EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Unesco Katedrak DBHko ikasleei zuzendutako eta sarbide libreko esku-hartze saio batzuk diseinatu ditu Interneten eta gailu digitalen erabilera arduratsua eta kritikoa lantzeko helburuz. Haurrek eta nerabeek izan ditzateken arriskuak saihestea da helburu nagusia.
Nere Amenabar EHUko irakaslea eta ikerlaria da Donostiako Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultatean. Azken urteotan IKTen gaia jorratzen dihardu, zehazki Interneten erabilera zuzenaren eta arduratsuaren gaineko ikerketan murgilduta dago bere taldea. Orain Internet eta gailu digitalak modu kritikoan eta arduratsuan erabiltzeko lagungarria izango den materiala osatu, eta denon eskura jarri dute.
Interneten eta gailu digitalen gehiegizko erabilerak edo erabilera ez egokiak osasunarentzat arriskuak ditu. Zein dira arrisku horiek?
Adinaren arabera arriskuak askotarikoak izan daitezke eta guk era honetan sailkatu ditugu:
Edukiari dagozkionak: haurrek eta nerabeek jasotzen duten informazioarekin zerikusia du. Informazio hori testua izan daiteke, baina baita bideoa, musika, bideo jolasak, bideoklipak, pelikulak, argazkiak eta abar.
Kontaktuari dagozkionak: bereziki adin txikikoen eta helduen artean Interneten sortzen diren harremanei buruz ari gara. Harreman horiek jokabide bortitzetan, sexuaAHALDUNTZE ESKOLA letan eta ideologiaren manipulazioan oinarritzen dira maiz. Horien artean sexting-a edota grooming-a dira ezagunenak.
Jokabideari dagozkionak: beste pertsonei hainbat informazioren argitalpenaren bidez kaltea eragiteko ekintzak izaten dira. Ziberjazarpena izango litzateke ezagunena.
Finantzari dagozkionak: iruzur ekonomikoak.
Arrisku horiekin bizitzeak ondorioak ditu pertsonen osasun mentalean: antsietatea, depresioa, autoestimu baxua, gizarte-trebetasunekiko segurtasunik eza, mendekotasun INTERNETEN ETA GAILU DIGITALEN ERABILERA KRITIKOA emozionala, ingurunera egokitzeko arazoak, suminkortasuna, judiziogaitasuna murriztea, eguneroko arazoak eta disoziazio eta izu-egoerak izan daitezke.
Interneten eta gailu digitalen erabilera kritikoaren garrantzia azpimarratzen duzue. Zergatik da hain garrantzitsua Internet eta gailu digitalak modu kritikoan erabiltzea?
Gailu horiek gure eguneroko bizitzan oso txertatuak daude eta horren aurrean ezinbestekoa da ikuspegi kritikoa izatea eta horretarako lanketa egitea. Lanketa arriskuak gertatu aurretik egin behar da, prebentzioak berebiziko garrantzia du.
Zein izango lirateke erabilera kritiko horren ezaugarriak edo oinarriak?
Internet modu arduratsuan eta kritikoan erabiltzeko hiru eragileren arteko ekintza koordinatua beharrezkoa da: adingabeak, familiak eta eskola. Koordinaziorik ez bada, esku-hartzeak ez du guztiz funtzionatuko. Hori dela eta, diseinatu ditugun esku-hartze saioak eskolan lantzeko dira, baina baita familian lantzeko ere.
Pentsamendu kritikoa garatzea da helburu nagusia, ezta?
Erabat. Bizitzako beste zenbait arlotan gertatzen den moduan, gailu horiekin ere kritikoak izaten ikasi behar dugu. Ez ditugu baztertu behar, eta erabilpen osasuntsua egin daitekeela iruditzen zaigu, baina horretarako ikuspegi kritikoa eta pentsamendu kritikoa behar ditugu.
Gailuen erabilera proaktiboaren ideia sustatu nahi duzue, besteak beste.
Hori da, era horretan arriskuak txikituko edo desagertuko baitira. Eta, jakina, hori da gure helburu nagusia. Sortu dugun esku-hartze materialak erabilera arduratsua eta kritikoa bultzatzeaz gain, Interneten arriskuen pertzepzio handiagoa lortu nahi du. Ikerketaren emaitzek erakutsi digute nerabeek arriskuaren pertzepzio txikia dutela eta pertzepzio hori handitzen badugu, erabilera arduratsua lortuko dugu.
Sortu duzuen materialak arrisku horiek ekiditeko tresnak eskaini nahi al ditu?
Bai. DBHko ikasleen lagin handi bat bildu dugu ikerketa batean eta datu horiek aztertu eta landu ondoren diseinatu ditugu saioak. Datu horiez gain, DigComp (Gaitasun Digitalaren Europako Markoa) eta Unescoren Komunikabideen Informazio-Alfabetizazioa hartu ditugu kontuan. DBHrako pentsatutako materiala da, garai horretan gailu horien erabilera nabarmen hazten delako, baina azken urteetan ikusten ari gara pertsona gero eta gazteagoak ari direla barneratzen mundu horretan. Horregatik uste dugu materialak LHko azken zikloan ere erabilgarriak izan daitezkeela.
12-17 urte bitarteko ikasleei zuzendutako materiala da. Nolakoa da?
50 minutu inguruko 13 saio diseinatu ditugu. Adinarena erreferentzia bat besterik ez da, eta hezitzaileak erabakiko du norentzat izan daitekeen. Hainbat jarduera proposatzen ditugu eta hezitzaileei ere hainbat gomendio eskaintzen dizkiegu. Saio bakoitzaren amaieran ebaluaketarako bi atal eskaintzen dira, alde batetik saioa bera ebaluatzeko, eta bestetik hausnarketara bultzatu nahi duten galdera batzuk proposatzen dira saioan zer ikasi duten aztertzeko. Gure web orrian saio ireki bat dugu eta beste guztiak ere doan deskargatu daitezke.
Galdera adierazgarri batekin hasten da, adibidez, 1. saioa: “Teknologia erabiltzen dut? Ala teknologiak erabiltzen nau?”
Bai hori da. Saio hau erabilpen ohituren dimentsioari dagokio. Guretzat garrantzitsua zen horrelako galdera batekin hastea: ea gu garen teknologia kontrolatzen dugunak edo teknologiak kontrolatzen ote gaituen gu.
Esku-hartze saioak ondorengo web-orrian daude eskuragarri: https://www.ehu.eus/eu/web/catedra-comunicacion-valores/interneten-eta-gailu-digitalen-erabilera-arduratsua-eta-kritikoa/hizkuntza.