AMA-2 TALDEAK ZAZPI HAUR DITU. BIZIPENETATIK HAUSNARTUZ, ‘TRIPAKIAK’ ETA ‘AMAKIAK’ ANTZEZLANAK TAULARATU DITU, HAURDUNALDIAZ ETA AMATASUNAZ. UMORETIK, LEHENIK EUREN BURUAZ IRRI EGINEZ.
Lizeoko irakaslea da Arantxa Hirigoyen, euskarako irakaslea, eta Maialen Fauthoux antzerkilariari (’Iduzki lore’ eta ‘Azken euskalduna’ antzezlanetan aritua da, besteak beste) ikasleentzako antzerki-proiektu bat muntatzeko laguntza eskatu zion. “Biziki ongi atera zen eta beste proiektu bat egitea pentsatu genuen heldu den ikasturterako, baina ni haurdun gelditu nintzen”, kontatu du Hirigoyenek. “Eta handik pixka batera ni ere haurdun nintzen”, gehitu du Fauthouxek. “Orduan pentsatu genuen haurdunaldiari buruz antzerki bat egitea”.
Donostia Kulturaren Poltsikoko An-
tzerki Sorkuntzen sariketak diruz lagundu zituen, eta taulara eraman zuten ‘Tripakiak’ antzezlana, 2011n. “Udazkenean astebururo ukan genituen emanaldiak”. Jaitsi, erditu eta bigarren antzezlana prestatu zuten: ‘Amakiak’. Ekain bukaeran Euskal Herria Zuzenean festibalean eman dute, eta udazken hasieran Miarritzen izango dira, Ohakoa haurtzaindegiaren alde. “Triptiko bat egiteko eska-
tzen digute, eta jada hirugarrena dugu buruan”, azaldu du Hirigoyenek.
Zergatik ‘Tripakiak’, haurdunaldiari buruzko antzezlan bat?
Maialen Fauthoux: Zazpi haur ditugu bion artean. Memento horretan biok haurdun ginen, ni nire bigarren haurdunaldian (eta geroztik ukan dut hirugarrena) eta Arantxa laugarrenean. Esperientzia bagenuen eta ideia zoragarria iruditu zitzaigun haurdunaldiaren gazi-gozoak kontatzea.
Arantxa Hirigoyen: Banekien nire azken haurdunaldia izanen zela, eta bikaina iruditu zitzaidan azken haurdunaldia taula gainean pasatzea, nahiz eta ni ez izan antzerkilaria. Anitz badago errateko amatasunaz.
Haurdun zinetela bururatu zitzaizuen beraz ideia, eta bederatzi hilabete horietan gauzatu zenuten.
A. H.: Obra pentsatu, idatzi eta taularatu, haurdun ginen bitartean egin genuen. Elkarrekin bildu ginen ideiak notatzeko, eta taulara eman genuen. Bazen duda ia haurdun ginen ala ez egiazki, jendeak uste zuen ez zela posible. Izadi nire haurra azken emanalditik 15 egunera sortu zen, eta Maialenen haurra ere hiru astera.
Beraz, ‘Tripakiak’ ikusteko beste aukerarik ez da izango?
M. F.: Behartuak ginen epe horretan ematea, eta astebururo ukan genituen emanaldiak, eskatua izan zaigu gero ere ematera. Baina guk deliberatu genuen egiaz haurdun egon behar genuela hori emateko, eta gero ez genuela emanen berriz. Beste batzuek ere egin dezakete...
Haurdunaldiari buruzko zer egia esan nahi zenuten taulatik?
A.H.: Haurdunaldia beti zoriontsua dela erraten da usu, adibidez, baina gero emakumeekin banaka mintza-
tzen zarenean ikusten duzu ez dela beti hala. Hori erran nahi genuen an-
tzerkiarekin.
M.F.: Inork ez zigula erran haurdunaldia zaila zela, denek gezurra erran zigutela ere erraten dugu. Gure esperientziatik abiatu gara, eta betiko tabu eta klixe horiek ere hartu ditugu.
A.H.: Helburua ez zen inongo mezurik ematea, morala edo irakaspenik ematea. Memento gazi-gozoak partekatzea zen, kilikatzea jendea. Haurdunaldia eta amatasuna hain dira gai egunerokoak eta unibertsalak baina aldi berean isilduak, horri buruz hitz egin nahi genuen. Irri egitea eta min-
tzatzea da helburua. Geure buruari kritika egiten diogu eta geure buruari irri egiten diogu. Horrela ibiltzen gara.
Amatasunak gai asko ematen du antzerkirako?
M.F.: Bai, eta ez ditugu denak aipatu.
