Elixabete Imaz, Antropologoa eta EHUko irakaslea.

 

Maternidades a debate en la producción cultural (Amatasuna ezbaian kultur ekoizpenean) izeneko ikerketa lanean, amatasuna jorratzen duten ia hirurogei kultur produktu aztertu ditu Elixabete Imazek, Emakunderen beka baten bidez. Mercedes Bogino, Silvia Lopez, Irati Lafragua, Iosune Fernandez eta Ane Arruabarrena antropologoak izan ditu laguntzaile.

 

Zein izan da ikerketaren abiapuntua, eta zer helburu nagusi jarri zenuten amatasuna eta sorkuntza uztartzen dituen lan honetan? 

Gure abiapuntua izan da denok, modu batean edo bestean, amatasunaren eta gurasotasunaren gainean lanean aritzea. Bakoitzak bere esparrutik: batek adopzioa lantzen du, besteak aitatasuna, eta, adibidez, Silvia Lopezek doluarekin lotutako lanak egin izan ditu. Elkarrekin zerbait sortzeko gogoa genuen, eta pentsatu genuen amatasunaren gainean —akademiatik eta diskurtso politikoetatik kanpo— proposamen eta ideia ugari sortzen ari zirela, batez ere kulturaren arloan. Hori izan zen gure abiapuntua: elkarlanean jarduteko gogoarekin eta amatasunaren presentzia gero eta handiagoa izan behar dela sinetsita.   

Helburua zen jakitea zer ari den sortzen; eta, horrekin batera, aurreikusitakoa baino askoz ere gehiago aurkitu dugu. Adibidez, bertsolaritzaren kasuan —inprobisazioaren izaeragatik— zenbait lan galdu egiten dira, baina, hala ere, material aberatsa bildu dugu. Ikerketan hiru baldintza nagusi ezarri genituen: Hego Euskal Herrian egina izatea, 2018–2024 bitartean sortua izatea, eta emakumeek egina izatea. Horrez gain, arreta berezia jarri diegu ikuspegi feministari lotutako alderdiei. 

 

Zergatik da garrantzitsua amatasunaren eta amatasunik ezaren gaineko kultur produktuak aztertzea, eta zer mezu helarazten dizkigute hezkuntzaren ikuspegitik? 

Ez da egia amatasunaz ez dela hitz egin, hitz egin da, baina ikuspegi oso zehatz batetik: idealizazioaren prismatik. Amaren irudia sarritan gizonek sortu dute, eta, ondorioz, emakumeen esperientzia errealak ez dira islatu. Gaur egun, ordea, emakumeak gero eta gehiago dira sorkuntzan, eta horrek ekarri du amatasunari buruzko begirada askoz ere errealagoa, bizipen pertsonaletatik abiatutakoa.   

Gai horien inguruan hitz egiteko gogoa eta beharra nabarmenak dira, ez soilik norberaren adierazpenerako, baizik eta elkarrizketa soziala pizteko. Amatasuna eta amatasunik eza, lehen ikusezin edo interes gabekotzat jotzen ziren gaiak, gaur egun erdigunera ekarri dira. Eta hori ez da kasualitatea: emakume sortzaileak kontzienteki ari dira diskurtso berriak proposatzen, eztabaida publiko eta soziala sustatzeko asmoz. Ildo horretan, sorkuntza askotan elementu politiko eta pedagogiko garbi bat dago.  

 


Ez da egia amatasunaz ez dela hitz egin, hitz egin da, baina ikuspegi oso zehatz batetik: idealizazioaren prismatik


 

Zein diskurtso ageri dira amatasunaren eta amatasunik ezaren gainean kultur produktuetan, eta zer irudi eskaintzen dute zaintzari eta emakumeei buruz? 

Interesgarria iruditu zaigu aztertzea zein gai agertu diren indar handiz, askotan guretzat ere ustekabean. Batetik, ugalketarako teknologia berriak agertu dira eta horien bidez ikus daiteke emakumeek bizi duten bortxakeria sinbolikoa: emozioz betetako esperientziak sistema hotz eta teknokratiko baten barruan bizitzea. Bestetik, dolua modu oso nabarmenean agertu da: ama ezin izatearen dolua, haurra galtzearena edo abortuarena, eta dolu horien aitortza faltari buruzko gogoeta. Zaintzari dagokionez, askok amatasunaren bidez hausnartu dute lanaren exijentziez eta sorkuntzaren baldintzez; kontziliazioaz harago, lan-eredu eta ordutegi basatiak zalantzan jartzeko beharra ikusi dute.  

Azken batean, amatasunetik sortutako produktu askok amei hitz egiteaz gain, gizarte osoari zuzendutako proposamenak dira, guztion bizitzan zaintzak eta emozioek duten garrantziaz jabetzeko gonbidapenak.  

 

Nola eragiten dute lan horiek gure jendarteko iruditerian eta nola lagundu dezakete eztabaida soziala eta pedagogikoa pizten? 

