Gure mendiak eta larreak sendabelarrez beteta daude.

 

Garai bateko jakintza galtzen joan gara, eta ez ditugu ezagutzen inguruan ditugun zuhaitzak eta landareak, ezta sendabelarrak ere. Gure mendiak eta larreak sendabelarrez beteta daude, ordea, eta aski da ibilaldi txiki bat egitea bidean dozenaka topatzeko.

 

Ainitze Sala fitoterapian, naturopatian eta kosmetika naturalean espezializatu da, eta, ardatz horien inguruan, Onik proiektua sortzen ari da Lazkaoko Beiztinberri baserrian. Besteak beste, baso jangarria sortzen ari dira, sendabelarrak landatu dituzte, baratzea dute, eta urmael bat sortu dute Aranzadi Zientzia Elkartearekin eta Fraisoro eskolarekin elkarlanean. Ekosistema zabala sortu nahi dute inguru horretan, eta pertsonen osasuna eta ongizatea bermatzea da Onik proiektuaren helburu nagusia. Bioaniztasun aberatsa behar dugula aldarrikatu du Salak, eta sendabelarrei buruz mintzatu da.

 

Zer da fitoterapia?

Fitoterapia landareak oinarri dituen terapia da, eta zientzian oinarritzen da. Sendabelarren zientzia deitu dakioke, eta gu osasuntsu egoteko helburua du. Arbasoen jakintza kontuan izan behar dugu, haiek mendeetan jakin izan dutelako zer-nolako erabilera eman sendabelar bakoitzari. Gaur egun, ordea, haurrek badakite autoen eta mugikorren markak identifikatzen, baina, basora iristen direnean inguruan dutenari buruz galdetuz gero, oro har hau belarra dela eta hori zuhaitza dela diote, baina ez dakite lizarra, haritza edo asuna identifikatzen. Transmisioa eten egin da, eta oso garrantzitsua iruditzen zait hori berreskuratzea.

 


Botika bat hartu behar baldin badugu, sendabelarrak lagungarri gisa hartu ditzakegu. Kimikaren bidez sortzen ditugun botikak oso kontzentratuak dira, eta hortik dator haien indarra, baina gorputzean bestelako eragina ere izaten dute


 

Sendabelarrak ez ditugu ezagutzen, beraz.

Ez. Herriren batean sendabelarrak identifikatzeko ikastaroa ematen dudanean, esaten didate han ez dutela sendabelarrik. Bidean abiatzen gara, eta, 100 metro egin ondoren larre txikiren bat edo erreka bazterren bat aurkitzen baldin badugu, aurrera egin ezinik gelditzen gara, eremu horretan 20 bat sendabelar aurkitu ditzakegulako.

 

Zer onura ditu fitoterapiak?

Gure osasuna babesteko, indartzeko eta berreskuratzeko balio dute landareek. Medikuntzaren eta sintesi kimiko bidez sortzen diren botiken aurretik, sendabelarrak erabiltzen ziren. Gaur egun, fitoterapiaren eragina ezagutzen dugu, eta oinarri zientifikoekin aritzen gara. Asun bat hartzen dugunean, adibidez, badakigu zer printzipio aktibo eta osagai dituen: azido formikoa, azido usolikoa, azido askorbikoa, potasioa, magnesioa, bitaminak, burdina, kaltzioa… Zientziaren bidez dakigu sendabelar bakoitzak zer osagai dituen, eta sendatzeko tratamendu gisa edo prebentziorako erabil ditzakegu. Bestalde, egunerokoan elikagai modura ere erabil ditzakegu.

 

Sendabelarrak erabiltzeko modu ugari daude. Zein dira?

Uretan prestatu ditzakegu, edo estraktuak, ozpinak, oleatoak, jarabeak, kanpo erabilerarako ukenduak edota gurean hainbeste erabili izan diren enplastuak egin ditzakegu.

 

Gaur egungo botika askok landareetan dute oinarria, baina, hala ere, farmazia industriaren indarraren ondorioz, kimikoa hobesteko joera dugu. Zer iritzi duzu?

Nik esango nuke bi munduak ez daudela bata bestearen aurka eta biek dutela tokia. Botikek ezinbesteko rola dute egoera larrietan —oso gaizki gaudenean bizitza salbatzen digute—, eta fitoterapiak, berriz, indar handiagoa du prebentzioan edo mantenuan; baina ez daude kontrajarrita, elkarren osagarri dira. Botika bat hartu behar baldin badugu, sendabelarrak lagungarri gisa hartu ditzakegu. Kimikaren bidez sortzen ditugun botikak oso kontzentratuak dira, eta hortik dator haien indarra, baina gorputzean bestelako eragina ere izaten dute. Biak bateragarriak dira, eta nik uste dut sistema integral baten alde egin beharko genukeela.

 


Intsusa, sorgin onaren zuhaixka

Intsusa da Ainitze Salaren sendabelar kuttuna. Sanbucus nigra da intsusaren izen zientifikoa, eta, Salak dioenez, gurean oraindik ere bada intsusaren hostoa jaso eta zorte ona izateko poltsikoan eramaten duenik. Sorgin onaren zuhaixka gisa ezagutu izan da Euskal Herrian, eta Europan ere sinbologia handiko landarea da. 3-10 metro bitartean hazten da, eta asko gustatzen zaizkio leku hezeak eta asuna zein sasia dauden lekuak. Udaberrian, kanpai moduko loretxo txikiak ateratzen zaizkio, oso usaintsuak. Udazkenean, fruitu iluna ematen du. Lorea arnas aparatuko gaitzak sendatzeko erabiltzen da, eta fruituak, berriz, antioxidatzaile ugari ditu. Jangarria da, legamia naturalak ditu, eta oso ona da sistema immunea indartzeko.