Aurreko zenbakian atal honetan idatzitako artikuluaren jarraipena da honako hau. Bietan, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoarako Hezkuntza Legea lantzeko prozesuari begiratu zaio, gurasoen ikuspegitik aurrekoan, eta oraingoan, herri ikuspegitik; hau da, herri izaten jarraitzeko behar dugun hezkuntza sistema aintzat hartuta.
Gatozen gurasoaren begiradatik administrazioarena izan behar duen herri ikuspegira. Administrazioak, haur bakoitzaren garapenik osoena sustatzeaz gain, herriak eta gizarteak dituen premiei eta erronkei erantzuteko gutxienekoak eskatu behar dizkio hezkuntzari: segregazioa eragozteko eta kohesio soziala lortzeko konpromisoak; aukera berdintasuna eta ekitatea; inklusioa eta bakoitzaren ezaugarrien araberako esku-hartzea; gure herriaren eta gizateriaren historia ezagutzea eta hura ikuspegi kritikoz interpretatzeko gaitzea; nazio zapaldu bateko eta kultura nahiz hizkuntza gutxitu bateko partaide eta hiztun preziatu izatearen kontzientzia sustatzea; antolaketa parte-hartzailea, komunitatearekiko harreman etengabea, Udal Eskola Kontseiluko gainerako eragileekiko lankidetza eta abar. Horregatik, Hezkuntza Zerbitzu bateratuan lekua izateko, printzipio batzuk zehaztu dira, nahitaez oinarritzat hartu beharrekoak: diskriminaziorik eza, gardentasuna, irabazi-asmorik eza, ikasleen aniztasunean arreta jartzea, partehartze demokratikoa eta hezkuntza unibertsalerako eskubidea bermatzea (dagoen jatorri- eta gizarte-konplexutasuna bere baitan hartzea).
Baina, hortik aurrera, bai antolaketan eta bai arlo pedagogikoan gehiago zehaztu, mugatu eta kontrolatu nahi izatea injerentziatzat hartu beharko luke edozein hezkuntza erakundek, baldin eta herritik eta herrirako antolatu bada eta autogestionatua izan nahi badu. Utzi berri gaituen Andoni Mujika ekintzaileak zioenez, gure Euskal Herri ekintzaile eta aktibistaren nortasunaren ezaugarri garrantzitsua da premiei eta ilusioei autogestioaren eta lankidetzaren bidez aurre egitea. Ez dezagun ahantz 1950eko hamarkadatik aurrera ugariak izan direla gure herrian gizarte ekintzailetzaren bidez abian jarri diren mugimendu autogestionatuak, eta horiek guztiak motibazio hauekin sortu zirela: batzuk, euskara eta euskal kultura berreskuratu eta sustatzeko; beste batzuk, garapen sozioekonomikoa enpresa eredu demokratikoago baten bidez geure eskuetan hartzeko; baina guztiek zuten demokrazian, etikan eta justizia sozialean sakontzeko grina ere. Batez ere, egiteko moduan zegoen gakoa, beren gain hartzen baitzituzten zeuzkaten erronken inguruko erantzukizuna eta erabakitzeko gaitasuna. Izan ere, edozein erronkari lehen pertsonan ekiteko modu hori beti da ona, baita hezkuntzan ere, baita gaur egun ere. Prozesuaren protagonistak proiektua garatzeko antolatzea ona da, norbanakoak zein kolektiboak konfiantza hartzeko, ahalduntzeko, gobernantza parte-hartzaile baterako eta eguneroko lanaren kudeaketaren eraginkortasunerako. Ildo horretatik, ilusioa pizten duten proiektu berritzaileak aurrera eramateko, ezinbestekoa da profesionalek euren hezitzaile senarekin konektatzea, eta, beren lanbidearen bitartez, beren bizitza proiektua garatzeko aukera izatea. Eta horrek badu zerikusia eskola antolatzeko moduarekin, han parte hartzeko erarekin, erabakimenarekin, komunitatean duen eraginarekin eta aintzatespenarekin.
Ildo horretatik, aurrerapausoa da, zalantzarik gabe, Hitzarmenean ikastetxea oinarrizko administrazio unitatetzat jotzea, eta hari autonomia eta erabakimen handiagoa ematea. Baita udalei eta eskola kontseiluei eskumen eta zeregin garrantzitsuak ematea ere, hezkuntza ez-formaleko eragileekin lankidetzan.
