Emakumearen bizitzarekin lotuta dago kontrazepzioa. Haurdun gelditu gabe sexu-harremanak plazerez eta lasaitasunez bizitzeko bide ematen du. Antisorgailu mota asko daude aukeran gaur egun eta hautatzerakoan bakoitzaren arriskuak-onurak ikusi behar direla dio Txusa Balbas ginekologo eta mediku homeopatak. 

Sexualitatea eta ugalketa emakumearen bizitzan guru-tza daitezkeen bi bizipen dira. Hala, egoera batekin aurkitzen da emakumea: ez baldin badu metodorik jartzen haurdun ez gelditzeko, nahigabeko haurdunaldiak sor daitezke, eta horrek arazo asko sor ditzake bai norbere buruarekin, bai bikotearekiko harremanean. Hortaz, kontrazepzioa behar gisa agertzen da. Haurdun gelditu nahi ez bada eta amatasunari inkontzienteki aurre egin nahi ez bazaio, beharrezkoa da kontrazepzioa.

Behin puntu horretara iritsita, zein metodo erabili erabaki behar da. Txusa Balbas ginekologo eta mediku homeopatak erabaki hori hartzerakoan kontuan edukitzeko bi gako aipatzen ditu: “Hasteko, garbi eduki behar da ez dagoela metodo ekologiko edo biologikorik; metodo agresiboagoak edo ez hain agresiboak daude. Eta bestetik, modu kontzientean aukeratu behar da, antisorgailu bakoitzak dituen arriskuak eta onurak ezagututa. Horrez gain, bizitzan zehar antisorgailu mota aldatzen joan daiteke, ez dago beti metodo bera erabili beharrik”. Laburbilduz, pertsona bakoitzaren neurrira egindako tratamendua pentsatu behar da: norentzat den ikusi behar da, zein adin duen, nolakoak diren bere sexu-harremanak, nolabaiteko mugarik ba ote duen (hipertentsioa, diabetesa, buru-gaixotasuna...) eta abar. Horren arabera hautatu behar da antisorgailu zehatz bat denboraldi baterako”.

Garrantzitsua da tratamendua pertsonalizatua izatea eta ongi informatuta egotea. “Inportantea da informazio osoa ematea, ez partziala, eta ez dadila aldatu medikuaren arabera. Izan ere, zenbaitetan osasun-sistemak jarrera paternalista hartzen du emakumeekiko: dena erabakita ematen zaie emakumeei. Eta hori ez da kontrazepzio gaiarekin bakarrik gertatzen, gai guztiekin baizik. Emakumea adin txikiko baten gisa zaintze horrek bukatu egin behar du. Emakumeok lehendabizi informazioa jaso behar dugu, ez itxaron ginekologoa etorri eta hark informatzera. Aurretik informatuta egon behar dugu”. Emakumearen ahalduntzearekin lotzen du Balbasek prozesu hori: emakumea bera izan dadila ongi informatu eta erabakia hartzen duena eta bere osasuna kudeatzen duena arlo guztietan.

Antisorgailu motak
Zein antisorgailu erabili erabaki-tzerakoan, aintzat hartu behar dira bakoitzak dituen arrisku eta onurak.
Hormona bidezko kontrazepzioa: 
Metodo honen oinarria zikloa geldi-tzea da. Estrogeno edo estrogeno-gestageno dosi batekin emakumearen sistema hipotalamo-hipofisario konplexua gelditzen dute. Anobulatorioak dira, hots, obulazioa eragozten dute.

Modu ugari daude: pilulak, injek-zioak, inplanteak, petatxuak edo baginako uztaia. Denekin zikloa eteten da. Hormonen dosia handiagoa edo txikiagoa izan daiteke: zenbat eta dosi handiagoa, orduan eta gogorragoa. Hainbat arazo dituzten emakumeek ezin dute inolaz ere metodo horietako inor erabili: koagulazio arazoak, gibeleko arazoak edo arazo kardiobaskularrak dituztenek edo erretzaileak direnek. Emakume ba-tzuei ez diete inolako albo-kalterik sortzen eta beste batzuk, aldiz, gizendu egiten dira, likidoak atxikitzen dituzte, desio sexuala erabat joaten zaie edota deprimitu egiten dira.

Metodo naturalak:
- Sarketarik gabeko sexu-harremanak.

- Obulazioaren behaketa: Billings metodoa ere deitzen zaio. Norbere hormona aldaketek eragina dute baginako fluxuaren bolumenean eta testuran. Aldaketa horien arabera obulazioaren zein unetan dagoen jakin dezake emakumeak. Eta ondorioz, zein diren egun ugalkorrak eta zein ez. Fluxuaz gain, tenperatura ere behatu daiteke. Metodo honetan oso garrantzitsua da behaketa zehatz-mehatz egitea eta gorputza ondo ezagutzea. “Oso interesgarria da emakumea bere gorputza ezagutzera iristea. Zoragarria da”, dio Balbasek. “Zaila dirudi, baina zailagoa da eskiatzen edo surf egiten ikastea edo yogako postura batzuk egitea”.

