DIZIPLINA POSITIBOA ERRESPETUAN OINARRITURIKO HARREMAN HORIZONTALAK BIZITZEKO BIDE BAT DA, ZIGORRAK, SARIAK ETA XANTAIA EMOZIONALAK BAZTERTZEN DITUENA. BIZITZAKO BIDAIA HAU GURASOEI PILOTU MODUAN EGITEA PROPOSATZEN DIE, HAURRAK KOPILOTU GISAN HARTUTA, AHALIK ETA HARMONIA HANDIENEAN: “HAURRAK AINTZAT HARTZEA DA GAKOA, ENTZUNAK SENTITZEN DIRENEAN HOBETO PORTATZEN DIRA”.
Freuden garaikoa da Diziplina Positiboa. Alfred Adler psikiatra austriarrak garatu zuen 1920ko hamarkadan. Gizakion jarrera geure bizitzak hobetzean oinarritzen dela ondorioztatu zuen, eta beraz, baita haurrena ere, eta horien-tzako ere duintasun eta errespetu bera aldarrikatu zituen. Helduaren eta haurraren oinarrizko beharretako bat kide sentitzea zela ikusi zuen, nola familian, eskolan edo komunitatean. Adlerren teoria Rudulph Dreikursek eraman zuen praktikara, haurrei laguntzeko guraso eta irakasleei Adlerren lerroko tresnak eskainiz. Baina Adler eta Dreikursen lanaren benetako zabalpena Jane Nelsenek eta Lynn Lottek egin zuten, Positive Discipline liburuarekin.
Sara M. Sanabria psikologo aramaioarrak Diziplina Positiboa gurasoen artean zabaltzen dihardu, tailer eta ikastaroen bidez. Duela gutxi arte ohikoa izan den gisan, autoritarismoan hezia, eta konduktismoan formatua izan da bera ere, eta lehenik desikasi egin behar duela aitortu du. Diziplina Positiboan murgiltzeko tresna galderak egitea dela dio, eta hona lehenak: “Zein da gure heziketaren helburua? Zer nahi dut nire seme-alabentzako?”
Zer da zehazki Diziplina Positiboa, bi hitz horien elkarketak zaila baitirudi?
Horixe izaten da nik tailerretara etor-tzen den jendeari egiten diodan lehen galdera: “Zergatik etorri zarete?”. Diziplina Positiboak kontraesana dirudi, zorroztasuna modu positiboan eragite hori arraroa zaigu. Jendearen ohiko erantzuna izaten da, “diziplina ezartzeko seme-alabengan, baina errespetuarekin”. Eta hurrengo galdera izaten da, zer da diziplina eta zer da errespetua?”. Diziplina hitza discipulus-etik dator, eta horrek ikaslea esan nahi du. Orduan, berezko zentzua litzateke “modu positibo batean ikastea”. Diziplina, ordea, autoritarismoari oso lotua egon da. Beraz, lehenik argitu dezagun zer den autoritatea eta eta zer autoritarismoa, autoritatea Diziplina Positiboan ere beharrezkoa baita. Lekurik ez duena autoritarismoa da, harremanak modu bertikalean eragiten baititu autoritarismoak: helduak dauka indarra eta boterea, eta haurrak kasu egin behar dio. Diziplina modu horretan ulertzen bada, Diziplina Positiboak etxe horretan ez dauka lekurik.
Diziplina Positiboaren lehen ezaugarrietako bat da harremanak horizontalak izan daitezen bilatzen duela. Horizontaltasunak esan nahi du helduek eta haurrek neurri berean hartzen dituztela erabakiak? Ez. Arauak helduok ipintzen ditugu, etxeko funtzionamendua gurasook ezartzen dugu, bikotekideok adostuta, baina haurrek ere badute zeresanik.
Esplika ezazu, mesedez, horizontaltasuna nolar ulertzen duen DPk.
