Amaia Jackson, Haur Hezkuntzako irakasleari elkarrizketa.

 

Black is beltza filmaren gaineko Beltza naiz eta harro nago dokumentaleko protagonista da Jackson. Irakaslea da Donostiako Amara Berrin, eta HUHEZIren Kulturartekotasuna eta elkarbizitza jardunaldietan parte hartu du, hezkuntzan ere badagoen egiturazko arrazakeriaz mintzatzeko. Hausnartzeaz, prestatzeaz eta curriculuma eta materiala berrikusi beharraz gain, eredu arrazializatuen beharra nabarmendu du.

 

Karibu Amaia. Noiz esan zenuen, lehendabiziko aldiz, “beltza naiz eta harro nago”?

“Beltza naiz” txiki-txikitatik esan izan dut; ez zait beste aukerarik gelditu: inguruneak desberdin sentiarazi nau. Begiradak eta presioa sentitu ditut, eta ohartu nintzen nirekin besteekin gertatzen ez den zerbait gertatzen zela: “ados, zerbait gertatzen da nirekin”. Beltza izatearen  kontzientzia hori oso gaztetatik daukat. Baina “harro nago” hori beranduago iritsi zitzaidan. Ohartu nintzen beltza izate hori zerbait txar eta negatibo moduan hartzen dela gizarte honetan, zurien azpitik zaudela, ez dituzula gauza batzuk merezi, jendeak aurreiritzi negatiboak dauzkala… Eta hori guztia sentitu nuenean, ohartu nintzen niri gustatu egiten zaidala beltza izatea, harro nagoela beltza izateaz eta beltza izan nahi dudala. “Harro nago” hori arrazakeriaren kontzientzia hartu nuenean etorri zitzaidan.

 

Beltza naiz dokumentalean, Fermin Muguruzaren Black is beltza filmaren gainean egin den eta protagonista zaituen dokumentalean, zehazki diozu Black is beltza zure bizitza kontatzen duen lana dela. Filmean parte hartzen duten hiru kantariri galdetzen diezu ea nola azaltzen dioten euren identitatea munduari, Ghanakoak eta Kataluniakoak izanik. Zuk nola egiten duzu?

Dokumentalean hori galdetu nienean, hau erantzun zidaten, besterik gabe: “Sinpleki, Ghanakoak eta Katalulniakoak garela”;  orduan ohartu nintzen galdera absurdoa zela! Nik neuk ere askotan erantzun behar izan diot galdera horri, askotan azaldu behar izan baitut zergatik naizen beltza. Zarauztarra naiz, euskalduna naiz eta Tanzaniakoa naiz. Nire aita Tanzaniakoa zen. Ni hemen jaio naiz, baina ezin dut disimulatu Tanzaniakoa naizela. Nire aita Extremadurakoa izan balitz, ez nukeen esan beharrik izango. Horregatik, Tanzania oso presente izan dut beti.

 

Nola bizi izan duzu azalpenak eman behar hori, desberdina izate hori?

Gazteagoa nintzenean, ez zitzaidan axola: onartua neukan leku berri batera iritsi orduko azalpenak eman beharko nituela, “nongoa zara?” galderari “zarauztarra” erantzuten banion ez baitzen inoiz nahikoa izaten. “Nongoa zara?” galderaren atzean, “zergatik zara beltza?” galdera dago, nahiz eta jendea ez den ausartzen hori galdetzera.

 


“Nongoa zara?” galderaren atzean, “zergatik zara beltza?” galdera dago, nahiz eta jendea ez den ausartzen hori galdetzera


 

Eta azalpen asko eman behar izan al duzu hezkuntza munduan?

Oro har, oso esperientzia positiboa eta erraza izan dut hezkuntza munduan. Anekdota puntual batzuk izan ditut 17 urte hauetan: herri txiki bateko eskola batera joan, ordezkapena egitera nindoala esan, eta “baina beltza zara!” entzutea; edo aitonaren bat etortzea ni ezagutzera bilobak kontatu diolako beltza naizela eta euskaraz egiten dudala. Gaur bertan, hemen, Amara Berrin, ezagutzen ez nuen emakume garbitzaile bat agurtu dut, afrikarra bera ere, eta ea garbitzera nentorren galdetu dit. Ikaragarri harritu da irakaslea naizela esanda!