Esan liteke gure aurrekoek gaitasun handia izan dutela hezkuntzak komunitatearen etorkizuneko garapenean garrantzi estrategikoa duela hautemateko; guri dagokigu orain urrats berria norabide egokian egitea. Komunitatearekin adostutako erronkei aurre egiteko, zergatik ez eman bide gainerako eragileekin lankidetzan arituko diren hezkuntza erakunde autoeratuei?
Hezkuntza sistema bateratua sortzeko, ez da aski eragileen interesgatazken arteko oreka bilatzea; ez da aski Euskal Hezkuntza Zerbitzuan (EAEkoan esan nahi da) bide ematea, batetik, zehaztutako konpromiso eta betebeharrak betetzen dituzten gizarte intereseko ikastetxe itunduei eta, bestetik, Administrazioaren titulartasuneko ikastetxeei (guztiei, derrigorrezko inongo eskakizunik gabe, antza denez). Aitzitik, printzipio horiek betetzen dituzten egitasmo guztiek izan beharko lukete lekua euskal hezkuntzaren unibertsoan.
Edo zer atrebentziarekin ukatuko zaie Euskal Hezkuntza Zerbitzuaren labela (bere eskubide, betebehar eta baliabide guztiekin) naturarekiko kontaktu estuan hezteko proiektuei; ikasleak adinaren arabera bereizi ordez elkarren zaintzan eta ikasketa partekatuan oinarritzen direnei, eta ikasketak diziplinen arabera antolatu ordez eguneroko bizitzako zereginetan oinarritzen dituztenei; erlijio tradizio zaharretan oinarriturik edo ez, ikasleen barnekotasuna, ongizatea, tratu ona eta jarrera humanistak sustatu nahi dituztenei; hezkuntzajarduera guztiak haurren barneerritmoarekiko begirunez eta haien osotasuna uneoro presente izanik antolatzen ahalegintzen direnei…?
Bioaniztasuna, kultura aniztasuna eta hizkuntza aniztasuna balioetsi dira azken hamarkadetan, haien galera izugarria itzulezina den garaiotan. Hezkuntzan, ordea, ez zaio baliorik ematen proiektuen aniztasunari; alderantziz, titularitatean, antolaketan nahiz irizpide eta molde pedagogikoetan, gero eta ozenago entzuten dira uniformizazioaren aldeko ahotsak. Aukera berdintasuna, ekitatea eta horrelako printzipio garrantzitsuak berdinzalekeriarekin nahasten dira. Aitzitik, hezkuntzan ere, dibertsitatea behar dugu. Barruarekin konektatuta eta komunitatean ondo sustraiturik dauden norbanako aske eta burujabeen garapena sustatzeko, hezkuntza- -proiektu autonomo eta burujabeak behar ditugu: tokian tokiko eta unean uneko hezkuntza profesionalek –eta hezkuntza komunitateak, oro har– hausnartu, eta beren haurren hezkuntza ulertzeko moduaz erabaki behar dute, eta hezkuntza ingurune propioa sortu, antolatu eta eraiki behar dute. Eta zeregin hori ilusioz, uste osoz eta maitasunez egiteko, sobera daude curriculum zehaztuegiak, antolaketa eredu zurrunak, ikaskuntza arloak, denbora eta erritmo markatuak, adinen araberako ikasmailak eta ebaluazio irizpideak, PISA neurketak, ikuskaritza inkisidoreak eta ikaskuntza jarduera bakoitza justifikarazteko burokraziak.
Zergatik egin uko jada geure baitan dugun askotariko hezkuntza-errealitateari? Haurraren heziketaren gako nagusi bat harengan konfiantza izatean datzala esan dugu lehen. Hezkuntza proiektu bizigarriak eta aberasgarriak izan ditzagun ere, berebizikoa da konfiantza izatea proiektu horiek landu, antolatu eta kudeatuko dituzten profesionalengan nahiz haiek elikatuko dituen komunitatearengan.
J.A. Irigaraik ondo zioenez, estadio instituzionalizatu bat ez, baizik instituzionalizatzaile bat lantzeko aukera daukagu.
Aniztasuna, hezkuntza ereduei dagokienez ere, ona baita berez, berezko balioa baitu dibertsitateak. Eta euskal hezkuntza sistema osoari ekarpen erreal eta eraginkorrena egiteko modua bakoitzak bere eskola, jarduera pedagogikoa, antolaketamodua eta erakunde errealitatea hobetzeko egin dezakeen lan saiatua izango da.