Horizontala diogunean imajinatu hegazkin batean goazela gu eta gure seme-alabak. Pilotuak gurasook gara, gu ari gara hegazkina gidatzen. Baina gure seme-alabak joan daitezke bidaiari bezala, ez dutela hitzik, edo joan daitezke kopilotu bezala. Kopilotuak ez ditu hartzen pilotuak hartu beharreko erabakiak, baina hor dago laguntzeko, eta erabaki batzuk hartzeko gaitasuna eta askatasuna dauka. Badaude erabaki potoloak eta badaude eguneroko erabakiak: etxean menua erabakitzeko orduan, arropa erabakitzeko orduan, oporretara nora joan... gauza askotan daukatena baino zeresan handiagoa izan dezakete haurrek. Eurek ez dituzte etxeko erabaki potoloak hartuko, ez gara lagunak, gu gara pilotuak. Batzuetan horretaraino iristen gara, errespetuaren izenean umeei uzten diegu eurek hartu ezin dituzten erabakiak hartzen, edo mina hartzeko moduko arriskuan uzten ditugu; ez da hori kontua.
Helduak boterea duela eta haurrak kasu egin behar diola uste bada, Diziplina Positiboak ez dauka lekurik etxe horretan
Diziplina azaldu dugu. Dizpilina Positiboak errespetuz ikastea duela helburu esan duzu. Nola ulertzen du Diziplina Positiboak errespetua, ez baitu inolako psikologia korrontek esango ez duenik haurra errespetatzen?
Hori da, inork ez dizu esango bere seme-alabak errespetatzen ez dituenik. Aukerak ematea, eta euren hitza en-tzutea da errespetatzea.
Nik bi seme ditut. Eta guraso bezala nahiko nuke nire semeek gaitasun sozial batzuk barneratzea, errespetuz funtzionatzea bizitzan, baina horretarako lehenik eurak errespetatuak sentitu behar dira, eta argi izan behar dute etxean ditugun arauak ez daudela ezarriak eurak izorratzeko. Arauak daude etxean, eskolan, kalean eta toki guztietan, eta hori barneratu egin behar dute. Araua zigorraren beldurragatik bete behar da, ala araua bete behar da ulertzen dutelako beharrezkoa dela?
Psikologoa eta gurasoa zara. Zure ustez, zer dauka Diziplina Positiboak hain mesedegarri?
Nik desikasi beharra izan dut. Psikologia egin ostean Psikologia Klinikoa eta Osasunarena masterra egin nuen, duela urte asko, eta espezialdu nin-tzen heziketaren adarrean, eta Super Nanyren eredua zegoen indarrean orduan: araua hau da; haurrak ez badu errespetatzen, zigor bat dauka. Diziplina Positiboaren barruan zigorrek ez daukate lekurik, ze zigorrarekin, azken batean, mina bilatzen dugu. “Zu berandu zatoz, beraz, bihar ez zara irtengo”. Helduak zigor horrekin haurra mintzea edo izorratzea bilatzen du, garbi esanda. Zigorrak, ordea, epe luzera mendeku bat ekartzen du. Umeak direnean zigor txikiekin funtzionatzen dugu, “ez baduzu platereko dena jaten, gero ez daukazu postrerik”. Hori zigor txiki bat da, baina egunero jartzen ditugu horrelakoak. Eta haurra gero eta handiagoa izan, zigorrak orduan eta handiagoak dira: “Bihar ez bazara garaiz etortzen, hurrengo zapatuan ez zara aterako”. Baina hurrengo zapatuan gazte hori atera egingo da. Segurtasun falta duen gaztea baldin bada, edo beldurtia baldin bada, kasu egingo digu eta garaiz etorriko da, baina zergatik? Beldurragatik. Zigorraren mehatxua duen haur batek ez du gure esana beteko etxean arau batzuk egotea beharrezkoa dela ulertzen duelako, guk esandakoa egingo du beldurra duelako zerbait galtzeko. Beldurrean oinarritutako harreman bat nahi dugu gure seme-alabekin? Pentsa dezagun.
Zigorrak bezala funtzionatzen du sariak: emaitza momentuan lortzen du; “Gainditzen baduzu hau edo beste erosiko dizut”. Haur horrek zergatik egiten du ahalegin hori, bere egitekoa delako ala sari hori gura duelako? Berak ulertu behar du garrantzitsua dela bere etorkizunerako. Niretzako benetan garrantzitsua da haurrak gauzen garrantzia barneratzea, eta ez gauza bat egitea edo ez egitea sarien edo zigorren arabera.
Ikuspegi aldaketa bat proposatzen duzu: Diziplina Positiboak nola begiratzen die haurrei?