Familiekin, esperientzia ona izan dut beti. Eta, umeen kasuan, duela urte asko gehiago harritzen ziren ni euren ikasgelan agertzen nintzenean; ume batzuek azala ukitzen zidaten, eta, gero, euren eskuari begiratzen zioten… Ez zegoen hainbeste pertsona beltz euren inguruan…

 

Eta zerori eskola umea zinenean, nolako esperientzia bizi izan zenuen?

Eskolako ume beltz bakarra nintzen. Zarautzen, bazegoen beste ume beltz bat, baina ez nuen harekin harremanik izan. 42 urte egingo ditut, eta, duela 40 urte, herrian pertsona beltz bakarra izanda, gauzak beste era batekoak ziren: diskriminazio positiboa bizi izan nuen neurri batean; oso babestuta nengoen, eta nire lagunek naturaltasunez bizi zuten. Nire ama zarauztarra da, zuria, eta argi esan behar dut: ni beltza naiz, baina beltz pribilegiatua. Aita ez dut ezagutu, ni jaiotzeko nengoela istripu batean hil zelako; eta ni Zarautzen jaioa naiz; nire Zarauzko familiarekin hazi eta bizi izan naiz beti; Begoren alaba izan naiz, eta asko lagundu dit horrek. Ez da gauza bera gurasoekin kanpotik etortzea, ingurunerik gabe, eta hemengo hizkuntza ezagutu gabe haztea. Hori beste errealitate bat da, gogorragoa.

 

Zer-nolako irudia ematen zen Afrikari buruz? Eragiten al zizun horrek?

Ikaragarrizko konplexuarekin neraman gai hori. Nire lagunek eta ikasgelako kideek bazekiten aita afrikarra nuela eta ni afrikarra naizela. Eta Gabonak iristen zirenean, Gobernuz Kanpoko Erakunde baten argazkiak erakusten zizkiguten; ume beltzak ziren denak, eta desnutrizio-egoeran zeuden. Ematen zen irudia oso gogorra zen: “Afrika pobrea da, jendea gosez hiltzen ari da han eta guk lagundu egin behar diegu”; paternalismotik, hori zen mezua. Horrek eragin egiten zidan niri: “hori al zara zu?”, galdetuko balidate bezala denek, eta nire aita horkoa zen. Nik, gainera, ez nuen artean Afrika ezagutzen, eta aita ere ez neukan ondoan gauzak azaltzeko… Afrikari buruzko irudi horrek min handia egiten zidan.

Irakasleok ikasgelan ume afrikarrak baldin badauzkagu, kontuan hartzen al dugu Afrikan 50 herrialdetik gora daudela eta herrialde bakoitzak bere berezitasunak dauzkala? Afrika, oraindik ere, gehienontzat, animaliak dituen eta beroa egiten duen leku bat da, pobrea eta laguntza behar duena; hala zen, behintzat, nire garaian. Eta hori transmititzeak min handia egiten du.

 

Gaurko gazte arrazializatuek, bizitzan eta lanbidea zein ikasketak aukeratzean, ereduak falta dituztela entzun dugu azkenaldian antirrazismoaz egin diren hainbat jardunalditan. Eta hemen zauzkagu zu, irakaslea, erreferentzia gazteentzat. Zuk bizi izan al zenuen erreferentzia falta hori, irakasle izango zinela erabakitzeko garaian?

