Zabaldu dezagun armairua, eta itxi dezagun esplotazioaren atea.
Nola ekoizten da janzten dugun hori? Zer baldintzatan egiten dute lan guk arropa merkeak eros ditzagun lanaldi amaiezinak izatera behartutako langileek?
SETEMek sarea osatu du Arropa Garbia Kanpainarako, garapenerako GKEen, sindikatuen eta kontsumitzaileen elkarteekin. Munduko 200 langile antolakunderekin baino gehiagorekin aritzen dira lankidetzan, eta jantzigintzako langileen lan baldintzak hobetzea dute helburu nagusi. Ekoizpena murriztea izango litzateke irtenbidea.
Gero eta arropa gehiago kontsumitzen dugu, eta fast fashion edo moda azkarrari buruz hitz egiten dugu. Azken urteetan, nabarmen egin du gora kontsumo horrek, ezta?
Moda azkarrari buruz hitz egin izan dugu, baina, azken urteetan, ultra azkarra izaten ari da; horrek esan nahi du ahalik eta arropa gehien ahalik eta azkarren eta ahalik eta merkeen ekoizten ari dela. Hori dela eta, azken hamabost urteotan ekoizpena bikoiztu egin da, eta ekoizten denaren erdia erabili edo saldu gabe botatzen da, gainera.
Ahalik eta merkeen ekoitzi nahi dute arropa marka handiek. Zer ondorio du horrek giza eta lan baldintzei dagokienez?
Giza eta lan eskubideak sistematikoki urratzen dira. Enpresek ekoizpen guztia deslokalizatzen dute, eta horniketa katea oso luzea da, baina, batez ere, iluna da; enpresa handiek ez dute informaziorik ematen, eta ez dute inolako ardurarik hartzen. Langileen soldatak bizitza duina izateko beharko luketenak baino % 45 baxuagoak dira, batez beste. Bestetik, lanaldiak amaigabeak dira. Shein markako langileek, adibidez, piezako egiten dute lan, eta egiten duten pieza bakoitzeko kobratzen dute. Soldata duina izateko, gutxienez 75 orduz egin behar dute lan astero, atsedenerako egunik gabe. Shein da arropa ultra azkarraren adierazlerik argiena.
Eta sektoreko langileen osasuna arriskuan izaten da askotan.
Bai; erortzeko eta erretzeko arriskuan dauden eraikinak, argitasun eta aireztapen desegokia dutenak, toxiko arriskutsuen aurrean babes neurririk gabekoak… izaten dira. Indarkeria fisikoa, indarkeria psikologikoa, genero indarkeria edota sexu jazarpena ere ohikoak izaten
dira. Langile gehienak emakume gazteak eta txiroak dira, prekaritatea handia da, azpikontraten azpikontratak izaten dira, eta langileak egun batetik bestera kaleratzen dituzte, kalte ordainik ordaindu gabe. Ez dute protestarako eskubiderik, eta sindikatzen diren langileak jazarri edo kaleratu egiten dituzte.
Ingurumenari dagokionez ere kalteak handiak izan ohi dira.
Sektoreak berotegi efektuko gas kopuru handiak isurtzen ditu; munduko igorpen guztien % 10. Inditex enpresak, esaterako, hegazkinez garraiatzen du arropa, eta enpresa horren emisioek % 37 egin zuten gora 2023an. Marketin berdeak eta zuriketa berdeak indar handia dute, eta enpresek ingurumenaren alde egiten omen dituzten ekintzak iragartzeko kanpaina indartsuak abiatzen dituzte, baina ez dira egia. Bestetik, baliabide urrien kontsumoa handia da; galtza bakero batzuk ekoizteko, adibidez, 7.000 litro ur baino gehiago behar dira. Eta jantzigintzan erabiltzen diren produktu toxikoek kalte handiak eragiten dituzte herrialde ekoizleen ingurumenean zein bezeroen osasunean.
Arropa merkearen kasuan, oso garbi dago zer baldintzatan ekoizten den, baina arropa garestiagoa ere herrialde eta baldintza horietan ekoizten da maiz.
Gehienak baldintza horietan aritzen dira, eta ez dugu enpresa handi bat bera ere topatu bere hornikuntza katearen informazioa ematen duenik. Baina badira informazioa ematen duten enpresak edo diseinatzaile txikiak, eta hori bilatu beharko genuke.
Arropa erostea karga politiko handia duen ekintza da, azken batean.
Bai. Kontsumoa politikoa da, edo politikoa izan daiteke, eta horren bidez mundua eralda edo eraiki dezakegu.
Arropa erostean kontuan hartu beharrekoak
Arropa erosi aurretik:
Begiratu armairuan zer arropa dugun, zaindu, bizitza luzatu eta konpondu.
Egin trukeak lagunekin.
Galdetu geure buruari ea benetan behar ote dugun arropa berririk.
Arropa erostean:
Materialak: hobe hari naturalez egindako arropak plastikoz egindakoak baino.
Gertutasuna: hobe gertu ekoitzi dena urrunekoa baino.
Denda txikietan: hobe herriko edo auzoko denda txikian erositakoa kate handietan erositakoa baino.
Hobe bigarren eskukoa berria baino.
>> ropalimpia.org web orrialdean topatuko duzue kanpainari buruzko informazio gehiago.