Errespetuzko begiradatik. Askotan haurrak ez ditugu entzuten eta ez ditugu ikusten. Txikitan erortzen direnean eta “ez da ezer” esaten diegunean, “ez egin negar” esaten diegunean, parkean jostailuak partekatzera behartzen ditugunean, “emaiozu musu bat” esaten diegunean”... ez ditugu haurrak ikusten. Negar egin behar duen haurrak negar egin dezala; zerbait besteari utzi nahi ez dienak ez dauka zertan utzirik —horrek ez du esan nahi gure haurrak 10 urterekin ez duenik konpartituko, bizitzak eta esperientziak erakutsiko baitio, neurri batean, partekatzeak besterentzako onurak izateaz gain, norberarentzako ere onurak dituela—.
Umea berez bere kabuz garatzeko gaitasuna duen izaki indibidual gisa ikusten du Diziplina Positiboak. Nire semea erortzen bada, nik guraso bezala hor egon behar dut, harrera egin behar diot eta babestu egin behar dut. Baina guk gure haurra erortzeko beldurra baldin badugu beldur hori gurea dela ulertu behar dugu, eta ez daukagula zertan beldur hori transmititu umeari. Nire emozioak nireak dira, eta bere emozioak bereak dira. Diziplina Positiboak haurra epaitu gabe begiratzea eskatzen du.
Zigorraren mehatxua duen haur batek ez du esana beteko arau batzuk beharrezko direla ulertzen duelako, beldurra duelako baizik
Zigor eta sariekin batera, DPk auzitan jartzen duen beste ezaugarri bat haurra bere borondatearen kontra zerbait egitera behartzea litzateke, aipatu dituzun adibideen arabera.
Ez zaizkigu pertsona konplazienteak gustatzen, eta ez genuke nahi gure haurra heldu konplaziente bat izatea. Baina, normalean, gure seme-alabak horrela hezten ditugu, guk nahi dugun hori egitea gustatzen zaigu. Beti egiten ditugu gauzak besteengatik, behar duelako, laguntza behar duelako... baina neurria norberak jarri behar du. Uztearen kontu horrekin: zergatik exijitzen diogu gure seme-alabari parkera aterako duen jostailua besteekin partekatzea guk, helduok ez badugu ezer partekatzen –gure telefonoa, gure kotxea....—? Gertatzen da, haurrak bizikleta atera bai baina arratsalde osoan ez ukitzea, beste haur bat etorri eta ez uztea. Haurrak gaitasuna dauka erabakitzeko bere gauzekin zer egin nahi duen, utzi ala ez.
Musuen adibidearekin, berdin: berak erabaki dezala. “Emaiozu musu bat amamari, bestela triste jarriko da”. 13-15 urterekin, lehen harremanetan hasten direnean, demagun neska eta mutilen artean, mutilak esango balio neskari “ez didazu musu bat emango, ez nauzu maite ala?”, gure alaba balitz neska hori mutil horrengandik urrun-tzeko esango genioke, presionatzen ari delako. Umeen kasuan ez dugu ikusten guk geuk zer-nolako presioa egiten diegun euren borondatearen kontra gauzak egitera.
Heziketa-eredu tradizionalean, zigor eta sariekin eta norbere borondatearen kontra gauzak egitera behartzearekin batera, xantaia emozionala oso ohiko tresna da. Bada pentsa dezagun horren inguruan: nik bi seme ditut, gustatuko litzaidake helduak direnean euren bikotekideekin xantaia emozionala erabiltzea? “Ez badidazu bizikleta uzten ez naiz zure laguna izango”, erabiltzen dute haurrek euren artean askotan, eta horrek min handia egiten die. Hori xantaia egitea dela erakutsi behar diegu guk. “Zure laguna baldin bada, zure erabakia errespetatuko du; bizikleta ez diozulako uzten ez dela zure laguna izango esaten badizu, igual ez da hain laguna izango. Zuk pentsa gura duzun uztea ala ez”. Eta urteekin ikasiko dute neurria hartzen eta euren borondatearen arabera bai ala ez esaten. Baina batetik, gurasook euren borondatea errespetatzen ikasi behar dugu, eta bestetik, guk helduok ez dugu eurekin xantaia emozionala erabili behar.