Gure identitatea eraikitzeko, beharrezkoak ditugu ereduak eta erreferentziak, eta nik bizitzan, bai, pertsona beltz moduan, emakume beltzen ereduen falta sumatu izan dut; ez nintzen besteekin identifikatzen. Lanbidea edo ikasketak aukeratzeko garaian, ordea, ez nuen eredu falta hori sentitu, baina argi daukat zergatia: lehen, pertsona beltz gutxiago ginen hemen, eta, nire egunerokoan, oso pertsona arrazializatu gutxi ikusten nituen; beraz, hezkuntzan ez ikustea ez nuen arrarotzat hartzen, kalean ere ez nituen ikusten-eta. Gaur egun, aldatu egin da hori:  pertsona arrazializatu asko gaude kalean, baina, gero, espazio batzuk soilik betetzen ditugu, eta beste espazio batzuk ez ditugu betetzen. Horregatik nabari da erreferentzia falta hori: gazteek euren moduko asko ikusten dituzte kalean; baina, gero, eskolan, ez dituzte irakasle ikusten; edo mediku izan nahi dute, baina ospitalean ez dute inoiz mediku beltzik ikusi; edo suhiltzaile izan nahi dute, baina suhiltzaile beltzik ikusi ez… Eta ikasketak aukeratzeko garaian, bai, horrek eragiten du. Gero eta gehiago gara, baina ez ditugu espazio guztiak betetzen. Ezinbestekoa da aipatzea espazio horiek ez baditugu betetzen ez dela nahi ez dugulako edo prestakuntzarik ez dugulako. Arrazakeria estrukturala da, eta etorkinei eta pertsona arrazalizatuei trabak jartzen dizkie zenbait espazio betetzeko. Ereduak behar dira, espazio guztietan. Nik nabaritzen dut: arnasgune bat naiz ikasle arrazializatuentzat; konexio berezia sentitzen dut ikasle horiekin, eta ume horiek lasaitu egiten dira ni ikuste hutsarekin. Garrantzitsua iruditzen zait hori, eta asko betetzen nau konexio horrek. Beltza izate hutsa eta hemen eskolan irakasle moduan egote hutsa oso garrantzitsuak dira ume askorentzat. Hezkuntzan bezala, beste espazio asko hartu behar ditugu oraindik ere pertsona arrazializatuok, gazteak ohart daitezen nahi duten hori izan daitezkeela, beste edonor bezala.

 


Hezkuntzan bezala, beste espazio asko hartu behar ditugu oraindik ere pertsona arrazializatuok, gazteak ohart daitezen nahi duten hori izan daitezkeela, beste edozein bezala



 

Erreferentzia gabeziaz gain, irakasle moduan zer jarrera arrazista ikusi dituzu hezkuntzan?

Hezkuntzan, lehenik eta behin, curriculuma oso eurozentrista dela ikusten dut; zurien narratibak soilik hartzen ditu kontuan, eta beste narratiba batzuk kanpoan uzten dira. Gainera, testuliburuetan, ez dago espaziorik beste narratiba horietarako. Horrez gain, kontuan izan behar dugu zapalduen gaineko narratibak zer-nolakoak diren! Garrantzitsua da, beraz, beste narratibak ere kontuan hartzea, historia kontatzen dugunean, hasteko. Material aldetik ere, berrikusketa lan handi bat egin behar dugu: ipuinetan, pertsonaia guztiak zuriak dira, baita puzzleetako irudiak ere, eta, lantzen ditugun baliabide gehienetan, pertsona zuriak ageri dira beti oraindik ere. Lan kontziente bat egin beharra daukagu hori guztia aldatzeko eta gaur egungo errealitateetara egokitzeko.

Irain bat entzuten dugunean, denok ohartzen gara arrazista bada, baina mikroarrazakeria asko ditugu egunerokoan sartuta. Mikro dira, baina ez dira txikiak; gizartean oso barneratuta daudelako esaten diegu mikro, eta ez gara ohartu ere egiten esaten ari garen hori arrazista denik. Denok dauzkagu horrelako jarrerak barneratuta, eta hausnarketa sakon bat egin beharra daukagu. Niri neuri ere kostatu egiten zitzaidan lehen halako jarrerak arrazista gisa identifikatzea, beltza izatea estereotipo zehatz batzuekin lotzea edo denak ilea ukitzera etorri behar hori… Etengabe jarrera mikro horiek jasotzeak makro egiten ditu, eta asko eragiten dio jasaten dituen pertsona horri.

 

Zu ikaslea zinen garaitik gaur egunera, asko ugaritu da gure ikastetxeetako ikasle arrazializatuen kopurua. Egiturak, baliabideak, materialak… aski prestatuta al dauzkagu jatorri atzerritarreko ikasleak hartzeko, euren ibilbide akademikoa eta garapen pertsonala, beste ikasle guztiena bezala, arrakastatsua izan dadin?

