Gurasoek jakin beharreko datuak mahaigaineratu ditu EHUko Gorputz eta Kirol Hezkuntza Saileko ikerlari talde batek eta ebidentzia zientifikoek argi diote: oso arriskutsua da umetan kirol batean goizegi espezializatzea. Askoz ere hobea da kirol bat baino gehiago egitea 12 urte bitartean.
Eskola kirolak gero eta kirol gehiago probatzeko aukera ematen die haurrei, baina, halere, kirol jakin batean goizegi espezializatzeko joera dago eta horrek ondorio txarrak dakartza errendimenduan, osasunean, kirol ohituretan eta haurren garapen integralean. Halaxe ondorioztatu dute EHUko Gorputz eta Kirol Hezkuntza Saileko hainbat ikerlarik egindako ikerketa batean: Kirol hastapena: errendimendu, osasun, kirol eta garapen integralerako jarraibideak izeneko ikerketaren ondoren txosten teknikoa argitaratu dute eta berau koordinatzen aritu dira Oidui Usabiaga eta Javier Yanci EHUko Hezkuntza eta Kirol Fakultateko irakasle eta ikerlariak. “Eskola Kiroleko Euskal Batzordearen enkarguz jaso genuen ikerketa egiteko proposamena eta orain, ebidentzia zientifikoak ditugu esateko kirolean hasteko adinak eta jarduera bakarrean edo gehiagotan aritzeak 6-16 urte arteko ikasleen errendimenduan, osasunean, kirol ohituretan eta garapen integralean eragina duela”, baieztatzen du Usabiagak. “Kirol batean goizegi espezializatzeak arriskuak dakartza eta askoz ere egokiagoa da kirol bat baino gehiagotan aritzea 12 urtera arte”.
Kirol batean espezializatzea hiru alderdiren arabera definitzen da:
- Kirol bakarrean jardutea.
- Zortzi hilabetez baino gehiago jardutea.
- Denbora tarte horretan beste kirolik ez praktikatzea.
“Espezializazio bortitzena hiru alderdiak aldi berean gertatzen direnean izan ohi da”, azaltzen du Usabiagak. “Hau da, kirol bakarrean zortzi hilabetez aritzea beste inongo kiroletan parte hartu gabe. Bi alderdi betetzen direnean, espezializazio txikiagotzat hartuko litzateke. Eta espezializazio txikiena, nahiz eta espezializazio moduan hartu, aipatutako hiru alderdietako bat ematean gertatuko da. Horregatik, garrantzitsua da azpimarratzea ikasturte berean kirol eta jarduera fisiko bat baino gehiago egitea komeni dela. Horrek bermatzen baitu zortzi hilabetez ez jardutea kirol bakarrean eta gutxienez urteko bi praktika motor ezberdinetan jardutea. Kirol bakar batean aritzen direnak ordu gehiago pasatzen dituzte eta ariketa berak errepikatzen dituzte behin eta berriro. Ondorioz, gorputzeko atal batzuk gehiegi erabiltzen dituzte eta horrek, luzera begira, lesio larriak sortzen ditu. Espezializatzen denbora asko pasatzen denean, lehiakortasunak eta espektatibek ere gora egiten dute eta horrek estresa sortzen du umeengan.
Aitzitik, kirol bat baino gehiagotan aritzeak ez ditu ondorio kaltegarri horiek, eta osasun ikuspegitik abantaila ukaezinak dituela dio EHUko ikerlariak: “Oinarri sendoagoa sortzeko aukera ematen du, kirolari osoagoak eta osasuntsuagoak sortzen dira eta espezializazioak dakartzan lesio larririk ez da izaten, gorputzeko atal eta gihar desberdinak erabiltzen direlako. Prebentzio-lana egiten dela esan daiteke”. Haurren garapen integralari dagokionez ere, onurak dakartza. “Sozializatzeko garaian entrenatzaile desberdinak, inguru ugari eta harreman askotarikoak izateko aukera ematen du, eta gozamenari garrantzi gehiago ematen zaio. Kirol aniztasunak izaera askoz ere inklusiboagoa du”.
Horregatik, Usabiagak mezu argia du gurasoentzat: 12 urtera arte ikasturte bakoitzeko multikirola egitea, “eta hortik aurrera nahi duenak izango du denbora maila hobetzeko".
Ebidentzia zientifikoetan oinarritutako gomendioak
- 13 urte arte kirol aniztasunean, berariazko jolasean eta dibertsiora bideratutako jarduera fisikoetan aritzea proposatu da;
- 13 eta 15 urte artean kirol diziplina kopurua murriztu eta berariazko praktika kopurua handitu arren, adin tarte horretan ere bi edo hiru diziplinatan parte hartzen jarraitzea sustatu behar da, eta;
- 15 urtetik aurrera kirol nagusian espezializatzea (errendimenduari begira) edo bestela, gustuko duen aisialdiko jarduera fisikoan eta kirolean jardutea bultzatuko da.