Kultur sorkuntzek badute berezitasun bat: gai sakonak modu hurbilean eta ulerterrazean jorratzeko gaitasuna. Unibertsitateko artikuluek ez bezala, sormen-lanek —komikiek, antzerkiek edo liburuek— publiko zabala dute, eta entretenimendutik abiatuta gogoeta sakonak proposatzen dituzte. Amatasuna, dolua edo zaintza bezalako esperientzia pertsonalak gizarteratzean iruditeria kolektiboa zabaltzen dute eta ahots ezberdinak ikusgarri bihurtzen dituzte. Aldi berean, hezkuntzarako tresna baliotsuak dira, familien aniztasuna eta genero harremanak lantzeko. Azken batean, ez dira soilik amek sortuak edo amen artean partekatzekoak; gizarte osoarentzat pentsatutako lanak dira, eta eztabaida sozial zein pedagogiko ugari pizteko ahalmena dute.  

 


Zaintzaren inguruan bakardade handia dago, eta, aldi berean, sare eta komunitate baten desira


 

Zure ustez, zer lotura dago zaintzaren eta amatasunaren artean, eta nola islatu da hori aztertutako lanetan? 

Badakigu ume txikienen zaintza eta lehen sozializazioa historikoki amen gain egon dela, eta, neurri handi batean, oraindik ere horrela jarraitzen duela. Zaintzaren ideia, ordea, guztiz transbertsala da, eta horrek gogoeta sakonak pizten ditu. Duela urte batzuk, Carolina del Olmok Dónde está mi tribu? liburua argitaratu zuenean, eztabaida garrantzitsua ireki zen: amatasuna oso modu indibidualizatuan bizitzen dela eta askotan amek bakardade handia sentitzen dutela. Gure ikerketan ere hori ageri da: zaintzaren inguruan bakardade handia dago, eta, aldi berean, sare eta komunitate baten desira. Horregatik, lan askotan agertzen da aldarrikapen argi bat: zaintza ez dadila izan ama bakoitzaren ardura isolatua, baizik eta gizarte osoaren konpromiso partekatua. Beharrezkoa da zaintza komunitarioa berreskuratzea eta gizartea bizitzaren zaintzan modu aktiboan inplikatzea. 

 

 Nola uste duzu eragiten dutela amatasunaren inguruko diskurtso kontrajarriek gure hezkuntza-ereduetan eta haurren hazkuntzan? 

Gaur egun, amatasunari buruzko mezu kontrajarriak bizi ditugu: sakrifizioaren idealetik perfekziora edo “dena posible da” diskurtsoetara. Horrek sortzen du nolabaiteko kontraesana: kontziente gara jaso ditugun ereduak zaharkituta daudela eta aldatu behar direla, baina, aldi berean, horietan harrapatuta jarraitzen dugu. Askotan, amek beraiek kritikatzen dituzte jasotako eredu horiek, baina ezin dira guztiz libratu haien eraginaz eta ingurune sozialak ere presio egiten du norabide horretan. Horren adibide dira parkeak: haurra zaintzeko guneak izateaz gain, askotan amaren isolamenduaren sinbolo bihurtzen dira.  

 

Zein iradokizun egingo zenieke hezkuntza- eta familia-inguruneei amatasunaren eta zaintzaren gaineko ikuspegi zabalagoa lantzeko? 

Garrantzitsua iruditzen zait amatasunaz eta zaintzaz gehiago hitz egitea, modu irekian eta kolektiboan. Askotan, sortzaileek pentsatzen dute haien esperientziak pertsonalak edo bereziak direla, baina lanak plazaratzen dituztenean jabetzen dira sentimendu horiek oso partekatuak direla, jende askok bizi dituela antzeko egoerak. 

Horrek erakusten du gaiak benetako interes eta beharrizan soziala duela. Horregatik, hezkuntza- eta familia-inguruneetan elkarrizketarako espazioak irekitzea proposatuko nuke, ikuspegi pertsonaletik harago joateko eta esperientziak elkarbanatzeko. Aldi berean, kultura-produktuak —eleberriak, ipuinak, antzezlanak…— tresna baliagarriak dira horretarako; kalitate handikoak ez ezik, gure kulturaren parte ere badira. Haien bidez, amatasuna eta zaintza ez dira gai pribatu edo isilduak, baizik eta gizarte osoari dagozkion esperientziak bihurtzen dira.  

 


Etorkizunari begira, interesgarria izango litzateke ikerketak aiten ikuspegitik ere egitea, nahiz eta oraindik gutxi hitz egiten duten. Haien ahotsak ere beharrezkoak dira gurasotasunaren eta zaintzaren gaineko hausnarketa osatzeko. Bestetik, ikerketan agertzen diren lan gehienak ama berrienak dira, eta horrek ikuspegia mugatzen du


 

Etorkizunera begira, zein dira zure ustez arlo horretan lantzeko erronka berriak, bai ikerketan, bai heziketa- eta gizarte-mailan? 

Etorkizunari begira, interesgarria izango litzateke ikerketak aiten ikuspegitik ere egitea, nahiz eta oraindik gutxi hitz egiten duten. Haien ahotsak ere beharrezkoak dira gurasotasunaren eta zaintzaren gaineko hausnarketa osatzeko. Bestetik, ikerketan agertzen diren lan gehienak ama berrienak dira, eta horrek ikuspegia mugatzen du. Egoera sozial eta kultural askotatik datozen emakumeen bizipenak falta dira —egoera ekonomiko zailetan daudenak, migratzaileak edo bestelako diskriminazioak pairatzen dituztenak—. Horregatik, erronka nagusietako bat da ahots horietara iristeko eta haien esperientziak jasotzeko bide berriak bilatzea. Hori izango da zaintzaren eta amatasunaren gaineko ikuspegi zabalago eta inklusiboago bat eraikitzeko gakoa.