Asko ugaritu da pertsona arrazializatuen kopurua, bai, baina ugaritzeak ez dakar berarekin pertsona horien egoera hobetzea, ez bada lanketa bat egiten. Lanketa da egoera hobetuko duena; kopuruak ez du egoera hobetuko. Ikasgeletan erabiltzen ditugun baliabideak, materialak, estereotipoak eta narratibak sakon berrikusi behar ditugu, eta, horretarako, irakasleok geure burua prestatu behar dugu lehenik eta behin. Prestakuntza batzuei garrantzi handia ematen zaie; baina prestakuntza beharko genuke arrazakeriaren kontrako tresnak lantzeko ere, gaur egun dauzkagun errealitateak kontuan izanda. Elkarbizitzarako prestakuntza behar dugu arrazakeria ikusteko, haren kontrako tresnak lantzeko eta errespetua eta tratu onak sustatzeko gure irakasle-ibilbidean, errealitate horixe izango baitugu eskuartean.

 

Nola bizi izan zenuen zuk identitate plurala izatea, hango eta hemengo sentitzea? Eta nola lagundu dezake eskolak identitate plural hori modu osasuntsuan garatzen?

Nik, hemen, beti sentitu izan dut desberdina naizela. Beti pentsatu izan nuen Tanzaniara joanda inork ez zidala hemen bezala begiratuko, han bat gehiago izango nintzela. 18 urterekin lehendabiziko aldiz hara joan nintzenean, muzungu deitu zidaten; zuria naiz Tanzanian. Nire sustraiek ez naute euren partaideen artean identifikatzen. Hemengoentzat hangoa naiz, eta hangoentzat hemengoa naiz; krakateko handia eragin zidan horrek, nahiz eta 18 urte izan eta nortasun indartsua eduki. Ez hemengo eta ez hango sentiarazi naute, baina ni hemengoa eta hangoa naiz. Autoestimu kontua dela iruditzen zait, eta hori dela umeekin landu behar duguna. Nork esan behar dit niri ez naizela hemengoa? Entzun, nik esango dizut hemengoa naizela. Eta han esaten didatela ez naizela hangoa? Bada, ni hangoa ere banaiz. Ni hemengoa eta hangoa naiz, nik esaten dudalako. Geuk sinetsi behar dugu lehendabizi, eta, horretarako, geure buruaren irudi positiboa eta autoestimua behar ditugu. Hori landu beharko genuke ikastetxeetan haurrekin, txiki-txikiak direnetik. Gu gara haur horien bidelagunak, eta euren identitatearen parte garrantzitsu bat eskolan eraikitzen da; esku artean daukaguna, beraz, oso hauskorra da eta ongi zaindu behar dugu. Irakasle bakoitzak bere erremintak ditu; baina, prestakuntza batekin, seguruago egingo genuke lan, eta hobeto landuko genituzke identitatearen, arrazakeriaren eta elkarbizitzaren gaineko hainbat gai.

 


Nork esan behar dit niri ez naizela hemengoa? Entzun, nik esango dizut hemengoa naizela. Eta han esaten didatela ez naizela hangoa? Bada, ni hangoa ere banaiz. Ni hemengoa eta hangoa naiz, nik esaten dudalako


 

Metodologiei buruz zer esango zenuke? Batzuek besteek baino gehiago lagundu dezakete ikasleen askotariko identitateak eraikitzen?

Bai, ume bakoitzari bere identitatea eraikitzen gehiago laguntzen diete metodologia berriek. Gaur egun, Haur Hezkuntzan behintzat, metodologia gehienak irekiak dira, eta horrek umeei euren barrenetik ekarpenak egiten laguntzen die, parte hartzeko aukera ematen die eta partaidetzan ez ezik identitatearen eraikuntzan ere mesede egiten die horrek. Arreta jarri behar dugu familiengan ere: Haur Hezkuntzan, askotan gonbidatzen ditugu gurasoak, eta, familia etorkinen kasuan, beren kulturaren desberdintasunak erakusteko eskatzen diegu askotan; hori, alde batetik, oso aberatsa da beste ohitura batzuk ezagutzeko eta horiei balioa emateko. Baina anima ditzagun, baita ere, berdintzen gaituen hori erakustera etor daitezen, ohiko gauzak egitera, udaberriko ipuin bat kontatzera edo euskararen egunean hamaiketakoa banatzera; oso aberasgarria da hori ere.