Jane Nelsenek zabaldu zuen korronte hau Positive Discipline liburuarekin. Haren esaldi handi bat da honakoa: “Nondik atera dugu ideia zoro hori, haur bat ongi portatzeko lehendabizi gaizki sentiarazi behar dugula dioen ideia zoro hori?”
Pertsona batek zerbait ikasteko, irakaspen bat jasotzeko, beharrezkoa du min hartzea? Ez dauka zentzurik! Pentsatu gure jokaeran: txarto gaudenean, triste gaudenean, bikotearekin sesioa izan badugu, lanetik nekatuta etorri bagara... momentu horietan erabaki zuzenak hartzeko gai gara? Hortaz, nola nahi dugu umeek, oraindik garatu gabe daudenak, gaizki sentitzen diren unean ikastea? Gure burua justifikatzeko erabiltzen dugu mina: umearen kasketaren aurrean ez gara gai izan geure frustrazioa kudeatzeko eta zaplaztekoa erabiltzen dugu, “edo zu isiltzen zara, edo nik isilaraziko zaitut”.
Gure heziketa-eredu konbentzionala helduaren frustrazioa ezin kudea-tzean oinarritzen dela diozu?
Neurri handi batean bai. “Lasaitu zaitez!”, oihu egiten diogu umeari geu urduri jarrita. Arrazionalitatea eta erabakiak hartzeko gaitasuna guk ditugu, euren garuna heldu gabe dago. Nori eska diezaiokegu ezer, haurrari ala geure buruari? Jaiotzen garenean narrasti garuna daukagu garatua, primitiboena eta oinarrizkoena, negar egitera edo ihes egitera garamatzana, bizirauteko behar duguna. Haur txikiak ez dauka arrazoitzeko gaitasunik, enpatia eskatzen diogu eta “haurrak ikasi egin behar du”, pentsatzen dugu. Baina ez, enpatia garatu egin behar da, urteekin, eta horretarako ikaskuntza-prozesuaz gain, garapen fisiko bat behar da. Alferrik dugu 2 urteko haur bati partekatzeko eskatzea. Egozentrismotik 7 urtetik aurrera hasten dira ateratzen haurrak, momentu horretatik aurrera hasten da enpatia garatzen eta adiskidetasuna leku hartzen.
Ahaztu egiten dugu helduak gu garela etagehiago exijitzen diegu haurrei
Zein da DPn murgiltzeko egin behar dugun lehen pausoa?
Diziplina Positiboan oinarrituta heztea ez da sei hilabeteren buruan lortuko dugun ezer, epe luzera begirako lana da. Gure seme-alabak helduak izango dira eta helmuga hor jarriko dugu. Diziplina Positiboak galdera bat plantea-tzen digu gurasooi: “Nire seme-alaba etorkizunean zer-nolako heldu izatea nahiko nuke, zer ezaugarri edukitzea?”. Esate baterako, errespetuz joka-
tzea eta asertiboa izatea nahi badugu, bada etorkizuneko ezaugarri horietara iristeko goazen bidea egitera, jakinda urteetako bidea izango dela. Eta lehenengo, esan dudan bezala, errespetua eta asertibitatea garrantzizko balioak iruditzen bazaizkit etorkizuneko heldu horientzako, gaurtik hasita errespetuz eta asertibitatez jokatuko dut nik neure seme-alabekin. Eredua ematea ezinbestekoa da.
Goazen ikustera zein diren gure balioak: esaten dugu garrantzitsua dela konpartitzea. Hala al da? Helduon-tzat inportantea da gure seme-alabek konpartitu dezaten inguruan beste heldu batzuk begira ditugulako. Epaituak sentitzen garelako eta besteen oniritzia nahi dugulako exijitzen diegu gure seme-alabei ibiltzen ari ez diren bizikleta hori partekatzeko. Guk helduok zer partekatzen dugu? Nik arratsalde osoan sakelakoa ondoan eduki dezaket ukitu gabe, baina ez dut utziko inork har dezan, edo kotxea edo ezer... Haurrei eskatzen dizkiegun gauza asko helduen mundura ekar-
tzen ditugunean konturatzen gara haiei eskatzen dizkiegun gauza askok ez daukatela zentzurik. Umeendako euren jostailuak dena dira. Eta ez badute partekatu nahi horixe da euren erabakia, eta, ziurrenik, urteekin ikasiko dute bere erabakiek ondorioak dituztela.Haur batek bere lagun bati sekula ez badio ezer uzten, agian laguna nekatu egingo da eta hurrena berak ez dio utziko, eta konturatuko da: “Ez dit utzi, nik ere ez baitiot uzten”; hor hasten da benetako ikasketa-prozesua.
