dute guraso izan direnean. Aldiz, eurek ez dute onarpen eta adostasun sozial horrekin bat egiten: “Gu ez gatoz errelato heteroan sartzera —adierazi zuen Ziluagak—, guk narratiba horiek irauli eta beste narratiba batzuk pentsatu nahi ditugu, ezin da narratiba heteronormatiboarekin jarraitu gu barruan sartuta, eta askotan badago nahi bat errelato hegemonikoa zalantzan jarri gabe gu hor sartzeko, guk, ordea, ez dugu horrekin bat egiten”.
Lehenengoz ikusten nuen hegemonia heteronormatibotik at zegoen iruditeria bat gurasotasunari buruz, eta haurdunaldiari buruz, eta aringarri egin zitzaizkidan
Maider Beristain, gurasoa
Amorruak, gatazkak, tristurak ekarri izan ditu amatasuna kuestionatu eta zabaltzeko ahaleginak, baina esperientzia onak ere ekarri dizkie: “Niretzat baikorra izan da aldaketan eragiten ari garela jabetzeak”, azaldu zuen Beristainek, “baina, era berean, geure buruari baimena eman behar diogu, hala behar dugunean, norman sartzeko eta gauzak lasai hartzeko, beti borrokan aritu gabe”. Aldaketan eragite hori, bollera, queer edo maskulinitateekin bereziki sentiberak ez diren eramuetan ere bizi izan dute, Ziluagak kontatu zuenez: “Ni herri txiki batekoa naiz, Ibarrangelukoa, eta Kai jaio izana adin batetik gorako emakumeentzat aukera bat izan da ‘oso ondo iruitzen zaigu zuek bollera izatea’ esateko, beste modu batean ezingo lukete adierazi, eta umearen bidez, herriko adineko emakume asko etorri zaizkigu oso jator. Onarpen sozialaren alde polita ere ekarri digu esperientzia honek: badaude pertsona batzuk egoera arruntetan zerbait esateko aukerarik izaten ez dutenak, baina ume bat bada, hain zuzen ere, ingurune soziala aldatzen duen neurrian, beste gauza batzuk adierazteko aukera on bat”.
Anekdotatik harago
Kai jaio aurretik hasi ziren galderak. "Nork egingo du aitaren rola?", galdetu zien behin ezagun batek Maider Beristaini eta Leire L. Ziluagari, bikotea haurraren esperoan zelarik. “Hain jota gelditu ginen, ‘biok!’ erantzun genuela!”. Zer da alabaina aitaren rola egitea? Zein da aitaren rola gizarte honetan? Eta beraz, zein da amaren rola? Eta zein da amaren rola bikotean bi ama daudenean? Etengabe erantzun beharra izan diote gisa horretako galderei bikoteak. Ordutik etengabe galdekatu dituzte euren buruak aita zein ama rolen inguruan.
Berriki, haur batek eman zien erantzuna, gizarte honek ama izendapenaren atzean kokatzen duen guztiaz, Beristainek kontatu zuen gisan: “Kairekin parkean nenbilela haur bat etorri zen eta galdetu zigun, ‘nor da Kairen aita?’. Kaik ez daukala aitarik erantzun nion, bi ama dauzkala. Eta haurrak galdetu zidan, 'nor da amago? Ama ama nor da?’. ‘Zer esan nahi duzu horrekin? Zer da zuretzako ama izatea edo amago izatea? Zer galdetu nahi didazu, zeinek zaintzen duen? Zeinek aldatzen dizkion pardelak? Nork ematen dion jaten? Bada hori guztia bion artean egiten saiatzen gara...’ erantzun nion. 'A, eske hori guztia nire etxean amak egiten du', erantzun zidan haurrak”. Jende askok bikote bollerei egin nahiko lioketen galdera da Beristainen aburuz, eta era berean, gizarte honek amaz espero duena ere bai.