Leire Saez, Haur Hezkuntzako irakaslea Erandioko Altzaga ikastolan.
Hik Hasik 2019an antolatu zuen bidaia pedagogikoan, Bartzelonara joan ginen. Bisita hartan, besteak beste, Espai Familiar de Criança Municipal Cadí-Raval ezagutu genuen, 0-3 urte bitarteko haurrentzako eta haien familientzako gunea. Hunkitu egin ninduten espazioak, materialek, arnasten zen errespetuak eta hango energiak. Bidelagun bati objektuei buruz galdetu nionean, hauxe erantzun zidan: “Arima duten objektuak izaten saiatzen gara”. Batzuk zaharrak ziren, eta istorio pertsonal biziak zituzten: amama batek Marokotik ekarritako teontziak eta koilarak, adibidez.
Harrezkero, maiz etortzen zait gogora esaldi hura. Izan ere, gure ikastetxeetako espazioak eta materialak gero eta antzekoagoak iruditzen zaizkit: altzari, kolore eta elementu berdintsuak topatzen ditugu ikastetxe askotan. Ulertzekoa da estetika adituen gomendioen arabera homogeneizatzea, baina, sarritan, ez didate energetikoki ezer transmititzen “neutroak izan nahi duten” gune horiek. Goxoak badira ere, nortasunik gabekoak direla uste dut; beste herrialde batera joan eta Bilbon dauden denda berberak topatzearen antzeko sentsazioa eragiten didate. Espazio neutroak eta gune goxoak eta leunak sortu nahian, ez ote gara ari eskolan askotan arimarik gabeko espazio “berdinak” eskaintzen?
Bestelako istorioak kontatzeko gai diren erabilitako objektuetan ikusten dut nik arima; bizitza bat izan duten elementuetan. Eta eskolaz kanpo erabili badira, are biziagoa dute arima. Hezitzaileok, batzuetan, jada etxean erabiltzen ez dugun zerbait eramaten dugu eskolara —sofa bat, panpina bat, gure seme-alabei kontatzen genien ipuina—, eta familiek ere horrelako altxor txikiak eskaintzen dizkigute. Ekintza horrek, materialak berrerabiltzeak duen balioaz gain, nortasuna eta energia berezia eman diezazkioke ikasgela eta eskola bakoitzari; “ezberdin” bilakatu ditzake.
Kontua ez da museo bat sortzea. Baina, agian, begirada merkatu didaktikoaren katalogoetatik apur bat aldentzeak bestelako zaporea, kolorea eta usaina ekarriko lieke gure eskolei.