Partekatu, musu eman... haurrek guk nahi dutena egiten dute autoritatea pozik uzteko, eta horrela hezten ditugu neska-mutil konplazienteak. Eta ez da hori Diziplina Positiboaren helburua: eurek gura dutena beraiengatik egin behar dute, beraiek euren erabakiak hartzen dituztelako.
Umeek eurek nahi dutena egin behar dute?
Gu beti hor egonda. Helduok beti hor egongo gara, ze arriskuak daude. Haurrak elkar jotzen ari direnean, ikus dezagun hori noraino iristen den; parekatua badago goazen ikustera, eta ezin badute korapiloa askatu joan egingo gara. Baina umeak, normalean, ez dute elkar asko jotzen. Jotze momentu horiek ez dira asko luzatzen, eta normalean gero konpondu egiten dira. Ni gerturaten banaiz, ez dakit nor hasi den, ez zer gertatu den... Inportantea da galdetzea zer gertatu den, epaitu gabe. Guk hor egon behar dugu. Diziplina Positiboarentzako akonpainamendu hori beharrezkoa da. Seme-alabak hezteko ondoan egon behar dugu, hori funtsezkoa da.
Diziplina Positiboak hor egotea eska-tzen du, horregatik neketsuagoa da. Eta emaitza ez duzu momentuan ikusten, zigorra edo saria ezartzen baduzu hori momentuko emaitza da, Diziplina Positiboarena ez. Egunerokoan ikusten den emaitza da harmoniarena, etxean giroa lasaiagoa izan ohi da, haurrak entzunak sentitzen direnean hobeto daude, eta eurek ere etxeko harmoniaren alde egiten dute.
Eredu autoritarioa minean eta beldurrean oinarritzen dela aipatu duzu.Esan liteke DP konexioan oinarritzen dela?
Bai, enpatia oso garrantzitsua da. Gurasook saiatu behar dugu ulertzen umeak zergatik egiten duen egiten duena. Gaizki portatzen direnean edo kasu egiten ez digutenean uste dugu askotan gu izurratzeagatik egiten dutela hau edo beste, gu bilatzen ari direla; bada ez, ziurrenik ez dakite beste modu batean gauzak egiten edo esaten. Presente baldin bagaude, eta ikusten dugunean gure haurra bere onetik atera dela eta joka ari dela, saiatuko gara beste tresna batzuk erakusten jotzea ez delako bidea. Hizketan hasi ez den ume txiki batek anaia zaharragoaren arreta deitzeko jo egiten badio, nagusiari erakutsi behar diogu ez diola utzi behar jotzen, txikiagoa izan arren bere burua defendatzen erakutsi behar diogu, zerbaitekin jo behar dionean eskuan daukan hori kendu behar dio, adibidez; eta txikienari erakutsi behar diogu arreta beste nolabait beregana-tzen, jotzen dionean min egiten dionez ez duela berekin jolastuko erakutsi behar diogu. Baina horrek eskatzen du pendiente egotea, presente; errieta egitea, oihu egitea edo zigor bat ezar-tzea, momentuan, arinagoa da.
Haatik, eta jakin arren zigorrek, sariek eta liskarrek ez dutela funtzionatzen, horixe da automatikoki ateratzen zaiguna. Zergatik?
Lehenik eta behin, horrela heziak izan garelako. Heziketa autoritariotik gatoz, eta hori da beste errekurtsorik ez daukagunean ateratzen zaiguna, barneratua daukagulako.
