Barnekotasuna lantzen ari dira Antzuolan.
Barnekotasuna lantzen ari dira Antzuolan. Gelditu, arnasa hartu, barrura begiratu, gure oinarriarekin konektatu eta esker onez bizitzen ikasi. Ez da ariketa erraza kanpoko munduak erritmo azkarregia ezartzen digulako, baina beharrezkoa da gure ongizatea zaintzeko eta hobeto bizitzeko.
Herri txikia da Antzuola, bi mila biztanle ingurukoa. Jendea elkartzea eta egitasmo jakin baten inguruan bat egitea errazagoa izaten da horrelakoetan eta Antzuolan Barnetik hazi eta hezi izeneko egitasmoaren inguruan bildu dira Herri Ikastetxeko komunitatea, herritarrak eta udala bera. Jesus Mari Matak eta Amaia Etxanizek gidatzen duten Nigan egitasmotik etorri da Barnetik hazi eta hezi. Ia 20 urte dira Nigan sortu eta euren semeekin barnekotasuna lantzen hasi zirela, eta pixkanaka-pixkanaka herrian barnekotasunaren gaineko kultura ezartzea lortu dute puzzlea osatuta: haurrak, irakasleak, gurasoak, aitona-amonak, udala… Herritarrak arnasa hartzen eta barrurantz begiratzen hasi dira Antzuolan.
Antzuolako Herri Ikastetxeko irakasleak hutsunea nabarituta jarri ziren harremanetan Matarekin. Hala adierazi du Silvia Ezpeleta, irakasle eta zuzendariak: “Ikasleen ongizate emozionala zaintzeko beharraz ari ginen, baina konturatu ginen oso garrantzitsua dela baita ere irakasleon ongizate emozionalaz aritzea”. Duela lauzpabost urte hasi ziren prestakuntza jasotzen eta formazioa ikasleei zabaltzea erabaki zuten ondoren, gurasoekin hala adostuta.
Antzuolako eskolan 2 eta 12 urte bitarteko haurrak daude eta modu batera zein bestera denek hartzen dute parte proiektuan. Hala adierazi du Nahikari Barrio, Haur Hezkuntzako koordinatzaileak: “Iaz 2 urtekoak ez genituen sartu, euren erritmoak dituztelako. Poliki-poliki joaten gara eskolako beste dinamika guztietan integratzen, baina irakasleak zenbait ariketa egiten ditu haiekin: isilik egotea, etzanda… Zerbait egiten has liteke adin horretan ere”.
Hamabostero egiten dituzte saioak ikasleekin eta, mailaren arabera, ordu erdikoak edo ordubetekoak izaten dira. Mata bera eta Izadi Mondragon arduratzen dira saio horietaz. Orain, gainera, badute horretarako espreski prestatutako gela bat: barnekotasunaren gela. Bertan biltzen dira ikasleak giro lasai eta goxoan. Hala azaldu du Matak: “Arnasketaren eta isiltasunaren bidez gure barneko munduan murgiltzen gara. Lehen urteko helburua da eurek esperimentatzea isiltasunean ere oso gustura egoten garela, gure barnera joatea atsegina dela, arnasa kontzienteki hartzea ona dela eta taldean egiten baldin badugu hobeto egiten dugula. Bigarren urteko xedea gure mundu emozionala kudeatzen hastea da, sentimenduak zer diren identifikatzea, horrekin zer egin dezakegun ikustea… Eta hurrengo etapa, gure baitara joatea da; gure esentziara. Guk identitate esentziala deitzen diogu. Hainbat filosofok esaten zuten moduan, egia, ontasuna eta edertasuna gara eta hori esperimenta dezaten nahi dugu”.
Saio horiek egiteaz gain, astero meditatzen dute ikasleek. Irakasleek gidatuta egiten dute meditazio saioa Ezpeletak azaldu duenez: “Umeek astero duten tutoretza saio bakoitzaren hasieran meditazioa egiten da, tutoreak gidatuta. Modu horretan umeak zentratu egiten dira”.
Irakasleek etengabeko formazioa jasotzen dute eta saio horiek nola bizitzen dituzten azaldu du Ezpeletak: “Normalean klaustroen ondoren etortzen da Jesus eta kosta egiten zaigu frenatzea. Frenatzeko zailtasun hori esperimentatzen dugu eta bizipen horrek umeei ere erritmoa jaistea nola kostatzen zaien ulertzen laguntzen digu. Helduok batzuetan ez dugu barrura begiratu nahi. Ikasleei gauza bera gertatzen zaie eta, batez ere, errespetuz aritu behar dugu, oso gai delikatua delako; ez da matematika irakastea, honek emozionalki ukitzen gaitu”.
Praktika hori norbere intimitatean sartzen dela azpimarratu du Matak: “Guk identitate esentziala hobesten dugu: gure baitara, benetan barrura dugun horretara joatea. Emozioak eta pentsamenduak baretzen ditugunean sortzen da barnean duguna eta hori da gure identitate esentziala. Heziketa honen oinarrian psikologia humanista dago: lehenik arlo psikologikora jo behar dugu eta ondoren gure identitate esentzialera gerturatzen hasten gara”.
Isiltasuna, meditazio-praktikak eta esker ona, horiek dira oinarriak. “Emozioen, pentsamenduen eta identitatearen kudeaketa dator gero eta ezin dugu gorputza ahaztu. Gorputza sekulako bitartekoa da horretan guztian laguntzeko; bozgorailua da eta zer gertatzen ari den esaten digu”, adierazi du Etxanizek.