Haurdunaldi osoa kontatu dugu, lehenik nola joaten diren farmaziara testa erosten; nori erraten diozun lehenik, lagunei, aitari, amatxiri... hemen erritualak baitira, lehen-lehenik amatxiri erraten diozu, eta behin hark dakiela besteei erraten ahal diezu. Pisuaz eta loditzeaz ere mintzatu gara, eta baita prestaketaz, sofrologiaz, arnasketaz...
Jendartearekin, bikotekidearekin, lagunekin, familiarekin ditugun harremanez ere aritu gara. Amatxi sarrarazi dugu, jendearen erreakzioak ere sartu ditugu, beti zer galdera egiten diren, “zenbat, laugarrena? Istripuz izan da?”; neska edo mutikoa den, eta izena ematen diozunean jendearen aurpegi txarrak...
Eta erditu ostean, berriro taulara igo zineten. Zer kontatu nahi zenuten?
A. H.: Erditu ginelarik sentitu genuen beharra berriro antzezlan baten egiteko. Etxean haurrarekin ginelarik, hura besoetan genuelarik, beste hainbeste zela kontatzeko ikusi genuen, bada zer erran. Behin haurra sortua delarik, dena ez da hain polita. Bildu ginen, mintzatu ginen eta testu bat idatzi genuen, eta horren helburua ere jendea kilikatzea zen, umorearekin.
M.F.: Plazer handia hartu genuen biok elkarrekin lan egitean, eta, gainera, jendeak ere eskatu zigun, oso harrera ona ukan zuen ‘Tripakiak’ lanak. Baina ni berehala nintzen berriro haurdun (nahitara haurdun, kar, kar) eta hirugarren haurdunaldia kaotikoa izan da, etzanik egon behar nuen, eta urtebetez testua ordenagailuan egon da. Hau ukan eta gero eman dugu ‘Amakiak’.
Zinez haurra sortu eta segidan anitz badago errateko, amatasunaren gora-beherak, gazi eta gozoak... Erditzea ez da aski, gero dator bularra, negarra... Ospitaleko lehen bisitatik dago zer kontatua, izeba asper-aspergarri bat etortzen da bisitara, erditu eta bi ordura, itxura txarra duzula eta zer jan behar duzun eta zer ez erraten dizun izeba bat... Denok ezagun duguna.
Batzuetan, baina, badirudi ama izatean ama bakarrik zarela. Zuek ordea taulara atera zarete.
A. H.: Amatu gara, ama bilakatu gara. Orain badituzu bi izen, Arantxa eta ama, baina ez da ezer bukatu, beste zerbait hasi da.
Hau gure proiektua da, etxetik atera eta elkarrekin beste zerbait sortzeko aukera eman digu. Antzerkiaren arabera antolatu dugu dena. Gure mementoa da. Lanaz, lagunez eta familiez aparte daukagun plazer bat da, on egiten digu, eta geure-geurea da. Eta plazer bat da, baita ere, jendearen erreakzioak ikustea.
Zer harrera izan dute ‘Tripakiak’ eta ‘Amakiak’ lanek? Jendeak nola hartu du egia esatea eta amatasuna ez dela hain zoragarria esatea?
A.H.: Konplizitate handiz batzuek. Publikoan ikusten ziren irriz ari ziren emazteak, “arrunt hori da”, erranez bezala; “guk ere hori bizi izan dugu”, erran digute askok eta askok, eta ez bakarrik gure belaunaldikoek, gure amen belaunaldikoek eta zaharragoek ere hori erran digute, eta baita belaunaldi gazteagoek ere, erraten digute hala bizi izan dutela.
M.F.: Sentitu dutela erran digute. Amatasunari buruz aipatzen ez diren gauzak dira, baina denek bizi izan ditugunak ikusi izan dituzte, eta horrek plazera eman die. Gainera, tripak benetakoak izatean egiazkotasun handia zuen. Antzerkia bukatzen zen ni erditzen hasten nintzela, eta behar nuela mediku bat eta batzuk beldurtu ziren.
Zer nolako publikoa izan dute antzezlanek?
M.F.: ‘Amakiak’ hasi aitzin erraten dugu barkatzeko, baina hau ez dela haurdun diren emazteentzat, zeren haurdun denek erraten digute ez diegula gogorik eman haurra ukaiteko... Baina guk lau eta hiru ditugu!
A.H.: Nik uste dut emazteak gehiago identifikatzen direla bi antzezlanekin. Haurdunaldiko eta amatasuneko esperientziak kontatzen ditugu, perinearen lanketa aipatzen dugu, adibidez, eta desberdina da bizi izatea edo imajinatzea. Batzuek ez dakite ia-ia zertaz ari garen ere!