Bigarrenik, etxean gertatzen den guztia gurasook konpontzea gura dugulako. Haurrak borrokan ari direnean joaten gara eta oihu egiten diegu. Agian kontrakoa egin behar dugu, galdetu: “konpentsatzen dizue biok gaizki pasatzeak, negar egiteak, batak besteari min egiteak? Ondo sentitzen zarete? Pentsatu”. Baina automatikoa ateratzen zaigu eta garrasika egoera konpontzen saiatzen gara. Agian, ordea, eurak dira erlazionatzen ikasi behar dutenak. Ikasten ari dira. Eta etxea da lehenengo ikaslekua, gu eurekin garrasika erlazionatzen baldin bagara, zigorrarekin, mehatxuekin... hori da ikasten dutena, eta gero kanpoan hori egingo dute. Ez diogu uzten anaiari jotzen, eta gero gu haserre gaudenean eta egoerak gain hartzen digunean ipurdiko bat ematen diegu. Ahaztu egiten zaigu gu garela helduak eta geure buruari baino gehiago exijitzen diegu haurrei. “Ez da jotzen” esaten diegu, baina geuk jotzen diegu. Eta etxean ikasten dutena egiten dute gero kanpoan. Bipolarrak gara: ez jotzeko esan eta gero guk ipurdikoa ematen diegu, eta eurek barneratzen dute, “ez da jo-tzen esaten dit amak, baina gero berak jotzen dit. Kalean nagoenean, eta nik boterea daukadanean, igual bai, orduan jotzeko eskubidea daukat”.
Harremanak botere harremanak dira orokorrean. Lider positibo bat izan zaitezke edo lider negatibo bat, baina bi kasuetan boterea dago. Nik horrela erreakzionatzen badut, nire semeak ikusiko du nik boterea daukadanean nola jokatzen dudan, eta berak boterea duela sentitzen duenean hala jokatuko du. Berak indarra daukala ikusten duenean ahulagoekin indarra erabiliko du; hori da guk nahi duguna? Horrelako harreman bat eduki dezake lagunekin, lanean, bikotean... guztian ari gara eragiten.
Dena gurasook konpondu gura izatearekin batera, guztia kontrolatu gura dugu, eta ez diegu haurrei hanka sar-tzen uzten, gure gizartean akatsa oso gaizki ikusia dagoelako.
Bere akatsetik zerbait ikasi duela ikustea oso garrantzi-tsua da, baina horretarako hanka sartzeko aukera izan behar du
Akatsa nola baliatzen du Diziplina Positiboak?
Bere akatsetik zerbait ikasi duela ikustea oso garrantzitsua da, baina horretarako hanka sartzeko aukera izan behar du. Bestela, babestu nahiean gainbabestu egiten ditugu, euren kalterako. Denok sartzen dugu hanka, eta gure seme-alabak ikasten ari dira, beraz, akats gehiago egingo dituzte. Geuk, helduok ere norbaitekin haserretu garenean pikutara bidaltzen badugu, ez dugu ondo egingo, baina ikas dezagun horretatik: “Zer gertatu da? Zergatik erreakzionatu dut horrela? Zer egin dezaket hurrengoan?”. Ze normalean egoerak errepikatu egiten zaizkigu etxean gure seme-alabekin.
Adibidez, etxerako lanak egitea ahaztu egin zaio haurrari, azken orduan konturatu da. Berak hartu behar du ardura: etxerako lanak egin gabe eroan eta irakasleari azalpen bat eman, ala beste konponbide bat bilatu. Liskarrean hastea alferrikakoa da egoera horretan, konponbidea da behar dena.
Baina geure buruarekin zintzoak izan behar dugu: askotan liskarrean hasten gara eta eztanda egiten dugu ez haurrak egin duen horregatik, baizik eta goizeko 7etan jaiki garelako, egun osoa lanean pasa dugulako; hara eroan hona ekarri, kotxea, bata eta bestea... eta 8etan umeak borrokan hasten direnean eztanda egiten dugu, geure nekeagatik eta ezintasunagatik. Geure burua zaindu egin behar dugu guraso bezala. Egun txar bat daukagunean, lanagatik edo dena delakoagatik, segituan lehertu beharrean azaldu diezaiekegu nekaturik gatozela... Ezinezkoa da haurrekin ikaragarrizko pazientzia edukitzea estresatuta baldin bagaude, eta ez baldin badaukagu denborarik geure buruak kontuan izateko. Eta bestetik, zintzoak izan behar dugu eurekin: ni oso urduri baldin banago, hobe esatea. Nire kasuan, adibidez, oso urduri jartzen naiz hilekoa etorri behar zaidanean, bada semeei esan egiten diet: “Hilekoa etorri behar zait eta urduri jartzen naiz, lagunduidazue”. Badakite pazientzia gutxiago dudala, eta badakite arazoa ez direla eurak, baizik eta ni naizela ondo sentitzen ez dena. Baina batzuetan txarto sentitze hori eurekin ordaintzen dugu.