Ikasleen ongizate emozionala zaintzeko beharraz ari ginen, baina konturatu ginen oso garrantzitsua zela baita ere irakasleon ongizate emozionalaz aritzea
Silvia Ezpeleta, Antzuolako Herri Ikastetxeko irakaslea eta zuzendaria
Onurak begi-bistan
Ikasleek berehala sentitzen dute onura, eta lasaitzeko eta meditatzeko tarteak eskatzen dituzte, Ezpeletak dioenez: “Iaz, 6. mailako ikasleek DBHrako prestatzeko egiten dituzten probak egin aurretik, arnasteko tartea eskatzen zuten. Egiten ari garena baliagarria dela erakutsi zigun eta indarra eman zigun horrek. Lau urteko umetxoek ‘arnasten dugu bihotza gelditzeko’ esaten zuten; horrela adierazten zuten arnasketa landuta sentitzen duten patxada”.
“Kontzientzia hartzen dutela ikusten dugu –jarraitu du Barriok–, eta konturatzen dira tarte horretan euren gorputza isilik, barnera begira… dagoela. Meditazioak urduritasuna edo inpultsibitatea jaisteko balio duela ikusten dute eta horrek dakartzan onurez jabetzen dira: ez da soilik ongizate emozionala, ongizate fisikoa ere bada, gorputza nola dagoen jabetzen direlako. Ongizate mentala ere bai, pentsamenduak etorri ahala joaten uzten dituztelako eta, azkenik, espirituala aipatu behar dugu; erlijiotik at, norbere buruarekin, besteekin eta inguratzen gaituen munduarekin konektatzeko bidea baita. Tresna oso boteretsua da eta bizi osorako izango dute”. Ikasleak tresna hori barneratuta aterako dira eskolatik eta bizitza pertsonalerako zein profesionalerako baliagarri izango zaiela gaineratu du Ezpeletak: “Eguneroko dinamiketan, pentsamenduen zurrunbiloan gaudenean, borrokan ari gara etengabe. Tresna hori ezagutzen ez baldin badugu, etsi egiten dugu gu baino askoz ere handiagoa den zerbait dagoela sentitzen dugulako. Bergarako institutuan esaten digute umeak hemendik beste modu batera joaten direla; bestelako pentsatzeko modua dutela eta arazoen aurrean desberdin jokatzen dutela. Eskolan lan egiteko dugun moduagatik ere bada hori”.
Kontzientzia hartzen dutela ikusten dugu eta konturatzen dira tarte horretan euren gorputza isilik, barnera begira… dagoela. Meditazioak urduritasuna edo inpultsibitatea jaisteko balio duela ikusten dute eta horrek dakartzan onurez jabetzen dira
Nahikari Barrio, Antzuolako Herri Ikastetxeko Haur Hezkuntzako koordinatzailea
Gurasoak bultzatzaile
Hau guztia ez zen posible izango gurasoen laguntzarik eta babesik gabe. Hala dio Ezpeletak: “Iaz gurasoentzako formakuntza saio bat egin genuen umeekin batera. 17 helduk hartu zuten parte eta 148 ikasle dituen eskola batean, hori asko da”. Etxanizek gurasoen konpromisoa azpimarratu du: “Irakasleek lan izugarria egin dute, baina gurasoek hori onartu eta bultzatu dute eta finantzaketa ere haiek lortu dute. Irakasleek eskolan egiten duten lanari jarraipena eman diezaiokete orain eta oso balorazio positiboa egiten dute”. Ane Miren Etxeberria Pausoka guraso elkarteko kidea da: “Guretzat oso garrantzitsua da gure seme-alabak ondo egotea eta horren alde, aurrera egin genuen. Balio duela ikusten ari gara; nire alabak oso pozik daude. Nagusiak 9 urte ditu eta urduri sentitzen denean, arnasketak egiten ditu orain”. Haurrek etxean meditatu dezakete eta gurasoek, berriz, eskolan; barnekotasunaren gela gurasoentzat ere zabalik baitago haiek nahi dutenean erabiltzeko.
Antzuolan dauden bi kooperatibek proiektua finantzatzea lortu dute gurasoek. Kooperatibek, eskolak berak eta udalak finantzatu dute guztia. Izan ere, udalak ere egitasmoan parte hartzeko erabakia hartu zuen: “Nik pertsonalki bizi izan dut esperientzia eta garbi nuen herrian aurrera eraman behar genuela. Txostena aurkeztu zuten, aztertu genuen eta egitasmoa babestea erabaki genuen”, adierazi du Inma Beristain hezkuntza arloko zinegotziak. Udalak eskolako saioak eta herrian egiten diren garapen pertsonaleko tailer guztiak laguntzen ditu, besteak beste, saioak egiteko lokala utzita.
Eta pixkanaka, Antzuolan errotu den esperientzia, bailarako beste herri batzuetara zabaltzen ari dira orain: Angiozarreko eskolan izan ziren iaz Nigan-eko kideak eta aurten Bergarako institutuko ikasleei saioak eskainiko dizkiete. Debagoienan Antzuolako esperientzia zabaltzeko elkartea sortu dute eta Arrasaten ere proiektua aurkeztuko dute. Aurrera doaz, lasai, presarik gabe, arnasa sakon hartuz eta etorkizunerantz begira baino gehiago, barrurantz begira.