M.F.: Baina, obrak idaztean eta entseatzean ez genuen ama izango zen publiko bat buruan. Eta uste dut publikoan denetarik izan dela, emazteak baina gizonak ere bai. Ainitz jin dira lehena ikusi dutelako. Hemen antzerkiaren usaia dago, eta antzerkia euskaraz badelarik jendea badoa.
A.H.: Hegoaldean eman dugunean ikusi dugu jendeak beste memento batzuetan egiten duela irri, desberdintasunak badirela.
Aitek nola hartzen dute?
A.H.: Ez ditugu kasik aipatzen aitak, soilik aipatzen dugu entzumen arazoak dituztela, batez ere gauetan. Baina publikoan daudenean haien aurpegiek asko erraten dute, irri egiten dute, aurpegi arraroak jartzen dituzte, buruarekin bai-ez erraten dute...
M.F.: Batzuek erotzat hartu gaituzte, “erditzekotan dira eta zertan dira taula gainean?”.
Berdin sentitzen zarete oholtzan triparekin eta tripa gabe?
A.H.: Indar bat eman digu guri haurdunaldiak. Nik zinez sentitu ditut indarra eta ausardia. Ni ez naiz an-
tzerkilaria, eta haurdun nintzelarik babestua sentitzen nintzen taula gainean. Biziki polita eta magikoa izan zen haurdunaldia hala pasatzea. Orain ‘Amakiak’-ekin biluziago senti-
tzen naiz arrunt. ‘Tripakiak’-en epe bat bagenuen, eta buru-belarri aritu behar genuen, orain pausatuago egiten dugu, familia handiak ditugu, lana... zailagoa da. Pertsonalki lasaiago nintzen aise lehenean.
M.F.: Fisikoki biziki irringarria eta intentsoa izan zen, magikoa guretzat haurdun zarelarik eta zinez ikusten delarik hala zarela. Biziki ederra zen hori. Gozatzen dut orain ere, baina luzatzen gara, eta orain antolaketa handiagoa eta zailagoa da.
A.H.: Tripak gainera, jolas handia ematen zuen: Zer da egia, zer da an-
tzerkia?
Umoretik, baina kritikarako tartea ere izan duzue ‘Amakiak’ lanean, amatasunaren ideal batzuk hankaz gora jarriz.
A.H.: Haurrak sortuak direla adierazteko mezuak bidaltzen hasten da antzezlana. Loa, negarra, erritmoak, bularra ala biberoia... gauza ainitz erraten dira umeez. Guri erran izan dizkiguten gauza batzuk sartu ditugu, “ni ama baldin banaiz, ez diot bularra emanen hartara aitak ere eman ahal izanen dio...”, adibidez; baina beti ere mezurik eta irakaspenik emateko asmorik gabe, bakoitzak hautatu behar baitu sentitzen duena.
Gu gure buruaz ere trufatzen gara, haurra titian dela nola ibiltzen garen hamaika gauza egiten... Antzezlanean ere hamaika gauza egiten ditugu, pastorala, bertsoa...
M.F.: Ama ona izan nahian eroturik bukatzen dugu emazteek, beti nahi dugu dena ongi egin, bio janaria eman, zigorrik ez... burua galtzen dugu ama onak izan nahian...
A.H.: Eta horixe da pausatzen dugun galdera, zer da ama ona izatea? Hausnarketa egin nahi dugu, baina umoretik, eta horren bultzatzeko ‘Hamar amandamenduak’ eta ‘superama test’ erabiltzen ditugu antzerkian.
Eta zeuok aurrez hausnartuta eta partekatuta zenituzten amatasunari buruzko ideiak, edo idaztera jarri zaretenean hausnartu duzue?
A.H.: Bizipenetik atera dira bi an-
tzezlanak, eta hausnarketa gero etorri da, esperientzietatik.
M.F: Ingurukoen esperientziak ere sartu ditugu, bakardadearen aipuak adibidez. Antzerkian esaten da ama bakarrik sentitzen dela, guraso bakarra dela... Hori gertatzen den gauza bat da baina ez da aski erraten, baina publikoaren aurpegietan ere ikusten dugu baietz, hori egia dela. Badira negarra, jokoak, irriak... bizitzan den bezala.
Hirugarrenik izango al da? Orain bizitzen ari zareten guztiak emango du beste obra baterako, ezta?
A.H.: Baditugu ideiak idatziak, eta gogoa ere bai. Baditugu zazpi haur, lanak, bilerak, familiak eta engaiamenduak. Astirik ez dugu.
Amatxiei buruz idazteko eskatzen digute, amen eta amatxien arteko harremanaz. Baina gure amak oraino hor dira, eta eskatu behar diegu laguntza josten, haurrak zaintzen...
M.F.: Amatxiei buruz idazteko, itxaron eginen dugu pixka bat.