Eta zer tresna proposatzen ditu DPk haurrekin konektatzeko eta harmonia honetan murgiltzeko?
Oso tresna ona da galderak egitea. Eta isildu eta erantzuna entzutea ere bai. Asko kostatzen zaigu gurasooi isilik gelditzea, dena dakigula iruditzen bai-tzaigu. Desberdina da esatea, “txarto egin duzu”, edo “begira, niri hau pasa zitzaidanean hau egin nuen eta ondo irten zitzaidan, baina zuk ikusi”. “Nik horrela egiten dut” ez da, “gauzak horrela egiten dira”. Helduak uste badu berak dena dakiela, non dago komunikazioa? Nora helduko da harreman hori? Helduak ontzat jotzen duen horretara. Beraiek badaukate erabakiak hartzeko gaitasuna, adinaren arabera. Eta gero, inguruak erakutsi egingo die.
Zintzotasuna ere tresna bat litzateke. Konektatzeko zintzoak izan behar dugu, bestela ezinezkoa da. Eta nerabeekin gehiago. Nerabe batek nirekin gauza bat kontatzeko konfiantza edukitzea nahi badut, nik berarekin konfiantza eduki behar dut batetik, eta konfiantza eduki behar dut beregan, bestetik. Berak erabaki bat hartzen duenean konfiantza eman behar diogu, eta ondoan egon. Txarto hartutako erabakiaren aurrean zer esango diogu? “Banekien txarto ari zinela?”, edo galdetu egingo diogu, “erabaki egokia izan da?”. Ez gara aztiak, gure ustearen kontra ondo atera zitekeen. Orain gure egitekoa da aukera txarraren aurrean beste zerbait pentsatzen laguntzea edo aukerak ikusaraztea. Eta bere erabakia egokia izan denean —batzuetan gure aurreiritziaren kontra— goazen zoriontzera. Akatsak egiten dituzte bai, baina erabaki onak hartzen dituzte askotan, guri lezio ikaragarriak emanaz.
Haurrek eta nerabeek euren erabaki potoloak hartu aurretik, erabaki txikiak hartzeko autonomia edukitzea, erabakiak hartzeko lan horretan entrenamendu bat da?
Bai. Zein momentutan soltatuko dugu soka? 10 urte dituenean? Bada berandu gabiltz, ze orduan bai, ikaragarrizko kolpea hartuko du. Ez diegu uzten eguneroko erabaki txikiak hartzen, arropak aukeratzea, adibidez. Ume horrek garatuko duen ideia da dena dakiena ama dela. Orduan, gero, erabaki inportanteak hartzeko gaitasunik ez du izango, “ez daukat ideiarik ere zer egin; esaidazu zuk”.
Iaz uste dut gertatu zela: AEBetako ikasle bat zegoen Bartzelonan, eta igogailu batean itxita gelditu zen; bere amari deitu zion teknikariari deitu beharrean. Gazte horrek zer gaitasun dauka gatazkak konpontzeko edo egoera zailetatik ateratzeko? Etxetik milaka kilometrotara ikasteko bezain heldua da, baina amari deitu behar dio?
Ona litzateke erabaki potolo bat har-tzeko gurasoekin kontsultatzea, baina beste gauza bat da erabaki potoloak gurasoen esku uztea. Eta gainera, orduan erantzuten diegu, “zer pasa behar dut bizitza osoa babak eltzetik ateratzen?”. Agian hori da bizitza osoan egin diozuna. Guk ez badugu gura gure seme-alabek autonomia garatzea, guk erabaki behar dugu dena. Orain, alderantzizkoa ere esan behar dugu: guk erabakitzen badugu dena, ez diegu seme-alabei autonomia garatzen uzten. Gura badugu pertsona independenteak eta seguruak izatea, txikitatik elikatu behar dugu independentzia hori eta segurtasuna. Eta gutxiago pentsatu behar dugu ingurukoek pentsatuko dutenaz: horrela joaten bada jantzita, zer pentsatuko dute besteek? Eta zer inporta du, haurra gustura badoa? Arreta gehiago jartzen diogu kafetegiko iruzkinari benetan gure seme-alabak duen beharrari baino.