 

Familien aniztasuna ere aipatu beharra dago; atzerritik etorri diren familiak, izaera ugaritakoak, guztiak hartzen ote ditugu kontuan?

Dirudienez ez. Nire kasuan, nire amari gertatu zitzaionaren guztiz kontrakoa gertatu zait niri, zuri-zuriak baitira nire umeak. Nire amari zorionak ematen zizkioten ni “adoptatu” izanagatik; niri, berriz, nire testuingurutik kanpo, umeen zaintzailea ote nintzen galdetzen zidaten askotan haurrak txikiagoak zirenean. Gizartea askotarikoa da, eta aniztasun hori handiagoa izango da etorkizunean. Gure esku dago hori nola landu eta kudeatu nahi dugun erabakitzea; gure arteko harremanak zaindu behar ditugu eta hezkuntzak ardura eta parte oso handia dauka horretan guztian.

 


Nire belztasun pribilegiatu honetatik, ahotsik ez daukaten beste pertsona beltz batzuen ahotsa izan behar dudala sentitzen dut; ikusten dudan guztia kontatzeko erabakia hartu dut, eta salatu beharra daukat gizartea arrazista dela


 

Noiz jantzi zenituen arrazismoaren kontrako betaurrekoak? Zer aldarazi zizuten?

Ni beltza naiz, baina, azken finean, beltz pribilegiatua, eta konturatzen naiz horretaz. Nik, nire erosotasun horretan, gauza asko ez nituen ikusten. Sare sozialek begiak irekitzen lagundu didate, eta arrazismoaren kontrako pertsona batzuen jarraitzailea naiz: Lucia Mbomio, Desiree Bela, Moha Gerehou… Haien liburuak irakurri ditut, eta esnatzen eta betaurrekoak janzten lagundu dit horrek: ezin dut isilik gelditu, ezer gertatuko ez balitz bezala. Denbora luzean, isilik gelditu izan naiz iruzkin arrazistak entzunda,  bakeagatik, baina, orain, ezin dut isildu; esan beharra daukat. Gero, pertsona horrek ikusiko du zer egin nik esandakoarekin, baina jakin dezala zer esan duen. Behin betaurrekoak janzten dituzunean, ezin dituzu kendu.

Nire belztasun pribilegiatu honetatik, ahotsik ez daukaten beste pertsona beltz batzuen ahotsa izan behar dudala sentitzen dut; haiek ez daukate nik daukadan espazioa hitz egiteko, eta ezin dut nire esperientzia soilik kontatu. Ikusten dudan guztia kontatzeko erabakia hartu dut, eta salatu beharra daukat gizartea arrazista dela. Ez zaigu hori entzutea gustatzen, ez baitugu arrazistak garela onartu nahi; baina, gizarteak behar duen aldaketa gerta dadin, beharrezkoa iruditzen zait nork bere arrazakeria onartzetik hastea. Norberak egin behar du gogoeta barruan zer-nolako arrazakeria duen ikusteko. Baina, horretarako, lehendabizi, aldatzeko gogoa izan behar da.

Ni neu ere ez nintzen jabetzen lehen gauza batzuekin, baina asko ikasi dut, eta asko daukat ikasteko. Gainera, arrazista ez izatea ez da nahikoa, arrazismoaren kontrakoa izan behar da. Norberak ikusi behar du zer puntutan dagoen eta zer puntutan egon nahi duen.

 


Galdera laburrak

01.Eskola garaiko oroitzapen on bat?

Oroitzapen on gehienak lagunekin dira, jolasean.

02.Eskola garaiko oroitzapen txar bat?

Patiora atera baino lehen baso bat esne ematen zigutenekoa.

03.Nolako eskola amesten duzu?

Haur guztiak ahalduntzeko gai den eskola.

04.Zuretzat garrantzitsua den balore bat?

Maitasuna.

05.Hezkuntzari buruzko film bat edo liburu bat?

Orain Martes con mi viejo profesor ari naiz irakurtzen.