Jane Lazarre idazle eta irakasle estatubatuarraK esperientzia propiotik abiaturik The Mother Knot liburua argitaratu zuen 1976an.

 

Jane Lazarre idazle eta irakasle estatubatuarra hil berritan, haren The Mother Knot liburua aldarrikatzeko garaia da, amatasunaren mitoa deseraikiz, ikuspegi kontraesankorra eta sakona azaleratu baitzuen.

 

Amatasuna esperientziarik poliedrikoenetako bat da, poliedrikoena ez baldin bada. Maitasunik handienak ekarriko dituena, baina baita minik, nahigaberik, ezintasunik eta nekerik handienak ekarriko dituena ere. Alabaina, belaunaldiz belaunaldi, badirudi gizartean paktu isil bat ezarria dagoela amatasuna aurpegi bakarreko esperientzia balitz bezala transmititzeko, amatasunaren errelato ederra, onbera eta asebetegarria soilik ezagutarazteko. Eta hala, amatasunaren anbibalentzia, kontraesanak, gorabeherak, gaziak eta gozoak ezagutu ez dituen ama, gazi horiek guztiak sufritzera eramango du esperientzia propioak.

Hala gertatu zitzaion Jane Lazarre idazle eta irakasle estatubatuarrari (New York, 1943-2025): “Pentsatzen nuen neu nintzela ikaragarrizko indarrez maite duen haur hori bera gorrota dezakeen ama bakarra munduan”. Eta bere esperientzia propiotik abiaturik The Mother Knot liburua argitaratu zuen 1976an. Hari zor zaio, besteak beste, amatasunaren ikuspegi osoa, bere gordintasunean eta sakontasunean, idealizaziorik gabe, gutxietsi gabe, beltza zuriaren gainean ezarrita, liburu baten bidez transmititzea eta, beraz, amatasunaren mitoa deseraikitzeko alea jartzea. Adrienne Richek Emakumeagandik jaioak (Txalaparta) argitaratu zuen urte berean, bigarren olatu feministaren garai betean.

 


Pentsatzen nuen neu nintzela ikaragarrizko indarrez maite duen haur hori bera gorrota dezakeen ama bakarra munduan


 

Gurean, Iparraldetik etorri zen Lazarreren berri, amatasunaren korapiloari buruzko liburuak 1994an ikusi baitzuen argia frantsesez: Le noeud maternal (Editions de L’ Aube). Euskal emakume ugarik aitortzen dute liburu haren eragina, bai euren bizi esperientzian eta baita feminismoaren genealogia egitean ere. Euskarazko bertsioaren zain, gaztelaniazko El nudo materno-k (Las Afueras argitaletxea) 2018an ikusi zuen argia. Eta ia 50 urte geroago, eta Jane Lazarre joan den ekainean hil berritan ere, amatasuna bizitzen hasi den emakumeari arnasa emango dion liburua izaten jarraitzen du, exijentziaz, kulpaz eta idealismoz beteriko amatasun eredu bakar eta hegemonikoaren aurrean, Instagrameko amatasun idealaren aurrean, amatasuna beste leku batetik kontatzen baitu: zintzotasun erradikaletik.

 

 

"Amatasunak ziurtasuna suntsitzen du"

 

Autofikzioa baliaturik, baina lehenengo pertsonatik idatzi zuen Lazarrek The Mother Knot, amatasunaren bere esperientziatik, Adam semea jaio zenean. Nortasunaren galera, maitasun ikaragarria, bakardadea, beldur berrien erauntsia, bikotearen berkokatzea, eskuzabaltasuna, indarra, amatasunaren ederra eta amatasunaren okerrena, amatasunaren boterea eta mendekotasuna… Finean, amatasunaren esperientzia sakon eta kontraesankorra aletzen du memoria lanak: “Amatasunak ziurtasuna suntsitzen du. Lehenenago edo beranduago, haurrak huts egingo dizue, batzuetan beldurtu egingo zaituzte. Eta zeuen buruonganako konfiantza hilko eta berpiztuko da etengabe, barrenean daramazuen prima donna harroa eta bikaina geldiaraziko du, ahotsa galdu arte. Onar ezazue. Haurrak dituzuenean zeuen potentziala sakrifikatzen duzue”.

Bi seme beltzen ama izan zen, gainera, Lazarre: Adamena eta Kharyrena. Douglas Hughes aktibistarekin bikotea osatu zuenean “erakunde politiko” bihurtu zela zioen, gizon beltz bat emakume zuri batekin ezkontzeak konnotazio guztiz politikoa baitzeukan 70etako AEBetan ere. Haren senarraren eta semeen borroka antirrazistak bere eginez idatzi zuen Beyond the Whiteness of Whiteness liburua.
 

Haren esperientzia pertsonalean, alabaina, ez da ama izaera soilik nabarmentzekoa, baita alabarena ere. Izan ere, Jane Lazarre oso txikia zelarik gelditu zen ama gabe, eta aitak, Bill Lazarrek, hazi zituen ahizpa eta biak. Aita militante komunista zuen, eta besteak beste, Francoren aurka borrokatzera joan zen Espainiara. Haren legatua jaso zuen The Communist and the Communist’s Daughter liburuan.

Haurdunalditik amatasuna zer den —zer ere baden— ulertzeko testu beharrezko bat da Lazarreren The Mother Knot, bai amentzat, baina baita ama ez direnentzat ere; eta, bereziki, aitentzat, barrenetik bizitzeko hain gordina eta zaurgarria den esperientzia bat —isildua eta isilarazia izan dena— ezagutzeko legatu bat baita.