Eider Olazar Elduaien | Kazetaria

Alabaz haurdun nengoela irakurtzen gehien gozatu nuen amatasunari buruzko liburua Arantxa Iturberen Ai, ama! izan zen. Gerora, oparitu ere egin izan diet ama izatera zihoazen lagunei. Iritsi ziren nire eskutara bestelako teoria eta psikologia lantzen zituzten liburuak baina irakurtzen hasi bezala uzten nituen albo batera, ez zidaten ekarpen positiborik egiten. Iturberen liburuan ordea topatu nituen umorea, ironia, zaurgarritasuna, zalan-tza, ezjakintasuna, beldurra, mina eta amorrua, goxotasunaz gain. Bigarrenaren esperoan nago orain, eta hortxe dut liburua mesanotxean berriro noiz hartuko zain. Kuriosoa da, edo ez, baina amatasuna eta feminismoa uztartzen dituzten liburuak eta idazle feministek idatzitakoak onartzen ditu hoberen nire gorputzak momentu honetan. Bestela ere, denbora izanez gero gustura irentsiko nituzkeenak baina 
orain denbora dudan honetan horiek nire emagin onenak.

Amatasunaren idealizazioaren eta eredu itxien parean amatasun eta ama anitzak azaleratzen ari dira azken urteetan eta eskertzekoa da, oxigenoa dira. Irensteko gogoz nagoen eta zer esana eman duten beste bi liburu esaterako ama izateaz damu diren hainbat emakumeren testigantzak biltzen dituen Orna Donathena eta ama izateko modu transgresoreez ari den Maria Llopisena dira. Urtetan itzalean mantendu diren bizipenak eta ezinbestekoak iruditzen zaizkidanak erraietako abentura pertsonal zein kolektiboa den amatasuna bere osotasunean ulertzeko.

Feminismoak eman dizkit oraingoan ere niri behintzat amatasuna nire gorputzean hobekien egokitzeko tresnak. Ama ez izateko eskubidea beti defendatuko duen bezala amatasun anitzak berarekin daramatzalako feminismoak. Zaintza ere bada iraultzarako esparru, agenda politikotik kanpo kokatu eta emakumeen esku uztea erabaki politikoa izan den momentutik badugu zer aldatu.

Orain erantzun handiak liburuek baino txikiak ematen dizkit askotan. Aurreko batean galdetu zidan alabak ea mundu honetan zein pertsona maite ditudan gehien eta ni hasi nintzaion gure gertueneko sarea aipatzen, beragandik hasita. Eta berak galdetu: “eta zure burua ez duzu asko maite, ama?”. Ez dezagun ahaztu geure burua maitatzea eta zaintzea bezalakorik ez dagoela ondokoak maitatu eta zaintzeko. Ez da berekoikeria, eskubidea eta beharrizana baizik.