- Coitus interruptus: sarketaren ondoren hazia isuri aurretik gizonezkoak zakila ateratzean datza. Balbasek ez du metodo hau gomendatzen. Alde batetik, ez delako segurua; nahiz eta atera, gerta liteke espermatozoide batzuk barruan gelditzea. Bestetik, emakume batzuei pelbiseko algiak sortzen dizkiete, hau da, mina harremanak iraun bitartean edota harremanaren ondoren. Balbasen iritziz, nahiko frustragarria da: “Sexu-harremana harreman betea, plazerezkoa eta bi pertsonen arteko elkartze sakratua da, eta nik uste dut bat-bateko etete hori ez dela inondik inora sakratua”.

Barrera metodoak: metodo hauek ez dute albo-kalterik eta egokiak dira.

- Kondoia edo pretserbatiboa: transmisio sexualeko gaixotasunetatik babesten duen antisorgailua da. “Niri gustatzen zait antisorgailu hau. Alde batetik kontrazepzioa bermatzen du eta beste aldetik transmisio sexualeko gaixotasunetatik prebenitzeko balio du. Harremanak ez direnean egonkorrak, baizik eta noizbehinkakoak, arinkeria iruditzen zait badaezpada pilulak hartzen jardutea. Eta gainera, pilulek ez dute gaixotasunengandik prebenitzen”. Balbasek gehitzen du “peaje” bat daukala: topaketa edo gozamena ez da berbera kondoiarekin edo kondoirik gabe. “Horregatik diot beti kontuan hartu behar dela arrisku-onura balantza. Eta horren arabera aukeratu”, gogorarazten du ginekologo eta mediku homeopatak.
- Emakumezkoen kondoia: baginan edo uzkian sartzen da eta transmisio sexualeko gaixotasunetatik babestu du. Emakume batzuk erabiltzen dute, baina gutxik, erabilera korapilatsua duelako.

- Diafragma: silikonazko kopa bat da, sakonera gutxikoa. Baginan sartu eta umetokiko lepoa babesten du, espermatozoideen pasaera eragotziz. “Emakume askok zalantzak izaten dituzte ondo jarri ote duten. Kasu horretan, emakumeek ondo erabiltzen ikasi behar dute eta horrekin jolasten ere bai. Eraginkorra da”, dio Balbasek.

UBG (umetoki barneko gailua): antisorgailu honek nola funtziona-tzen duen jakitea oso garrantzitsua da, albo-kalte serioak dituelako. Umetokiaren hasieran dagoen gailu bat da, 7aren, arpoiaren edo T baten formakoa. Kobrezko uztai bat dauka eta baginara jaisten den haritxo bat. Haritxo horrek hantura bat sortzen du umetokiko kanalean eta kanpoko zuloan eta horrek umetokiko mukia lodiago bihurtzen du eta espermatozoideak sartzea oztopatzen du. Batzuk, ordea, umetokira iristen dira eta bertan hiltzen dira gailua eta kobrezko uztaia han daudelako. Baina ez dira denak hiltzen, tronpara iristea lortzen dute batzuk.

Kasu horietan obulua ernaldu egin daiteke, hori ez du eragozten UBGak. Emakumea haurdun geldi daiteke. Haatik, ernaldutako obulua umetokira iristen denean, normalean ez da garatzen eta kanporatu eta abortatu egiten da umetokian, UBG badago. Gerta liteke emakume batzuk urtean horrelako zazpi edo zortzi abortu izatea.

Albo-kalteei dagokienez, infekzioa sor dezake hariak eta horrek hantura. “Niri ez zait gustatzen UBGa. Arrisku-onura binomioan onura baino arrisku gehiago dituela iruditzen zait eta erasokorra iruditzen zait”.

Espermizidazko esponja: esponja biribil txiki bat da, plastikozko espumakoa. Baginan sartzen da eta umetokiko lepoa babesten du. “Oso zikinak dira, ez dute babesten eta, gainera, infekzioa sor dezakete”, dio Balbasek.

Behin-betiko antisorgailuak: tronpen lotura eta basektomia. Behin-betiko dira, ez dute atzerabueltarik. Horrenbestez, adin batetik aurrerakoentzat eta ume gehiago ez dutela edukiko argi dutenentzat dira egokiak. Tronpen loturaren kasuan emakumeei tronpak mozten zaizkie obulurik ez pasatzeko. Eta gizonezkoen kasuan espermatozoideen bidea mozten da. Zikiratzea ez da gauza bera, bide desberdinak mozten dira. Askoz ere errazagoa da basektomia bat egitea tronpen lotura baino. Pertsona batzuk oso pozik gelditzen dira emaitzarekin eta beste batzuk depresioak izaten dituzte.