Geure buruarekin zintzoak izan behar dugu, gure seme-alabekin errespetuzko harreman horizontal bat nahi dugula esaten badugu baina aldi berean zigorrak erabiltzen baditugu, geure buruak engainatzen ari gara.
Askotan liskarrean hasten gara ez haurrak egin duen horregatik, geure nekeagatik eta ezintasunagatik baizik
Momentu guztiak dira heziketa momentuak, ezta?
Denak, egun osoa. Momentu lasaiak izan daitezke gatazka momentuen entrenamendu. Gu beraiekin nola komunikatzen garen, beraiek hala komunikatuko dira eta kalera errekurtso horiekin aterako dira. Edozein egoera da ona, baita ere indartzeko eurek egindako zerbait ederra. Gaur goizean nagusia egon bada txikienari irakurtzen, zoaz eta esan, “ze polita den zuek horrela ikustea”. Baina, askotan, txarrarekin gelditzen gara eta ona ez diegu esaten. Normalean jokabide desegokiak nabarmentzen ditugu eta zuzentzen saiatzen gara, eta egun osoa zuzentzen pasatzen dugu, guraso beharrean zuzentzaileak ematen dugu. Inportante sentitzea haurren-tzako ere oso garrantzitsua da.
DP erabiltzeak ez du esan nahi haserretuko ez naizenik. Baina haserre baldin banago, eta ezin badut errespetuz hitz egin esan, “oso haserre nago momentu honetan eta ez nago hitz egiteko prest min emango baitizut, eta bihar goizean elkarrizketa bat dugu zain...”
Hezteko, geure buruari galdetu behar diogu: “Zein da gure heziketaren hel-burua? Zer nahi dut nire seme-alabentzako? Nolako helduak ikusi nahi ditugu? Zer ari naiz egiten, eta egiten dudan honetatik guztitik zerk lagun-tzen dit eta zerk oztopatzen dit?”.
Galdera horiek egiten ez badizkiogu gure buruari, zer nahi dugun argi ez baldin badaukagu, inprobisatzen goaz, eta inprobisatzen dugunean automatikoa ateratzen zaigu, ipurdikoa, xantaia... Zuk ez baduzu jo nahi, ez jo, eta horretarako landu egin behar duzu. Beti gauzak modu berean egiten baditugu, eta ikusten badugu ez digutela funtzionatzen, zerbait aldatu egin beharko dugu. Saiatu akatsetatik ikasten: lau oihu egin badizkizut estresatua nagoelako, barkamena eskatu behar dut: “Maitea, barkaidazu, nekatua nengoen eta oihu egin dizut eta ez neukan eskubiderik, barkaidazu”.
Diziplina Positiboa eskolarako tresna ere izan liteke?
Diziplina Positiboa erlazionatzeko modu bat da, kontua ez da umeen jokabidea aldatzea, eta gutxiago umeen jokabidea aldatzea helduon egiteko modua ezertan aldatu gabe: A egiten baduzu haurrak B egingo du; beti A egiten baduzu, beti B gertatuko da. C erantzuna nahi badugu, geuk ere A ez dugu egin behar.
DPren mezu garrantzitsuena egiten dugun horren gainean kontzientzia hartzea da, eta horrek eskolarako ere balio du: guztiak gainezka egin aurretik, edalontzia erabat bete aurretik erdira iristen da, eta eskuetatik ihes egin aurretik gelditu eta pentsatu; ez itxaron.
Irakaslea jaitsi eta elkarrekin ikastearen ideia darama DPk eskolara. Harremana goitik beherakoa izan beharrean, irakasleak honako galdera egiten du: Zer ikasiko dugu ikasturte honetan elkarrekin? Horrekin batera, taldearen indarrak garrantzi handia dauka eskolan DP erabiltzeko garaian. Gela guztietan daude txarto portatzen diren umeak, bada DPk proposatzen du ondo portatzen diren umeen indarra baliatzea beste umeei laguntzeko. Uste dugu helduok lagundu behar dugula beti, baina askotan gauzak errazagoak dira umeen euren laguntzarekin.